Osasungoa Euskalduntzeko Erakundea

Osasungoa Euskalduntzeko Erakundea

+34 944 001 133

oee@oeegunea.eus

Autonomia emozionala, hurbiletik maitatu urrutira heltzeko

Egileak:

Aritz Anasagasti Undabarrena

Emotional Network S.L.


Menpekotasuna aztertzen dugunean, bereziki substantzia gabeko menpekotasuna, arlo ezagun batetik arlo zabalago batera begiratu beharko genuke.

Substantzien kasuan, badakigu substantziak berak baduela izaera kimiko jakin bat menpekotasuna sortzen duena, eta berau kontsideratu genezake menpekotasun honen erantzule nagusien moduan.

Substantzia gabeko kasuetan ordez, ez dago menpekotasuna justifikatu dezakeen kimikarik, beraz, nola justifikatzen da menpekotasuna?

Eta bai, noski, substantzien kasuetan ere kimikaz gain badakigu, aspaldi, badagoela menpekotasun honetan eragiten duen faktore ez-kimikoa.

Faktore ez kimiko hau, psikologikoa da. Eta substantzien kasuan ere agertzen den arren, batez ere, substantzia gabeko menpekotasun-kasuetan ematen da menpekotasun psikologiko hau.

Psikologikoa dela esaten denean, hala ere, argitu beharko genuke, horrek ez duela esan nahi norbere borondatearen menpe dagoela, edota norberak nahierara aldatu dezakeela menpekotasun-elementuarekin (ME) duen harremana.

Ez, ez da hain erraza MErekin eratutako harreman psikologiko hau eraldatzea, harreman honetan eragiten duten gune neurologikoak, gogoeta-gaitasunarekin bortizki lehiatzen direlako.Honela, gogoetak indar egin arren, oso zaila izaten du borondatea menperatzea, borondate honetan gogoetatik kanpo, bizi-senak emozioen bitartez, indar handia eragiten baitu.

Gure garuneko sari-sisteman, beraz, gogoetak ez du emozioek haina indar, eta honela, emozioaren bitartez, erlazio desegoki honetan, borondateak kale egiten du, nahiz eta nahia beste bat izan, ME elementua baztertzerako orduan.

Honela,MErekin egin beharreko erritua egin ondoren, poza sentituko dugu hastapenetan, baina menpekotasuna aurrera doan heinean, poz hau ez da horrenbeste agertuko, honen ordez, ME honen gabeziak desatseginak diren emozioak sortaraziko ditu, eta honela, beldurra, errua, amorrua eta abar bezalako emozioak aktibatuko dira. Emozio hauek gogoetaren bitartez ezingo dira alderatu.

Beraz, hasieran poza sentitzearen irrikak bultzatuta MErekin eratutako harreman hori, errua, beldurra edo amorrua ekiditeko erabiliko da.

Baina zer izan daiteke Menpekotasun Elementu bat, eta nola mugatu eta zehaztu dezakegu duten arrisku-maila eta zeintzuk diren zaindu beharreko elementuak?

Eta are gehiago, zer dela eta elementu berdinen aurrean, pertsona ezberdinek, modu ezberdinean erantzuten dute?

Beraz, egokia ahal da elementuan fokua jartzea? Edo pertsonen ezaugarrietan jarri beharko genuke?

Eta hau horrela izanik, zein ezaugarri zaindu beharko genuke?

Galdera horiei erantzun orduko, lehenik azter dezagun hurrengo ikuspuntua.

Joko edo ludopatiaren aurrean menpekotasunaz hitz egitea egokia da; baita teknologia berriekin zerikusia duten mugikor, Internet, gizarte sare eta abarretan ere.

Azkenaldian, gainera, menpekotasun-mota berri ugari agertzen ari dira, eguzkiari, kirolari, txokolateari, eta,aspaldikoagoa den arren, sexuari eta beste hainbat elementu arruntari lotuta.

Baina ez al da menpekotasun bat metro-ibilbide bat bakarrik egin ezin duen pertsona batek sentitzen duen antsietatea? Edota auto bat hartzeko, bikote bat izateko edo bikote-erlazioa hasteko, etxetik ateratzeko, edota armiarma bat ez ikusteko antsietatea sentitzen duen pertsona batek jasaten duena?

