Transexualitatea Osasun Arloan. Zer egin?
Egileak:
Amaia Sagastibelza Zabaleta
Irurtzungo Osasun Etxea
a) Sarrera
Gaur egun transexualitatea gero eta ezagunagoa eta entzunagoa dugun arren, ez da gaur egungo fenomenoa, antzinatik eta kultura desberdinetan deskribatu eta izen desberdinen bidez izendatu izan da. "Transexual" hitza 1940 inguruan erabiltzen hasi zen jaiotzean esleitutako sexua eta norberaren sentipenak desberdinak dituzten pertsonak izendatzeko. Aurreko mendearen amaieran eta egun, egoera horretan dauden pertsonen eskubideen alde, bazterkeriaren aurka eta tratamenduaren inguruan aurrerapauso handiak eman diren arren, oraindik lan asko dago egiteko hainbat arlotan.
Ez da erraza egoera horretan dauden pertsona kopuru zehatza ezagutzea, eta batez ere haur-nerabezaro garaian, oraindik kasu asko daudelako isilpean eta ezagutza maila baxua delako. Herrialde desberdinetan egindako hainbat ikerketaren arabera, emakume transexualen prebalentzia 1:11.900-1:45.000 ingurukoa da, gizonezko transexualena, berriz, 1:30.400-1:200.000 ingurukoa. Dena den, ikertzaile askok tasa hauek askoz ere handiagoak direla uste dute eta azken ikerketen arabera, igotzen ari da. Gure inguruan, Chrysallis Euskadiren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroan dago transexualitate prebalentzia handiena 2-16 urteko ume eta gazteengan. Izan ere, Nafarroako tasa 1/10.000ra iristen da.
b) Osasun Arreta
Gaur egun argi dago transexualitatea ez dela buru-nahasmendu bat, gizakion aniztasunaren aldaera bat baizik, nahiz eta oraindik DSM-5 eta GNS-10 giden bidez diagnostikatu eta hauen barruan sailkatuta egon (identitate sexualaren nahasmendu edo genero-disforia modura). Gaixotasuna ez dela argi izanagatik ere, osasungintzan lan egiten duten profesionalek transexualitatea ezagutzea, egoera horretan dauden pertsonak identifikatzea, hauen jarraipena egitea, eta ondoren aipatuko dugun moduan, tratamendua ezagutzea garrantzitsua izanen da pediatria-garaian hasita.
Kasu bakoitzean eman beharreko arreta mediku-kirurgikoak oso anitzak dira eta banaka aztertu beharrekoak, gaian esperientzia duten profesionalen bidez. Noraino hurbildu behar ditugu pertsonaren ezaugarri fisikoak haiek sentitzen duten sexuaren ezaugarrietara? Ahal dugun guztiraino? Erantzunak anitzak dira, baina, orokorrean, pertsona bakoitzak nahi eta behar dueneraino, bakoitzak bere genital eta sexu-ezaugarriekin duen onarpen maila desberdina delako eta, gainera, banaka aztertu beharrekoa.
c) Zer dira GNNUak (genero nortasun nahasteetako unitateak) eta zertarako balio dute?
Osasun Sistema Nazionalean izen hori hartu dute transexualite-egoeran dauden pertsonak artatzeko eratutako osasun-unitateek, nahiz eta transexualitearen osasun-arreta modura izendatzea egokiagoa izango litzatekeen.
Unitate hauetan lan egitea ezinbestekoa da transexualitate-egoeran dauden pertsonen arreta integratua izan dadin eta hauek egindako lanen artean, profesionalentzat lagungarriak diren gidak daude, adibidez, Euskal Autonomia Erkidegoan sortutako "Transexualitate-egoeran daudenei arreta emateko gida":
GNNUren eginkizunak honakoak dira:
1. Kasua identifikatzea.
2. Balioespen psikopatologikoa eta, hala badagokio, tratamendu psikiatriko-psikologikoa/laguntza psiko-emozionala.
3. Balioespena eta tratamendu endokrinologikoa.
4. Balioespena eta tratamendu kirurgikoa.
Aurretik aipatutakoaren arabera, tratamendu mediku-kirurgikoa jasotzea edo ez eta hori zenbaterainokoa izan, norberaren araberakoa izanen da. Dena den, transgeneroa aztertzen duten Munduko profesionalen elkarteak 2011n argitaratutakoaren arabera, tratamenduren onarpena % 87 da emakume transexualen kasuan, eta % 97 gizonezkoen kasuan. Tratamendua egin izanaren damua oso arraroa da % 1-1.5ekoa.
