Zaintzaileak, menpekotasun egoeran bizi diren pertsonen euskarria
Egileak:
Mikel Lopez Elorriaga
Bizkaiko Foru Aldundia.
Menpekotasunaren inguruan ari garenean, menpekotasun soziosanitarioari buruzko abenduaren 14ko 39/2006 Legeak menpekotasun-egoeran dauden pertsonen autonomia sustatzeko, eta dagozkien laguntzak arautzeko kontzeptu juridikoez ari gara. Beraz, esan daiteke, menpekotasun soziosanitarioa, estatuan, kontzeptu legal gisa, nahiko berria dela, 2006ko abendukoa hain zuzen ere.
a) Zer da menpekotasun-egoera ``menpekotasunaren legea´´ deitutakoaren arabera?
Menpekotasuna adinagatik, gaixotasunagatik edo ezintasunagatik eguneroko bizitzan oinarrizko ekintzak egiteko, beste hainbat pertsonaren laguntza behar duten pertsonen egoera da.
Bizkaian berriz, Bizkaiko Foru Aldundiko 2007ko apirilaren 24ko 74/2007 Foru Dekretuak, inoren laguntza-beharra izatea aitortzeko prozedura arautzen duenak, inoren laguntza beharra duten pertsonak honela definitzen ditu bere laugarren artikuluan:
Inoren laguntza-beharra duten pertsonatzat joko dira, adinaren, gaixotasunaren edota ezintasunaren ondorioz, egoera iraunkorrean, gorputzeko, buruko, gogoko edo zentzumenezko autonomiaren galera edo ezina dutenean, hots, beste pertsona baten edo batzuen laguntza-beharra dutenean nahiz eguneroko bizitzako oinarrizko jarduerak egiteko laguntza handien premia, edota gogoko ezintasuna edo buruko gaixotasuna izanik beren autonomiarako bestelako euskarri batzuen beharrizana dutenean.
Definizioetan, eguneroko bizitzako oinarrizko ekintzek berebiziko garrantzia dute. Oinarrizko ekintza horiek egiteko behar den laguntza neurtzetik sortzen baita menpekotasuna bera.
b) Zeintzuk dira neurtzen diren eguneroko bizitzako oinarrizko ekintzak?
Jatea eta edatea, mikzio eta sabel-hustearen erregulazioa, garbitzea, gorputzaren beste zaintza batzuk, janztea, osasunaren mantenua, gorputzaren transferentziak, etxe barruan eta etxetik kanpo higitzea, etxeko lanak eta erabakiak hartzea…
Hortaz, menpekotasun soziosanitarioa oinarrizko ekintzok egiteko laguntza behar duen pertsona batek beste batekiko duen menpekotasunean oinarritzen da.
Pertsonen arteko menpekotasunaz ari gara, ez menpekotasun emozionalaz, ezta menpekotasun ekonomikoaz ere, eguneroko bizitzako oinarrizko ekintzak egiteko menpekotasunaz, menpekotasunen artean oinarrizkoenetakoaz hain zuzen ere.
c) Nor da zaintzailea?
Maila juridikoan, zaintzailearen kontzeptua kontzeptu berria dela esan genezake. 2006ko abendura arte, zaintzaile kontzeptutik hurbilen zeuden erreferentziak ahaideen arteko mantenuaz hitz egiten duen Kode zibileko VI. Tituluan aurkitzen genituen. Erreferentziok oso orokorrak dira eta ez dute zaintza hitza erabiltzen, mantenua baizik. Kode zibileko 142. artikuluak mantenua definitzen du. Mantenu gisa hartzen du elikagaiak, gelak, arropak eta osasun-laguntzak izateko behar den guztia.
Arau juridiko batean, zaintzailearen kontzeptua zaintzaile ez profesionalarena da, zehatzago esatearren, lehen aldiz menpekotasunaren legean azaltzen dena. 2007. urteko maiatzean argitaratutako 615/2007 Errege Dekretua argitaratu arte, ez da kontzeptu horren definizio juridikorik ageri. Lehen agerraldi juridikoan, zaintzaile ez profesionalaren irudia familia barruko zaintzetarako prestazio ekonomikoari lotuta agertzen da eta, horrela, bere horretan jarraitu du ondorengo agerraldietan ere.
