ANTISORGAILUAK ETA HURRENGO EGUNEKO PILULA
Egileak:
Arantza Meabe
Obstetrizia eta Ginekologia Zerbitzua. Gurutzetako Ospitalea.
Antisorgailuen historia
Gizaldietan zehar kontrazepzioa ez da ardura bat izan. XIX. mendearen bukaera arte, nahiz eta jaiotza tasen kontrolik ez zegoen, heriotza tasak ere oso altuak ziren. Baina industria iraultzarekin batera, XIX. mende bukaeran eta XX.aren hasieran, hobekuntza sozial eta zientifiko ugari eman ziren, jaiotza tasak mantenduz baina heriotza tasak asko gutxituz. Horrek populazioaren gehiegizko hazkuntza zekarrela eta, antisorgailuei buruzko garapen zientifikoari bultzada ikaragarria eragin zion.
1959. urtean lehenengo antisorgailua kaleratu zen: “Enovid”. Bai AEBetan eta Erresuma Batuan, 60. hamarkadan programa kontrazeptiboak ezarri ziren. Espainiar estatuan politika natalista bati eutsi zioten 70.hamarkadararte eta ez zen 1978. urte arte antisorgailuen erabilera legeztatu.
Plazaratu ziren lehenengo antisorgailuetatik egungoetara hobekuntza asko eman dira. Dosiak asko gutxitu dira, osagaiak hobetu, sarrera bide berriak agertu, kontrazepzio ziurrago eta eraginkorragoa lortu.
Antisorgailuak gaur egun
Gizarteak gaur egun antisorgailuez espero duena eraginkortasun maximoa, ziurtasun eta tolerabilitate profil esanguratsuak, albo ondoriorik eza, hilekoaren zikloaren kontrol egokia eta itzulgarritasuna dira; guzti horrekin ongizate kliniko, psikologiko eta emozionala lortzen baitira.
Eta etorkizunean, zer? Hainbat ikerketa daude gizonezkoen antisorgailu hormonalen gainean. Gestageno eta androgeno batez osatuko lirateke, gestagenoa antiespermizida lana betetzeko eta androgenoa karaktere maskulinoak mantentzeko. Gaur egungo antisorgailuek daramaten estrogeno sintetikoa denez, estrogeno naturalak ere azterketa gai dira, estradiola zehatzago esaterako. Eraginkortasuna, ziurtasuna eta erosotasunaz gainera, erabiltzailearentzat onurak lortzea da beste helburuetako bat.
Antisorgailu ezberdinak
Antisorgailuak sailkatzeko zenbait modu daude. Guk gehien erabiltzen den sailkapena jarraituko dugu:
1. Barrerako metodoak
2. Metodo naturalak
3. Antisorgailu hormonalak
4. Umetoki barneko antisorgailuak
5. Behin betiko antisorgailuak
Antisorgailuen eraginkortasuna neurtzeko tresna, Pearlen indizea da. Honek antisorgailuak hartzen dituzten 100 emakumeko zenbat haurdunaldi ematen diren neurtzen du, hau da, zenbat eta Pearlen indize altuagoa eraginkortasun baxuagoa. Metodo naturalek indize oso altuak dituzte besteekin alderatuz gero.
Barrerako metodoen barruan, preserbatiboa, espermizidak, kaputxoi zerbikala… aurki ditzakegu. Preserbatiboa da sexu-bidez transmititzen diren infekzioak ekiditen dituen bakarra.
Metodo naturalak dira, moko zerbikalaren teknika edo Billings-en metodoa, Ogino metodoa eta tenperatura baginala neurtzea. Metodo hauek beste guztiak baino eraginkortasun gutxiago erakutsi dute.
Metodo hormonalaren barruan beste hainbat azpisailkapen egin daitezke. Guk bi multzo handitan banatuko ditugu daramaten osagaien arabera. Konbinatuak, hau da, estrogeno eta gestagenoak dauzkatenak eta gestagenoak soilik dauzkatenak.
Umetoki barneko antisorgailuak kobrezkoak edo gestagenodunak izan daitezke. Hauek 5 urteko bizi iraupena dute.
