Osasungoa Euskalduntzeko Erakundea

Osasungoa Euskalduntzeko Erakundea

+34 944 001 133

oee@oeegunea.eus

Desberdintasun sozialak osasunean: populazioaren osasuna hobetzeko ikuskera berria

Egileak:

Santiago Esnaola

Mediku epidemiologoa


Ekitatea eta desberdintasun sozialak osasunean
Osasuna gizakien helburu unibertsala da. Izan ere, gizarte baten garapena biztanleen osasun-kalitatearen arabera neur daiteke, gizarte-taldeetan modu egokian noraino banatzen denaren arabera, eta osasun-egoeragatik baldintza okerragoetan dauden pertsonei gizarteak eskaintzen dien babes mailaren arabera.
Eta hala ere, gaur egungo munduan, aski ezaguna da zer alde dagoen osasun-alorrean maila desberdineko garapen sozioekonomikoa duten herrialdeen artean, batez ere, herrialde aberatsen eta hegoaldeko txirotuen artean. Azken ehun urteetan, haur europarren bizi-itxaropena 30 urte inguru gehitu da, Asia hegoaldean, aldiz, 13 urte gehitu da eta, aldi berean, Saharaz hegoaldeko Afrikan 4 hilabete baino ez zen hazi.
Eta agerikoa da Europan eta ELGAko (OCDE) beste herrialde batzuetan aurreko mendean izandako osasun-aurrerakuntza gizaldiko gizarte-lorpen nagusienetako bat dela.
Europan ere badaude garrantzia handikoak diren aldeak osasunean. Horrela, Europar Batasunean herrialdeen arteko aldea jaiotzako bizi-itxaropenean 9 urtekoa da emakumezkoetan eta 13 urtekoa gizonezkoetan. Baina gainera, osasun-arloko desberdintasun sozialak herrialde bakoitzaren barruan bertan kokatuta daude1.
Osasun desberdintasun sozialez hitz egiterakoan, hainbat mailatako desabantailak dituzten gizarte-taldeen arteko osasun-arloko desberdintasun sistematikoez ari gara. Desberdintasun horiek gizarte-estratifikazioaren hainbat ardatzetan agertzen dira, eta sortzen dira biztanleek ez dituztelako osasunarekin lotutako baliabide eta aukera berdinak gizarte-mailaren, sexuaren, bizi diren ingurunearen, etniaren edo jaiotze-tokiaren arabera, eta horren ondorioa da egoera txarragoan dauden gizarte-taldeek osasun okerragoa izatea2.
Ikerketa zientifiko ugarik erakusten dute osasun-desberdintasunak oso larriak direla, eta gehiegizko hilkortasunaren eta jakinak diren gaixotzeko arrisku-faktore gehienak baino erikortasun handiagoaren erantzuleak. Halaber, garrantzitsua da gogoan izatea ebidentzia zientifikoen arabera osasun-desberdintasunak gutxitu egin daitezkeela, egokiak diren osasun eta gizarteko esku-hartze eta politika publikoak3 ezarriz gero, eta horrenbestez, saihesteko modukoak direla eta, hori horregatik, bidegabekoak direla. Arrazoi horregatik hartu ohi ditugu sinonimotzat "osasun-arloko desberdintasun sozialak” eta “osasun-arloko bidegabekeriak” terminoak.
Sarri askotan, uste izaten dugu osasun-arloko desberdintasun sozial horiek gizarte-eskalako muturreko taldeak alderatzen ditugunean baino ez direla ematen (aberatsena behartsuenarekin). Hala ere, errealitatea ikusteko modu horrek albora uzten du desberdintasunen oinarrizko ezaugarri bat, haren izaera mailakatua, osasunaren gradiente sozialez hitz egitera garamatzana.
Oso salbuespen gutxiz, datuek adierazten dutenaren arabera, osasunak txarrera egiten duela eskala sozioekonomikoan behera egiten dugun neurrian. Ondorioz, osasun-aroko desberdintasun sozialak ez dira soilik gizarte-eskalaren beheko aldean daudenei eragiten dien zerbait, behartsuetan behartsuenei, baizik eta gizarte osoari eragiten die4.
 
