Ariketa fisikoa pertsona nagusi hauskorretan. Ageing ON Proiektua
Egileak:
Jon Irazusta Astiazaran
UPV/EHUko Fisiologiako Irakaslea
a) Sarrera
Azken urteetan munduko herrialde gehienetan populazioaren zahartzeak abiada handia hartu du eta badirudi prozesu hau datozen urteetan areagotuko dela. Hau bereziki argia da Euskadiko Autonomia Erkidegoan. Bertan, emakumeen bizi iraupena Europako altuena da eta gizonezkoa bigarrena, Suedia eta gero (1). Gure inguruko erakundeak zahartze prozesuaz jabetu dira eta politika aktiboak garatzen ari dira zenbait arlotan: osasuna, gizarte-maila, produktuen eta garapen ekonomikoan.
Pertsonen zahartze prozesuarekin batera osasun arazoak gora doaz eta narriadura fisiko eta kognitiboak gertatu daitezke. Hau osasun sistementzat erronka da, konponbideak topatu ezean, osasun arretaren kostuak gora egin dezakeelako. Honekin batera, narriadurak arazo psikologikoak (antsietatea eta depresioa) eta sozialak (isolatzea, bakardadea) sor ditzazke. Honek guztiak pertsona nagusien bizi kalitatea murriztu dezake.
Gaur egun ezaguna da ariketa fisikoak osasunean eragin positiboa duela. Gutxienez 26 patologia kronikoetan ariketa fisikoa terapeutikoa izan daitekeela behatu da (2). Era berean,Munduko Osasun Erakundeak dio jarduera fisikorik eza munduko hilkortasunen eragile nagusien artean dagoela (3).
Aurretik aipatu bezala, zahartzen goazen heinean, pertsona gehienetan, gaitasun fisikoen narriadura gertatzen da. Honen eragileak bi dira, zahartze prozesu bera eta adinarekin batera gora doan sedentarismoa (4). Zenbaitetan “gurpil zoroa” gertatzen da: jarduera fisiko gutxiago egin, gaitasun fisikoa galdu, okerrago sentitu jarduera egitean eta ondorioz are eta gutxiago egin. Adin batetik aurrera, gurpil zoro hau bereziki arriskutsua da, pertsona nagusiagoetan narriadura fisikoa azkarragoa delako. Horren ondorioz oso erraza da gaitasun funtzionala galtzea eta hauskortasuna eta mendekotasuna agertzea.
Hauskortasuna neurri batean adinari lotutako sindrome bat da. Pertsona hauskorrek duten arriskua erorketak, ospitalizazioak, mendekotasuna eta heriotza gertatzeko pertsona sendoena baina handiagoa da. Hauskortasuna diagnostikatzeko lehen irizpideak Linda Fried Doktoreak proposatu zituen (5). Bere arabera, pertsona bat hauskorra da baldin eta 5 irizpide hauetatik 3 baditu: ahultasuna, jarduera fisiko gutxi, martxaren abiadura motela, nahigabeko pisu galera eta abaildura.
Sindrome honetan jarduera fisikoa bereziki garrantzitsua da eta froga argien dituen tratamendua da. Gaur egun frogatuta dago osagai anitzeko ariketa fisiko programak direla eraginkorrenak hauskortasuna prebenitzeko eta tratatzeko. Hau da indarra, oreka eta erresistentzia bateratzen dituzten programak. Hala ere, oraindik argitzeke dago programa horiek bete behar dituzten ezaugarriak (intentsitatea, iraupena, jarduera mota eta abar) populazio zehatzetan eta batez ere nola egin pertsona nagusiek jarduera eta ariketa fisiko gehiago egin dezaten.
Hau dela eta, Ageing On taldearen helburuak arlo honetan hauexek izan dira azken urteetan
1. Osagai anitzeko ariketa fisikoaren eragina aztertu egoitzetan bizi diren pertsona nagusietan.
2. Osagai anitzeko ariketa fisikoari ariketa kognitiboa gehitzeak (ariketa duala) egoiliarretan onura gehigarriak ote dituen behatzea.
