Osasungoa Euskalduntzeko Erakundea

Osasungoa Euskalduntzeko Erakundea

+34 944 001 133

oee@oeegunea.eus

PROTESIEN EBAKUNTZA ODOLIK GABE

Egileak:

E Moreno

I Aginaga

M Intxausti

G Busto

I Corcuera

Donostia Ospitalea


 Odol gabeko ebakuntza aukera terapeutikoa da, odol-transfusioen erabilera gutxiagotzea helburu duena.

Hasiera batean populazio berezi baten eskakizun bati erantzuna emateko garatu zen. Honela lehen idatziak 1977. urtean agertzen dira, Denton Dudley-k, bere esperientzia adierazten du 542 Jehova testigu gaixoen bihotz-ebakuntzan.

Kasu hauetan erabili ziren protokoloak zailtasun handiak sortzen ez zituztenez, neurri hauen erabilera zabal bat bultzatu zuten.

Gaur egun odol gabeko ebakuntzaren planteamenduak sustatzeko oinarri nagusiak odol gabeziaren ildotik datoz. Etorkizunari dagokionez, egoera ez da batere optimista, kontuan harturik alde batetik datorren demografia-aldaketa, odol-emaile gutxiago, eta bestalde eskaera handiagoak osasun-arloan, ebakuntza konplexuak eta bizi-itxaropen luzeagoa.

Odol gabeko ebakuntzari aurre egin baino lehen, honako galdera eta kezkak, eta ondorengo gogoetak sortu zitzaizkigun:

– Odol-transfusioa segurua al da?

– Ba al dago nahiko odol?

– Odolak zenbat balio du?

– Helburua lortzeko zer-nolako aukerak edo neurriak ditugu helburua lortzeko?

Odol-transfusioa segurua al da?

Gaur egun mundu osoan urtero gutxi gorabehera 75 milioi odol-unitate erabiltzen dira, 12,5 milioi Ameriketako Estatu Batuetan, 1.700.000 estatu mailan eta 85.000 unitate euskal erkidegoan. OME, Osasunerako Munduko Erakundearen barruan dauden herrien artean % 43k test egokiak erabiltzen dituzte GIB, BHB, CHBren detekzioan. Kalkulu hauen arabera populazioaren %20ak odol segurua jasotzen du eta beste % 80k gaixotasun bat jasotzeko arrisku handia du.

Odol “segurua” erabiltzerakoan onartzen diren arriskuen artean ezagunenak:

– GIB (1:1.5-2 miloi).

– BHB (1:100.000).

– CHB (1:60.000).

Arrisku ezezagunenen artean odol bidez transmititzen diren zenbait gaixotasun: Creutzfeldt-Jacobs, Zitomegalobirusa, Simian Foamy Birus…., bere intzidentzia ere ezezaguna da.

 

GIB    1:1,5–2.000.000

BHB   1:100.000

CHB   1:1:60.000

CCC-J, ZMV, SFV, WNV, etab.  ? ? ? ? ?

BIRUSEN INFEKZIO-ARRISKUA

 

Odol-transfusioak, jakina da orain dela 30 urtetik, immunomodulazio-prozesu bat eragiten duela gaixoarengan. Aztertu eta baieztatu diren efektuak:

– Giltzurrun transplantatuen biziraupen-tasaren hobekuntza odol-transfusioa egiten denean.

– Crohn gaixotasuna zutenak hobekuntza klinikoa nabarmentzen dute transfusioaren ondoren.

Efektu negatiboak ere ikusi dira:

– Ondeste eta koloneko tumorearen errezidiba-tasa handiagotzea.

– Gure espezialitatean bereziki ebakuntza ondorengo infekzio-tasaren igoera nabarmendu da. Gaia konplexua da, kontuan harturik tartean dauden faktoreen aniztasuna: adina, aurre-morbilitatea, ebakuntza mota, ebakuntzaren iraupena. Odol-transfusioaren eta ebakuntza ondorengo infekzioaren artean erlazio zuzen bat ezartzea zaila gertatzen da.

