OSTEOPOROSIAREN PREBENTZIOA
Egileak:
María Etxaniz Gabilondo
Mediku errehabilitatzailea. Tolosako Asunción klinika.
Lehen haustura gertatu arte osteoporosiak ez du inolako sintomarik.
Emakumeek 50 urte betetzen dituztenetik hezur haustura izateko % 40ko arriskua dute, eta gizonek, berriz, % 13koa.
Hausturak eta gaixoen adinak hurrenkera kronologikoa dute: 65 urtetik beherako pertsonetan lehenengo erradio distaleko hausturak (Colles) gertatzen dira, gero ornoen hausturak eta, azkenik, 75 urtetik gorakoek aldakako hausturak izaten dituzte.
Osteoporosiari aurre egin ahal izateko, jarrera terapeutikoak integrala izan behar du, eta lehen, bigarren eta hirugarren mailako prebentzioan oinarritu.
-Lehen mailako prebentzioa: gaixotasunaren aldi aurre-patogenikoan egiten da. Prebentzio-estrategia sorkuntzatik bertatik garatzen da; haurtzaroa eta nerabezaroa barne hartzen ditu eta hezur masarik gorenera iristean amaitzen da: 30-35 urte betetzean, alegia. Saiatu egin behar da hezur masarik altuena lortzen eta hezur galera moteltzen. Hezur galerarik handiena menopausiaren ondorengo lehen bost urteetan gertatu ohi da, eta oro har, hezur masaren % 10-15 galtzen da.
-Bigarren mailako prebentzioa: gaixotasuna aldi patogenikoan diagnostikatzen saiatzen den arren, oraindik sintomarik gabea da lehen haustura ekidin ahal izateko. Bigarren mailako prebentzio hau hezur masarik handiena lortu ondoren egiten da, hau da, pertsona helduak ditu ardatz. Zenbait faktorek areagotu egiten dute galera fisiologikoa, eta horiek aldatzen saiatzen da prebentzio hau. Baina, praktikari dagokionez, prebentzioa perimenopausian gertatzen da, kasurik onenean.
-Hirugarren mailako prebentzioa: gaixotasunaren fase patogenikoan egiten da, adierazpen klinikoak nabariak direnean. Maila honetan gaixotasunak aurrera egitea eta ondorioak izatea ekiditen saiatzen da.
PREBENTZIOAREN OSAGAIAK
Dieta osasuntsua eta orekatua izan. Pertsona bakoitzak behar dituen mantenugaiak eta kaloriak dituena. Gaixoaren pisua normaltasun baten barruan izatea komeni da, eta, hezurrei dagokienez, hobe da behar baino zerbait gehiago pisatzea, normaltasunetik beherako gorputz masaren indizea eduki baino.
Ekidin kafeina, alkohola eta tabakoaren kontsumoa
Neurri egokian hartu kaltzioa eta D bitamina
1- Kaltzioa neurri egokian hartzea: pertsona osasuntsu baten bizitzan zehar, eta hormonen egoeraren arabera, aldatu egiten da eguneko behar dugun kaltzioa kopurua.
- 8-18 urte: 1.300 mg/eguneko
- 19-50 urte: 1000 mg/eguneko
- > 50 urte: 1200 mg/eguneko
Hainbat egoera dela kausa behar bereziak dituzten pertsonek eguneko 1500 mg hartzea gomendatzen da; hau da osteoporosia garatua dutenek, haurdunek, menopausia izan duten emakumeek, bularra ematen ari diren emakumeek eta 65 urtetik gorakoek.
2-D bitamina neurrian hartzea eta eguzkitan jartzea: Gorputzak behar dituen D bitamina mailak lortzeko nahikoa da astean hiru aldiz eguzkitan 10 -15 minutuz egotea.
D bitaminaren beharrak aldatu egiten dira bizitzan zehar: hazteko garaian 400 Ul behar dira egunero, gaztaroan eta helduaroan 800 Ul eta, 65 urtetik gora izanez gero 800 Ul.
65 urtetik gorako emakumeek kaltzio eta D bitamina gehigarriak hartuz gero gutxitu egiten dute aldaketakoak eta ornoetakoak ez diren hausturen kopurua. Kaltzioa bakarrik edo D bitamina bakarrik hartzeak ez du eragin handirik hezurretako mineral-dentsitatea areagotzeko.
Menopausia izan duten emakume guztiek eta 70 urtetik gorako gizonek kaltzio gehigarriak hartu beharko lituzkete (egunero 500 mg-tik 1000ra bitartean). Baina, kontuan izan eguneko hartu behar den kaltzio eta D bitaminak muga bat duela: eguneko ez da 1500 mg kaltzio baino gehiago hartu behar (bazkarietakoa barne), eta D bitaminak 800 Ul izan behar du, gehienez, eguneko.
