KONPARTIMENTU BAKARREKO BELAUN-ARTROSIAREN AUKERA KIRURGIKOAK. OSTEOTOMIA. KONPARTIMENTU BAKARREKO PROTESIAK
Egileak:
M Intxausti
G Busto
I Aginaga
R Cuellar
Donostia Ospitalea
SARRERA
Konpartimentu bakarreko artrosi baten aurrean hiru aukera kirurgiko daude: osteotomia (OT), konpartimentu bakarreko protesiak (KBP) eta belauneko protesi totalak (BPT). KBPk erabiltzeari uzteko arrazoiak ziren: protesiaren diseinu desegokiak, polietilenoaren kalitate txarra eta teknika kirurgiko zehatzak ez erabiltzea. Hori dela-eta, osteotomia (OT) egiteko joera hartu zen, nahiz eta indikazioak beti megokiak ez izan.
KBP - OT - BPT
Osteotomiak (OTk) tibiaren alineazio okerra zuzentzen du (varoa/valgoa). Aurreko lotailu gurutzatuaren (ALGren) konponketa ekintza kirurgiko berean egitea baimentzen du. Baina ez du mugimendu-gaitasuna hobetzen, ezta prozesu artrosikoa eteten ere.
Konpartimentu bakarreko protesiaren (KBPren) osagaiak, polietilenoa eta teknika kirurgikoa hobetzean, emaitza hobeak lortu ziren 10 urtera eta horrela prozedura hori bere indikazioa berreskuratzen hasi zen.
Kasu batzuetan osteotomia (OT) ez dago gomendatua eta ondorioz konpartimentu bakarreko protesiak (KBP) erabili beharko lirateke, belauneko protesi totalak (BPT) ere posibilitate bat izanik era berean: giltzadura-eremuaren % 50 edo gehiago galtzen denean, subluxazio tibiofemorala (AP), kanpoko kondiloaren displasia edo konpartimentu bakarreko artrosi postraumatikoa dagoenean.
Bai KBPk eta baita OTk ere huts egiten dutenean belauneko protesi totala edo BPT jartzeko posibilitatea ematen dute.
KBPk abantaila batzuk dauzka BPTaren aurrean: ebakuntza eta teknika miniinbaditzaileak dira, errotula edo belaun hezurra ez da lokatu behar, belauneko aurreko lokailu gurutzatua mantendu egiten da, lortzen den flexio postkirurgikoa handiagoa da (>120), errekuperazio-epea eta ospitaleko egonaldia laburragoak dira, eta ondorioz kostua murritzagoa da.
DONOSTIA OSPITALEKO ESPERIENTZIA KBPetan
Konpartimentu bakarreko protesiak (KBP) jartzeko jarraitu den protokoloa honako hau da:
– Adina > 65 urte
– Aktibitate-maila ez oso altua.
– Gorputzeko Masaren Indizea (GMI) < 25
– Varoa/valgoa <15
– Flexo/recurvatum <10
– Etiologia ez-inflamatorioa
– Konpartimentu kontralaterala eta errotula ez dira minduak egon behar.
– Aurreko lotailu gurutzatua funtzionala.
Adina, aktibitate-maila eta GMI ez dira nahitaezkoak, eta kasu bakoitzean baloratu behar dira.
Hori guztia jarraituz, gure ospitalean konpartimentu bakarreko 40 protesi jarri dira 2003/03/14tik 2005/11/07ra bitartean. Bertan sei kirurgialarik hartu dute parte. Ondorioak:
– % 40k 70-79 urte zituzten KBP jartzean eta % 85ek > 60 urte
– % 10 bakarrik ziren pertsona aktiboak
– % 45 bakarrik mantentzen zen pisu egokian (GMI < 25)
– % 50 eskuineko belaunean jarri ziren. % 40 ezkerrekoan eta bi kasu bilateralak izan ziren.
– % 100 barneko konpartimentuan jarri ziren.
– % 75ean etiologia artrosia izan zen eta % 25ean osteonekrosia.
– % 82 emakumezkoak ziren.
– % 75ek ez zeukan gaixotasun-aurrekaririk.
– Batez besteko ospitaleko egonaldia 4,9 egunekoa izan zen.
– Odol-galera 200-300 cc-koa izan zen. Ez zuten odol-transfusiorik behar izan.
– Gaixo guztiak hurrengo egunean hasi ziren ibiltzen.
Agertu ziren konplikazioak 4 izan ziren:
– Tronbosi-kasu bat, interbentzioa egin eta 3 astera.
– Belauneko blokeo bat 3 hilabetera, artroskopia baten bidez zuzendu zena.
– Barneko meseta tibialaren haustura 2 kasutan. Lehenak haustura alineatua zuenez, tratamendu kontserbatzailea jarraitu zuen. Bigarren kasua haustura alboratua zen, eta ondorioz kirurgia berri bat egin eta plaka bat jarri zitzaion.
ONDORIOAK
– Konpartimentu bakarreko protesien (KBPen) postoperatorioa, eboluzioa eta errehabilitazioa belauneko protesi totalena baino azkarragoak dira.
– Osteotomia (OT) gomendatua ez dagoen kasuetan, KBP erabil daiteke, BPT jarri aurretik.
– Teknika kirurgikoa eta indikazioa egokiak badira, KBPren emaitzak 10 urtera BPTrenak bezain onak izan daitezke.