Osasungoa Euskalduntzeko Erakundea

Osasungoa Euskalduntzeko Erakundea

+34 944 001 133

oee@oeegunea.eus

ZAINKETA ARINGARRIAK OINARRIZKO MEDIKUNTZAN

Egileak:

Ana L. Arrieta

Lehen mailako medikua. San Martín osasun zentroa. Gasteiz.


 

SARRERA

Zainketa aringarriek (ZA) gaixoari geratzen zaion denbora giza kalitatez  bizi dezan lortu nahi dute,  tratamentu orokor eta aktibo baten bidez.

ZAek  gaixoarengan eragina izan dezaten, gaixoa gizakia dela kontuan hartu behar dugu. Horrek,  gizakiak  hiru esparru (biologiko-fisikoa, psikiko-afektiboa eta espirituala) dituela esan nahi du. Beraz, hiru esparru hauei begiratu behar diegu. Bat ahazten badugu ezer gutxi lortuko dugu besteetan. Hau  edozein gaixorekin  lan egitean kontuan hartu behar badugu,  gaixo terminalekin lan egitean  askoz gehiago.

Horretarako, hau da, hiru esparru horiek kontuan hartzeko, eredu biomedikoa alde batera utziz,  eredu bio-psiko-sozial, etnokultural eta holistikoan oinarritu behar gara. Gizakia  aipatu  hiru esparruek osatua denez gero, sufrimenduak  ere, hiru esparru horietan duen isla edo eragina kontuan hartu behar da. Sendagile nahiz erizainoi  eredu-aldaketa hau egitea asko kostatzen zaigu, gure ikasketak arlo biomedikoan egin baititugu.

  Beste aldetik, teknikaren aurrerapenak direla eta, medikuntzako espezializazioak beste azpiespezializazio batzuetan zatitzeko joera dago. Sendagilearen eginkizunen  zati bat teknologiak hartu du. Hori dela eta, askotan, diagnostikoa ematea eta tratamenduaren prozesua erietxean bideratzen dira. Erietxeko sendagileek,  era berean, geroz eta teknologia garatuagoa eta garestiagoa daukate.  Horrek, osasun aldetik oso ona izan  arren, hainbat galera ekartzen ditu: gaixoa teknikaren eskuetan gelditzen  da, sendagile eta gaixoaren  arteko  harremana apurtu egiten da, prozesu guztia  garestitu egiten da....., hau guztia, sendatzeko aukera dagoenean garbi dago: “bizitzak ez du preziorik”; baina aurretik, sendatzeko posibilitaterik ez dagoela jakinez gero, ez dago hain garbi. Gaixoei ezin dizkiegu behar dituzten aurrerakuntza teknologikoak ukatu. Hala ere, ezin dugu gure helburua ahaztu; ez  dugu beraien bizitza luzatu nahi, geratzen zaiena kalitatez eta giro atsegin batean igarotzea  baizik.

 

HELBURUAK

ZAen helburuak berdinak dira profesional guztientzat, bai lehen mailan, baita beste zerbitzuetan  ere.

Diagnostikoa izatean bai gaixoari nola senideei etorkizunean zer gerta daitekeen azaltzea oso garrantzitsua da. Horrela, tratamenduaren helburuak finkatu, zalantzak argitu, zeregin konkretuak eman eta laguntza eskaini ahal izateko. Guzti hauen  helburua  hauxe da:

1.      Tratamenduaren zein gaixotasunak aurrera egitearen ondorioz sor daitezkeen ezinegonei eta konplikazioei aurre hartzea

2.      Minaren eta beste sintomen tratamendu egokia garatzea

3.      Gaixoak arlo guztietan dituen kezkak azal ditzan lortzea.

Hau dena gaixoaren egoerara  eta izaerara moldatu behar da.

Hau da, zehazki, lortu nahi duguna:

1.-Ongizatea da helburu terapeutikoa:  Hau da, gaixoak bizi-kalitaterik onena izan dezan lortzea. Honetarako, gaixoak errespetatua sentitu behar du, ez baztertua, eta horrela, sintoma fisikoak kontrolatzea ez ezik, pairatzen dituen sufrimendu psikologikoak arintzea ere lortuko da.

2.-Sintomen kontrola:  Gaixoak sintoma asko (8-9 batez beste) izaten du, eta sintometan aldaketa asko izaten da, bai sintoma berriak agertzen direlako, baita  sintomen intentsitatea aldatzen delako ere. Horren ondorioz tratamendu-aldaketa asko behar izaten du gaixoak, eta, sintomak kontrolpean edukitzeko, adi-adi egon behar dugu sintoma-aldaketa hauen aurrean.

