KOSTUA: ESTATINEN KONTSUMOA ETA ERABILERAREN EGOKITASUNA
Egileak:
Idoia Beobide
Farmazilaria. Gipuzkoako Institutu Onkologikoa. Donostia
Estatinekin egindako tratamenduen helburua odoleko kolesterol-maila altuak eragindako erikortasun eta hilkortasun kardiobaskularra gutxitzea da.
Estatinek dakarten onura LDL kolesterola jaisteagatik gertatzen da. Efektu hau dosiaren araberakoa da.
Saiakuntza klinikoek diotenaren arabera onurak jasotzeko LDLa % 20an jaitsi beharko litzateke.
Estatu espainolean 5 estatina daude komertzializaturik gaur egun: lovastatina, simvastatina, atorvastatina, fluvastatina eta pravastatina.
Estatina bat preskribatu aurretik, gogoan eduki behar da neurri dietetikoak eta bizitza-estiloen eraberritzearekin probatu beharko litzatekeela lehenengo denboraldi batez.
Prebentzio primarioan estatinen efektua pertsonak duen arrisku basalarekin erlazionatua dago; hau da, zenbat eta arrisku kardiobaskular handiagoa, orduan eta onura handiagoa lortzen da estatina bat preskribatzearekin.
Prebentzio sekundarioan estatinek morbimortalitate kardiobaskularra gutxitzen dutela egiaztatu dute. Onura hau, estatinak preskribatu aurretik gaixotasun kardiobaskularra zuten gaixoetan eta kolesterol-balio normal edo altuak zituztenetan ikusi da.
Prebentzio sekundarioan estatina bat preskribatzeak miokardioko infartuen, garuneko istripu baskular akutuen eta heriotzen-arriskua gutxitzen ditu. Erabilera hau saiakuntza klinikoek onartzen dute eta onura hau gaixoaren adinarekin, sexuarekin edo diabetesa edukitzearekin independentea da.
Kontuan eduki behar da saiakuntza klinikoetan barne sartutako populazioa Estatu espainoleko populazioaren desberdina dela eta baliteke emaitzak estrapolatzean estatinekin lortutako onura gainestea.
Estatinen erabilera zabal eta desegokiak eragin kliniko eta ekonomiko garrantzitsuak izan ditzake sistema sanitarioan, eta hori dela-eta estatinen erabilera egokitu beharko litzateke ebidentzia duten indikazioetara.
Estatinen preskripzioa desegokia da portzentaje altu batean (% 69tik % 84ra). Baina ez hori bakarrik: estatinen preskripzio gehienak behar ez dituzten pertsonatan egiten dira eta onura lortu zezaketen pertsonen artean oso gutxik hartzen dute estatina bat (gertakari kardiobaskular bat izan zuten pertsonen artean % 64ak ez zeukan preskribatua estatina bat).
Azkenaldian onura terapeutikoa dakarten medikamentu berriak oso gutxi dira eta, hala ere, farmazia-gastua asko igotzen da urtetik urtera. Gastu honen % 4a gutxi gorabehera medikamentu berriei leporatzen zaie.
Estatu espainolean estatinen kontsumoa eta gastua asko handitu dira: 1987an 27 milioi euro izatetik 2002an 600 milioi euro izatera pasa ziren.
Gure artean, Txagorritxu Ospitaleko datuak ikusiz, 1999tik 2004ra % 400ean igo zen estatinen kontsumoa pastilla-kopuruari begira.
Herrialde desberdinetan diferente gertatzen bada ere, Europa osoan estatinen gastua oso azkar igotzen doa. Izan ere, 2003 urtean, atorvastatina izan zen osasun-sistemari gasturik handiena eragin zion farmakoa. 2004 urtean simvastatinaren patentea bukatu zenean, farmako honen prezioa 4 aldiz jaitsi zen erreferentziako prezioa ezarri zitzaiolako eta medikamentu generikoak azaldu zirelako. Hala ere, atorvastatinak jarraitzen du izaten osasun-sistemari kontsumo gehien eragiten dion estatina.
Komertzializaturik dauden 5 estatinen artean atorvastatina da garestiena, patenteaz babestua dagoelako. Preskriptore askok atorvastatinarekiko duten preferentzia ez dago arrazoitua: dauden estatinen artean morbimortalitate-baliotan eraginkortasun-datuak lortzea gehien kostatu zitzaion estatina da. Kardiopatia iskemikoa prebenitzeko dauzkan efikazia-probak zalantzaz beterik daude.
Atorvastatinaren abantaila ia bakarra dosi altuetan preskribatu daitekeela da eta horrela kolesterol-datu oso altua duten pertsonentzat baliagarria izan daiteke.
Estatina guztiek errabdomiolisia eragin dezakete. Beraien erabilera zabala dela-eta ez da arraroa farmako hauek eragindako alterazio muskularrak ikustea.
Esandako guztia ondorioztatuz, esan genezake ez dela nahastu behar berritasun komertziala hobekuntza terapeutikoarekin.