d) Pediatriako adinean osasun arreta: lehen arretako pediatra
Lehen arretako pediatrak transexualitate-egoeran dauden adingabeak detektatu ahal izateko oinarrizko profesionalak dira, kasu gehienetan, osasun-sistemaren sarrera bermatzen dutelako. Transexualitatearen sintomak normalean pediatria-garaian agertzen direnez, garrantzitsua da pediatrak gizakion identitate sexualaren garapenari buruzko oinarrizko ezagutzak edukitzea eta gaia ezagutzea.
Norbere identitatea onartu eta adierazi ahal izateko gutxieneko garapen psikologikoa beharrezkoa da, hori norberaren araberakoa izanen da. Normalean, hizkuntza garatzearekin batera, hau da, 2-3 urte ingururekin, haurra gai da bere burua neska edo mutil bezala identifikatzeko. Haur transexualak adin horretatik aurrera, jaiotzetik genitalen arabera izendatutako sexuarekiko identifikazio-falta eta haserrea adierazteko gai izan daitezke, "ni mutila naiz/ni neska naiz".
Garai horretan pediatra eta familiaren eginbeharrak honakoak dira: haurrari entzutea, haurra errespetatzea, maitatu eta onartua sentitzea eta berak libreki bere nortasuna garatzeko laguntza eskaintzea, bazterketa, antsietatea edo isolamendu-sentimenduak saihestuz. Era berean, garrantzitsua da familiari argi uztea ez dela presaz eta derrigorrez umearen sexua zein izanen den momentu horretan adostu behar, hau libreki garatzen lagundu baizik.
Haur batek ondorengo adierazpenak eginez gero, transexualitatearen aurrean gaudela susmatu behar da:
- Jaiotzean izendatutako sexuarekin ez identifikatzearen pertzepzioa eta hau denbora luzez mantentzea.
- Jaiotzean izendatutako sexuarekin bat datozen rolak ukatu eta hauekin identifikatzean egonezina sortzea.
- Jaiotzean izendatutako sexuaren ezaugarri fisikoekiko ukazioa eta egonezina.
- Egonezin afektibo eta soziala.
- Sentitutako sexuarekin bat datorren izena pentsatua izatea.
Pediatraren beste eginkizun bat egoera honetan dauden haurrak edo familiak GNNU-ra bideratzea izanen da honako irizpideekin:
1. Jaiotzetik ezarritako sexuarekin identifikatzen ez diren nerabe edo haurrak familiak hala eskatzen badu, egoerak eraginda nahigabe edo sintoma desberdinak dauzkatelako: antsietatea, depresioa, eskola-arazoak, gurasoekin arazoak, beren buruaz beste egiteko asmoak...
2. Nerabezaro-inguruan dauden umeak, aurretik artatuak izan ez badira, tratamenduaren planteamendua egin ahal izateko.
3. Transexualite-egoeran dauden umeen gurasoek ez onartzea, ukazioa edo deserosotasun-sentimenduak izatea.
GNNU-an psikologo/psikiatraren bidez gaixotasun edo nahasmendu mentalak hautemateko prozesua nahitaez egin behar da, bi arrazoirengatik: batetik, pertsonaren kontakizuna balizko patologiekin baldintzatuta ez dagoela egiaztatzeko; eta, bestetik, patologia horiek detektatuz gero, tratatu ahal izateko.
Haurrek 14-15 urte betetzen dituztenean, pediatriatik familia-medikuarenera pasatzeko garaian, aurretiko baimenarekin, pediatrak familia-medikuari jakinarazi beharko dio gaztearen egoeraren berri, norberaren nahiak eta tratamenduaren inguruko planteamendua jakinaraziz, honek jarraipena egin ahal izateko.