Azkenik, behin betiko antisorgailuen artean, tronpen lotura, oklusio tubarikoa eta basektomia dira aipagarrienak. Oklusio tubarikoa ez da metodo kirurgiko bat, histeroskopia bitartez egiten da kontsultan eta ez dago anestesiaren beharrik. Platino eta dakrona daramaten 4 cm-ko egitura batzuk dira eta umetokitik tronparako sarreran ezartzen dira.
Antisorgailu hormonalak
Antisorgailu hormonal gehienak konbinatuak dira, hau da, estrogeno bat eta gestageno bat daramate. Daramaten estrogeno dosiaren arabera, daramaten gestagenoaren arabera edo hartzeko bidearen arabera ere (aho bidez, dermis bidez, bagina bidez) sailkatu daitezke. Dauzkaten desberdintasunak gestagenoak ematen ditu. 3 multzo handitan sailkatu daitezke:
19-Nortestosteronaren deribatuak (testosteronaren deribatuak)
¨Eragin androgenikoa eta estrogenikoa
17-Hidroxiprogesteronaren deribatuak (progesterona naturalaren deribatuak)
¨Antiandrogeno sendoak
¨Eragin glukokortikoide ahula
17-Espironolaktonaren deribatuak
¨Antiandrogenikoak
¨Antimineralokortikoideak
Baina badaude gestagenoak bakarrik dauzkaten antisorgailuak ere. Azken hauek estrogenoak kontraindikatuta dauden egoeretan (adib. edoskitzaroan) erabiltzen dira batez ere. Umetoki barnekoak, batez ere zikloaren arazo disfuntzionalak dituzten emakumeetan eta endometriosia daukaten emakumeetan erabiltzen dira, nahiz eta gero eta gehiago diren kontrazeptibo bezala erabiltzen dutenak ere. 5 urteko iraupena dauka.
Antisorgailuei buruzko axiomak
1. Aho bidezko antisorgailuak ziurrak eta fidagarriak dira. Tolerantzia bikaina daukate pazienteen aldetik eta albo ondorio gutxi dituzte.
2. Antisorgailu hormonalen eragin onuragarriak gehiago dira, sor ditzaketen albo eraginak baino.
3. Antisorgailu hormonalaren metodo berriek, inplante, bagina eta dermis bidekoek, aho bidezkoen besteko eraginkortasuna eta ziurtasuna dute.
4. Antisorgailu hormonal berriek eraginkortasun berdina dute albo ondorioak gutxituz. Hori gestageno berriei esker eta gestageno dosi baxuagoak erabiltzearen ondorio da.
5. Antisorgailu hormonal konbinatuek obulutegi eta umeontziko minbizi intzidentzia jaisten dute.
6. Arriskuzko sexu harremanak eta epe luzean antisorgailu hormonalen erabilerak, utero-lepoko minbizi arriskua gehitzen du.
7. Ez da zientifikoki frogatu epe luzeko erabilera eta bularreko minbiziaren arteko erlazioa.
8. Miokardioko infartu edo burmuineko istripu baskularraren arriskua oso txikia da, baina apur bat areagotzen da 35 urtetik gorako erretzaileetan.
9. Tronboenbolismo benosoaren arriskua areagotzen da familia edo aurrekari pertsonalak daudenean.
10. Antisorgailuak ez dira teratogenoak eta ez dute inolako eraginik haurdunaldian.
11. “Metodo naturalek”, hormonalek, intrauterinoek eta barrera metodoek baino eraginkortasun gutxiago dute.
12. Umetoki barruko metodoek, ez dute pelbiseko eritasun inflamatorioa eta haurdunaldi ektopikoen arriskua gehitzen.
13. Kobrea eta lebonogestrela jariatzen duten umetoki barneko metodoak edozein adinekin jarri daitezke, azken hau gainera umeontziko zauri ongarrientzako eraginkorra da.
14. Preserbatiboa da sexu bidezko infekzioak eragozteko antisorgailu bakarra.
15. Larrialdi egoeran erabiltzen den antisorgailua (lebonogestrel), ziurra eta eraginkorra da nahi gabeko haurdunaldi arriskua jaisteko.