Aurreko datuak kontuan harturik ezin dezakegu proposatu odol-transfusioa arrisku handiko tratamendu bat bezala, odol-transfusioaren ondorengo nolabaiteko gertakizunaren tasa ‰ 1,71koa da eta horietako % 74,5 arinak edo lehen mailakoak.

Hala ere, kontrapuntu bezala ez da ahaztu behar gertakizunen % 0,74tan gaixoaren heriotza gertatzen dela.

Ba al dago nahiko odol?

– Abiapuntu bezala, odol-emaile izateko behar diren baldintzak gogoratuko ditugu:

– Pisua 50 kg-tik gorakoa.

– Adina 18 eta 65 urte artekoa.

– Presio diastolikoa 50 eta 100 mm Hg artean.

– Presio sistolikoa 100 eta 180 mm Hg artean.

– Gizonezkoak Hb > 13,5 gr/dl.

– Emakumezkoak Hb > 12,5 gr/dl.

– Urtean zehar gizonek 4 aldiz eta emakumezkoek 3 aldiz gehienez eman dezakete.

– Bi odol-emateren artean bi hilabeteko tartea egon behar du.

– Gaixotasun transmitigarririk gabe edo arrisku-populazioarekin kontakturik izan gabe.

Herrialde bat buruaske edo autosufizientea dela esateko 1.000 biztanleko 40 odol-emaile behar ditu. Estatu mailan lau autonomia-erkidego aurkitzen dira maila honen gainetik, Euskal Herria izanik horietako bat. Hala ere udan eta opor-denboraldietan sistematikoki odol gabeziak agertzen dira, eta honela arrunta izaten da gure prentsan deialdi eta eskakizun bereziak agertzea.

Populazioaren eboluzio demografikoa kontuan harturik etorkizunean egoera ez da hobetuko. Taulan agertzen diren datuekin 2015. urtean populazioaren zahartzearekin, alde batetik, odol-emaileen kopurua murriztu egingo da eta, bestetik, eskaera handiagotu egingo da ebakuntzen konplexutasunak handitzen diren heinean.

EUSKADI                   2005                   2015

Populazio osoa        2.101.501          2.108.798                 

20-30 urte                     286.744             185.355            

30-45 urte                     518.184             467.799       

45-65 urte                     558.794             626.685             

> 65 urte                       389.407             467.171          

 

Zein da odolaren salneurria edo prezioa?

Odol-emaileak bere odolaren truke ez du dirurik jasotzen, baina odol-poltsa lortzeko prozesuak kostu bat dauka. Azkeneko urteetan bere prezioak gora egin du, odola aztertzeko erabiltzen diren proba bereziak direla eta.

Odolaren balioa aztertzerakoan kontuan hartzen diren elementuak:

– Jasotzeko edo biltzeko kostua; bai-odol bankuan bai unitate ibiltarietan.

– Produkzioa. Odolak zatikatzeko jasotzen dituen prozesuak eta odol-test desberdinak gaixotasunak aztertzeko.

– Banaketa erietxeetara.

– Odolaren sailkapena.

– Transfusioaren kostuak.

– Transfusioak eragindako konplikazioen tratamendua.

– Odol-emailearentzat suposatzen duen laneko orduen galera.

Aurreko guztiak kontuan harturik odol-poltsa baten prezioa 144-157 ¹-tan kalkulatu da gutxi gorabehera.

Odola aurrezteko metodoak. Zer egin dezakegu?

Odol-transfusioaren beharraren iragarpena egiteko erabili diren moduak:

– Ebakuntzan sortzen diren odol-kontsumoak eta beharrak aztertzeko formulazio matematikoak saiatu dira.

EBL= (BOL x (Aurre Hktoa – Hkto ostea))/Aurre Hktoa.

EBL = Estimated blood loss (Odol-galeraren iragarpena).