Zaintzailea menpekotasun-egoera bizi duen pertsonari oinarrizko ekintzetan laguntza eskaintzen dion pertsona da baina, menpekotasunaren inguruan ari garenean, zaintzaile ez profesionalaz ari gara gehienetan.
Zaintzailearen zereginen inguruan dihardugunean, zaintzaile ez-profesionalak zaintzen duen pertsonarekiko zereginaz hitz egiten dugula badirudi ere, prestazio ekonomikoa jasotzen duten eta menpekotasun-egoeran bizi direnen zaintzaileek bete beharreko baldintzen testuinguruaz ari gara.
d) Prestazio ekonomikoaren kontzeptua
Aldizkako prestazio ekonomikoa menpekotasuna aitortuta duten pertsonei ematen zaiena da, zaintzaile ez-profesional batek etxean emandako laguntzaren ondoriozko gastuak ordaintzeko.
Diru-kopurua: hau da prestazioaren gehieneko diru-kopurua:
GRADUAK |
PUNTUAK |
KOPURUA |
3 URTETIK BEHERAKOAK |
III. GRADUA |
90 — 100 |
520,69 |
520,69 |
III. GRADUA |
75 — 89 |
416,98 |
520,69 |
II. GRADUA |
65 — 74 |
337,25 |
337,25 |
II. GRADUA |
50 — 64 |
300,90 |
337,25 |
I. GRADUA |
25 — 49 |
180,00 |
180,00 |
Estatuko ongizate sisteman, badira nolabaiteko aurrekariak edota antzeko kontzeptu batetik abiatzen diren diru-laguntza ezberdinak: Gizarte Segurantzako Baliaezintasun handiaren osagarria; % 75eko edo gehiagoko minusbaliotasuna daukan 18 urtetik gorako seme-alabaren baten ardura dutenentzako diru-kopuruaren osagarria; hirugarren pertsona baten laguntza behar duenaren osagarria; eta bestelako minusbaliatuak gizarteratzeko legearen arabera, oinarritutako pertsona baten laguntza jasotzeko sorospena.
Hala ere, aurrekariak aurrekari, familia barruko zaintzetarako prestazio ekonomikoa diru-laguntza modernoa dela esan daiteke; bai sortu zen urteagatik (Bizkaian adibidez, 2007tik ordaintzen da), bai estatuko ongizate-sistemarako ekarri zuen dirulaguntza-sistemen berrikuspenagatik. Berrikuspen horren oinarrian, arestian aipatutako 614/2007 Errege Dekretua aurkitu genezake. Bertan, Estatuko administrazio orokorrak argitaratu zuen autonomiaren eta menpekotasunaren arretarako sistemak bermatutako gutxieneko babes-maila. Izatez, babes-maila hori laguntza informala jasotzeko familiarteko prestazioaren bereizgarri berritzaileena zen.
Prestazio ekonomiko mota hori sortu zenetik, zaintzaileek Gizarte Segurantzan alta emateko modua zuten, estatuak ordainduta. Beraz diru-laguntzak alde bi zituen: bata, menpekotasun egoeran bizi zen pertsonarentzako diru-laguntza; eta bestea, Estatuak ordaintzen zuen zaintzailearentzako Gizarte Segurantzako alta eta kotizazioa.
2009ko martxoan hasitako krisialdi ekonomikoak ekarritako ondorioetako bat, makina bat alditan entzun dugun murrizketetako bat, Estatuak ordaindutako zaintzaileen Gizarte Segurantza hori ezeztatzea izan zen. Estatu mailan zegoen zaintzaileentzako prestazio ekonomiko aurreratu eta berritzaileena, arruntago eta ez hain lagungarri bihurtu zuten. Zaintzaile ez-formalen Gizarte Segurantzaren ordainketa desagertzean, zaintzailearen aitortza publiko ofiziala gutxina-gutxinaka hausten hasi zen.
e) Familiarteko zaintza ez-formalerako prestazioaren onuradunak
Menpekotasuna aitortuta duten pertsonek prestazioa jaso dezakete, beren kontura edo inoren kontura lana egiten ez badute, ez araubide arruntean, ezta babestuan ere, edo Gizarte Segurantzan altaren pareko egoera batean ez badaude. Horretaz gainera, honako baldintza hauek bete behar dituzte:
· Menpekotasuna duen pertsonari arreta eskaintzea eta zaintzeko lanak bera bizi den etxean egin behar dira.
