Osasungoa Euskalduntzeko Erakundea

Osasungoa Euskalduntzeko Erakundea

+34 944 001 133

oee@oeegunea.eus

14. STGen PREBENTZIOA. NERABEZAROA. INTERNET

Egileak:

Jaione Iregi

Izaskun Olaizola


 

1. SARRERA

Nerabezaroa haurtzaroaren eta heldutasunaren arteko igarotze etapa bezala definitzen da. Aro honetan, giza-garapenaren dimentsio guztietako aldaketa sakonei hasiera ematen zaie: biologikoak, psiko/emozionalak, sozialak nahiz espiritualak. Hauek, errealitatea ezagutzeko modu ezberdinak dakartzate beraiekin, beraien buruak ikusi, bizi eta besteekiko kokatzeko era ezberdinak.

Etapa honetako aldaketa guztien artean sexualitatea eta afektibitatea nabarmentzen dira. Nerabezaroan identitate sexuala, desira sexuala eta jokaera sexualak garatzeko irrika berfinkatzen dira.

Aldi berean, nerabezaroa da arrisku-jokaera gehien gertatzen diren bizi-aroa. Izan ere, arriskuaren hautemate eza dela eta, babesik gabeko koitoaren bidezko sexu-harremanei hasiera ematen zaie eta bikotekide kopuru handiagoarekin izaten dira babesik gabeko erlazioak. Honen ondorioz STG-ak, nahi gabeko haurdunaldiak eta haurdunaldiaren borondatezko etenaldiak izaten dira.

Nerabeek komunikabideetatik (zinema, telebista, internet, publizitatea, aldizkariak...) jasotako mezuek ez dute gaixotasun eta nahi gabeko haurdunaldien prebentzioan laguntzarik eskaintzen. Hedabide hauek sexu eduki handiko mezuak zabaltzen dituzten arren, ez diote inolako arretarik eskaintzen prebentzioaren eta osasunaren alderdiak bideratzeari.

Jakintza-alor anitzeko ikuspuntutik planteatutako hezkuntza afektibo-sexualak gazteen osasun sexuala hobetzen lagunduko du, nork bere buruaren eta besteen zainketatik hasita, arrisku jokaeren prebentzioa eta sustapena garatuz.

Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) osasun sexuala honela definitzen du: “Izaki sexual baten aspektu fisiko, emozional, intelektual eta sozialen integrazioa, pertsonalitatea, komunikazioa eta maitasuna goratzen dituena. Gizakiek sexualitateari buruzko informazio eskubidea dute eta erlazio sexualak plazerra lortzeko edo ugaltze helburuetarako izateko onarpen eskubidea dute”.

 

2. HEZKUNTZA AFEKTIBO-SEXUALAREN PROGRAMA. ZUMAIA

Komenigarria da hezkuntza sexuala aktibitate sexuala hasi aurretik jasotzea. Izan ere, errazagoa da arrisku jokaerak hasi aurretik jokaera onuragarriak erakustea, sustrai sakonak finkatuta dituen arrisku jokaerak aldatzea baino.

Hezkuntza afektibo-sexualaren testuinguru orokor honetan, gazteekin HIESA bezalako SBGen eta desiratu gabeko haurdunaldien arrisku jokaeren prebentzioa lantzen da. Hala ere, sexu seguruaren eta STGen prebentzioaren hezkuntza, sexu hezkuntzaren alderdi bat besterik ez da.

Programan honako hauek hartzen dute parte:

§  Zumaiako Institutu Publikoko DBHko 2. 3. eta 4. mailako ikasleak.

§  Institutuko irakasleak eta orientatzailea.

§  Psikologoa, hezkuntza afektibo-sexualean aditua.

§  Zumaiako Osasun Zentroko emagina.

 

3. HELBURUAK

3.1. Helburu orokorrak

§  Osasun sexuala sustatzea, ezagutza, jokabide eta gaitasun pertsonal eta sozialetan oinarrituta. Gazteek beraien sexuazio prozesua modu harmonikoan garatu ahal izateko eta beraien bizitza sexualean modu arduratsuan jokatzeko. Horretarako arriskuak prebenitzen eta STGak eta nahi gabeko haurdunaldiak saihesten laguntzen da.