BOL = Odol-bolumen osoa.

Formulazio hauek zailtasun praktikoak dituzte, eta zehaztasun txikia erakusten dute.

– Hemoglobina (Hb) tasa. Denborarekin publikazioetan odol-transfusioaren beharraren iragarpena balioztatzeko azaldu den daturik baliotsuena, ebakuntza aurreko Hb-tasa da.

Helburua lortzeko neurriak, alde batetik gaixoaren Hb-tasaren arabera egingo dira bereziki, eta orokorrean ebakuntza garaian odol-galerak murriztera zuzenduko dira.

1. Ebakuntza aurreko fasean.

• Eritropoietina. EPO

• Auto-transfusioa:

- Ebakuntza aurreko auto-transfusioa.

- Hemodiluzio normobolemikoa.

• Bena barneko Fe.

2. Ebakuntza garaian:

• Agente hemostatiko sistemikoak.

• Fibrinaren zigilatzaileak.

• Ebakuntza-teknika egokia.

3. Ebakuntza ondoren:

• Odol-berreskuratzaile erredoia.

• Transfusioko atalase-maila.

• Odolaren ordezkoak.

 

1. EBAKUNTZA AURREKO FASEA

1.1. Eritropoietina

ADNaren ingeniaritza genetiko bidez lortzen den alfa eritropoietina da. Bereiztu ezinezkoa da gorputzak berez sortzen duen hormonarekin. 

EPOren eragina erabiltzen den dosiari lotua dago, hipoxia nabarmena dagoenean edo burdinaren eta azido folikoaren biltegiak egokiak direnean, efektuak areagotu egiten dira.

Ebakuntza ortopedikoan erabili ohi diren ereduak: 40.000 ui astero bena barnetik, ebakuntza aurretik 21, 14, eta 7. egunetan eta ebakuntzaren egun berean. Horrekin batera burdina beti ahoz hartu behar da.

 

Indikazio edo egokiespenak

– Ebakuntza aurreko Hb-maila 10 eta 13 g artean dagoenean.

– Bakarrik edo auto-transfusioarekin batera erabil daiteke, galerak suposatzen badira (berrikuspeneko ebakuntza protesikoa).

Kontraindikazioak

– Kontrol gabeko hipertentsioa.

– Miokardio-infartua.

– Angor edo angina.

– Garuneko istripu baskular gertatu berria.

Eragozpenak

– Ospitale barneko prozesua antolatzeko zailtasunak.

– Hb-maila kontrolatu behar da 15 g-tik gora ez egiteko.

– Ebakuntza-eguna mugiezina edo aste bateko epe barnean egin behar da.

– Garestia da. Gure ospitalean tratamendu osoak 916 ? balio du.

 

1.2. Auto-transfusioa

A. Ebakuntza aurreko auto-transfusioa.

Gaixoari ebakuntza egin aurretik 5–7 eguneko tartearekin odola ateratzen zaio. Gehienetan 2-3 poltsa ateratzen dira.

Indikazioak

– Gaixoak osasun-egoera ona eta egokia izan behar du.

– Adin-oztoporik gabe.

– Noiz? Ebakuntza protesikoan lehen aldian edo errebisioan eta bizkarreko ebakuntzetan.

– Hb-tasa. 13 eta 15 g inguruan egon behar du.

Kontraindikazioak

– Bihotzeko edo biriketako patologia.

– Medikazioa: Sintrom, intsulina, antiepileptikoak...

– Biriketako eritasun kronikoa.

– Zailtasunak benak aurkitzeko.

– Transfusio ondorengo erreakzio larriak.

– Hb < 13 g/dl.

Eragozpenak

– Ebakuntza-egunak finkoa izan behar du.

– Koordinazio egokia odol-bankuaren eta ospitalearen artean.

– Erabili ez den odola deuseztatu behar da.

– Odol poltsa bakoitzaren prezioa 110-120 ?-koa da

– Gaixoarentzat ez da erosoa. Odola ateratzera bitan edo hirutan joan behar du ospitalera, eta zenbait gaixo ahuldu egiten dira.