 -Sintomen kontrolerako erabiltzen diren tratamenduak baliagarritzat  jotzeko, berauek sorturiko onurak kalteak baino handiagoak izan behar dute. Horrela, neurri berri bat hartzeko edo ez hartzeko erabakia, sufrimendua ez handitzearen eta hobekuntza ez gutxitzearen menpean dago.

 -Tratamenduaren aldaketak, gaixoak pairatzen duen sufrimenduaren araberakoa izan behar du, ez heriotzarako falta den denboraren araberakoa. Gaixoaren nahiz familiaren iritzia kontuan hartu behar da tratamendu berri bat jartzerakoan.

3.- Zainketa integrala: gaixoaren ebaluazioak  bai alde fisikoa (mina, arnasestua..) nahiz alde psikikoa ere (depresioa, antsietatea...) bildu behar ditu.. Gaixoaren ezinegonaren  adierazpenak ez dira ahaztu edota gutxietsi behar, baizik eta, sintomak kontrolpean ez dauzkagunaren seinaletzat hartu behar dira.

4.-Gaixoa eta senideak, elkarrekin tratamenduan:ezin dugu ahaztu senideen garrantzia zainketa aringarrietan, bereiziki etxean daudenean, berauek baitira askotan, gertutasun fisikoaren zein afektiboaren aldetik zainketa hauen emaile. Gaixotasunaren azken aldi hori  oso gogorra izaten da senideentzat. Hau dela eta,  garrantzitsua da senideak ere zainduak izatea,bai gaixoaldi osoan baita gaixoaren heriotzaren ostean ere.

5.-Duintasuna eta autonomia: Ahal den heinean erabaki terapeutikoak adostuak izan behar dira,  gaixoaren nahia eta erabakiak hartzeko gaitasuna kontuan hartuz betiere. Bestela, gaixoaren barne-arazoak handi ditzakegu.

6.-Etxea, zainketak jasotzeko lekua: Gaixoak zainketak non jasoko dituen erabakitzeak garrantzi  handia dauka. Leku honek gaixoarentzat  lasaia, erosoa eta ezaguna izateaz gain, bere senideekin harremanetan egoteko egokia izan behar du. Gehienetan, gaixoaren etxea izaten da baldintza hauek hobekien betetzen dituena. Hala ere, horrela ez bada, beste toki bat bilatzen saiatu behar gara.

 

LEHEN MAILAREN ZEREGINAK

Ikusi dugunez gaixo hauek oso konplexuak dira eta behar izan oso desberdinak dituzte. Egoera honetan, zer egiten dugu lehen mailako sendagile-erizainok? Zer-nolako tresnak erabiltzen ditugu?  zeintzuk dira gure oinarriak honetan lan egiteko?

Lehen mailako sendagile-erizainoi, gure lan ezaugarriak, gaixoei bide honetan laguntzeko baliabideak eskaintzen dizkigu :

1.-Elkarren ezagutzea:  Gaixo hauek ZAen  beharra izan aurretik ere ezagun ditugu, baita beraien  ingurua ere: senideak, senideenganako  harremanak nolakoak diren, lan edota diru-arazoak dituzten, bizigiroa, beste arazoen aurrean nola moldatu  diren, laguntzarik izan duten, etab.

 Gure lanaren ezaugarrietako bat luzaroko harremanak ditugula izan ohi da. Honi esker, gaixoa baino  gizakia ikusten dugu bere osotasunean, baita une  honetan hain garrantzitsua den familia ere.

2.-Hurbiltasuna daukagu: Non gauden badakite eta gurekin harremanetan  jartzea  erraza dute, beraien etxera joan izanak gara edota badakite joan gaitezkeela.  Ez gara talde handia: sendagilea eta erizaina soilik. Gure izenez ezagutzen gaituzte. Gugan konfiantza daukate eta  badakite laneko gure arau pertsonalak eta gure mugak zeintzuk diren.

3.-Bidelagun izatea: Gaixotzetik gaixo terminala izatera iritsi arte, bide luzea  daukagu elkarrekin egiteko. Bide hau lehenengo sintomekin batera  hasten da. Une honetan, gaixotasuna susmatu, gure susmoak gaixoari azaldu, berau beldurtu gabe eta itxaropenari eutsiz, eta erietxera bidaltzen dugu gaixoa. Gero, diagnostikoa iristen denean, hurrengo pausoa dator: bere beldurrak aztertu, ulertzen ez dena azaldu, sinesten ez dena argitu, zalantzan  jarritako medikuaren diagnostikoa arrazoitu.

