Osasungoa Euskalduntzeko Erakundea

Osasungoa Euskalduntzeko Erakundea

+34 944 001 133

oee@oeegunea.eus

Zakila duten neskak, bulba duten mutilak

Egileak:

Edurne Koch Elizegi

Euskal Herriko Chrysallis


Gure abentura 3. haurdunaldiarekin hasten da, bosgarren astearen bueltan ekografia bat egitera joan eta haurrari zakila ikusi ostean mutila zela esaten digutenean. Ezusteko txikia jaso arren (neska zela uste bainuen), pozik ateratzen gara handik, haurra oso ondo hazten ari dela esaten baitigute.

Berehala zabaltzen dugu mutila izango denaren berria, familian eta lagun artean, eta guztiok, noski, mutilaren irudia eraikitzen dugu gure imajinarioan.

Orduan hasten da bere izenaren aukeraketa-lana eta bikotekidearekin adostuta, nire esku geratzen da. Beste bi seme-alabekin gertatu ez bezala, honekin ez zait izena etortzen, irakurtzen eta entzuten ditudan proposamen guztien artetik ez nau batek ere konbentzitzen.

Hilabeteak aurrera doaz eta izenaren hautaketak urduritasun bat baino gehiago sortzen dit.

Azkenean, izenen esanahietara jo nuen baten bat gustatuko zitzaidanaren esperoan eta Euskaltzaindiaren web-orrian topatu nuen: Beñat-Bernard (berin ´hartza´ edo ´gerlaria´ eta hard ´indartsua´) germaniar izenetik sortua.

Iritsi zen jaiotzaren momentu zoragarria eta Beñat azkar eta indartsu munduratu zen. Lehenengo hilabeteetan jada, konturatu ginen energia handiko umea zela eta nahi zuena oso ondo adierazten zuela.

Bi urte pasatxo hasi zen bere berezitasunaren inguruko pistak ematen, baina ez genion bestelako garrantzirik eman. Gogoan dut Donostiatik paseatzen genbiltzan egun batean, ezkongai-nesken soinekoak saltzen zituzten denda bateko erakusleiho batean geldi-geldi geratu zela, liluratuta, berak printzesen ipuinetan ikusten zituen soinekoei begira. Hortik aurrera, gizarte honetan (oraindik, tamalez) nesken jolastzat hartzen ditugun jostailuekin jolasten hasi zen soilik. Ez zituen etxean genituen gainontzekoak erabiltzen (pilotak, play-mobilak, autoak…), ez eta mozorroen kutxan zeuden piraten, Spiderman-en edo Peter Pan-en mozorrorik ere janzten. Printzesen marrazkiak soinekoak, diademak, eraztunak, lepokoak… zituen gustuko.

Amona etortzen zen bakoitzean bitxiak kentzen zizkion, izebaren takoidun zapatak jartzen zituen, bere ahizparen gonak erabiltzen hasi zen…

Guk begi honez ikusten genuen joera hau, bi sexuetako ezaugarriak denok ditugula uste genuelako, eta Beñatek bere alde femeninoa lantzen ikusteak, bere garapenari on egiten ziola pentsatzen genuelako.

Goizero, janzteko momentua jasangaitza bilakatu zen arte. Ez zituen berarentzako genituen arropak jantzi nahi, txandalak gorroto zituen, berak jada mutilen arropa bezala identifikatu zituen jantziak ez zituen edonola ere jarri nahi. Jartzekotan, zabaltasun handiko soinekoaren edo printzesa-mozorro baten azpian jartzea onartzen zuen soilik. Horrela hasi zen eskolara joaten, jada 3 urteak beteta zituela.

Gona gorri bat ere erosi nion eta hori kendu ezinik ibili ginen astetan, gauean kendu, garbitu eta lehortzen genuelarik, hurrengo egunean berriro jartzeko aukera izan zezan.

Beñatek oraindik ez zuen hitz egiten eta bere lehendabiziko eskolako urtea bukatu eta uda etorri zen.

Uda hori erabakigarria izan zen. Valentziara joan ginen oporretan eta hango tenperatura altuekin beldurtuta, umeei ilea moztu genien, Beñati motz-motza.

Valentzian ere, hemen bezala, Beñatek nesken jantziak jarri nahi zituen, eta halaxe egin zuen, oporretan ginen herrian, ingurukoek, epaitzen dituzten begiradak botatzen hasi ziren arte. Egun batean, gure alaba zaharrenak ezin zuela jasan esan zigun, mesedez Beñati gona kentzeko eskatu zigun.

Jada bueltan, “zerbait” gertatzen ari zela nuen buruan, ez nekien zer zen, baina Beñaten neskenganako joerak eta pertsonai femeninoenganako gehiegizko begiruneak kezkatzen hasi ninduen. Garai honetan ere, aita eta aitona mutilak zirelako baztertzen hasi zen.