Ez al da menpekotasuna,arrunta den zerbait egin edo ez egitearen aurrean, pertsona batek bere aldamenean beste pertsona bat behar izatea antsietatea ez sentitzeko?

Erantzuna baiezkoa bada, esan genezake, etiketatutako menpekotasunak elementu komun asko errepikatzearen ondorio direla, eta beraz, elementu hori zaindu, kontrolatu, mugatu edo ekiditearen ondorioz lortuko dela menpekotasunaren aurkako ekintza egoki bat.

Ez al gara fokua behar ez den nonbait jartzen ari? Jokoak, Internetek, eguzkiak, gimnasioak edota mugikorrak ba al du  menpekotasun-gaitasuna?

Ez al da pertsonaren baitan menpekotasun potentzial bat egongo, non, jotzen duen edozer gauza jota ere, menpeko erlazioa eragingo duena?

Horrela uste zuten orain dela 15–20 urte, Instituto de Psicoterapias de Tiempo Limitadoko (IEPTL) zuzendari den Roberto Aguadok, psikologia klinikoaren lan- esparruan, 5.000 pazienterekin egindako ikerketa hasi zuenen.

Bere hipotesia honakoa zen; paziente bakoitzak kontsulta-motibo ezberdin bat du, eta motibo hau bakoitzaren bizi-esperientzia baten ondorioa da; sintoma partikularrekin, hainbat diagnostikotan antolatuko da. Baina sintoma hauen migrazio gabeko sendatzea ematen denean, landu ditugun elementuak komunak izan daitezke, pertsona guztientzat bereizgarri partikularrekin egokituak.

Esan genezake, hipotesi hau baieztatu zutela ikerketan, eta, ondorio moduan, terapia eredu bat garatu zela, “Terapia de Interacción Reciproca” deritzona.

Eredu honetan neurosi-gaixotasun psikologikoak sendatzeko landu beharreko elementuak identifikatu eta gisa-beharrizanak seinalatzen dira. Hau da, zein beharrizan bete behar dituen pertsona batek psikologikoki ez gaixotzeko.

Beraz, esan genezake badaudela giza-beharrizan naturalak. Eta beharrizan hauek gauzatzeak edo ez gauzatzeak edo gauzatzeko ditugun moduak baldintzatuko ditu gure izaera eta eraikiko ditugun harremanak; bai gainerako pertsonekin,bai bestelako gauza edo elementuekin.

Hau ulertzeko lehengo jakin beharrekoa hau da:gure burmuinak uste edo imajina dezakeena egia balitz bezala bizi duela. Arrazonamendu elementuetan baino, emozionalak diren guneetan gertatzen da hori.

Honela, errealitatean ez dagoen estimulu batek gure emozioak aktibatuko ditu, bai atsegintasuna, bai desatsegintasuna sentituz.

Azterketa baten aurrean,adibidez, ikasle batek beldurra sentitu dezake, nahiz eta azterketa hori ondo prestatua izan, edota azterketa hori ez izan garrantzitsua. Era berean, gidatzea atsegin ez duen batek, edota gidatzean gaizki sentitzen den pertsona batek, gidatu behar duela jakiten duen momentutik, desatseginak diren emozioak sentituko ditu, nahiz eta gidatzeko oraindik denbora asko falta izan, edota gidatze behar hori irudizkoa izan, hau da, imajinazio hutsarekin gaizki sentitu daiteke.

Alde atseginaren kasuan, poza sentitzeko burutapen bat dugunean, lagunekin gustuko afari bat, adibidez, gertatu aurretik ere, eta afari hori gertatzen denean, errealitatea ezberdina izan daitekeen arren, gure sentipenek aurrea hartuko diote errealitateari, eta modu honetan hainbat emozio sentituko ditugu burutapen ezberdinen aurrean, kasu honetan, agian, poza.

Beraz, esan dezakegu, errealitatean ez dagoenak burmuina kitzikatu dezakeela, eta imajinatu genezakeenak egoki edo desegoki sentiaraziko gaituela.

Baina zerk baldintzatuko du egoki edo desegoki sentitze hori?