Momentu honetan oso garrantzitsua da itzulpen-lana egitea, hau da; esan diotenaren esanahia azaltzea eta erabakiak beraiek har ditzaten laguntzea....Tratamenduarekin hastean, erietxeak garrantzi izugarria dauka. Hala ere, etxean bizitzen jarraitzen dutenez, etxean  bertan agertzen dira tratamenduaren hainbat ondorio: ebakuntzaren zauria zaindu beharra, gorakoak, zorabioak, pisu galtzeak, jateko gogorik eza.... Beste aldetik, profesional askok hartzen dute parte haien tratamenduaren momentu ezberdinetan, profesional horiek ezezagunak zaizkio gaixoari, iritzi propioak dituzte, eta bere egoeraren azalpen ezberdinak ematen dizkiote gaixoari. Horren ondorioz, koordinatzaile lana egitea dagokigu.

 Bide hau beraiekin egin badugu, beraiekin lan egiteko aukera izango dugu, baina, alde batera gelditu izan bagara, idazkaritzako lanak  besterik ezin izango ditugu egin: errezetak, anbulantziako paperak, Eig (ezintasun iragankorreko  agiri edo partea....).

4.-ZAen unea:  Hasieran beste espezialitateek lan asko egiten dute ZAetan: erradioterapia aringarria, kimioterapia aringarria, ebakuntza batzuk... Baina pixkanaka-pixkanaka espezialitate horien erabilgarritasuna bukatzen da. Profesional horiek beren eginkizuna bukatu, eta alde egiten dutenean, lehen mailako sendagile-erizainak han jarraitzen dugu.  Ez da harritzekoa egoera hau, espezialista bakoitzak bere esparrua baitauka, eta  gure esparrua, aldiz, gizakia bere osotasunean baita. Hori dela eta, gaixoa hil arte bere sendagilea eta erizaina  izaten jarraitzen dugu.

5.-Lehen mailaren ezaugarriak: Lehen mailaren ezaugarriak eredu bio-psiko-soziala izatea eta  zainketa orokorra, integratua eta jarraipenduna izatea direla kontuan hartzen baditugu, ohartuko gara hiru lan esparru daudela (biologikoa, psikologikoa eta gizartekoa). Aurreko hiru lan-esparruetan gauzatzen dira  ZAen  oinarrizko lanak: sintomen kontrola, komunikazioa eta laguntza emozionala, gaixoa eta bere familia zaintzea, familia gizarte-unitatea dela kontuan hartuz.

 

GURE MUGAK

 Lehenengo muga gu geu gara:

1.- Gure ikasketetan ehuneko  zenbat  gaixo sendatzen zen  esaten ziguten bakarrik, baina ez genuen inoiz ikasi, sendatzen ez zirenekin zer gertatzen zen.

2.- Gaixoak sendatzeko bakarrik prestatzen gaituzte, eta ZAk jasotzen dituztenak heriotzara zuzenduak daudenez gero, ZAetan lan egitea   gure lanaren “porrota” bezala bizi daiteke.

3.- Gizaki baten heriotzak gure heriotzaren aurrean  jartzen  gaitu, eta gu  hil egingo garela gogorarazten  digu. Gizarte honek heriotza ezkutatzen du, eta publizitatearen bidez betirako gazte, polit eta xarmant egongo garelako ilusioa saltzen digu.

 

Honetaz gain, inguruaren ondorio diren beste muga batzuk ere baditugu:

 

1.      Denbora: Gaixo hauek denbora asko behar dute, gainera beraientzat denbora mugatuta dagoenez, zentzu desberdina dauka. Horrez gain  erietxeko gela batetik  bestera joateko ez da denbora asko behar, baina gaixoaren  etxera joaten garenean, askoz denbora gehiago behar dugu hara iristeko.

2.      Zama burokratikoa: morfikoak lortzea, orain errazagoa den arren, bere zailtasunak baditu: farmazia guztietan ez dago horrelako botikarik; errezeta ofizialak  guk geuk, eta lan ordutan lortu behar ditugu, eta ez da beti hain erraza. Honetaz gain, badira beste zama burokratikoak ere, txostenak egin beharra, EIg (ezintasun iragankorreko agiria), anbulantziako paperak....