Nerabezaroa izanen da gehien jarraitu beharreko garaia, bertan emanen direlako norbere buruarekiko deserosotasun eta ukazio-egoerak izendatutako sexuarekiko desberdin sentitzeagatik, batez ere, hormonak esnatzen hasten direnean eta gorputza aldatzen hasten denean.
e) Pediatriako adinean dauden pertsonak artatzea-gnnu-an
Haur-garaian identifikatutako transexualitateran eboluzioaren inguruan teoria desberdinak daude, ikerketa batzuen arabera, desberdina da transexualite-egoera haur-garaian edo nerabezaroan identifikatzea. Horien arabera, nerabezaroan identifikatuz gero, gehienak helduak izatean sentimendu bera mantentzen dute, ez hala haurrengan % 6-23k baino ez dutelako mantentzen. Hori dela eta, edozein tratamendu eman aurretik, sentimenduek gutxienez 6 hilabete irauten dutela, nerabezaroan sartzean okertu egiten direla eta adingabeak tratamendua jaso nahi duela ziurtatu behar dira.
Pubertaro-aurreko umeen kasuan, hasierako hartu-emana guraso edo tutoreekin eginen da eta arreta psikiatriko edo psikologikoaren premia ikusiz gero, haurra edozein momentutan artatuko da.
Adingabeak ez badu arreta psikiatriko/psikologikorik behar, gurasoei jarraipena egingo zaie urtean behin eta pubertaroaren zeinuak noiz hasten diren gertutik jarraitu beharko da. Pubertaro-aurreko adinera iristean, adingabea psikiatra/psikologoak ebaluatu beharko du, aldez aurretik egin ez badu, diagnostikoa egin eta tratamendua hasi ahal izateko.
f) Hormona bidezko tratamendua pediatrian
Nerabezaroa hasi aurretik edozein tratamendu hormonal edo kirurgiko egitea debekatuta dago eta adingabeen kasuan ez da itzulgarria ez den tratamendurik aurrera eramanen. Haurraren azterketa psikopatologikoa derrigorrezko baldintza da terapia hormonala hasi ahal izateko, ez hala psikoterapia, nahiz eta gomendagarria izan bidean sor daitekeen edozein albo-eragin, deserosotasun edo arazori aurre egiteko.
Hormona bidezko tratamendua hasi aurretik honako frogak egitea derrigorrezkoa da:
1. Kariotipoa.
2. Odol-analisiak: Hematimetria, biokimika, sexu-esteroideak (testosterona edo estradiola), gonadotropinak ( LH eta FSH), prolaktina, DHEA-S, intsulina, fosforo-kaltzio metabolismoa (kaltzioa, fosforoa, magnesioa, FA, D bitamina eta PTH).
3. Hezur-adina.
4. Dentsitometria.
Tratamendua jaso bitartean, ondorengo azterketak egitea ere beharrezkoa izanen da tratamenduaren eraginkortasuna bermatzeko eta albo-ondoriorik ez dagoela ziurtatzeko:
- 6 hilabete/urtero odol-analisiak: HRF, biokimika, sexu-esteroideak, LH, FSH, intsulina, fosforo-kaltzio metabolismoa eta estrogenoak hartzen dituztenen kasuan koagulazioa.
-Hezur-adina.
-Urtean behin dentsitometria.
Adingabeak esku-hartze hormonala nahi badu, ez dago erabateko kontraindikaziorik berau egiteko. Erantsitako egoeren ondorioz (botikak, gaixotasunak, aldez aurreko istripu tronboenbolikoak) gerta daiteke koagulagarritasuna areagotzea eta bestelako patologia larriren bat izatea, baina horiek kontraindikazio erlatiboa dira estrogenoen tratamendua egiteko, eta kasuan kasu balioetsi beharko dira.
Esku-hartze hormonalaren helburuak bi hauek dira:
1. Fasea: Pubertaroaren garapena geldiaraztea esleitutako sexuan, GnRH analogoak erabilita.
2. Fasea: Adingabeak sentitzen duen sexuan bigarren mailako sexu-karaktereen garapena eragitea, sexu-hormonen bidez (testosterona edo estrogenoak).