Badirudi, errealitatean gertatuko den horrek influentzia baduela, eta estimulu batzuk baldintza gabeak direla, hau da, edozeini gaizki edo ondo sentiarazteko orduan, adibidez, heriotzaren aurrean gaizki sentitzea edo maite dugun pertsonaren aurrean ondo sentitzea, pertsona gehienengan emango den zerbait izango dela.

Hala ere, badaude baldintzatuak diren estimuluak, non aurretik izandako  esperientzien arabera, atsegingo ditugu edo ez.

Aurretik izandako esperientzia honetan, gainera, gure burmuinerako arrakastak edo porrotak izango du pisua. Hau da, nahiz eta estimulua arriskutsua izan, gure burmuinak arrakastatsua izan dela uste badu, orduan, gusturago sentituko da porrotarekin gogoratzen bada baino.  Eta kasu honetan ere, arrakasta eta porrota ez daude errealitatearekin lotuta, baizik eta, guk errealitate horretan interpretatu dugunarekin.

Azterketa baten aurrean, aurretik beti bikain lortu duenak ez du beti lasai erantzungo, bikain hori ez badu kodifikatu arrakastatsua bezala, eta hau, arrazoiarentzako kontraesankorra bada ere, emozioen logikan guztiz zuzena izan daiteke.

Beraz, sentitzen dugunaren erantzulea ez da azterketaren emaitza izango. Sentitzen dugunaren erantzulea erlazioa erreferentzialean sentitutakoa izango da.

Hau da, bizi ditugun estimuluen aurrean izango ditugun emozioak, gure erreferenteek sentiarazten dizkigutenak dira, eta honela, eta adibidearekin jarraituz, bikain ateratzen duen ikasle bati bere erreferenteek beldurra sentiarazten badiote, beti bikain ateratzeko presioarekin, edota, aterako ez balu gaizki sentituko liratekeela adieraziz. Ikasle horrek azterketarekiko kodifikazio desatsegin bat izan dezake, hala, beste ikasle batek nahiz eta justu-justu gainditu, bere harreman erreferentzialean egoera hau segurtasun eta lasaitasunez bizitzen bada, ikasle horrek lasaitasuna sentitu dezake azterketa berdinaren aurrean.

Honela erlazio erreferentzialean haurrak sentitzen duenak baldintzatuko du, gerora nola kodifikatuko dituen elementuak, eta zein izaera izan behar duen elementu bakoitzak arrakastatsua izateko edo porrota izateko, nahiz eta kasu bietan azterketaren emaitza nota aldetik berbera izan.

Bai eta haurra diogu, ze argi dago, haurtzaroan kodifikatzen dela, erantzun emozionalaren kodea. Hala,nahiz eta helduaroan, bestelako estimuluekin topo egin, gure buruak, antzekotasunaren bitartez, aurkituko dio, estimulu berri horri, zein erantzun emozionalekin lotu behar duen.

Hala ere, hiru urte baino lehen kodifikazio honen oinarriak eratuko diren arren, estimulu ezberdinen kasuan, erantzun-sistema, berrorientatzeko aukera izango dugu, aurretik aipatu ditugun giza-beharrizanak modu egokian asebeteta baldin baditugu.

Berrorientazioa egiteko malgutasun handiagoa izango dute pertsona batzuk beste pertsona batzuekin alderatuz, eta gaitasun hau ere, aurretik izandako esperientzietan oinarrituko da.

Goazen beraz, hau baita giltza, beharrizan horiek aztertzera.

Aurretik esan bezala, eta IEPTLk egindako ikerketa horretan ateratako emaitzetatik, hiru gaitasun nagusi bereiziko ditugu:

Harremanetarako gaitasuna, norberaren euste-gaitasuna eta norbere buruaren gidaritza.

Munduarekiko harremanean hiru elementu horiek beharrezkoak izanik, badirudi haurrak hauetan esperientzia behar duela, berauek aurrera eramateko, eta era honetan, maitatua izan den heinean maitatuko du, eutsi izan dioten heinean eutsiko du eta gidatua izan den heinean gidatuko du.

Bestalde, elementu hauetariko baten bat falta bada, edo behar ez bezala inkorporatu bada, norbanako honek gaitasun eza sentituko du, eta ez du bere burua gai sentituko, harremanak eratzeko, taldean eusteko edo bere burua gidatzeko.

