EGUNGO PRAKTIKA OSASUNGINTZAN: ZER ARI GARA EGITEN?
Egileak:
A. ARILLO
Txantreako Osasun Etxea. Iruña
1.- IKUSPEGI INTEGRAL BATEN BILA
Nire ikuspuntutik, Oinarrizko Osasunean dagoen masifikazioa, oso fenomeno konplexua bada ere (1), gure gizarte honetan dago oinarriturik. Nahiz eta beste alde batzuk aipa daitezkeen, bai antolakuntzari dagozkionak, bai erabiltzaileen edo profesionalei dagozkionak, aspektu horiek ez dira gizartea bera bezain eraginkorrak.
Beraz, horrela ikusita, nik uste dut, profesionalen eskuetan ez dagoela gauza handirik egiteko aukerarik. Baina dena den, gizartearen eragina ulertzea, hots, ikuspegi integrala izatea beharrezkoa delakoan nago, gure eragina erlatibizatzeko asmoz. Hala eta guztiz ere, oso interesgarriak iruditzen zaizkit masifikazioaren aurka (eskari kopuru handiegiaren kontra) har daitezkeen neurri guztiak.
Eskari kopuru handiegiari buruz hitz egiten denean (2), bi esapide desberdin erabiltzen ohi dira. Alde batetik, "eskari kopuru handia" (biztanle guztien bisitaldiak adierazten dituena) eta bestetik, "maiztasun altua" (gaixo bakoitzaren bisitaldiei dagokiena). Hala eta guztiz ere, bi esapideek fenomeno berberaren nabardurak azaltzen dituzte eta aldi berean gertatzen dira. Horretaz aparte, kontuan hartu behar da paziente batzuek motibo ugari dituztela kontsulta bakoitzean. Zenbait profesionalen erritmoak ere bere eragina izaten du.
Gehiegizko eskaria dela eta, Oinarrizko Osasun Laguntzaren kalitatearen jaitsiera (3) aipatu da, baita profesionalon estresaren igoera ere (4). Ikerketa batzuen arabera (5), Oinarrizko Osasun Laguntzan, profesionalen %50k uste dute bisitaldien %20a ez dela premiazkoa.
Paziente eta profesionalen arteko komunikazioa, prebentziorako edo hezkuntzarako jokabideak, ekintza biopsikosozialak, kalitatezko preskripzioa, errekurtsoen erabilera zuzena edota laneko arreta bera, gauza horiek guztiak arriskuan jar daitezke masifikazioaren ondorioz.
Horretaz aparte, alderantzizko atentzioaren legea (6) bete daiteke, hots, laguntzaren premia handiagoa dutenak, kanpoan gera daitezke.
Bertze alde batetik, profesionalon zenbait ezaugarri psikologiko, esate baterako, lanerako gogoa, umore ona edo emozio-oreka (7), kaltetuak suerta daitezke gaur egun.
2.- ESKARI-KOPURU GELDIEZINA?
Azken hamarkadetan, oso aldakuntza nabariak gertatu dira. Kontsumoa, esaterako, gero eta garrantzizkoagoa da bizitza sozialean. Eta bertze gauza batzuk kontsumitzen dituen bezala, jendeak osasun zerbitzuak kontsumitzen ditu, kasu.
Bertze alde batetik, bai medikuntzako aurrerapen zientifikoak, bai berrikuntza teknologikoak mehatxu nabariak izan daitezke Osasun zerbitzuetan, izan behar den jokabide gizatiarrerako (8). Zentzu horretan, ematen du gero eta funtsezkoagoa dela balioa ematea profesionalen eginkizunari. Azken urteotan, profesionalok "langazain" gisa lan egiten dugu, eta, osasun supermerkatu honetan, saiatzen gara jendeari laguntzen, ahalik eta atentzio integralena emanez.