 
Euskal Autonomo Erkidegoaren errealitatea
Euskal Autonomia Erkidegoko biztanleen arteko osasun-arloko desberdintasun sozialak, halaber, oso nabarmenak dira5. Osasun Inkestak (2007) erakusten duenez, adibidez, gizonezkoen tabako-kontsumoa %68 handiagoa dela gizarte-maila baxuenean gorenekoarekin konparatuta, eta %20 handiagoa mamografia bat inoiz egin ez izanaren probabilitatea egoera txarragoan dauden emakumeen artean6.
Hilkortasunari dagokionez, 9,6 urte arteko aldeak daude gizonezkoen bizi-itxaropenean bizi diren oinarrizko osasun-eremuaren arabera7. Alde horrek zer adierazten duen baloratzeko, azpimarratu behar da bizi-itxaropena bederatzi urte inguru gehitu dela 1975tik 2006ra, bai gizonezkoetan eta bai emakumezkoetan. Horregatik, osasunari dagokionez, hemengo populazioaren talde batzuk 30 urte arteko “atzerapen” egoeran uzten ditu.
Azken urteotan desberdintasun sozioekonomikoak handitu egin dira bizi-itxaropenari eta bihotz-hodietako gaixotasunengatiko hilkortasunari dagokienez emakumezkoetan. Azkenik, uste da 1996-2001 aldian izandako heriotzen a ekidingo zitekeela pertsona guztiak ikasketa maila altuagoa dutenen maiztasunez hil izan balira.
Gertaera horren garrantzia kontuan hartuta, EAEko 2002-2010 Osasun Planak helburu nagusienetakotzat alde horiek murriztea hartu zuen, zenbait jardueraren diseinutik abiatuta, batez ere sektoreartekoak. 
Nola sortzen dira desberdintasun sozialak osasunean?
Eredu ugarik azaldu dute pertsonen osasunean eragiten duten baldintzatzaileen aniztasuna, haien ezaugarri biologiko-genetikoetatik eta osasun-zerbitzuen jardueratik haratago eragiten dutenak.
OMEk8 proposatutako ereduaren arabera, osasunaren eragile horiek, hau da, pertsonak jaio, hazi, bizi, lan egin eta zahartzeko baldintzek (bitarteko eragileak) eta zenbait zerbitzu eskuratzeko aukerek (horien artean osasun-sistema), eragin argia dute haien osasun-mailan. Horrela, haren banaketa neurri ezberdinean banatutako faktoreen emaitza da: baliabide ekonomiko eta kulturalak, boterea, eta generoarekin eta etniarekin erlazionatutako hierarkiaren gisako beste faktore batzuk. Faktore horiek guztiek, era berean, gobernuek martxan jartzen dituzten politika makroekonomikoen eta sozialen emaitza dira (egiturazko eragileak).  
 
Osasunaren eragile sozialak: osasun-politiken ikuskera berri bat
Osasunaren eragile sozialen ereduarekin bat etorriz, gizabanakoen eta populazioen osasuna hainbat faktoreren baitan dago, horien artean honako hauek egonik: faktore biologikoak, bizitzeko erak, ingurumen fisiko, ekonomiko eta soziala, pertsonen maila gizarte eskalan, eta etxebizitza, hezkuntza eta osasun-arretaren gisako oinarrizko baliabide eta zerbitzuak eskuratzeko aukera. Osasun-arloko desberdintasun sozialak gutxitzeko esku-hartzeek, aldi berean, osasunaren bitarteko eragileei zein egiturazko eragileei heldu behar die. Osasunaren eta haren eragileen ikuskera berri horrek elkarrekin erlazionatutako bi ondorio nagusi ditu:
Lehendabizi, osasun-politikei osasunean zuzentasuna lortzea jar dezatela xede gisa eskatzen die. Izan ere, gure inguruko herrialdeetan, Norvegia, Suedia, Finlandia edo Britainia Handian, osasun-arloko desberdintasun sozialak gutxitzea hartu dute lehentasun gisa. Herrialde horietan politika unibertsalak garatu dira, osasunaren gradiente soziala gutxitzera bideratuta, eta egiturazko osasun-eragileei, bizi-baldintzei eta portaerei begirako ekintzak barnean hartzen dituztenak9.
Bigarrenik, osasunaren eta haren eragileen ikuskera berriak agerian uzten du osasuna ez dela bakarrik osasun-arreta zerbitzuen erantzukizuna. Osasunak zerikusia du lan-ingurumen eta ingurumen fisikoarekin, jaten dugunarekin, etxebizitzen kalitatearekin, hirigintzarekin, garraioarekin, hezkuntzarekin, enplegu-, zerga- eta ekonomia-politikekin, eta abar. Hau da, politika sektorialek osasuna kontuan hartu behar dutela. Jada Europar Batasuneko finlandiar lehendakaritzak bere lehentasunetako bat gisa hartu zuen, “Osasuna politika guztietan” lelopean, osasuna politika sektorialetan sartzea.
 