3. Ospitalizatuak izan diren pertsonetan ariketa fisikoak dituen onurak analizatzea.
b) Emaitzak
Osagai anitzeko ariketa fisikoa pertsona nagusien egoitzetan
Lehen puntuari dagokionez, gure taldeak 10 egoitzetan zorizko ikerketa kontrolatu bat egin zuen. Ikerketan parte hartzeko, ibiltzeko gaitasuna mantendu behar zen eta maila kognitibo (MMSE > 20) eta autonomia (Barthel > 50) minimo bat behar zen. Denetara 112 pertsonek hartu zuten parte. Parte-hartzaileak zoriz bi taldetan banatu genituen. Talde batek (kontrolak) bere ohiko jarduerekin jarraitu zuen eta bitartean beste taldeak (interbentzioak) 6 hilabeteko osagai anitzeko jarduera fisikoko programa burutu zuen. Programa honetan indarra, oreka eta erresistentzia aerobikoa lantzen ziren, banako bakoitzari egokitua eta progresiboa zen eta intentsitate ertainean egiten zen. Bi taldeko partaideek hasi aurretik eta bukatzean proba fisiko, kognitibo eta psikologikoak burutzen zituzten. Baita ere interbentzioaren aurreko, bitarteko eta ondorengo aldagai klinikoak (erorketak, ospitalizazioak, heriotzak) jaso ziren.
Kontrolarekin konparatuz gero, ariketa fisikoa egiten zutenek hobekuntza adierazgarria izan zuten parametro fisiko gehienetan: goiko eta beheko gorputz adarreko indarra, oreka estatiko eta dinamikoan, erresistentzia aerobikoan eta martxaren abiaduran hain zuzen ere (6). Kognizio orokorrak (MoCA) eta prozesamendu abiadurak ere hobekuntza adierazgarria izan zuten interbentzio taldean. Kontrol taldeak parametro gehienetan adierazgarriki bera egiten zuen. Parametro psikosozialei dagokienez, ariketa egin zutenek bakardade sentsazioa murriztu eta bere bizi kalitatea hobetu zuten (7).
Aldagai klinikoei dagokionez, interbentzioak hauskortasuna murriztu zuen eta berarekin batera erorketak eta heriotza tasa. Berez, interbentzioa hasi zenetik urte betera interbentzio taldeko pertsona bakarra hil zen eta kontrol taldeko 6 pertsona hil ziren (8).
Partaide hauen zati bati, interbentzioa bukatu eta sei hilabetera jarraipen bat egin zitzaien eta bere egoera fisiko eta kognitiboa berriro neurtu zitzaien. Neurketa hauetan behatu zen gaitasun fisikoa eta kognitiboa hasierako balioetara itzuli zirela (1 irudia). Hau da, programak sortutako onurak galdu zituztela
Ariketa fisiko eta dualaren arteko konparazioa egoitzetan
Ikerketa honetan 9 egoitzetako 85 pertsonek hartu zuten parte. Barneratze irizpideak aurreko berdinak ziren eta partaideak zoriz bi taldeetan banatu ziren. Talde batek lehengo atalean aipatutako programa fisiko bera egin zuen eta besteak programa horri ariketa kognitiboa gehitu zion aldi beherean. Hau da,parte hartzaileek ariketa fisikoa egiten zuen bitartean atzeraka zenbatu edo animalien izenak esan behar zituzten. Kasu honetan interbentzioaren iraupena 3 hilabetekoa izan zen eta baita ere neurketak hasieran eta bukaeran egin ziren.
Bi taldeek proba fisiko eta dual hobeak egin zituzten programaren amaieran eta egoera kognitiboa mantendu zuten Aldagai psikologikoei dagokienez, ariketa fisiko soila duala baino hobea zen antsietatea eta depresioa murrizteko eta eraginkorragoa izan zen erorketak murrizteko. Baita ere aipagarria da, bertaratzea ariketa fisiko bakuneko saioetan handiagoa izan zela saio dualetan baino (9).
Ospitalizatuak izan diren pertsonak.
