Osasungoa Euskalduntzeko Erakundea

Osasungoa Euskalduntzeko Erakundea

+34 944 001 133

oee@oeegunea.eus

5. ETORKIZUNEZ BETETAKO MENDEURRENA

Egileak:

Gabriel Mª Inclán Iribar

Osasun Sailburuak


 

Egun on, jaun–andreok: lehen-lehenik, eskerrik asko, Eusko Jaurlaritzaren eta neure izenean, egin didazuen gonbidapenagatik; izan ere, horrelako gonbidapenak zinez eskertzekoak dira, eguneroko lanari ukitu berezi bat ematen diotelako, kasu honetan gure aitzinako hizkuntza, euskara, “behar duen tornuyan” ipintzeko gaitasuna erakutsi duzuelako. Eta bide horretan, neu ere, bidaide nauzue.

 

Hau ez da sailburu gisa parte hartu dudan OEEren lehenengo jardunaldia. Eta orain urte gutxi esaten nuen gauza bera azpimarratu beharra daukat: Zientzia arloko komunikazioak euskaraz egitea lan titanikoa da, erlojuaren eta erosotasunaren kontrako lasterketa etengabea delako.

 

Arlo guztietan hutsuneak ditugu oraindik: terminologian, testugintzan, ikerketaren eguneroko praxian, baina, hutsune bakoitzaren aurrean, gero eta handiagoak diren adabakiak jartzen ari zarete euskaraz lan egin, ikertu eta lanak argitaratzeko kemena izan duzuen mediku, erizain eta bestelako osasun langileok. Horri esker, adabakiak handitzen ari garen neurrian, elkartu eta azkenik euskarazko osasungintzari itzelezko jantzi dotore eta egokia egiten ari gatzaizkio, biluzik egon ez dadin, orain urte gutxi arte egon den moduan.

 

Hamazortzigarren Jardunaldi hauetan Infekzioen gaia landuko da eta aurkeztutako materiala ez da txantxetakoa. Guztira 15 hitzaldi, 16 ahozko komunikazio, beste 50 komunikazio poster modura aurkeztuta eta bi tailer eskainiko dira. Beraz, guztira, 80 gai baino gehiago izango ditugu mintzagai, modu batera edo bestera, gaurko eta biharko ekimen honetan.

 

Osasungintza euskalduntzeko mahaiak lau hanka izango balitu, bata irakaskuntza-unibertsitatea izango litzateke, gure profesionalen harrobia. Bigarren hanka osasun langileak ditugu, garrantzitsuenak. Bi hanka hauen euskal osasuna hoberantz doala erakusten dute jardunaldi hauek, gero eta mediku eta erizain gehiagok aurkezten dituztelako euren lanak OEEren Jardunaldietan. Izan ere, aurtengo partehartzea historikotzat har dezakegu, aipatu ditugun 80 lan horien atzean 200 mediku eta erizain baino gehiago dagoelako.

 

Hirugarren hanka osasun administrazioa dugu, Osasun Saila eta Osakidetza. Eusko Jaurlaritzaren beste administrazioak bezala, astiro-astiro euskara bultzatzeari ekin zitzaion: komunikazio elebidunak, euskarazko eskolak, etab. Baina 2003. urtean, azeleragailua zapaldu eta Osakidetzan euskararen erabilera normalizatzeko dekretua onartu genuen. Horrek bai ekarri duela aurrekoaren eta ostekoaren arteko mugarria.

 

Dekretu honetan lehen mailako atentzioan jarri ziren lehentasunak, erabiltzaileengandik hurbilago egoteaz gain, gehien erabiltzen diren zerbitzuak  direlako. Esparru horren barruan haur-atentzioa, bezeroak atenditzeko guneak eta bestelako asistentzia-zerbitzuak kontuan hartu ziren, hala nola medikuntza orokorra, erizaintza, etengabeko atentzio guneak eta emergentziak.

 

Ondoren, bigarren mailako lehentasuna pediatriako larrialdietan, bezeroak atenditzeko guneetan, erizaintzako unitateetan eta larrialdi orokorretan jarri ziren. Azkenik lehentasunaren hirugarren mailan zerbitzu administratiboak eta orokorrak kokatu ziren.

 

Normalizazio-prozesu hau hiru esparrutan doa aurrera aldi berean, baina intentsitate desberdinez eta jarritako epe eta helburuak, ingurune geografiko bakoitzaren herritar euskaldunen kopuruari egokituta.