Era honetan, menpekotasuna izateko probabilitatea elementu hauek gauzatzeko dugun gaitasunarekin lotuta dago. Ezen, gure burua hiru beharrizan-gaitasun hauek aurrera eramateko gai ez badugu sentitzen, inguruarekiko harremana deserosoa bilakatuko da, eta era honetan gure gaitasun eza horrek, menpekotasun-harremanak eratzera bideratuko gaitu, adaptatiboagoak edo desadaptatiboagoak diren menpekotasunak eratzera.

 

Badirudi menpekotasun batzuk egokiagoak direla, adibidez, lanarekiko menpekotasuna bezalako harremanak ez ditugu bizi hain modu ezkorrean, eta agian arrazoizkoa da horrela baloratzea.

Aipatutako hiru elementu hauek beraz, erlazio erreferentzialean garatuko dira, bai era egoki batean gauzatuz, edota gabeziazko erlazio batean.

Haurrak munduarekin duen harremana, berarekin izan duten harremanetan oinarritzen da, eta eratuko dituen harremanak, berarekin izandako harremanen isla izango dira. Era berean,bere buruari eta bere inguruari eutsiko dio berari eutsi dioten moduan eta azkenik, bere burua gidatuko du bera gidatu duten moduan. 

Honela pertsona bat, autonomoki bizitzeko gai sentituko da, harremanak eratzeko gai sentitzen baldin bada, bere burua eta ingurua eusteko gai sentitzen bada, eta norbere buruarekiko gidaritza egokia garatzeko gai sentitzen baldin bada. Eta honela, menpekotasuneko harremana eratuko da, beharrizan-gaitasun hauetariko bakoitza aurrera eramateko gai ez dela sentitzen baldin badu.

Adibidez, miresmena lortzeko, berez gertatu beharrean, zerbait egin behar badu, baldintzaren bat bete behar badu, azterketak gainditu, zintzoa izan etab. modu horretan biziko ditu bere harremanak, baldintzaren bat bete beharko balu bezala. Honi baldintzatutako miresmena deituko diogu, eta izatearekin berarekin, erlazionatuta dago, zeren, norberaren balio, eta miresgarritasuna sentitzeko, beste norbaiten onespena behar dugu, dependentzia bat sortuz. Baliteke, onespen hori, norberaren menpe egotea ere, baina beti ere, erlazio erreferentzialean emandako baldintza betetzen bada. Baldintza hori ez betetzeak, elementu konkretu horri ez ezik, norberaren izaerari berari ere eragingo dio, izatea bera kolokan jarriz.

Gaitasun ezberdin hauek inkorporatu ahal izateko, gure erreferenteekiko harremanean gauzatu behar dira. Harreman erreferentzialean gertatzen dena, hau da, asimetrikoa den harremanean, bai egokia edo desegokia izan, inkorporatuta gelditzen da. Eta inkorporazio honek, sentitzen denarekin zerikusi handiagoa du, esaten edo egiten denarekin baino. Hau da, benetan, norbanakoak gordetzen duena, esperientzia emozionala da, eta ez esaten dena edo egiten dena.

Beraz, elementu ezberdinekiko sentitzen duguna, erlazio erreferentzialetan emango da, eta gero sentipen horien inguruan, errazagoa edo zailagoa izango da, ekintza jakin bat gauzatzea.

Lehenengo gaitasuna beraz, harremanak gauzatzeko gaitasuna da. Bai harremana sortzeko, bai harreman hau mantentzeko eta baita harremana bukatzeko gaitasuna.

Gure bizitzan zehar, eta gizakiaren izaera dela eta, beste gizaki batzuekin harremanak izango ditugu, eta hau ez da aukerazkoa. Harremanetan oinarritzen den gizarte batean bizi gara eta elkarren arteko harreman horiei esker lortzen ditugu jakiak, jantziak, teilapea, informazioa, berotasuna, azpiegiturak, osasuna, musika, etab.