Ikerketa honetan Arabako Unibertsitate Ospitaleko Barne Medikuntzako pazienteek parte hartu zuten. Hain zuzen ere, ingresatuak zeuden bitartean alta eta geroko ariketa fisikoa eskaintzen zitzaien. Barneratze irizpideak ere aurreko ikerketen oso antzekoak ziren eta ikerketan parte hartzea 500 pertsonei eskaini zitzaien. Hauetatik, soilik 55ek hartu zuten parte ikerketan. Hau da, % 10 baino apur bat gehiagok. Oro har, nutrizio egoera txarragoa zutenek, nagusiagoek eta etxean irisgarritasun arazoak zutenek gutxiago parte hartu zuten. Beheko Taulan ikus daitekeen bezala, ezetz esateko arrazoirik ugariena interes falta izan zen. Ezetz esan zutenen artean ia erdiak interesik ez zuela esan zuen. Bere ondoren, ia laurden batek bertaratzeko arazoak zituen. (1 Taula).
|
|
Barnekoak |
12.7% |
Osasun kaskarra |
9.2% |
Oso aktiboak |
3.5% |
Kanpokoak |
38.5% |
Bertaratzeko arazoak |
23.8% |
Egoiliarrak |
10.2% |
Beste pertsona baten zaintzaileak |
2.5% |
Beste arazo batzuk |
2.0% |
Ez zuten interesik |
48.8% |
1 Taula. Ezetz esateko arrazoiak
Kasu honetan ere, lagina bi taldetan banatu zen. Talde batek ospitalean 6 astean zehar taldekako osagai anitzeko ariketa fisikoa burutzen zuen astean bi aldiz eta ondoren 18 astez programa etxean bere kabuz jarraitzen zuen. Beste taldeak 12 astetan ariketa fisikoa taldeka egiten zuen ospitalean eta beste 12 aste, bere kabuz etxean. Lehen aldia, lehen puntuan aipatu dugunaren oso antzekoa izan zen. Hau da osagai anitza (indarra, oreka eta erresistentzia). Etxeko aldia pisurik gabe egiten zen eta egunero egiteko ariketak idatzita ematen zitzaizkien. Baita ere egunero, modu progresibo batean ibiltzeko esaten zitzaien.
Bi taldeek egoera fisiko, kognitibo eta nutrizionala hobetzen zuten (10). Interbentzioaren hasieran pertsona hauskorrak % 60a ziren eta bukaeran soilik %2a hauskorra zen (2. irudia). Aldiz, bere masa muskularra ez zen adierazgarririk aldatu. Taldeen artean ez zen ezberdintasun adierazgarririk topatu. Hau da, hobekuntza berdina izan zen taldeko interbentzio laburra eta luzea izan zutenetan.
c) Eztabaida
Lortu ditugun emaitza hauek erakusten digute gure ikerketetako osagai anitzeko ariketa fisikoko programa bideragarriak eta eraginkorrak direla kolektibo zaurgarrienetan ere bai. Hobekuntzak alde fisikoan ez ezik, kognitiboan, psikosozialean eta aldagai klinikoetan igartzen dira. Programa hauek zenbait ezaugarri dituzte eraginkorrak izatea eragiten dietenak. Alde batetik osagai anitzekoak dira, indarra, oreka eta erresistentzia lantzen dute. Bestetik, indibidualizatuak dira, pertsona bakoitzaren gaitasunei egokituak daude eta progresiboak dira, pertsona hobetzen doanean karga egokitzen zaio. Azkenik, intentsitate ertainean egiten dira. Hau bereziki garrantzitsua da, egoitzetan intentsitate baxuko ariketa fisikoko programak eskaintzen direlako. Talde kontrolekoek programa hauetara bertaratzen ziren eta hala ere bere gaitasun fisiko eta kognitiboak behera egiten zuten.
Programa dualei dagokionez, aldi berean ariketa fisiko eta kognitiboa egiten zenean ez zen hobekuntzarik nabaritu programa fisikoarekin alderatzen badugu. Aldiz, ariketa fisikoak onura psikologiko gehiago zekartzan dualak baino. Hau izan daiteke, zenbaiti ariketa fisiko eta kognitiboa batera egiteak estresa eragin diezaakeelako.