Oporren bueltan eta eskolan hasi bezain pronto, hitz egiten hasi zen. Eta orduan hasi zen bera neska zela esaten.

Egunero, modu obsesibo batean neska zela aldarrikatzen hasi zen. Neska zen galdegiten zidan, baina ez zalantza zuelako, nire onespena behar zuelako baizik.

Pediatrarengana joan nintzen batean, nire kezkak azaltzeko aprobetxatu nuen. Eta bai, gure pediatrak (zorionekoak gu) Chrysallis elkarteari buruz hitz egin zidan eta begiak irekitzen hasiak baginen ere, ezin genuen sinistu gure alaba transexualitate-egoeran zegoen umea zenik, ez genuelako horrelakorik inoiz entzun. Egun batzuetara, lagun batek interneten zintzilik zegoen transexualitate-egoeran dauden umeen egoerari buruzko hitzaldi bat gomendatu zidan. Entzun eta izugarria izan zen. Gorputzak sekulako astindua eman zidan, etxean bizitzen ari ginen egoeraz mintzatzen baitziren.

Berehala, bikotekideari esan nion hura ikusi behar zuela, gure galderen erantzunak bertan zeudela. Oso-oso hunkiturik nengoen , sekulako aurkikuntza egin nuen, baina aldi berean zalantzak eta beldurrak bat-batean etorri zitzaizkigun, oso nahasia zen dena,emozioen goitibehera bat.

Hurrengo egunean, egunero bezala, Beñatek bere galdera bota zidan: ama, ni neska naiz? Eta halaxe erantzun nion: Bai, maitia, pitilina duen neska zara eta zu bezalako beste ume asko dago.

Erantzuna deskriba ezina izan zen eta horrek ziurtatu zidan %100 bide egokian geundela , erantzun horrek ez zuen beste interpretaziorik.

Oso momentu zailak izan ziren, beldurrez betetakoak. Gizartearen aurrean egin beharreko eraldaketa gogorra da, eta gogoan dut pausu hori eman baino lehenago, asteak egin genituela negarrez, dolu antzerako bat egiten ari bagina bezala. Bide horretan Chrysallis elkarteko kideekin aurrez aurreko bat izan genuen. Elkartean zeuden familiek gure antzeko bizipenak zituztela jakiteak izugarri lagundu zigun.

Hurrengo pausua etxean guzti hau azaltzea izango zen: lehenik, seme-alabei, gero aitona-amonei, izebei, osabei, ez hain gertuko familiari etab. Ondoren, lagunei, herrikoei, eskolakoei, bailarakoei… gizarte osoari. Egun luzeak eta intentsitate handikoak izan ziren eta Beñaten pozak indartu egiten gintuen, boteretu egiten gintuen.

Eta horrela iritsi gara momentu honetara. Jada Beñati, inork ezingo dio esan neska ez delako umeen jolas batean parte hartu ezin duela, edo soinekoa eramateagatik ez da gaizki ikusia izango, edo pixa nesken komunean egingo du beti, txiki-txikitatik eskatu duen bezala.

Ez dugu nahi gure alabak haurtzaroa gal dezan. Ez dugu nahi suizidioaren itzal iluna bere etorkizunean.

Ume hauek diren bezala onartuak eta errespetatuak izatea nahi dugu. Bere burua sentitzen duten moduan bizi ahal izatea, gainontzekoen moduan jolastu, ikasi, hazi eta garatu ahal izatea. Irribarre egin ahal dezaten. Bizi ahal daitezen. Izan ahal daitezen.

Horretarako, haien bide-lagun eta laguntzaile izatea erabaki dugu Chrysalliseko gurasook. Eta abentura honetan, eskutik behar ditugu hezkuntza-komunitateak, osasun arloko profesionalak eta inguru sozial osoa.

Gure seme-alaben bizitza baitago jokoan.

                                                    

 

Azken Berriak

Sarean dira "Osatuberri" aldizkariko irakurgai berriak
Osakidetzako euskara-aldizkariaren azaroko hainbat irakurgai daude jada. Horietako batean, Begoña Velasco Bilbo-Basurtuko ESIko Prebentzioko Oinarrizko Unitateko erizainari eta Beatriz Martinez arlo bereko teknikariari hitza eman diete. Osasunbib...
Donostia Ospitalean ere ospatuko dute Euskararen Eguna
Abenduaren 3ko Euskararen Egunaren inguruan, biharramunean, ekitaldia egingo dute Donostia Unibertsitate Ospitalean. Gauzak horrela, hilaren 4an, asteazkenean, besteak beste, Biogipuzkoako adituak izango dira adimen artifizialari eta osasunari buruz hit...

Berri +

Ugarteburu sariak
Egin bazkide
Gizarte-sareak
facebook twitter
Laguntzaileak
Eusko Jaurlaritza
Bai Euskarari

©OEE

Diseinua: Di-Da Garapena: Bitarlan