· Laguntza behar duenari eskaintzen zaizkion arreta eta laguntza haren beharretara egokitu behar dira, pertsona horrek duen menpekotasun-gradu eta -mailaren arabera.
· Menpekotasuna duenari arreta eta zaintza eskaintzen dizkion pertsonak baldintza hauek bete behar ditu: egokia izan behar da, gaitasuna eta prestakuntza izan behar ditu, menpekotasuna duen pertsonarekin bizi behar du, haren ahaidea izan behar da, eta bizilekuari dagokion administrazio egoerari dagozkionak bete behar ditu.
· Menpekotasuna duen pertsonaren ohiko etxebizitzak bertan bizitzeko baldintza egokiak izan behar ditu.
· Arreta eskaintzeko banan-banako programak egokitzat jo behar du prestazio hori.
· Prestazioa kobratzeko eskubidea izatea, aitortutako menpekotasun-graduaren arabera.
f) Zaintzaileak bete beharreko baldintzak
Zaintzaileen betebeharrei buruz gabiltzanean, maila juridikoan, honako baldintza hauetaz ari gara:
· Adinekoa izan behar du, baita nortasun juridikoa eta jarduteko gaitasun osoa izan ere.
· Espainiako estatuan legalki bizi behar du.
· Onuradunarekin bizi behar du.
· Onuradunaren ezkontidea edo izatezko bikotekidea (2/2003 Legearen araberakoa) izan behar du edota haren ahaidea: odolekoa, ezkontzazkoa edo adopzio bidezkoa, hirugarren ahaidetasun mailaraino (hau da, gurasoak, seme-alabak, aitona-amonak, bilobak, birraitona-amonak, birbilobak, nebarrebak, osaba-izebak, ilobak, eta horien guztien ezkontideak).
· Zaintza eta laguntza eskaintzeko eginkizunak bere kabuz modu egokian betetzeko gaitasun fisikoa eta psikikoa izan behar ditu.
Zaintzailearen eta zaintzen inguruan, Bizkaiko Foru Aldundian, menpekotasun egoeran dagoen eta familiarteko zaintzetarako diru-laguntza jasotzen duen pertsona bakoitzaren espedientean hainbat datu dauzkagu. Batetik, osasunari lotutako datuak: diagnostikoak, hartzen duen medikazioa, pronostikoa, oinarrizko ekintzetarako behar duen laguntza, menpekotasun-gradua…
Bestetik, gizarte arloan: adina, noiztik ematen den zaintza, noiztik elkarbizitza, etxearen egoera higienikoa, traba arkitektonikorik dagoen eta horiek zeintzuk diren, zenbat ordu ematen dituen zaintzaileak menpekotasun-egoeran dagoen pertsona zaintzen, zenbat ordu ematen dituen azken horrek bakarrik, zaintzaileak laguntza jasotzen duen edo ez, laguntza hori formala edo informala den, menpekotasun- egoeran dagoen pertsonaren diru-sarrerak zeintzuk eta zenbatekoak diren, bankuan zenbat diru duen, eta abar.
Datu horiek guztiak edukita, menpekotasun-egoeran bizi diren pertsonen inguruan informazio asko eta nahiko zehatza daukagula esan genezake. Hala eta guztiz ere, dauzkagun datuen tratamenduan dago zaintzaileen eta zaintzen inguruan daukagun zailtasuna ezagutzan sakontzeko. Kasu bakoitza daraman teknikariak badu kasuaren nondik-norakoen inguruko informazioa. Arestian aipatutako datu guztiak eta beste zenbait ere ezagunak dira lan taldeentzat. Baina ezagutzaren erronka praxiari lotuta dago, eta praxi horren bolumenak berak dakarren lan-eskergaren ondorioetako bat denbora faltak ezagutza hori mugatzea da.
g) Menpekotasun-egoeran dauden pertsonen eta zaintzaileen nondik-norakoen mapa egin eta ezagutarazteko asmoz, ikerketa bi egin ziren, Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Ekintza Sailaren eta Bizkaiko Medikuen Elkargoaren artekoak.
Lehenengoa, ``Estudio de personas en situación de Dependencia en Bizkaia: solicitantes de Valoración de dependencia valorados con grado III nivel 2 y orientación de recurso según Rai-sceener + de recurso residencia´´ BFA eta Bizkaiko Medikuen Elkargoa. 2012.