Bestalde, ospitalean egindako interbentzioari dagokionez, azpimarragarria da parte hartze baxua. Hau bereziki nabaria da pertsona nagusiagoetan, nutrizio aldetik okerrago daudenean eta etxean irisgarritasun handiagoa dutenetan. Ospitaletik atera ondoren, ariketa fisiko egokituak pertsona gehienetan sortzen dituen onurak kontuan hartuta, estrategiak garatu beharko genituzke parte hartzea gehitzeko, batez ere zaurgarriagoak diren kolektiboetan. Ez dugu, diferentziarik topatu 24 asteetan, taldeko programa laburra (6 aste) eta luzearen (12 aste) arean. Hau da, badirudi 6 asteko programa gainbegiratua nahikoa dela ospitalizatuak izan diren pertsonen egoera fisikoa hobetzeko eta hauskortasuna murrizteko.
d) Ondorioa
Osagai anitzeko ariketa fisikoa eraginkorra da arlo fisikoan, kognitiboan eta aldagai klinikoetan zenbait kolektibo zaurgarrietan. Oraingo erronka parte hartzea handitzea da. Horretarako, osasun profesionalen, familien eta ingurukoen inplikazioa garrantzitsua dirudi.
e) Bibliografia
1. EUSTAT. The Basque Country in the EU-28. (2018): The life expectancy of Basque women, 86.2 years, is the highest in the EU-28. https://en.eustat.eus/elementos/ele0015400/ti_The_life_expectancy_of_Basque_women_862_years_is_the_highest_in_the_EU-28/not0015471_i.html
2. Pedersen BK, Saltin B (2015) Exercise as medicine - evidence for prescribing exercise as therapy in 26 different chronic diseases. Scand J Med Sci Sports 3:1-72. doi: 10.1111/sms.12581.
3. OMS Actividad física. (2018). https://www.who.int/es/news-room/fact-sheets/detail/physical-activity
4. Slentz CA, Houmard JA, Kraus, WE (2007) Modest Exercise Prevents the Progressive Disease Associated with Physical Inactivity. Exercise and Sport Sciences Reviews 1: 18-23. doi: 10.1249/01.jes.0000240019.07502.01
5. Fried LP, Tangen CM, Walston J, Newman AB, Hirsch C, Gottdiener J, Seeman T, Tracy R, Kop WJ, Burke G, McBurnie MA (2001) Frailty in older adults: evidence for a phenotype. J Gerontol A Biol Sci Med Sci 56: M146-56. https://www.ncbi.nlm.nih.gov/pubmed/11253156
6. Arrieta H, Hervás G, Rezola-Pardo C, Ruiz-Litago F, Iturburu M, Yanguas J, J, Gil S, M, Rodriguez-Larrad A, Irazusta J (2019) Serum myostatin levels are higher in fitter, more active, and non-frail Long-Term Nursing Home residents and increase after a physical exercise intervention. Gerontology 65: 229-239. doi: 10.1159/000494137
7. Arrieta H, Rezola-Pardo C, Kortajarena M, Hervás G, Gil J, Yanguas JJ, Iturburu M, Gil SM, Irazusta J, Rodriguez-Larrad A (2020) The impact of physical exercise on cognitive and affective functions and serum levels of brain-derived neurotrophic factor in nursing home residents: A randomized. controlled trial. Maturitas 131: 72–77. DOI: https://doi.org/10.1016/j.maturitas.2019.10.014
8. Arrieta H, Rezola-Pardo C, Gil SM, Virgala J, Iturburu M, Antón I, González‐Templado V, Irazusta J, Rodriguez-Larrad A (2019) Effects of Multicomponent Exercise on Frailty in Long‐Term Nursing Homes: A Randomized Controlled Trial. J Am Ger Soc 67: 145-1151. https://doi.org/10.1111/jgs.15824
9. Rezola-Pardo C, Arrieta H, Gil SM, Zarrazquin I, Yanguas JJ, Lopez MA, Irazusta J, Rodriguez-Larrad A (2019) Comparison between multicomponent and simultaneous dual-task exercise interventions in long-term nursing home residents: the Ageing-ONDUAL-TASK randomized controlled study. Age and Ageing 48: 817–823. https://doi.org/10.1093/ageing/afz105
10. Echeverria I, Amasene M, Urquiza M, Labayen I, Anaut P, Rodriguez-Larrad A, Irazusta I, Besga A (2020) Multicomponent physical exercise in older adults after hospitalization: a randomized controlled trial comparing short- vs. long-term group-based interventions. Int. J. Environ. Res. Public Health 17, 666; doi:10.3390/ijerph17020666