 

Dekretuak neurri zehatzak jarri ditu herritarrek, umeak bereziki, gazteleraz bezala euskaraz ere atendituak izan daitezen; edo Administrazio publikoen arteko ahozko eta idatzizko komunikazioetan euskara ere sartzeko.

 

Labur esanda, jarri dugun helburua Osakidetzan Euskara zerbitzu hizkuntza izatea da eta, lan hizkuntza ere izan dadin, sarbidea ematea. Orain, egindakoa ebaluatzeko garaia da eta Dekretuak aurreikusten zuen lehenengo 3 urteko fasea sakon aztertuko dugu: lortutakoa, lortze-bidean duguna eta oraindik gauzatu ezin izan dena. Ebaluazio honek informazio, ezagutza eta indar gehiago emango digu bigarren 3 urteko faseari ekiteko. 

 

Ez gara egin behar dugun ebaluazioaren emaitzen beldur. Egindakoa, egiteke duguna baino askoz gutxiago dela jakin badakigu ere, azken urte hauetan euskararen normalizazio-prozesuan ibilitako bidean urrats erabakior eta handiak eman ditugulako.

 

Baina laugarren hanka ere behar dugu osasungintzaren euskalduntze-prozesu honetan: erabiltzaileak. Osakidetza euskalduntzen dugun neurrian, erabiltzaileei euskaraz egiteko dituzten aukerez ohartarazi behar diegu, elkarrizketak euskaraz hasteko “beldurtxo” hori kendu. Beraz, motibazioa, informazioa eta konplizitatea landu behar ditugu gure zerbitzuaren erabiltzaileekin. Haiek, Osakidetzan arazo barik euskaraz egin dezaten eta, aldi berean, gu motibatzeko euskalduntze prozesu honetan.

 

Eta lau hankak batera joan behar dira: unibertsitatea-ikerketa, osasun langileak, osasun administrazioa eta erabiltzaileak, bat eginda euskarabidean. Ezagutzatik erabilerara jauzi eginez, bakoitzak dakiena erabiliz, beldur barik, “pixka bat es mucho” leloa gureganatuz.

 

Eta motore indartsuak ere behar ditugu, zalantzan daudenak ere mugiarazteko, urte askotako inertziak iraultzeko. Eta motore horien barruan, noski, Osasungoa Euskalduntzeko Erakundea dugu, osasun langile euskaltzaleen bihotza.

 

Aurkeztutako programak Infekzioen gaiari ongi heltzen dio. Antibiotikoen erabileraren mahai inguruan ohiko infekzioetarako antibiotikoen indikazioak, antibiotikoen kontrako erresistentziak eta paziente eta medikuaren arteko komunikazioa landuko dira. Gaixotasun infekzioei buruz azken urte hauetan izandako aldaketen eta berritasunen gaiari dagokionez, endokartitisa, kanpotik etorritako infekzioak, pneumoniak eta CHBak eragindako hepatitisak aztertuko dira. Hirugarren mahai inguruan, sexu bidez transmititutako infekzioetan, papilomabirusean, STI nagusietan eta GIB gaixotasunean sakonduko da. Hiru gai nagusi hauek osatzeko, epidemien historia Euskal Herrian eta Basurtuko Ospitaleko 100 urteko historia hobeto ezagutzeko aukera ere izango dugu.

 

Eta amaiera gisa denbora gehiagoz atzeratu ezin zen ekitaldia egongo da: 1936. urtean, baliabide gutxiz baina kemen handiz lehenengo Medikuntza Fakultatea sortu zutenei omenaldia. Ekimen hura Euskal Herriko Unibertsitatearen historian mugarrietako bat izan zen, eta, gainera, hor parte hartu zuten mediku batzuei ez zieten aukerarik eman berriro osasun publikora itzultzeko. Orain, ekimen horren garrantzia baloratzeko eta, batez ere, hura abian jarri zuten ausartei gure eskerrona erakusteko ordua heldu zaigu eta Jardunaldi hauetan horixe egingo dugu.

 

Jardunaldi hauek bereziak dira, aurten Basurtuko Ospitaleko Mendeurrena ospatzen dugulako. Basurtu, Osakidetzako erakunde nagusienetakoa bihurtu da, etengabeko hobekuntzari, berrikuntzari eta pazientearekiko atentzioari itzelezko balioa emanez. Horri esker, osasun alorrean aipatu beharreko erreferentzia dugu.