B. Hemodiluzio normobolemikoa.

Teknika honetan, ebakuntza egin baino egun batzuk lehenago ateratzen da odola. Odolaren ordez disoluzio koloideak eta kristaloideak sartzen zaizkio gaixoari. Egokiespenak eta kontraindikazioak ebakuntza aurreko autotransfusioaren antzekoak dira.

1.3. Bena barneko Fe

Ebakuntzak sortzen duen inflamazio-prozesuaren ondorioz burdinaren beherakada funtzionala gertatzen da, nahiz eta burdina-metaketak beteak egon.

Pauta: 100 mg Sakarosa Fe / 48 ordu / 3 aldiz.

Idatzi gutxi daude teknika honi buruz.

Indikazioak: Aldakako hausturetako anemiaren tratamendua.

 

2. EBAKUNTZA GARAIAN

Helburua, ebakuntza garaian gertatzen diren odol-galerak murriztea da.

2.1. Agente hemostatiko sistemikoak

- Desmopresina. Bere balioa bihotzeko ebakuntzan frogatu da.

- Apronitina. Serin proteasaren inhibitzailea. Bere balioa bihotzeko eta bizkarrezureko ebakuntzetan frogatu da. Balio gabekoa aldakako ebakuntzan.

- Antifibrinolitikoak.

Azido Tranexamikoa.

Azido Epsilonaminokaproikoa.

2.2. Fibrinaren zigilatzaileak

Ebakuntza ondoren zabalik dauden zaurietan koagulua osatzeko erabiltzen dira.

Bere erabilpenari buruzko testu idatziak aurki ditzakegu, baina gure inguruan ez dira erabiltzen.

2.3. Ebakuntza-teknika egokia

Ebakuntza garaian zauriaren tamaina egokia eta hemostasia zaindu bat egin behar da.

Orokorrean ez dute garrantzi handirik, eta eragin txikia dute odoljarioaren kontrolean.

 

3. EBAKUNTZA ONDOREN

3.1. Odol-berreskuratzaile erredoia

Auto-transfusio teknika da. Sistema honen bidez erredoietan ateratzen den odola berreskuratzen da, auto-transfusio bat egiteko.

Jasotzen den odola baliagarria izateko, ebakuntza ondorengo lehen lau orduetan berreskuratutakoa izan behar du eta sei ordu baino lehen erabili. 1.000 ml baino gehiago ezin dira erabili.

Indikazioak

– 1.000-1.500 ml-ko odolustea duten ebakuntzak.

– Adin-mugarik ez.

Kontraindikazioak

– Infekzioak edo tumore-patologia.

– Koagulazio-arazoak.

– Ebakuntzan ezin dira antiseptiko, hemostatiko edo antibiotiko lokalak erabili.

3.2. Transfusioko atalasea

1942. urtean Adams eta Lundyk 10/30 transfusio-erregela hedatu zuten.

Hb Hktoa 10-30  >>>>>> TRANSFUSIOA

 

1988. urtean hemoglobinaren tasa 7 eta 10 g-ko erreferentzia-balio bezala erabiltzea onartu zen.

Hb   7 - 10 >>>>>>> TRANSFUSIOA

 

Transfusioko atalasea erabiltzerakoan gaixoaren egoera klinikoa kontuan izan behar da. Gaur egun transfusioaren indikazioa gaixoak momentu batean duen egoera klinikoan eta analisian oinarritzen da.

3.3. Odolaren ordezkoak.

Hemoglobinaren ordezkoak.

Perfluorokarbonatoak.

 

LAN-HIPOTESIA

Aurrez azaldu diren galderei erantzuna emateko eta odol-transfusio tasak murrizteko protokolo berri bat prestatu zen. Helburuak:

A) Metodo bakoitzaren eraginkortasuna odol-aurrezkian.

– Eritropoietina.

