Osasungoa Euskalduntzeko Erakundea

Osasungoa Euskalduntzeko Erakundea

+34 944 001 133

oee@oeegunea.eus

JARDUERA FISIKOAK ETA KIROLAK ERAGINDAKO GAINKARGA LESIOAK: PREBENTZIOA ETA TRATAMENDUA

Egileak:

M Zubillaga

ZAINDU ERREHABILITAZIO ETA KIROL-MEDIKUNTA ZENTROA


 SARRERA

Jarduera fisikoaren eta kirolaren inguruan lan egiten dugun medikuek, gainkargak eragindako lesioak oso sarritan ikusten ditugu gure kontsultetan.

Lesio mota hauek areagotu egin direla esan daiteke gainera, bi arrazoi nagusi direla medio: batetik, aktibitate fisikoa nahiz kirola egiten duten pertsonen kopurua nabarmen igo da, eta bestetik, aktibitate fisikoaren iraupena eta intentsitatea gehitu egin dira.

Medikuntzak, orokorrean, ez die garrantzi handirik eman lesio hauei, izan ere, arinak direla kontsideratu izan baita askotan. Baina lesio hauek, hainbat kirolarirengan errendimendua nabarmen gutxitzea ekar dezakete. Behin baino gehiagotan gertatu ohi da, jarduera físiko batean murgildu den pertsonak (pisua galtzeko, erretzeari uzteko, osasuna hobetzeko...), gainkargak eragindako lesioaren eraginez, jarduera bertan behera utzi behar izatea.

GAINKARGAK ERAGINDAKO LESIOAK

Lesioak sailkatzeko garaian hainbat irizpide erabil daitezke. Kasu honetan mekanismoaren arabera sailkatuko ditugu kirol-lesioak: Lesio akutuak: bat-batean gertatzen dira kanpoko edo barruko traumatismo batek eraginda (kontusioak, zaintiratuak, hezur-hausturak...). Lesio hauek larrialdi-zerbitzuetan tratatzen dira edo traumatologoen kontsultetan.

LESIO AKUTU BATEN ADIBIDEA

Gainkargak eragindako lesioak: traumatismoa oso txikia da, baina askotan errepikatzen da. Ibilbide luzea egiten dute kirolariek kirol-medikuarengana iritsi arte eta berandu etortze horrek pronostikoan eragina izaten du.

KORRIKA EGITEAN PAUSO BAKOITZA TRAUMATISMO TXIKI BAT DA.

Gainkargak eragindako lesioen barruan, garrantzi handia dute teknopatia delakoek, hau da, kirolean erabiltzen den materialek eragindako lesioek (bizikletak, tenis-erraketak, palak, pilotak, etab.ek eragindakoak).

Frekuentzia

Lesio hauen frekuentzia jakitea ez da erraza. Zenbait iritziren arabera, kirolmedikuntza zentroetara etortzen diren kirolarien % 20-50ek gainkargarekin lotutako lesioren bat izan du inoiz.

Garbi dago gainera, gero eta sarriago gertatzen direla lesio hauek, kirolari kopurua gero eta handiagoa delako eta entrenamenduak gero eta gogorragoak direlako. Lesio hauen % 80 erresistentziazko kiroletan (korrikalariak, txirrindulariak...) edo askotan errepikatzen den teknika berezia eskatzen duten kiroletan (tenisa, gimnastika, halterofilia, eskalada...) ematen da.

Lesioen % 80 beheko gorputz-adarretan gertatzen da, bereziki belaunean (% 28) eta oinean (% 21).

Bizitzaren beste alorretan egindako jardueren eraginez (lan-munduan, musikan...) ere ematen da lesio mota hau, baina kirol-jarduerarekin duten lotura dela eta, askotan kirolaren izena hartu dute: tenislariaren ukondoa, golf-jokalariaren ukondoa...

Sarritan, lesio hauek eragiten duten mina ez da gehiegizkoa, hasiera batean behintzat, eta kirola egiten uzten dute. Horrexegatik, kroniko bihurtzen dira behin baino gehiagotan.