Metodo doblea
Gaur egun gazteek gero eta arinago hasten dituzte beraien harreman sexualak eta gainera bikotekidea askotan aldatzen dute. Ikerketek diote gazteen %40k sexu harreman arriskutsuak dituztela. Hori dela eta, azken urteetan Europan gizarte talde honetan metodo doblearen erabilpena bultzatu nahian dabiltza.
Metodo doblea antisorgailu hormonal bat eta preserbatiboaren erabilera bateratua da, horrela sexu bidez transmititutako infekzioen eta nahi gabeko haurdunaldien arriskua asko jaisten da eta.
Hurrengo eguneko pilula
Nahi gabeko haurdunaldiak osasun arazo latza dira. Eragin biologiko, psikologiko, ekonomiko eta soziala daukate. Hauetako kasu asko, gainera, nahitako abortuetan bihurtzen dira.
Hori eragozteko hurrengo eguneko pilula edozein osasun zentrotan edo farmaziatan preskripzio gabe lortzea onartu da azken urtean, hau baita gehienezko irabazia (nahi gabeko haurdunaldia ekiditea) gutxienezko arriskuarekin (ia albo ondoriorik eza) lortzeko modurik egokiena. Horretarako ikerketa asko egin dira eta zientifikoki frogatu da nahi gabeko haurdunaldi tasak %85 gutxitu daitezkeela erabilera ona eginez gero eta gainera, medikamentu honek albo ondorio larririk ez duela sortzen. Gorakoak, zefalea, mastodinia eta hilekoaren zikloan aldaketak dira orain arte ikusitakoak.
Argi utzi behar da pilula hau ez dela metodo abortibo bat. Sexu harremana izan eta haurdunaldia gertatu orduko, azken hau ekiditeko erabiltzen den metodo bat baizik. Haurdunaldia fekundazioa gertatu eta gutxi gorabehera 7. egunean hasten da, blastozistoa umetokiko endometrioan inplantatzen denean (OMS, Amerikako Obstetrizia eta Ginekologia eskola). Hala eta guztiz, kontzientzia eragozpenaren kontzeptua onartuta dago. Horretarako profesionalak idatzizko eskaera bat egin behar du aurretik.
Gaur egun erabiltzen den pilulak 1500 mg lebonogestrel dauka printzipio aktibo bezala. Aldi bakarrean hartzen da eta ez da beste oroimen dosirik behar. Eraginkortasuna, harreman sexualaren momentutik aldenduz doan heinean jaisten doa, hau da, lehenengo 72 orduetan erabili daitekeen arren, eraginkorragoa da lehenengo 24 orduetan. Eraginkortasun hau gutxituta dago eta beraz ez da metodo egoki bat malabsortzioa duten pazienteetan eta gibel metabolismoaren induktoreen hartzaileetan. Nahi beste aldiz hartu daiteke, goian aipatu bezala, ez baitauka albo ondorio larririk, baina argi utzi behar da beste metodo kontrazeptiboak eraginkorragoak direla eta beraz, ez dela lehenengo aukerako metodo bat. Kontraindikazio absolutu bakarra haurdunaldia da; ez du eragin kaltegarririk haurdunaldian, baina ez da eraginkorra. Metodo honek gainera, ez gaitu sexu bidez transmititzen diren infekzioetatik babesten.
16 urte eta gorakoak medikuntzan pertsona heldutzat jotzen dira eta ez dute guraso edo tutorearen baimenik behar pilula hau hartzeko. 12-16 urte bitartekoetan, aldiz, profesionalak baloratuko du heldutasun mailaren arabera eman edo ez (“gazte heldua”ren kontzeptua).
BIBLIOGRAFIA
- Lete I, Pérez Ezequiel. Métodos anticonceptivos. Bases fisiológicas, manejo clínico. Círculo de Estudio en Anticoncepción, Organon®, Fundación Española de Contrcepción. España 2008.
- Joaquín Calaf Alsina. Manual básico de anticoncepción 3º edición. Masson® 2006.