– Ebakuntza aurreko auto-transfusioa.

– Transfusioko atalasea.

– Odol-berreskuratzaile erredoia.

B) Kostu / mozkinen balioespena.

 

MATERIALA ETA METODOA

Materiala

Lehen aldiko belauneko ebakuntza protesikoa Donostia ospitalean. Bi talde aztertuko ditugu:

– Kohorte historikoa. 2002. urtean egin ziren belauneko protesiak, 193 gaixo.

– Kohorte berria. 2004-2005 urte bitartean, 107 gaixo.

Metodoa

Ebakuntza aurrean gaixoak Hb-tasa mailaren arabera hiru taldetan banatu ziren:

– A. Hb > 15 g/dl. Ebakuntza aurretik ez da protokolo berezirik erabili.

– B. Hb 13-15 g/dl artean. Ebakuntza aurreko auto-transfusioa.

– C. Hb < 13 g/dl. EPO protokoloa erabili.

Ebakuntza garaian

– Bisturi elektrikoa erabili eta iskemia ebakuntza bukatu arte mantendu.

– Zauria ahalik eta txikiena kasu kliniko bakoitzaren arabera.

Ebakuntza ondoren

– Odol-berreskuratzaile erredoia ebakuntza guztietan.

– Transfusioko atalasea 9 g/dl inguru, egoera klinikoaren arabera.

 

EMAITZAK

Transfusio-indizea

Kohorte historikoan transfusio-indizea % 57,3koa izan zen eta kohorte

berrian % 7,5ekoa izan da. Diferentzia estatistikoki esanguratsua da.

 

TRANSFUSIO-TASAREN KONPARAZIOA TALDEAREN ETA KOHORTEAREN ARABERA

Kohorte historikoa                  Kohorte berria

A taldea                        % 65,5                                   % 12,1      

B taldea                        % 59                                       % 5,4

C taldea                         % 35,3                                   % 0,9    

 

Eritropoietina

EPOren protokoloaren ondorioz Hb-tasa 2,3 g/dl inguru igo da. Ebakuntza eta hilabete ondoren Hb-tasa hasierako neurrira dator.

 

Ebakuntza aurreko auto-transfusioa

Ebakuntza aurreko auto-transfusioarekin 67 poltsetatik 45 erabili dira (% 67,2) eta 22 deuseztatu dira (% 32,9).

Hb-tasaren eboluzioa aztertu ondoren:

– Ebakuntza-egunean erabiltzen diren odol-poltsak balio edo eragin txikia dute.

– Hilabete ondoren Hb-tasaren egoera antzekoa da kasu guztietan.

Odol berreskuratzaile erredoia

Odol-berreskuratzaile erredoia aparatua erabili den 100 gaixotan ez du arazorik eman.

Bildu den odol kantitatea 608 ml-koa (150-1.575 ml) izan da.

Konplikazioak, bi tenperatura-igoera eman dira.

Bi kohorteak alderatzen ditugunean, odol-berreskuratzaile erredoiaren erabilera handitu da (% 40,1 — % 93,5).

Transfusioko atalasea

Kohorte historikoan 113 gaixok jaso zuten odol-transfusioa. Transfusioaren indikazioa egiteko momentuan zuten Hb-tasa kontuan harturik, hiru taldetan sailkatuko ditugu:

– Hb < 9 g/dl. 29 gaixo (% 26,7)

– Hb 9-10 g/dl artean. 44 gaixo (% 38,9)

– Hb > 10 g/dl. 40 gaixo (% 35,4)

Kohorte berrian 12 gaixok (% 11,2) Hb-tasa < 9 g/dl izan dute.

– 5 transfusio alogeniko.

– 5 auto-transfusiotan odola erabili da.

– 2 gaixok ez dute odol-transfusiorik izan egoera klinikoa ona zelako.

Konplikazioak

– Infekzioak. Kohorte historikoan infekzio-tasa % 1,5ekoa eta kohorte berrian % 0,9koa izan da, hurrenez hurren.