 

Ospitale honen arkitektura denok ezagutzen dugu: abegikorra, atsegina, paisai berde zein urdinean ezin hobeto integratzen dena. Bada Ospitale hau, bere arkitektura bezain ondo integratzen da Bilboko bizitzan: bilbotar zein bizkaitar askoren sorlekua, ebakuntzalekua, bisitalekua, zer ez da ba Basurtu hemengoentzat! Nekez lortzen diren gauzak omen dira baloratzen ditugunak. Bada horregatik izango da Basurtu hain baloratua, herritarrek emandako diruari esker eraiki zelako orain 100 urte eta, kantak dioen moduan, “herritik sortu zinelako maite zaitu herriak”.

 

Eta Bilbo ere aipatu behar dut. Bilbo barik Bizkaia eta Euskal Herria nekez irudikatuko genuelako. Eta hiriburu honek erdalduntzen lagundu badu ere, euskalduntzeko ere ardatza izan da. Hemen sortu ziren orain 100 urte inguru  urte euskararen lehenengo katedra, euskara ikasteko lehenengo zentroa eta lehenengo “ikastetxea”. Bilboko lehenengo ikastola handia, adibidez, hementxe ondoan, Kale Nagusian edo Gran Via izenez ere ezagutzen den eta gaur egun OSAKIDETZA dagoen lekuan bertan zegoen, 200 ikasletik gora zituela Errepublika garaian. Euskaltzaindia ere hemen sortu zen, “euskaltegi” hitza, lehenengo Korrika, “Euskalduntzen” eta “Saioka” moduko metodo modernoak bezala. Eta honen moduko hitzaldi labur batean konta ezinezko beste ehunka ekimen gehiago ere.

 

Jardunaldiak egiteko lekua aipatu gabe ez nuke hitzaldi hau amaitu nahi. Bilboko Itsasadar Itsas Museoak Euskal Herrian itsasgintzak izan duen garrantziaren lekukoa dugu: arrantzaleak lehenengo, salgaiak garraiatzeko itsasontziak gero, eta horrek dakarren guztia: untziolak, garraioa, aberastasuna... Horiei esker, euskaldunak betidanik munduari irekita egon gara, eta, ez da txantxetakoa, britainiarrek Bizkaiko Golkoa deitzea gure aurrean dugun itsasoa. Badakigu toponimiak zein hidronimiak duten garrantzia, gure historian sakontzeko eta gure hizkuntzan arakatzeko aukera etengabea ematen digutelako. Itsasontziz Ternuara, hau da Terranovara, heltzeko gai izan baginen, ez gara izango ba gai osasungintza euskalduntzeko!

 

Hamazortzi urte! Hamazortzi urtez jarraian, jardunaldi izena duen, baina zinez Biltzar edo Kongresu bat den ekitaldi hau antolatzen! Horrek garbi erakusten du OEEren hazia lur emankorrean erein zenutela, eta, ez hori bakarrik, ongarri egokia eta eguzkia, hau da, motibazioa, eta ura, hau da, dedikazioa, ez zaizkizuela falta izan bide honetan. Eta bere fruituak ematen ari da: profesionalek prestutasun handiagoa dute euskaraz, gaitasun handiagoa, elkar ezagutze eta euskarazko harreman sare bat sortu izan duzue. Osasungintza harro sentitzen da zuekin. Ni ere bai, maila pertsonalean eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko buru naizen aldetik.

 

Horregatik, guztiagatik, gure txaloak eta laguntza OEEren ekimen honi. Eta infekzioetaz ari garenez, infektatzekotan, Ukan birusaz infekta gaitezen.

 

Honenbestez, Infekzioei buruzko “Hamazortzigarren Jardunaldiei” hasiera ematen diet.

 

 

Azken Berriak

OEEren Osasun Biltzarraren ahozko komunikazioen aurkezpenak ikusgai
Urriaren 25ean Zornotzan egindako Osasun Biltzarraren bideoekin jarraituz, aste honetan ahozko komunikaziopen aurkezpenak  aurkituko dituzue ondoko loturan: https://youtu.be/5-9n9WMRQFc Ahozko komunikazioak: - 01:45:37 "Heriotza eta dolu...
OEEren Osasun Biltzarraren bigarren mahai-ingurua ikusgai
Urriaren 25ean Zornotzan egindako Osasun Biltzarraren bideoekin jarraituz, aste honetan bigarren mahai-inguruan parte hartu zuten osasun-arloko profesionalen hitzaldiak aurkituko dituzue ondoko loturetan: Bigarren mahai ingurua: "Betiko gaix...

Berri +

Ugarteburu sariak
Egin bazkide
Gizarte-sareak
facebook twitter
Laguntzaileak
Eusko Jaurlaritza
Bai Euskarari

©OEE

Diseinua: Di-Da Garapena: Bitarlan