§  Gazteei beraien sexualitateari buruzko jokaera positiboak izaten eta besteenganako errespetua sortarazten laguntzea.

3.2. Sexu-Bidez Transmititutako Gaixotasunen prebentziorako helburu espezifikoak

§  STG-ei buruz eta bereziki HIESA-ri buruzko informazioa ematea. Gaixotasunaren ezagupena, prebentzioa, transmisio bideak eta tratamenduak.

§  Prebentzio neurrien hautaketa bultzatzeko jokaerak, arauak eta usteak aldatzea. Gaixotasunen arriskuaren kontzientzia hartzea.

§  Komunikazio gaitasunak eta sexu seguruari lotutako ahalmenak lantzea.

§  Portaera sexual seguruak suspertzea.

§  Gazteen parte-hartzea bultzatzea.

§  Higiene ohiturak eta nork bere buruaren zaintza bultzatzea.

§  Eskualdeko eta zonako osasun-baliabideak ezagutzea eta zerbitzu hauetara sarrera erraztea.

4. METODOLOGIA. MATERIALA

Lehenik eta behin, eskolako ikasturtearen hasieran, Orientazio Zerbitzuak psikologoaren (ez da Institutukoa), irakasleen (urtero aldatu daitezke) eta Osasun Zentroko emaginaren arteko bilera bat antolatzen da eskolan. Bertan helburua, metodologia, edukiak, programaren datak etab. finkatzen dira.

4.1. Programaren kronologia

§  DBH 2. maila

Sexualitateari buruzko kontzeptuak, sinesmenak eta mitoak lantzeko psikologoak talde bakoitzarekin 2 ordutako saio bat egiten du.


§  DBH 3. maila

Irakasleek beraien ikasgeletan eduki teorikoak, galderak eta Zentroaren hezkuntza sexualaren proiektuari buruzko zalantzak lantzen dituzte.

Ikasgeletan egindako lanaren ondoren, ikasleak Zumaiako Osasun Zentrora etortzen dira eta 2 ordutako saio bat edo bi (talde bakoitzaren arabera) egiten dira. Bilkura hauetan, emaginak nerabeen osasun sexuala eta arrisku jokaeren prebentzioa (STG-ak, nahi gabeko haurdunaldiak etab.) lantzen ditu gazteekin, non nerabeen partaidetza funtsezkoa den.

§  DBH 4. maila

Psikologoak, hezkuntza afektibo sexuala lantzen jarraitzen du ikasleekin, 2 orduko 3 saiotan.

4.2. Heziketa berezia

Psikologoak, heziketa bereziko ikasleekin lan egiten du. Emaginaren parte-hartzea ere planteatzen da honako talde honetan.

4.3. Gurasoak

Hezkuntza afektibo sexualean gurasoen partaidetza beharrezkoa dela uste da. Horregatik, hasiera batean 2 orduko saioa egiten zen gurasoekin, baina ordutegi arazoengatik eta giza-baliabide faltagatik parte-hartze hau eten egin zen. Dena den, honako lan honekin jarraitzea funtsezkoa dela uste da, familia lehen mailako hezitzailea delako informazio/formazio prozesu orokor guztietan.

4.4. Materiala eta Metodoak

Gazteen partaidetza eta inplikazioa handiagotzeko asmoz, ezagutza, jokaera eta trebetasunak lantzen dituzten hezkuntza metodoak konbinatu dira:

§  Azalpen teknikak: ikasgai/txostenak, informazioa, kontzeptuak banatzeko...

§  Analisi teknikak: testuak, publizitatea... Egoera eta arazoei buruz hausnarketa.

§  Trebetasunen garapenerako teknikak: rol jolasak, dramatizazioak, trebetasun pertsonalak eta psiko-sozialak garatzeko.