– Sakoneko tronbosi benosoa.

– Infekzio nosokomiala.

- Arnas aparatuko infekzioak.

- Gernuko infekzioak.

ONDORIOAK

Gaiaren hasieran aurkeztu dugun moduan, odol gabeko ebakuntzari aurre egiteko sortu ziren galderen erantzunak azalduko ditugu.

• Odol-transfusioa segurua al da?

Zalantzarik gabe odol-transfusioa segurua da. Hala ere, ez dugu ahaztu behar nolabaiteko kutsatzearen probabilitatea hor dagoela. Euskal Herrian urtero 1,4 CHB eta 0,85 BHB kutsatu daitezke. Azkeneko lau urteotan GIBaren kutsadurarik ez da eman.

• Ba al dago nahiko odol?

Gaur egun bai, denboraldiko salbuespenekin, baina etorkizunean ez dirudi nahiko odol izango denik. Epe laburrean odol-emaileen kopurua gutxitu eta odol-eskaerak edo kontsumitzaileak handitu egingo dira.

• Transfusio-tasa.

Transfusio-tasaren murrizketa posible da, kohorte historikoan % 57,3koa eta % 7,5ekoa kohorte berrian.

Ebakuntza aurreko Hb kontuan harturik gaixoak sailkatzen ditugunean:

 

TRANSFUSIO-TASAREN KONPARAZIOA TALDEAREN ETA KOHORTEAREN ARABERA

                           Kohorte historikoa                       Kohorte berria

A taldea                             % 65,5                                  % 12,1             

B taldea                             % 59                                     % 5,4

C taldea                             % 35,3                                  % 0,9      

 

Aurreko taulan agertzen den moduan ebakuntza aurreko Hb-tasa pronostiko- faktore nagusienetakoa da. Gaur egun < 13 g/dl-ko HB duen gaixoaren transfusio-arriskua 2,2 aldiz handiagoa da 13-15 g arteko Hb duen beste gaixo batekin alderatzen dugunean, eta 12 aldiz handiagoa 15 g/dl-ko Hb izango balu.

• Eritropoietina.

Eraginkorra da. Batez besteko 2,3g/dl-ko igoera lortzen du. Konplikaziomaila oso txikia da. Tentsio-aldaketa nabarmenik ez da sumatu, nahiz eta gaixoen % 43k hipertentsio arteriala izan.

Arazo nagusienak bere erabilera murrizteko:

- Antolaketa-arazoak. Ebakuntzak egun finko bat eta hilabeteko aurre-prestakuntza behar du.

- Prezioa. Donostia ospitalean 40.000 ui-ko dosiak 229 ? eta gaixo bakoitzeko tratamendu osoak 916 ? balio du.

• Auto-transfusioa.

Talde honetako gaixoak ez zuten transfusio alogenikorik behar. Arazoa. Erabili ez diren odol-poltsen kopurua oso handia da (% 32,9). Erabili diren % 62,7 anestesi ondorengo suspertze-unitatean jarri dira eta dakigunez bere eraginkortasuna eskasa da.

• Odol-berreskuratzaile erredoia.

Segurua da, konplikazio-maila oso txikiarekin. Erabili dugun sistema berreskuratzaile bakoitzaren kostu ekonomikoa 107,99 ?-koa da, gutxi gorabehera odol-poltsa alogenikoaren balio berdinekoa (110-120 ?). Autotransfusio sistema bat da eta gaixoak ez du prestaketa berezi bat egin behar.

• Transfusioko atalasea.

Erabili dugun transfusioko atalasea —Hb = 9 g/dl— segurua da, errehabilitazio garaian ez da atzerapenik nabarmendu. Kohorte historikoan atalase hau erabiliz gero odol-transfusioen tasa % 57,3 tik % 25,7ra pasatuko litzateke.