Horretaz aparte, profesionalok, oso leku aproposean gaude kokaturik biztanleriaren osasunean eragin handia izateko, onerako edo txarrerako. Eta, prebentzioaren arlotik, profesionalen arteko helburu nagusietako bat dugu "locus de control" delakoa profesionalengandik pazienteengana eramatea. Beste modu batean esanda, garrantzizkoa da oso, pazientea bere osasunaz arduratzea. Eta pazientearen joera hori bultzatzeko, profesionalok astia eta trebakuntza izan behar ditugu. Ez da erraza ez, batez ere kontuan hartzen baldin badugu, jendeak duen joera osasun profesionalen menpean jartzea dela zerbait ezezaguna denean.
Lehen aipatutakoarekin lotuta, esaten da (9) gaur egungo gizartean, handituz doan estresak lotura duela norberak duen ingurunearen eta barruaren arteko eskarien desorekarekin. Gainera, ematen du min, ezbehar eta frustrazioaren aurkako tolerantzia gero eta txikiagoa dela. Testuinguru honetan, beraz, eta osasun mentala bultzatzeko, oinarrizko osasun laguntzan, behar-beharrekoa da profesional sentsibilizatuak izatea.
Esan dudan bezala, pentsatzen dut gero eta eskari kopurua gero eta handiagoa izanen dela. Edo beste modu baten esanda, handituz doan eskaria geldiezina da.
Hala eta guztiz ere, nik uste dut badaudela zenbait aspektu oso eragingarriak, eta ukitu gabe daudenak. Esate baterako, nire ikuspuntutik, Administrazioak ez ditu egiten egin beharko lituzkeen ahalegin guztiak jendeak uler dezan errekurtsoak mugatuak direla.
Bertze aldetik, eskaintza gero eta zabalagoa egiten ari den bitartean, programak esate baterako (10), errekurtsoak berdin-berdin uzten dituzte. Zentzu berean, aipa daiteke espezialisten zerrendetako atzerapenak oso kaltegarriak direla Osasun etxeetarako, jendeak bueltaka egon behar baitu.
Zenbaitetan, profesionalon formazio integralaren edo/eta kliniko urria, edo komunikaziorako trebetasunaren urritasunak nahiko lotuta daude pazienteen bisitaldiekin (11,12). Esparru hauek badute beren garrantzia, ez bakarrik pazienteentzat, baita profesionalontzat ere.
Biztanleriari dagokionez, ematen du "behar sentitua" (13) dela faktoreetariko funtsezkoena osasun zerbitzuak erabiltzearen zergatian. Faktore hau lotuta dago, zer esanik ez, beste batzuekin, besteak beste, adina, osasun mentala eta fisikoa, laguntza soziala, osasunarekiko sinesmenak edota hezkuntza. Zenbat eta okerrago sentitu jendea, hainbat eta maizago joaten da osasun zerbitzuetara. Hori, argi eta garbi dago.
Ikerketa askotan (14) "gehiegizko erabiltzaileak" terminoa agertzen da, nahiz eta definizioa nahasia den. Erreparatu egin da (15), osasun sistema ezberdinetan, pazienteen -15ekin betetzen dela urteko bisitaldien %50a.
3.- HOBETZEN SAIATUZ
Kontuan izanik telebista edo/eta prentsaren bidez jasotzen dituen mezuak nahikoa nahasiak direla (16), biztanleriak askotan errekurtsoak mugaezintzat jotzen ditu. Beraz, oso garrantzizkoa da errekurtsoak erabiltzeko moduari buruzko hezkuntza ona antolatzea, orokorrean zein maila konkretu ezberdinetan. Azken esparru honetan gehien ikertu den gaia osasun arazoetarako hezkuntza izan da. Eta emaitzak esanguratsuak dira (17), eskari kopuruaren aldetik.
"Gehiegizko erabiltzaileak" kontuan hartu behar ditugu, bai administrazioak, bai profesional garenok. Askotan, interesgarria izan daiteke paziente talde jakin batekin Osasun Hezkuntza antolatzea. Adibidez, lan egin da beren osasunari dagokionez itxaropen handiegiak dituztenekin, esate baterako zenbait artrosikorekin (18), botikek edo medikuek erabat sendatuko dituztela iruditzen zaien batzuekin.
