TERAPIA FIBRINOLITIKOA GARUNEKO INFARTU AKUTUAN, GAUR
Egileak:
Covadonga Fernández
Neurologoa. Gurutzetako ospitalea. Barakaldo
Iktusaren garrantzia. Zer ari da aldatzen iktusaren inguruan?
Iktusarekiko dugun jarrera erabat aldatu da azken urteotan. Orain dela 15 bat urte, fase akutuan diagnostikoa egin eta neurri orokorrak hartzen genituen gaixo hauekin. 1996. urtean, Estatu Batuetarantz zuzendu genituen begiak neurologook, bertan iktus akutua tratatzeari ekin baitzioten lehenengo aldiz. Ordutik hona, poliki-poliki, etxean ere gauzak aldatzen saiatu gara eta gaur egun tratamendu hau posible da gure artean. Fibrinolisiaz ari gara, iktusaren lehen 3 orduetan erabil daiteken tratamenduaz. Honi buruz ariko gara datozen minutuetan, baina lehenik, ikus dezagun zergatik den horren garrantzizkoa iktusa eta zergatik ari garen horrenbeste errekurtso arazoa saihestu ahal izateko jarri nahian.
Lehenik eta behin, denok dakigu zein sarria den iktusa, batez ere jende edadetuan. Gaur egun 60 urtetik gorako emakumeen artean bera da lehen heriotza-kausa, gizonezkoetan bigarrena. Orokorrean, ezgaitasun gehien sortzen dituen arazoa dugu iktusa. Herrialde industrializatuetan heriotzen % 10en arrazoia da. Beraz, iktusak ondorio ekonomiko eta sozial latzak ditu. Hau dena ikusirik, eta ondorio larriak ezabatu nahian, gure inguruko osasun-arduradunek iktusa osasunaren ikuspegitik interesgarri izendatu dute, hau da, errekurtso gehiago onartu eta eskaini dituzte iktusari kontra egin ahal izateko.
Egia da, aspaldiko urteetan, neurologoak ere ez genuela iktusa gaixotasun “tratagarri” bezala ikusten, eta honek bidea ez zuen gehiegi samurtzen. Baina gure artean ere jarrera-aldaketa sumatzen hasi ginen orain dela 10-12 bat urte inguru, eta horri esker iktusari buruz hitz egiten hasi gara eta jarrera aktiboago bat hartzen. Ondorioz, gaixotasuna hobeto ezagutu ahal izan dugu, herritarrei zer den erakutsi ahal izan diegu eta prebentzioari duen garrantzia emateko gai izan gara.
OMEk (Osasunerako Mundu Erakundeak) 2005. urterako helburu bezala iktusa pairatu duten gaixo guztiek fase akutuan baliabide edo errekurtso espezializatuak erabiltzeko aukera izatea jarri zuen.
Osakidetzak ere, 2010. urterako helburu bezala honako hauek izendatu zituen:
- 75 urte baino gehiagoko gizonezkoen artean eta
- 85 urte baino gehiagoko emakumeen artean
iktusaren ondorioz agertutako heriotzak % 20an murriztea.
Beraz, aldaketa honen gakoa fibrinolisia da, eta ondorioz, DENBORA. Hau da faktore guztietan garrantzitsuena, eta beraren arabera jokatu ahal izango dugu. Denboraren araberakoa da, halaber, gaixoaren pronostikoa. Gaur egun tratamendua lehen 3 orduen barruan eman dezakegu soilik, 3 ordutik aurrera konplikazio gehiago agertzen dira (batez ere odoljarioak edo hemorragiak). “Zenbat eta azkarrago hobe” izango litzateke iktus akutuaren lema; “denbora garuna da” diote SENeko (Espainiar Neurologoen Sozietateko) adituek. Eta lema hau herritarrenganaino iritsarazi behar dugu, bai neurologoek eta bai familia-medikuek ere.
Iktusak garunean min itzulezina sortu aurretik dugun denbora ahalik eta ondoen erabili behar dugu. Horretarako kate asistentzial bat sortzea beharrezkoa da:
- Familia eta gaixoaren ingurunea: iktusaren errekonozimendua
- 112 zerbitzua/oinarrizko arreta, anbulatorioak: gaixoa ospitalera ahalik eta azkarren ekartzea
- Larrialdi-zerbitzua: protokolo diagnostiko eta terapeutikoa
- Neurologia zerbitzua/iktus unitatea: diagnostiko eta tratamendu etiologikoa.
Era honetan kate asistentzialeko ardatz bakoitzak bere errespontsabilitate-maila du, eta denek parte hartzen dute gaixoaren tratamenduan. Funtsezkoa da katea ondo loturik egotea, bestela prozesu osoa puskatzen baita.
Iktusa duen gaixo baten aurrean nola jokatu dezakegu?