1. Fasea: GNRH analogoak.
Fase hau haurrak Tannerren 2. fasean sartzen direnean hastea gomendatzen da, hau da, haurra pubertaroan sartzen denean. Nesken kasuan, titi-buruak hasten direnean, eta mutilen kasuan, barrabilen bolumena 4ml-tik gorakoa denean. Hauek hormonen maila eta hezur-adinarekin bateragarri izan behar dute.
Tratamendu honen eraginak itzulgarriak izan daitezke, dena den, familiek tratamendu honen eraginak zein izanen diren jakin beharko dute; bigarren mailako sexu-ezaugarrien etetea, hazkundearen geldotzea eta eragin desira-gaitz posibleak. Hori guztia ulertu eta onartu ondoren, baimen sinatua beharrezko izanen da ( gurasoak eta 12 urtetik gorako haurrak).
Fase honetan normalean erabiltzen den botika Triptorelina azetatoa da, muskulu barneko injekzio bidez, 60-90 µg/k dosiari jarraiki, 28 egunean behin. Botika horrek ez du kontrako efektu larririk eta pubertaroaren garapena geldiarazteko eraginkorra dela aski frogatuta dago. Ekintza luzeagoko prestakinak badira, baina esperientzia askoz ere txikiagoa da haiekin, hori dela eta, normalean ez dira erabiltzen.
Tratamendua jasotzen ari diren haurrak hilean 4-6 aldiz aztertu beharko dira 16-18 urte bete arte. 16 urtetik aurrera, tratamenduaren bigarren fasea hasiko da.
Eragin desira-gaitzak gutxi eta arinak diren arren, ondorengoak izan daitezke: sabeleko mina, goragaleak, nekea, ziztada lekuko gorritasuna edo hantura, hezur eta giltzaduretako mina, buruko minak, umore-aldaketak...
2. fasea: sexu-hormonak
Tratamendu honi hasiera ematea, bakoitzaren egoeraren araberakoa izanen da, banaka aztertu beharrekoa beraien gorputz ezaugarrien (sexu, luzera, hezur-adin, trantsizio adin, egoera emozional) arabera, haurra edo familiaren baimenarekin eta GNNUko profesionalek onetsi ondoren. Amerikako Endokrinologiako Elkartearen arabera, tratamendua 16 urtetik aurrera hasi beharko litzateke, nahiz eta adin hori normalean garapena hasten den adina baino gerokoagoa izan.
Familiari eta gazteari tratamenduaren eraginak zeintzuk izanen diren jakinaraztea beharrezkoa izanen da. Horien artean antzutasuna dago, nahiz eta gaur egun hau bermatu ahal izateko kriopreserbazioa eta bestelako teknikak aztertzen ari diren.
Emakumearen sexu ezaugarriak eragiteko botikak
ESTROGENOAK: bularren garapena, hazkuntza (luzera handitzea) eta gantzak emakumeen formaren arabera banatzea izanen dira hauen eraginak.
Erabil daitezkeen botikak:
-17-beta-Estradiola ahotik: 5 µg/kg/egun, dosia arian-arian handituko da eta hasi eta handik 2 urtera 20 µg/kg/egun izango da dosia (gehieneko dosia 2 mg/egun).
- Estrogeno transdermikoak, bi urtean dosiak arian-arian handituta.
- Etinil-Estradiola ahotik: 50 ng/kg/egun; dosia arian-arian handituko da, eta terapia hasi eta handik 2 urtera 150-200 ng/k/egun izango da dosia.
Gizonezkoaren sexu ezaugarriak eragiteko botikak
TESTOSTERONA: Gorputzeko ilea ugaritzea, ilea mutilen modura banatzea, aurpegian ilea agertzea, klitoriaren tamaina handitzea, aknea, muskulu-garapena, muskuluen banaketa gizonezkoen modura, hazkuntza eta ahotsa aldatzea izanen dira hauen eraginak.