Beharrezkoa da profesional gehiago izatea, errekurtso gehiago jartzen diren heinean. Profesionalok denbora gehiago behar dugu bai gauza gehiago egin behar dugulakotz baita eskaintza berriekin jende gehiago etortzen zaigulakotz ere.
Espezialisten zerrendetako atzerapenak arintzea eta koordinazio ona izatea garrantzizkoa da oso, bisitaldiak mugatu ahal izateko.
Profesionalon formazioa bultzatzea, bai klinikoa, bai integrala, bai komunikaziozkoa.
Bukatzeko, bertze gauza bat azaldu nahi dut. Denok dakigun moduan, irtenbideak zailak dira. Bihar, etzi, eta denbora luzean jarraituko dugu jende ugari ikusten gure kontsultetan, beste erremediorik gabe. Gauzak horrela, nik hauxe iradoki nahi dut: alde batetik, itxaropena ez galtzea, proposamenak egitea, eta bestetik, bitartean, jendea ahalik eta hobekien atenditzea, jakin badakigulakotz jendearen osasuna eta ongizatea dela gure helburu nagusia.
BIBLIOGRAFIA
1. ARREDONDO A, MELÉNDEZ V. Modelos explicativos sobre la utilización de servicios de salud: revisión y análisis. Salud Pública Mex 1992; 34: 36-49.
2. MARTÍN ARAUJO J. Trabajo con demanda excesiva. FMC 1998; 5 (9): 572-581.
3. DELGADO A, MARÍN Y, REYES MC, HERRERO C, HAZAÑA MP. El perfil del médico y la calidad asistencial. IX Jornadas de Salud Pública y Administración Sanitaria. Granada: Escuela Andaluza de Salud Pública, 1994; 48.
4. WILSON A, MCDOBALD P, HAYES L, COOENY J. Longer booking intervals in general practice: effects on doctors'stress and aroflsal. Br J Gen Pract 1991; 41: 184-187.
5. SIHVONEN M, KEKKI P. Unnecessary visits to health centres as perceived by the staff. Stand J Prim Health Care 1990; 8: 233-239.
6. MARTÍN ZURRO A. Boletín informativo del PAPPS de la SEMFYC 1994; 13:2.
7. ALVAREZ S, CEREZO MV, DÍAZ C, LÓPEZ L Y BERMEJO F. Ante una presión asistencial excesiva. MEDIFAM 1997; 7 (2) 115-119.
8. Buitrago F. Medicina.basada en la afectividad, medicina de familia y universidad. Med Clín 1999; 113 (19): 757.
9. HOLMES T, RAHE R. The social readjustment rating scale. J Psychosom Res 1967; 11:213-218.
10. NAVARRO A, SERNA JM, GUILLÉN C, MARTÍNEZ MN, GÓMEZ P, SAURA J. La consulta programada como estrategia para disminuir la consulta a demanda: una aproximación. Aten Primaria 1992; 10: 1025-1027.
11. BELLÓN JA. Cómo entender y manejar el exceso de presión asistencial en atención primaria: consideraciones prácticas. Cuadernos de Gestión 1997; 3(3): 108-129.
12. EPSTEIN RM. Communication between primary cure physicians and consultants. Arch Fam Med 1995; 4: 403-409.
13. CONNELLY JE, SMITH GR, PHILBRICK JT, KAISER DL. Healthy patient who perceive peor health and their use of primary cure services. J Gen Intern Med 1991;6: 47-51.
14. SCHRIRE S. Frequent attenders: a review. Family Practica 1986; 3: 272-275.
15. BELLÓN JA, DELGADO A, LUNA JD, LARDELLI P. Influencia de la edad y el sexo en los distintos tipos de utilización en atención primaria. Gac Sanit 1995; 9: 343- 353.
16. BARSKY AJ. The paradox of health. N Engl Med 1988; 318:414-418.
17. ROBERTS CR, IMREY PB, TURNER JD, HOSOKAWA MC, ALSTER JM. Reducing physician visits for colds through consumar education. JAMA 1983; 250: 1986-1989.