§  Ikasgela ikerketarako teknikak: brainstorming, galdeketak... iritziak, bizipenak etab. espresatzeko.

Erabilitako materiala: Bideo-proiektagailua, gardenkiak, lan-fitxak, antisorgailuen laginak, preserbatiboak, liburuxkak, arbela etab.

5. EDUKIAK

5.1. Eduki Orokorrak

Hezkuntza afektibo-sexualaren programaren testuinguru orokor honetan, gazteekin giza sexualitatearen inguruan kontzeptu orokorrak lantzen dira, honakoak kasu: sexualitatearen funtzioak, nerabezaroko aldaketak, sexuazio prozesua, sexu identitatea, rola, orientazioa eta desira sexuala, jarrerak, fantasiak, mitoak, sinesteak, giza sexu erantzuna, afektibitatea eta lotura afektiboak, giza sexu jokabidea, haurdunaldia, antisorgailuak, abortua, nahi gabeko haurdunaldia, STG, etab.

5.2. STGen prebentzioa

§  Kontzeptu orokorrak, prebentzioa, transmisio-bideak eta STGen tratamendua.

§  Sexu segurua: HIESA eta beste STGen transmisioa galarazten duten praktika sexualak eta prebentzio neurriak: arriskurik ez duten praktikak (masturbazioa, musuak, laztanak, abstinentzia etab.)

§  Trebetasun pertsonal eta sozialak:

§  Komunikazio gaitasunak: asertibitatea, komunikatzeko eta nahi den erlazio sexuala proposatzeko gaitasuna etab.

§  Negoziatzeko gaitasunak: preserbatiboaren erabilera bai ala ez.

§  Preserbatiboarekin erlazionaturiko gaitasunak: erosi, eraman, proposatu eta modu egokian erabili.

§  STG-ak dituzten pertsonekiko jokabideak.

§  Higiene eta autobabesarako neurriak.

5.3. Hezkuntza bereziko taldea

Psikologoak heziketa bereziko gazteekin egiten duen parte-hartze lanaren edukiak:

§  Gazteek egindako galderak.

§  Sexualitatea kontzeptu bezala.

§  Afektibitatea, maitemintzea eta bikotea.

§  Masturbazioa.

§  Fantasia sexualak.

§  Nerabezaroko aldaketa fisikoak.

§  Homosexualitatea, heterosexualitatea.

§  Kontrazepzioa, STG, HIESA.

6. KOMUNIKABIDEAK. INTERNET

Komunikabideek informazio, balore eta jokabide sexualen gain efektu sakonak dituzte.

Honako kurtso honetan (2007-2008) hezkuntza afektibo-sexualari buruz komunikabideetan eta inguruan (familia, lagunak, irakasleak...) jasotako informazio/heziketaren erabilerari buruz ebaluazio txiki bat egin zen.

 

Programa hasi aurretik, galdeketa bat pasa zen ikasleen informazio iturriak eta mezu sexualak aztertzeko: gurasoak, lagunak, irakasleak, sanitarioak (osasun zentroak), komunikabideak, irratia, telebista, internet, aldizkariak, etab.

Honako hauek izan ziren helburuak:

§  Zenbait komunikabideen eragin negatiboak indargabetzea eta sexualitatea ikuspuntu positibo eta integratzailetik lantzen duten baliabideak bultzatzea.

§  Gizon eta emakumeen sexualitateari buruzko estereotipoak aztertzea.

§  Helburu komertzialekin komunikabideek mezuetan egiten dituzten distortsioak ekiditea. Aldi berean, sexualitatea errealitate positibo eta integratzailetik lantzen dituzten komunikabideen erabilpena indartzea. Horretarako, informazio egokia aurkezten duten web orrialdeak gaztetxoen eskura jartzea. Hala nola: www.sida-hies.net, www.sidalava.org, www.sexejoves.gencat.catwww.sexoconseso.com

Hauek izan ziren jasotako erantzun nabarmenenak:

§  Informazio iturri erabilienak: lagunak eta irakasleak.