Bigarrena, ``Zainketak eta zaintzaileak. Bizkaian menpekotasun larria duten pertsonen azterketa ´´ BFA eta Bizkaiko Medikuen Elkargoa. 2014.
Biak M. L. Zurbanobeaskoetxeak eta M. B. Pablosek sinatuta.
Bizkaian menpekotasun-egoeran bizi diren eta arreta informalerako, familiarteko diru-laguntza jasotzen duten pertsonen eta horien zaintzaileen profila ezagutarazteko asmoz, ikerketa bi hautetatik ateratako zenbait datu aipatuko dira jarraian.
h) Zaintzailearen profila
2012ko ``Estudio de personas en situación de Dependencia en Bizkaia: solicitantes de Valoración de dependencia valorados con grado III nivel 2 y orientación de recurso según Rai-sceener + de recurso residencia izeneko dokumentua oinarritzat hartuta eta Zurbanobeaskoetxearen eta Pablosen esanetan, zaintzaileen % 69 emakumezkoak ziren. % 62 menpekotasun-egoeran zegoen pertsonaren seme-alabak ziren, eta zaintza zuzenak ematen, egunean, 8,6 ordu igarotzen zituzten batez beste.
Zaintzaileen % 51ek etxetik kanpo lan egiten zuen. Familiaren diru-sarrerari dagokionez, ia % 50ek 20.000 euro baino gutxiagoko diru-sarrerak zituen.
III. graduko menpekotasun-egoeran zeuden pertsonen % 35ek zaintzaile ez- profesionalaren laguntza besterik ez zuen jasotzen.
Aztertutako kasuen % 18an zaintzaileen ahultasuna ageri zen. Ahultasunaren arrazoiei buruz galdetzean, honakoak ziren aipatuenak: familiarteko laguntzaren gabezia, zaintzarako segurtasun-falta eta laguntza gehiago behar izatea.
Ahultasunari dagokionez, menpekotasun-egoeran bizi den pertsonak zenbat eta diru-sarrera gutxiago izan, orduan eta zaintzailearen ahultasun handiagoa da eta alderantziz.
Ikerketa horren ondorioen artean, honako hauek aipatu zituzten:
-Hirugarren menpekotasun-egoera duten pertsonen datu soziodemografikoak eta sindrome geriatrikoak nahiko homogeneoak dira.
- Hasiera batean, etxean zainduta izan nahi dute.
- Gehienak ondo zainduta daude.
- Zaintzak ahalegin handia eskatzen dio zaintzaileari eta gainkarga emozionala sortzen du.
- Zaintzaile nagusiek laguntza gutxiago eta gainkarga handiagoa jasotzen dute.
2014ko Zaintzak eta zaintzaileak azterketa Bizkaian mendetasun larria (II. maila) duten pertsonen egoerari buruzkoa izan zen.
Zurbanobeaskoetxeak eta Pablosek sinatutako ikerketa horren arabera, menpekotasun-egoeran dauden pertsonen arreta etengabe hobetzeko, funtsezkoa da administrazioak pertsona horien egoera ezagutzeko interesa edukitzea, zer nolako arreta jasotzen duten jakitea eta dauden profil ezberdinak eta dituzten zailtasun eta interesak ezagutzea.
Azterketaren helburuak honako hauek izan ziren:
- II. mailako menpeko pertsonen egoera soziosanitarioa deskribatzea eta jasotzen dituzten zainketen kalitatea eta pertzepzioa ebaluatzea.
- Familia zaintzaileen profila deskribatzea, baita eskaintzen dituzten zainketen egokitasuna eta hobetu daitezkeen arloak ere.
Ikerketa egiteko, 2011/12/31ko datan, II. maila aitortuta zeukatenen eta familia-inguruko zainketengatiko prestazio ekonomikoa jasotzen zutenen artean, zehar-ebaki bat egin zen. Horrela, lagina 3.603 pertsonez osatu zen 2012ko urrian.
2012ko abendutik 2013ko urtarrilera bitartean, mediku bat eta gizarte langile bat menpekotasun-egoeran bizi den pertsona baten etxera bertaratu ziren informazioa biltzeko.
Datu bilketa egiteko, tresna hauek erabili ziren: RAI – Screener+, Jarraipeneko gizarte-txostena eta zaintzailearen gainkarga antzemateko Guberman eskala.
