NEURORADIOLOGIA DIAGNOSTIKOA ETA INTERBENTZIONISTAREN AURRERAPENAK
Egileak:
Edurne Pardo
Erradiologoa. Donostia ospitalea. Donostia
Neuroerradiologia, erradiologia orokorretik jaiotzen den espezialitatea da. Bi atal nagusitan bana dezakegu, diagnostikoaren arloa alde batetik eta terapeutikaren arloa bestetik.
Erradiologia orokorraren antzera, neuroerradiologia anitz aurreratu da azken urte hauetan, gaixoentzat eramangarriagoak diren eta medikuei informazio gehiago ematen dieten diagnostikorako aukera berriak garatuz.
Diagnostikoaren alorrean lortutako garapena eskanerrari (KT) eta erresonantziari zor diegu. KT tresna bizkorra eta baliagarria bilakatu da patologia ugariren diagnostikorako. Teknika honek GHIA (garun-hodietako istripu akutu) iskemiko eta hemorragikoak bereizi ditzake; urgentzietan garrantzia handia du, denbora premiazkoa bilakatzen denean batez ere.
GHIAren tratamenduaren arloak interes handia erakarri du eta garapen asko jasaten ari da. 200 kasu/100.000 biztanleko intzidentziarekin, GHIA da herrialde garatuen artean hirugarren heriotza-arrazoi nagusiena.
Teknika berrien garapenarenarekin diagnostiko erradiologikoaren helburuak aldatzen joan dira; gaur egun, helburua ez da infartuaren eta hemorragiaren arteko bereizketara mugatzen, are gehiago, ehunen lesio itzulezinen (infartua) eta itzulgarrien (iskemia) artean bereiztea da bere helburua.
Gaur egun infartu hiperakutuen diagnostikoa egiteko eskanerrak erresonantziak baino sentsibilitate gutxiago dauka eta kasu gehienetan eskanerrean infartuak ez dira nabarmentzen 24 ordu igaro baino lehen.
Difusioari esker uraren difusioaren aldaketak neurtzen ditugu eta infartuan edema intrazelularra sortzen denez, emaitzatzat irudi hiper-intentsoa dugu, difusioaren murrizketa gertatzen da-eta.
Geroz eta indar gehiago hartzen ari den teknika diagnostiko azkar eta bideragarri izan daitezken itzal-guneak bereizten dituena eskanerraren bidezko perfusio-teknika da.
Honek daukan abantaila garbia da denbora laburrean egitea posible dela eta ospitale anitzetan urgentzietan egiteko errazagoa izaten dela erresonantzia baino.
Tratamendu tronbolitikoen helburua, bai arteriaren barrukoa, bai zain barrukoa, infartuaren progresioa saihestea da.
Gure ospitalean GHIA (=IKTUSA) unitatea daukagu baina gaur egun diagnostiko “azkar” bezala kontrasterik gabeko TK besterik ez dugu egiten iktus hemorragikoaren eta iskemikoaren artean desberdintzeko. Hauen tratamendua zain edo bena barruko tronbolisia da eta aukeratutako kasu gutxi batzuetan berriz, arteria barrukoa. Kasu hauetan lorturiko emaitzak orokorki onak dira baina oraindik kopuru txiki bati buruz hitz egiten ari gara, beraz ondorioak ateratzeko goiz da.
Etorkizun ez oso urrun batean erresonantzia bidezko difusio eta perfusio-teknikak ez ezik eskaner bidezko perfusio-teknika ere egin ahal izatea espero dugu. Eta behin diagnostiko zehatzagoa dugularik arteria barruko fibrinolisia gaixo gehiagori eskaini ahal izatea espero dugu.
GHIA patologia alde batera utzita aipagarria iruditzen zait erresonantziaren perfusio-teknikaren beste erabilera bat garuneko tumoreen diagnostiko eta mailaketan hain zuzen. Gure zerbitzuak, OSATEK erresonantzia-zentroak perfusio-teknikaren bidez egindako garuneko tumoreen ikerketa batean parte hartu du. 73 azterketa baloratu ondoren lorturiko ondorioak hauek dira: teknika berri hau garuneko tumoreen diagnostikorako eta hauen jarraipenerako erabilgarria dela. Era berean kirurgia ondorengo aldaketak berriz agerturiko tumoreetatik desberdintzeko gaitasuna ematen digu. Horrez gain, gliomen gaiztotasun-maila ziurtasun handiz bereizten laguntzen digu.