3.      Osasun-zentro bakoitza mundu  bat da; bakoitzak bere antolamendua dauka, eta bertan lan egiten duen profesional bakoitzak bere izaera du.

       Nahiz eta  jende gehiagorekin  lan egin behar izan (psikologoa, gizarte-langilea edo asistente soziala...), sendagileak eta erizainak osatzen dute oinarrizko taldea. Beraien arteko harremana ona ez denean, arazoak sortzen dira.

4.      Erietxearekiko harremanak ez dira sarritan egokienak izaten, ezta oso ugariak ere. Informazio ofizial gutxi iristen zaigu: zenbateraino zabaldu den gaixotasuna, gaixoari bere egoera azaldu  ote dioten, zein den  planteamendu terapeutikoa.......Horretaz gain, askotan, zailtasunak egoten dira beste profesionalekin (hau da, psikologoa, asistente soziala edo beste espezialistekin....) harremanetan jartzeko.

5.      Gure ordutegia. Gure ordutegia 8:00etatik 15:00etara da., baina gaixoak edozein momentutan izan dezake medikuaren beharra. Gainera  profesionalen gehiegizko aldaketa komeni  ez denez, lanak  gainezka egiten dio sarritan lehen mailako taldeari.

6.      Arrazoi desberdinek eraginda, etxeko medikuaren itzala galdu dugu. Hau dela eta, batzuetan, lan hori egiteko daukagun gaitasuna zalantzan jartzen da, bai gaixoaren aldetik baita erietxearen aldetik ere, gaixoari ematen dion mezuaren bidez.

 

KONPONBIDEAK

 Hauetako arazo batzuk konpontzen saiatzen gara:

1.      Gure formazioa: ikastaro asko prestatzen dira gai honi buruz. Gure kongresuetan, adibidez, gai honen inguruan tailerrak, mahai-inguruak, etab.  egitea oso arrunta da. Hauetan arlo ezberdinak, hau da, tratamendu sintomatikoa, berri txarrak nola eman, komunikazioa, heriotza, dolua, etab. lantzen dira

2.      Familiaren laguntza: ZAetan oso garrantzitsua da familiaren laguntza izatea, beraiek baitira gaixoa hoberen ezagutzen dutenak, baita honen egoera pertsonala ere. Gainera  haiek dira etxean 24 ordu egoten direnak. Guk ikasi izan dugun bezala, beraiek ere ikas dezakete: morfinaren dosi estrak nola ipini, behar izanez gero; azalpean medikazioa nola ipini, egoera konkretu batzuetan zer egin..... Hau horrela izan dadin  hasieratik lan egin behar dugu beraiekin. Ezin ditugu baztertuta utzi, eta kontuan izan behar dugu beraien inplikazio emozionala handia izango dela, eta haiek ere momenturen batean pot egin dezaketela

3.      Erietxearekiko koordinazioa: ZAen zerbitzuak  sortu direnetik errazagoa da gure lana, asko laguntzen baikaituzte gure kezka eta ezjakintasunari erantzun konkretu eta azkarra ematen. Beste alde batetik, senideak  pot egiten badu,  gaixoak  egun batzuetarako ingresa daitezke, senideak lasaitu daitezen.

4.      Beste profesionalekin ere, pixkanaka-pixkanaka, harremanak hobetzen joan dira, hitz egiten eta komunean dauzkagun helburuei buruz denen ikuspegia azaltzen.

 

Azken Berriak

OEEren Osasun Biltzarraren ahozko komunikazioen aurkezpenak ikusgai
Urriaren 25ean Zornotzan egindako Osasun Biltzarraren bideoekin jarraituz, aste honetan ahozko komunikaziopen aurkezpenak  aurkituko dituzue ondoko loturan: https://youtu.be/5-9n9WMRQFc Ahozko komunikazioak: - 01:45:37 "Heriotza eta dolu...
OEEren Osasun Biltzarraren bigarren mahai-ingurua ikusgai
Urriaren 25ean Zornotzan egindako Osasun Biltzarraren bideoekin jarraituz, aste honetan bigarren mahai-inguruan parte hartu zuten osasun-arloko profesionalen hitzaldiak aurkituko dituzue ondoko loturetan: Bigarren mahai ingurua: "Betiko gaix...

Berri +

Ugarteburu sariak
Egin bazkide
Gizarte-sareak
facebook twitter
Laguntzaileak
Eusko Jaurlaritza
Bai Euskarari

©OEE

Diseinua: Di-Da Garapena: Bitarlan