Beraz, guztiok behar dugu harremanak eratzeko gaitasuna izan. Gaitasun hori, hala ere, ezberdin garatzen du pertsona bakoitzak, eta honela, badaude oso pertsona adituak harremanetan, berezkotzat jotako gaitasunarekin, edo zailtasunak dituzten pertsonak. Gaitasun edo zailtasun horren aurrean beraz, arrakasta edo porroterako joera bat egongo da, non bakoitzak, bere burua harremanean sartu orduko, jada, ezberdin biziko du, eta zailtasunak dituenarentzako harreman bakoitza, energia-galera izan daiteke. Aldiz, erraztasuna duenarentzako, elikagarria izan daiteke harreman bakoitza, eta harreman bat izango duen ideiaren aurrean eroso eta gustura sentituko da, baldin eta harreman horretan ez badago bestelako baldintzarik.

Atxikimenduaren esperientzian izandako miresmenak zeharo baldintzatuko du norberatasuna, erreferenteek baldintza gabeko miresmena eskaintzen duten heinean, norbera izateko eskubide baldintzagabea garatuko du bakoitzak. Gero baldintzagabeko miresmen honetan, baliozkoak diren elementuak eta baliogabeak edo ezkorrak direnak bereizi eta horrekin heziko da norbanakoa.

Era honetan izaera partikularra eratuko da, norbere izatetik abiatuta, eta izate honetan potentzialak diren elementu guztiekiko eratzen den harremana, baldintza gabeko miresmenean oinarritzen bada, potentzialtasun hori garatu egingo da. Erreferenteak, haurraren elementuekin kontaktua egiten duen heinean, haurrak berak ere elementu horiekin kontaktua egingo du. Ondoren, elementu horien balorazio bat egon beharko da egoki eta desegokiak bereizteko, baina beraien izatea onartuz. Eta azkenik, baldintzagabeko miresmen honekin begiratutako elementu bereiztuen balorazio ezberdinek, haur bereiztu eta partikularrak garatuko ditu, autonomiaren lehenengo pausua eratuz.

Atxikimendua era egoki batean ematen bada, haurrak, izateko baldintza-gabeko baimena izango du, eta berarekin izandako harremana, orain berak garatu ahal izango du bere inguruarekin.

Bigarrenik, euste-gaitasuna legoke. Euste-gaitasun honetan, familia-kidetasuna, gordeleku-zaletasuna eta defentsa/babesa inkorporatuko ditugu.

Taldean bizitzeko talde-bizipenak behar ditugu, eta esperientzia horiek ere, erlazio erreferentzialean emango dira.

Gutasuna, hau da,taldearekiko harremanari eustea edo taldearekiko atxikimendua sentitzeko gaitasuna, nitasuna sentitzetik gutasuna sentitzera heltzean datza. Eta gutasunean bizitzeko gai ez dena, taldean estres handiagoarekin egongo da, norbanakotasuna gainditzeko gai ez dela. Beraz, haurrak klanaren edo familiaren kidea dela sentitu behar du eta honela gai izango da familiarekiko edo taldearekiko atxikimendua sentitzeko.

Familiakidetasuna gordelekuan emango da, eta gordeleku honetan, arazoak kanpoan daudela sentituko du. Gordeleku seguru batean, gure burmuina lasaitu egingo da, eta babesa sentituko dugu. Era berean, gizakiak bere burua defendatzen ikasi behar du, eta, horrez gain,defendatzeko eskubidea duela eta, beraz,bere burua defendatu dezakeela sentitu behar du eta, kasu honetan ere, gordeleku-zaletasuna eta babesa testuinguru erreferentzialean emango dira.Erreferenteak eusteko gaitasuna garatzen badu harremana simetrikoan, norbanakoak gaitasun hori inkorporatuko du eta gai izango da bai errealitatean gauzatzeko, bai modu sinbolikoan bere burua gaitasun horrekin bizitzeko. Honela autonomiaren eraiketan bigarren beharrizan-gaitasuna eratuko da.

 

Azken beharrizana, norbere burujabetasunarekin lotuta dago, norberaren eta besteen gidaritza-gaitasunarekin.

Sarritan norbera ez ezik, beste batzuk ere gidatu behar izaten ditugu, gure erantzunkizun pertsonal, familiar edo profesionalak direla eta, baina besteen gidaritza, norberaren gidaritzarekin lotuta dago. Norbere burua gidatzen ez dakienak, nekez gidatuko du beste inor.