Erabil daitezkeen botikak:
- Testosterona Zipionatoa edo Enantatoa:25- 50 mg/3-4 aste, eta dosia arian-arian handituko da, terapia hasi eta handik 2-3 urtera gehieneko dosira iritsi arte: 250 mg/3-4 aste.
- Testosterona-gela egunero, dosia arian-arian handituta 2 urtez
ERAGIN DESIRA GAITZAK:
Antzutasuna batez ere eta maiztasun txikiagoaz:
TESTOSTERONA; buruko mina, likido-pilaketa, tentsio-igoera, poliglobulia, dislipemia, gibel-arazoak, jokaera-arazoak, libidoa handitzea, aknea, burusoiltasuna, hiperprolaktinemia… Normalean dosi handiagatik agertzen dira eta hau gutxitu edo utziz gero, hobetzen dira.
ESTROGENOAK: Flebitisa, tronboak, bular-minbizia, gibel-arazoak, portaera-arazoak, hipertentsioa, dislipemiak, hiperprolaktinemia, goragaleak, nekea, anorexia, pisu-igoera, emozio-aldaketak, buruko minak, bertigoak…
g) Helduei osasun arreta GNNUn
Familia medikuen papera
Edozein espezialitatetan jarduten duen edozein mediku transexualitate-egoeran dagoen pertsona batekin topatzen denean, GNNU-ra bideratu dezake tratamendu hormonal edo kirurgikoa eskatzen duen momentuan.
Ez dago transexualitatea egiaztatzen duen froga medikurik. Hori dela eta, pertsonaren kontakizuna benetakoa eta kanpo edo barneko faktoreek behartu edo baldintzatugabea dela ziurtatzea garrantzitsua izanen da, baita atzean gaixotasun psikopatologikorik ez dagoela bermatzea ere.
Familia-medikuen egitekoa eskaerak betetzea izango da, errespetuz eta arduraz, laguntza eta aholkuak ematen une oro, pazientearen ezinegona arintzen, eta beste espezialista baldin badago, horien laguntza izatea.
Helduen kasuan ere, hormonen analisia eta kariotipoa egitea gomendatzen da transexualitate-egoerara bultzatu dezaketen hormonen alterazioren bat edo "sexu-diferentziazioaren arazoak" baztertzeko helburuarekin.
Helduen Arreta GNNUn
GNNU-ra sartzean, lehenik eta behin, azterketa psikologikoa egiten da psikologo kliniko eta/edo psikiatrak batera egindako elkarrizketa klinikoen bidez. Elkarrizketa hauek banaka, bikoteka, familia eta lagunekin egiten dira, pertsona eta bere ingurua ezagutu ahal izateko. Elkarrizketan zehar ikerketa sakona egiten da osasun-aurrekariak, datu biografikoak, noiztik daukan sexu edo genero identitate-sentimendua, familiako aurrekariak... ezagutzeko.
"Bizimodu errealeko esperientzia" deitzen zaio gizarteratzeko ibilbidea egiteari, hau da, pertsona besteekin, eguneroko ekintzetan, lanean eta gainerako ekintzetan sentitutako sexuaren arabera bizitzea. Nazio-mailako gida praktikoen arabera, behin betiko tratamenduren bat edo tratamendu inbaditzaile bat hasi aurretik bizitza errealeko test bat 12-24 hilabetez egitea beharrezkoa bada ere, Osakidetzako gidaren arabera, hau ez da derrigorrezkoa tratamendu hormonala hasi aurretik, honek ongizate fisiko eta psikologikoa arriskuan jartzea ekar lezakeelako bertako profesionalen arabera. Hori dela eta, EAEn gizarterako ibilbidea noiz egin pertsonak berak erabakiko du eta ez da tratamendua hasteko traba izanen.
h) Tratamendu hormonala
Helduaroan emandako tratamendu hormonala partzialki itzulgarria izan daiteke.
Tratamendu hormonala jasotzeko oinarrizko irizpideak
-GNNU-ak transexualitatea identifikatua izatea.
-Pertsonak bere burua gai ikusten du tratamenduak eragindako aldaketei osasun mentala mantendu edo hobetuz aurre egiteko.