§  Gutxien erabilitako informazio iturriak: gurasoak, anai-arrebak eta sanitarioak.

§  Komunikabideak: Gazte batzuek internet asko erabiltzen dute (sarritan web pornografikoak bisitatzen dituzte) eta beste batzuek ez dute inoiz erabiltzen (etxean ez dutela diote). Ondoren telebista, aldizkariak, egunkariak, etab. erabiltzen dituzte.

7. EBALUAZIOA

Programa guztian zehar ebaluaketa jarrai bat burutzen da. Horretarako kurtsoan zehar ariketa eta inkestak egiten dira.

Azkenik, psikologoak nahiz emaginak azken ebaluaketa egiteko galdeketa pasatzen dute. Irakasleek zentroko ebaluzio-ereduak jarraitzen dituzte.

Emaginaren aktibitatearen ebaluazioa:

§  Prozesu adierazleak: programan parte-hartzen duten gazte kopurua ebaluatzen da.

§  Erantzun adierazleak: metodologia, aktibitateak eta helburuak.

 

8. ONDORIOAK

§  Nerabezaroa da arrisku-jokaera gehien ematen diren bizi-aroa. Jokabide sexual osasuntsuak indartzeko, ikuspuntu zabal batean oinarritutako hezkuntza afektibo-sexualeko programak erlazio sexualak izan aurretik hastea komeni da. 

§  Gazteen hezkuntza afektibo sexualean gurasoen parte-hartzea bultzatu behar da. Izan ere, gazteek hezkuntza sexualari buruzko informazioa gurasoengandik jasotzea eskatzen dute (Estatistikako Institutu Nazionalak 2003. urtean burututako inkesta baten emaitzen arabera).

§  Gazteei eskualdeko eta zonako osasun-baliabideak ezagutarazi behar zaizkie eta baita zerbitzu hauetarako sarrera erraztu ere.

§  Komenigarria da gazteen zentzu kritikoa lantzea, komunikabideek zabaldutako mezu subjektiboak aztertzeko gaitasuna izan dezaten. Izan ere, gazteek jasotako informazioa egokiro aukeratzen badute beren sexu osasuna hobetuko da.

9. BIBLIOGRAFIA

§  Programa de Prevención del VIH/ Sida y otras enfermedades de Transmisión sexual. Departamento de Sanidad y Educación, Universidades e investigación del Gobierno Vasco, 2006.

§  Harimaguada. Programa de educación afectivo- sexual de la Consejería de Educación del Gobierno de Canarias.

§  Enfermedades de transmisión sexual y adolescencia: generalidades y prevención. Sociedad Española de Contracepción.

§  Guía para una educación sexual integral para la juventud hispana/latina. SIECUS, 1995.

§  Educación sanitaria. Salleras L. 1990.

§  Formación en promoción y educación para la salud. Ministerio de Sanidad y Consumo, 2003.

 

Azken Berriak

OEEren Osasun Biltzarraren ahozko komunikazioen aurkezpenak ikusgai
Urriaren 25ean Zornotzan egindako Osasun Biltzarraren bideoekin jarraituz, aste honetan ahozko komunikaziopen aurkezpenak  aurkituko dituzue ondoko loturan: https://youtu.be/5-9n9WMRQFc Ahozko komunikazioak: - 01:45:37 "Heriotza eta dolu...
OEEren Osasun Biltzarraren bigarren mahai-ingurua ikusgai
Urriaren 25ean Zornotzan egindako Osasun Biltzarraren bideoekin jarraituz, aste honetan bigarren mahai-inguruan parte hartu zuten osasun-arloko profesionalen hitzaldiak aurkituko dituzue ondoko loturetan: Bigarren mahai ingurua: "Betiko gaix...

Berri +

Ugarteburu sariak
Egin bazkide
Gizarte-sareak
facebook twitter
Laguntzaileak
Eusko Jaurlaritza
Bai Euskarari

©OEE

Diseinua: Di-Da Garapena: Bitarlan