Eta gidatze horretan jakin behar duguna da mugak jarri behar dizkiogula bai gure buruari eta bai besteenari. Hau da, nahi edo desio duguna egiteko ez dugu gidaritzarik behar. Momentu bakoitzean nahi duguna, edo desio duguna egiten badugu, desioak berak gidatuko gaitu, baina, helburu jakin batera bideratu nahi badugu gure burua edo besteena, muga egokiak jartzeko gai izan beharko dugu, gure helburu hori ez baita momentu orotan gure desio, irrika edo beldurrekin bat etorriko.

Adibidez, goizean goiz esnatu nahi badugu egin beharrei modu jakin batean erantzuteko, goiz horretan logurearen aurrean mugak jarri beharko ditugu. Enpresa batean krisiak jotako ekonomia baten aurrean beldurra sentitzen duen lan-talde bat gidatzeko, mugak jarri beharko ditugu beldur horrek eraginda gure taldeak ihes egin ez dezan, da zertan ihesaldi fisikoa izan, ihesaldi  ideatibo bat izan daiteke.

Beraz, norbere burua era egokian mugatzen dakienak, bere helburuetarako gidaritza egokia izango du, eta ez du hirugarrenik behar izango bere helburuen bila abiatzeko.

Ez du isuna edo istripua beharko abiadura egokian autoa gidatzeko, ez du koma etilikoa beharko ardoa neurrian edateko, edota ez du mehatxua beharko lan taldea mugiarazteko.

Burujabetasunaren gidaritza hau ere erlazio erreferentzialean oinarritzen da, eta beste kasuetan legez, hemen ere, modu bereiztu batean gauzatu beharko da. Burujabetasun hau mugetan oinarrituko da, hau da, mugak badaude eta burmuinak muga horiekin harremana izan behar du. Mugarekiko harreman hori, afektiboki eman beharko da, hau da, mugak ez du esan nahi, mehatxu edo bortizkeria egon behar denik, guztiz alderantziz baino. Muga garatzen den testuinguruak gozoa beharko luke, eta hurbileko harreman batean eman behar da agintea ferekan oinarrituz. Eta muga horren ondoren eta muga zurrun eta maitakorra eman ondoren, bigarren aukeraren eskaintza egon beharko da beti.

Honela, mugarekiko harremana zurruna baina gozoa izan daiteke, eta era berean, behin muga bete edo muga ez betetzearen ondorioa jasan eta gero, bigarren aukera agertuko da, berriz ere saiatzeko abagunea emateko.

Beraz, ikerketa honen ondorioz esan genezake, autonomia, harremanak izateko gaitasunarekin, kidetasunean eta gordelekuaren babesa izateko gaitasunarekin eta norbere burua muga egokietan eta egoki gidatzeko gaitasunarekin lotuta dagoela.

Gainera, gaitasun hau, errealitatetik haratago dago, non norbanakoak hauetariko gaitasunen bat ez duela sentitzen baldin badu, errealitatearen aurrean ezgaitasuna nabarituko du, eta egoera agertu aurretik jada, desatsegintasunean murgilduko da, porrot egingo duela aurreikusteko gai baita.

Beraz menpekotasuna ekiditeko fokua kanpo-elementuetan jarri beharrean, erlazio erreferentzialetan jartzen baldin badugu, era egoki batean afektuak garatuz, pertsonaren autonomian isla bereizgarria izango du, eta era honetan,beharrizan-gaitasun hauek era egokian eman baldin badira, pertsona horrek, bere munduan gai dela eta bere bizitzako erronkei modu autonomoan eutsi diezaiekeela sentituko du.

Hurbileko maitasuna duenak, urrutira heltzeko, gai dela sentitzen du eta.

 

Bibliografia

- Aguado, R. (2005) MANUAL PRACTICO DE TERAPIA DE INTERACCION RECIPROCA. Síntesis. Madril

- Aguado, R. (2009) TENGO MIEDO A TENER MIEDO. Pirámide. Madril

- Aguado, R. (2014) ES EMOCIONANTE SABER EMOCIONARSE. Eos. Madril

- Aguado, R. (2015) LA EMOCIÓN DECIDE, LA RAZÓN JUSTIFICA. Eos. Madril

- Urra y Aguado R. (2008) MAS CERCA DEL HOGAR. Lid. Madril

- Urra y Aguado R. (2009) SECRETOS DE CONSULTA. Planeta. Madril.