Kortikoideak hartzen dituzten gaixoen prebentzio terapiak kaltzioa eta D bitamina uztartu behar ditu. Aldi berean, farmako antiresortiboak edo anabolikoak hartzen dituztenek ere kaltzio eta D bitamina gehigarri egokiak hartu behar dituzte.
Ariketa fisiko moderatua egin
Ariketa fisikoa bizitzaren aro guztietan sustatu behar da, baina, bereziki haurrek, nerabeek eta heldu gazteek egin behar dute. Ariketa fisikoa onuragarria da hezurretako mineral dentsitaterako.
Menopausia pasa duten emakumeen kasuan, ariketa aerobikoek, karga edo inpaktu ariketek eta indar ariketek bizkarrezurreko hezurren mineral-dentsitatea handitzen dutela ikusi da. Ibiltzeak, bestalde, aldaketako hezurren mineral-dentsitatea hobetzen duenez, erabat gomendagarria da edonork erraz egin dezakeelako.
Hipoestrogenismo egoerak saihestu
Haustura osteoporotikoa izateko arrisku irizpideak ezagutu: adina, haustura osteoporotikoaren aurrekariak, pisu txikia (GMI<20Kg/m2), glukokortikoideak (3 hilabete baino gehiago eta eguneko 7,5 mg prednisona baino gehiago), hezur aldaketa handia, mugitu ezinik luzaro egotea, malabsortzio-sindromea, konbultsioen kontrako farmakoak, menopausia goiztiarra ...
Haustura izateko arriskuaren balorazioa egin.
Ebaluatze-eskalak erabiltzen dira arriskua oso handia den zehazteko, esaterako FRAX tresna.
Erortzeko arriskua dakarten faktoreak aztertu
-Barne faktoreak: 65 urtetik gorakoa izatea, zahartzaroak eragindako narriadura, ibilera eta oreka arazoak, ikusmen urritasuna, urritasun kognitiboa edo depresioa.
-Kanpoko faktoreak: oinetakoak, lasaigarriak, hipertentsioaren, hipogluzemiaren eta konbultsioen kontrako farmakoak.
-Giroan dauden faktoreak: argiztapena, lurrak, maskotak, maila ezberdinak eta eskailerak, trafikoa, garraio publikoa, kableak, eguraldia (izotza, elurra).
Farmakoak:
-Bifosfonatoak: alendronatoa, risedronatoa, ibandronatoa, zolendronatoa (azken hau tratamenduetarako bakarrik)
-Ranelato estronzioa
-Teriparatida: osteoporosi larri eta ezarritakoak tratatzeko
-Raloxifenoa
-Ordezko hormona-terapia: ez da luzaroan hartzea gomendatzen
-Kaltzitonina
BIBLIOGRAFIA
1.Group’s new guidelines:what is new? Rheumatology 2009;48:327–329 The National Osteoporosis Guideline
2. Gonzalez Macías et al. Guías de práctica clínica en la osteoprorosis posmenopaúsica, glucocortcoidea y del varón. Sociedda española de investigación ósea y del metabolismo mineral. Rev Clin Esp. 2008;208 Supl 1:1-24
3. Kanis JA. FRAX and the assessment of fracture probabilitiy in men and women from the UK. Osteoporos Int 2008; 19:385-97.
4. NOF´s New Clinicians´s Guide to Prevention and Treatment of Osteoporosis, 2008
5. Exercise for preventing and treating osteoporoisis in postmenopausal women.Cochrane Database of Systematic Reviews. 1, 2009
6. Guideline Clearinhouse for the diagnosis and treatment of OP 2008
7. Calcium and Vitamina D for osteoporosis prevention. Cochrane Database of Systematic Reviews. 1, 2009
8. J.A. Kanis. European guidance for the diagnosis and management of osteoporosis in postmenopausal women. Osteoporos Int. 2008: 19:399-428
9. Amir Qaseem MD, Pharmacologic Treatment of Low Bone Density or Osteoporosis to Prevent fractures: A Clinical Practice Guideline from de American College of Physicians. Ann Intern Med.2008;149.404-415
10. Clinical Evidence.Fracture prevention in postmenopausal women. L.Mosekide, P. Vestergaard, B.Langdahl. BMJ Clin Evid 2008;01:1109
11. Postmenopausal osteoporosis: fracture risk and prevention. The Journal of family practice. November 2009 (Vol. 58, No. 11)