Lehenik eta behin, sintomak NOIZ hasi diren jakin behar dugu. Hau derrigorrezkoa da tratamendua eman ahal izateko. Kasu batzuetan ezin izango dugu ordu zehatza jakin: adibidez, gaixoa goizean iktus-sintomekin jaiki denean. Kasu hauetan, gaixoa ongi ikusi dugun azken unea hartuko dugu erreferentzia bezala, eta honen arabera jokatuko dugu.
Sintomak NOLA azaldu diren jakitea ere komeni zaigu, honek bere kausari buruzko informazioa ematen baitigu.
Gaixoak larrialdi-gelara iritsi orduko jaso dituen TRATAMENDUAK zeintzuk izan diren ezagutu beharko dugu.
Gaixotasun baskularrekin erlazionaturiko AURREKINEN presentzia, hau da: aurretiko iktusak, bihotzekoak, zirkulazio-arazoak, tentsioa, diabetesa, hiperkolesterolemia, etab.
Datu hauek gaixoa ospitalera dakarren anbulantzian jaso daitezke.
Iktusaren diagnostikoa egina dugunean, IKTUS KODEA jarriko dugu martxan, hau da, ospitalean dagoen neurologoari abisua emango zaio, gaixoa iristerako dena prest egon dadin. (“Zenbat eta azkarrago hobe” gure lema jarraituz).
Baina zer egin behar den jakitea bezain garrantzitsua da zer egin behar EZ den jakitea. Kasu hauetan ez diogu gaixoari AAS eman behar. Hipogluzemiarik ez badago ez diogu glukosadun seruma emango eta ez diogu tentsioa jaitsaraziko, 200/120 mm Hg-tik gorakoa ez bada.
Zeintzuk dira iktus baten aurrean gaudela jakinaraziko diguten sintomak?
Batez ere, sintoma horiek nola agertu diren. Iktusa bat-batean azaltzen da kasu gehienetan. Gaixoak aurkeztu ditzakeen sintoma edo zeinuak honakoak dira:
- hemiparesia edo gorputzeko alde batean indar-galera
- aurpegiko behealdeko paralisia: ahoa alde baterantz okertzen da
- sentikortasunaren galera gorputz-erdian
- hitz egiteko zailtasuna
- bat-bateko itsutasuna, ikusmen bikoitza
- oreka-eza
- konortea murriztea
- kasu batzuetan konbultsioak
Fibrinolisia kasu guztietan erabiliko dugu?
Ez. Hona zein ezaugarri bete behar dituzten gaixoek tratamendua jaso ahal izateko:
- Beti lehen 3 orduen barruan iristea
- 18tik 80 urtera izatea
- intomek 30 minutuko iraupena izan behar dute gutxienez, eta ez dute hobekuntza itxurarik izan behar
- Eskanerra egin eta odoljarioa ez duten gaixoetan
- Gaixoak (edo familiak gaixoak ezin duenean) tratamendua jartzeko baimena eman ondoren.
Tratamendua ezin izango dute jaso:
- Sintomak hasi diren ordua ezagutzen ez bada
- Antikoagulatzaileak hartzen dituztenek
- Azken 3 hilabeteetan beste iktus bat edo traumatismo kranioentzefaliko bat pairatu dutenek
- Azken astean arteriaren batean ziztada bat jaso dutenek (adib: gasometria)
- Azken 2 asteetan kirurgi-tratamenduren bat jaso dutenek
- Azken 3 asteetan odol-galtzeak izan dituzten gaixoek
- Gibeleko gaixotasun larria dutenek
- Iktusaren hasieran konbultsioak izan dituztenek
Nola jartzen da tratamendua?
Tratamendua jartzea ez da zaila, erabakia hartzea da garrantzitsuena. Gure inguruko ospitaleetan zain-ziztada baten bitartez ematen zaio gaixoari behar duen dosia. Dosia bere pisuaren araberakoa da: 0,9 mg/kg. Dosi osoaren % 10a minutu batean ematen zaio, hutsean, eta gelditzen dena hurrengo orduan serum fisiologiko batekin.
Tratamenduarekin batera, ekografia egitea komeni da, garuneko erdiko arteria ikusteko. Monitorizazio honek tratamenduaren eragina areagotzen du.
Eta zer gertatzen da iktusaren ondoren?
Gaixoaren tratamendua eta jarraipena ez da hemen bukatzen. Errehabilitazioa funtsezkoa da gaixoak bere aurreko bizimodua ahal duen neurri handienean mantentzeko.
Lan hau guztia aurrera eraman ahal izateko, ezinbestekoa dugu lehen mailako profesionalen eta espezialisten arteko koordinazioa, informazioa emanez eta denen artean diagnostiko eta tratamendurako protokoloak sortuz.