Osasun-sistemaren egitekoa osasun-arloko desberdintasun sozialak gutxitzeko orduan
Osasun-arretaren eskuragarritasunean, banaketan eta kalitatean egindako ekintzek osasun-desberdintasunak gutxitzen (edo handitzen) lagun dezakete. Osasun-arretak leundu egin ditzake beste osasun-arloko eragile ez-zuzen batzuen eraginak; gainera, osasun-zerbitzuek aurre egin diezaiokete “alderantzizko arretaren legea” deitutakoari. Lege horren arabera, osasun-arretaren eskuragarritasuna populazioaren beharrizanen alderantzizkoa da. Hori dela-eta, zenbait herrialdek, zerbitzu publikoetan sartzen ez diren zerbitzuetan koordainketa gutxitzeko neurriak abian jarri dituzte.
Osasunaren finantzazio-sistemaren aldakengatik sortutako prestazioen koordainketek osasun-desberdintasunean izan dezaketen eragin kaltegarriez ohartarazten digute neurri horiek. Alderantzizko arretaren legeari aurrea hartzeak, baliabideen esleipenak osasun-arloko desberdintasun sozialen alderdirik nabarmenenak kontuan har ditzala eskatzen du: adina, generoa, egoera sozioekonomikoa, eta abar11.
Gainera, aurrera egin daiteke osasun-zerbitzuak arretako beharrizan ezberdintasunei hobeto egokitzea lortzeko. Osasun-zuzentasuna ikuskatzea, zentzu horretan, aurrera egitea errazten duen tresna da12. Prozesu sistematiko bat da, eta haren bitartez tartean diren eragileek ez-zuzentasunen berrikusketa bat egiten dute: osasunaren eta gaixotasunaren arrazoiei, eta osasun-zerbitzuak eskuratzeko eta haren emaitzei dagozkien ez-zuzentasunak;  ez-zuzentasun horiek gutxitzeari begirako neurriak jartzen dituzte abian, eta lortutako emaitzak ebaluatzen dituzte, beti ere zehaztutako populazio bati dagokionez13.
Osasun-zuzentasuna ikuskatzeak, emaitza interesgarri moduan, honako hauek har ditzake: osasun-desberdintasunak edo, bestela, osasun-arreta eskuratzean, erabileran eta haren kalitatean dauden desberdintasunek sortutakoetara mugatu daiteke.
 
1. irudia. Osasun-desberdintasunen gizarte-eragileen kontzeptu-eredua (Osasunaren gizarte-eragileen batzordea, OME)
 
 
 
Iturria: CSDH. Closing the gap in a generation: health equity through action on the social determinants of health. Final Report of the Commission on Social Determinants of Health. Geneva: World Health Organization; 2008.

Azken Berriak

Sarean dira "Osatuberri" aldizkariko irakurgai berriak
Osakidetzako euskara-aldizkariaren iraileko hainbat irakurgai daude jada. Horietako batean, Veronica Ruiz Pereda Ezkerralde-Enkarterri-Gurutzetako ESIko Erizaintzako zuzendariordeari hitza eman diote. Izan ere, Gurutzetako Unibertsitate Ospitalean errea...
Osasun Biltzarrean izena eman nahi duzu?
OEEren Osasun Biltzarraren 33. edizioa urriaren 25ean (ostirala) izango da, Zornotzako (Bizkaia) Zelaieta Kultur Aretoan. Gauzak horrela, egun horretako hitzaldi, mahai-inguru, tailer edota bertso-bazkarian parte hartu nahi duzuenok izena emateko aukera...

Berri +

Ugarteburu sariak
Egin bazkide
Gizarte-sareak
facebook twitter
Laguntzaileak
Eusko Jaurlaritza
Bai Euskarari

©OEE

Diseinua: Di-Da Garapena: Bitarlan