Zenbait gaixok Hb-maila baxuagoak onartuko lituzkete, baina garrantzitsuena gaixoaren egoera klinikoa aztertzea da.

• Odola aurreztea garestia da?

 

EPOa                                      27.251 €

Auto-transfusioa                    7.370 €

Berreskuratzaile erredoia  10.799 €

Guztira                                    45.420 €

 

Azterketaren odol-aurreztearen kostu ekonomikoa.

Odol alogenikoa ez erabiltzearen aurrezte ekonomikoa:

15.400 – 1.760 = 13.640 ?

Odola aurreztearen kostu ekonomikoa guztira:

Gastua                 45.420 €

Aurrezpena          13.640 €

Guztira                  31.780 €

 

Donostia ospitalean belauneko protesi-prozesuaren kostua 9.409 ?-tan balioztatu da. Orokorrean, odol-aurrezteak prozesu osoaren kostuan, % 3,06ko igoera suposatzen du. EPOren tratamenduak prozesua % 8,8 garestitzen du.

KONKLUSIOAK

1. Kirurgiaren arloan odola aurreztea posible eta beharrezkoa da, ondasun urria delako gaur egun, are eta gehiago etorkizunean.

2. Odol alogenikoaren segurtasun-maila oso altua da. Hala ere, odola aurrezteko gure eskuetan ditugun aukerekin, gaixotasun infekzioso baten kutsadura odol alogenikoarekin onartezina da.

3. Transfusioko atalaseak 7-10 g/dl tartean egon behar du. Odola aurrezteko teknikarik onena eta merkeena da. Atalasea gaixo bakoitzaren behar eta egoera klinikoari egokitu behar zaio.

4. Ebakuntza aurreko Hb-tasa, transfusio alogenikoaren balio aurresale garrantzitsuena da.

5. Eritropoietina medikazio seguru eta eraginkorra izan da. Gaur egun, odola aurrezteko teknika bakarra da, Hb baxua duten gaixoetan.

6. Auto-transfusioa teknika eraginkorra da. Serie honetan transfusio alogenikoaren beharrik ez dugu izan. Akats bakarra: odol-poltsa gehiegi utzi dira erabili gabe. Gaixoari ateratzen zaion odol-poltsen kopurua zehatzago egokitu behar da.

7. Odol-berreskuratzaile erredoia segurua eta eraginkorra gertatu da. Jasotzen den odol kopurua odol-poltsa baten antzekoa da eta prezioz ia berdina.

8. Kostuari dagokionez, odola aurrezteko teknikak prozesu osoan % 3,06ko igoera suposatzen du.

9. Aurrezteko tekniken erabilpenak ospitaleko anestesia, hematologia eta kirurgia zerbitzuen elkar-lana eta antolaketa behar du.

10. Odol-transfusio alogenikoak oinarrizko prozedura terapeutiko bat izaten jarraitzen du gure eguneroko jardute medikoan.

 

Azken Berriak

OEEren Osasun Biltzarraren ahozko komunikazioen aurkezpenak ikusgai
Urriaren 25ean Zornotzan egindako Osasun Biltzarraren bideoekin jarraituz, aste honetan ahozko komunikaziopen aurkezpenak  aurkituko dituzue ondoko loturan: https://youtu.be/5-9n9WMRQFc Ahozko komunikazioak: - 01:45:37 "Heriotza eta dolu...
OEEren Osasun Biltzarraren bigarren mahai-ingurua ikusgai
Urriaren 25ean Zornotzan egindako Osasun Biltzarraren bideoekin jarraituz, aste honetan bigarren mahai-inguruan parte hartu zuten osasun-arloko profesionalen hitzaldiak aurkituko dituzue ondoko loturetan: Bigarren mahai ingurua: "Betiko gaix...

Berri +

Ugarteburu sariak
Egin bazkide
Gizarte-sareak
facebook twitter
Laguntzaileak
Eusko Jaurlaritza
Bai Euskarari

©OEE

Diseinua: Di-Da Garapena: Bitarlan