- Berenstein, I. (2001): EL SUJETO Y EL OTRO. De la ausencia a la presencia. Paidos. Buenos Aires.

- Bucay, J. (2002): CUENTOS PARA PENSAR. Integral. Bartzelona..

- Burns, G.W. (2003)- EL EMPLEO DE METAFORAS EN PSICOTERAPIA. 101 Historias curativas. Masson. Bartzelona.

- Calle, R. (2003): LOS MEJORES CUENTOS ESPIRITUALES DE ORIENTE. Integral. Bartzelona.

- Cardano, G. (1999): EL LIBRO DE LOS SUEÑOS. Asociación española de Neuropsiquiatría. Madril.

- Carlyle, T. (1985): LOS HEROES. Sarpe. Madril.

- Day, J. (2002): VISUALIZACION CREATIVA PARA NIÑOS. Los libros del comienzo. Sevilla.

- Frankl, V. (2001): EL HOMBRE EN BUESCA DE SENTIDO. Herder. Bartzelona.

- Gaja, R. (2000): BIENESTAR, AUTOESTIMA Y FELICIDAD. Plaza y Janes. Bartzelona.

- Goleman, D. (2001): LA PRACTICA DE LA INTELIGENCIA EMOCIONAL. Kairos. Bartzelona.

- Greenberg, L.S. (2000): TRABAJAR CON LAS EMOCIONES EN PSICOTERAPIA. Piados. Buenos Aires.

- Grinder, J. (2001): DE SAPOS A PRINCIPES. Gaia. Madril.

- Hudson, W. (1990): EN BUSCA DE SOLUCIONES. Paidós. Terapia Familiar. Bartzelona.

- Hudson, W. (1999): RAICES PROFUNDAS. Paidos Terapia Familiar. Bartzelona.

- Krusche, H. (2002): LA RANA SOBRE LA MANTEQUILLA. Sirio. Málaga.

- Marina, J.A. (2000): DICCIONARIO DE LOS SENTIMIENTOS. Anagrama. Bartzelona.

- Mohl, A. (2002): EL APRENDIZ DE BRUJO. Sirio. Malaga.

- Nardone, G. (2002): PSICOSOLUCIONES. Herder. Bartzelona.

- O, Connor, N. (1994): COMO CRECER CUANDO YA HAS CRECIDO. Sirio. Malaga.

- Rojas, M. (1999): TALLER DE SUEÑOS, Como mejorar su vida aprendiendo a soñar. Pirámide. Madril.

- Savater, F. (2003): EL VALOR DE ELEGIR. Ariel. Bartzelona.

- Schuler, E. (1996): ASERTIVIDAD. Gaia. Madril.

- Shazer, S. (1999): EN UN ORIGEN LAS PALABRAS ERAN MAGIA. Gedisa. Bartzelona.

- Viscott, D. (1978): EL LENGUAJE DE LOS SENTIMIENTOS. Circulo de lectores. Bartzelona.

- Watzlawick, P. (1999): CAMBIO. Herder. Bartzelona.

- Wrycza, P. (1999): DARSE CUENTA. Gaia. Bartzelona.

 

 

 

 

Azken Berriak

Sarean dira "Osatuberri" aldizkariko irakurgai berriak
Osakidetzako euskara-aldizkariaren iraileko hainbat irakurgai daude jada. Horietako batean, Veronica Ruiz Pereda Ezkerralde-Enkarterri-Gurutzetako ESIko Erizaintzako zuzendariordeari hitza eman diote. Izan ere, Gurutzetako Unibertsitate Ospitalean errea...
Osasun Biltzarrean izena eman nahi duzu?
OEEren Osasun Biltzarraren 33. edizioa urriaren 25ean (ostirala) izango da, Zornotzako (Bizkaia) Zelaieta Kultur Aretoan. Gauzak horrela, egun horretako hitzaldi, mahai-inguru, tailer edota bertso-bazkarian parte hartu nahi duzuenok izena emateko aukera...

Berri +

Ugarteburu sariak
Egin bazkide
Gizarte-sareak
facebook twitter
Laguntzaileak
Eusko Jaurlaritza
Bai Euskarari

©OEE

Diseinua: Di-Da Garapena: Bitarlan