Balorazioa 2.634 pertsonari egin zitzaion: daturik ez edukitzeagatik edo grabazio-akatsak zirela eta, azkenean, 2.568 pertsona osatutako lagin bat erabili zen.
II. mailako Menpekotasun-egoeran bizi diren pertsonen profila
- % 66,7 emakumeak ziren eta batez besteko adina 78 urtekoa zen. Gehienak alargunak ziren (% 43,7) edo ezkonduta zeuden (% 38,5).
- Kasuen % 75,5ekoen etxea menpeko pertsonaren jabetzakoa zen, eta gehienak hiriguneetan bizi ziren (% 73,4).
- Kasu gehienetan, (% 76,4) 2 edo 3 pertsona elkarrekin bizi ziren.
- Familia-unitatearen urteko diru-sarrerei zegokienez, familien ia erdiek 20.000 eta 40.000 € arteko diru-sarrerak zituzten; % 37,6ren kasuan, 10.000 eta 20.000 € artekoak ziren.
- Sindrome geriatrikoei zegokienez, autonomia mugatzen duten 2 gaixotasun pairatu eta batez beste egunean, 6 sendagai hartzen zituzten batez beste.
- Aztertutako pertsonen erdia gai zen erabaki koherenteak hartzeko eta % 87k adierazi nahi zuena ulertzera emateko gaitasuna zuen.
- Baloratutako pertsonen % 75ek ibilera ezegonkorra zuen. Hala ere, azken 9 hilabeteetan izandako erorketen kopurua ez zen altuegia izan.
Zaintzaile nagusiaren profila
- Gehienak emakumeak ziren % 72,7, eta batez besteko adina 61 urtekoa zen.
- Menpeko pertsonaren semea/alaba zen kasu askotan (% 48).
- Gehienak ez zuen lanik egiten (% 75,9) duela 11 urtetik, batez beste.
- Zaintzaileek 6,2 urte zeramatzaten menpeko pertsona zaintzen batez beste.
- Egunero 15 ordu igarotzen zituzten zainketa-lanetan batez beste, zuzeneko zainketak eta laguntzekoak barne.
Zaintzaileak jasotako laguntza
- Laguntzaren bat jasotzen zutenen artean, kasu gehienetan, laguntza informala zen (% 51,9), ondoren, laguntza formala eta informala konbinatuta zegoen (% 30,8).
- Familia gehienek (% 60,3) familia-inguruko zainketengatiko prestazio ekonomikoa diru-sarreren osagarri gisa erabiltzen zuten. Ia % 30ek zainketa formalak ordaintzeko erabiltzen zuen.
Traba arkitektonikoak etxean
- Kasuen % 42,8an traba arkitektonikoren bat zuen etxean.
Pertsona zaintzailearen gainkargaren analisia
- “Zaintzaile naizenetik gauza gehiago egiten ditut” eta “deskonektatuago nago" adierazpenetan bat egiten zuten inkestatuen % 78,4k eta % 71,2k, hurrenez hurren.
- % 50 inguruk “zaintzea negatiboa dela”, eta “ez dutela denbora librerik” zioen.
- Amore emateko arriskuari buruz egindako galdera zuzenei erreparatuz, % 8,9k “ezin duela zainketekin jarraitu” esan zuen.
- Bestalde, % 22,3k “Kontrola galtzen ari dela sentitzen duela” esan zuen.
- Ikerketa horren arabera, aztertutako pertsonek jasotako zainketak egokiak izan ziren kasuen % 97,4an.
Zurbanobeaskoetxearen eta Pablosen ikerketak aintzat hartuta, esan daiteke, Bizkaian familiarteko zaintzetarako laguntza ez-formalerako diru-laguntza jasotzen zuten pertsona gehienek jasotako zainketak egokiak zirela. Zaintzaile gehienek euren betebeharrak behar bezala betetzen zituztela, eta jasotako diru laguntza erabilgarritzat hartzen zutela esan genezake.
Prestazio ekonomikoa nahiko berria dela kontuan hartuta, eta, ikerketon emaitzetan oinarrituta, diru-laguntza hori existitu aurretik baino gizarte babes handiagoa dagoela esan daiteke, etxean eta familiartean zaindutako menpekotasun-egoeran bizi diren diru-laguntza horren onuradunen artean, behintzat.