Lesio hauen arrazoiak

Lesio hauen arrazoiak kirolarian bilatu behar ditugu batzuetan eta kanpoko faktoreetan besteetan:

• Kirolariaren ezaugarriak:

– Faktore anatomikoak: oin kaboak, alineazio-arazoak

– Faktore biomekanikoak: gehiegizko pronazioa, teknika txarrak…

• Kanpoko faktoreak:

– Entrenamendua: aldapak, intentsitate desegokiak, aldaketak...

– Zelaia: bigunegia, gogorregia, zelai-aldaketa...

– Materiala: zapatilak, erraketa, palak, bizikleta....

Nola gertatzen da lesioa

Gainkargak gorputzeko ehunetan lesioa eragiten du. Gorputzak inflamazioarekin erantzuten dio gainkargak sorrarazitako kalteari. Inflamazio horrek muskuluan, tendoietan edo beste edozein ehunetan, handitasuna, gorritasuna, berotasuna, ezintasuna eta mina eragiten ditu. Baina tamalez, kasu gehienetan, min hau ez da kirol-jarduera bertan behera uzteko adinakoa izaten. Normalean, kirolaria bere jardunean jarraitzeko prest egoten da eta, hasieran batik bat, minaren intentsitatea aldakorra izaten da. Baina jardunean jarraituz gero, lesioa areagotu egiten da.

Kirolaria bere jarduna gelditzeko prest azaltzen bada eta lesioaren tratamendua egiten bada, lehen faseetan gehienbat, lesioa guztiz sendatzen da. Beraz, zirkulua eteten denean, lesioa sendatu egiten da, baina, arazoa bukatu egin al da?

Gehienetan ez. Entrenatzen hasi orduko, aurretik gainkarga sortzen zuen mekanismoa martxan jartzen da eta lesioa errepikatu egiten da.

Zein egitura kaltetzen dira?

METATARTSALGIA

Lesionatzen diren hainbat gorputz-atal dituzu azpiko zerrenda honetan, adibide batzuekin.

Tendoiak

– Tendinitis errotulianoa

– Tendinitis akileoa

– Tenislariaren ukondoa

– Golf-jokalariaren ukondoa

– Igerilariaren sorbalda

– Faszitisak

Tenosinobitisak

– Hatzetako tenosinobitisak eskalatzaileetan

Metatartsalgiak

Entesitisak

– Haziminak: belaunetan, orpoan...

– Jauzilariaren belauna

Burtsitisak

– Korrikalariaren belauna

Periostitisak

– Periostitis tibiala

Hezur-hausturak

– Metatartsianoen hausturak

– Tibia-hausturak

Neuritisak

– Medianoaren konpresioa txirrindularietan

Muskuluak

– Kontrakturak

DIAGNOSTIKOA

Lesio hauen diagnostikoa klinikoa da gehienetan. Anamnesiak asko lagunduko digu lan honetan. Oso kontuan edukitzekoa da materialean, zelaian edo entrenamenduaren plangintzan egindako edozein aldaketa.

Proba desberdinak egin daitezke lesionatutako ehunaren arabera (RX, EMN, OTA, gammagrafia, ekografia, elektromiograma...), diagnostikoa baieztatzeko edota beste lesiorik ez dagoela ziurtatzeko.

ORPOAREN IKERKETA, RX BIDEZ

Lesio hauei nola aurre egin

Hiru mailatan sailkatu daitezke gainkargak eragindako lesioei aurre egiteko estrategiak:

• Prebentzioa: Kirol-medikuntzako azterketa

• Lesioaren tratamendua

• Arrazoia bilatu eta aurkitzea

1. Prebentzioa

Kirol-medikuntzako azterketa

Jarduera fisikoa edo kirola egiten hasi aurretik mediku-azterketa egitea oso komenigarria dela pentsatzen dugu kirol-medikuok. Azterketa sakon batek, zenbaitetan, gainkargak eragindako lesioak saihestu ditzake. Azterketa hauetan sis164 tema kardiobaskularra, arnasketa sistema eta muskuluen eta hezurren sistema ikuskatzen dira bereziki. Kasu honetan azken honek garrantzi berezia du.

Lesio hauen sorreran zenbait faktore anatomikok izaten dute eragina eta kirol-medikuntzako azterketa batean agerian geratu behar lukete:

• Mokorraren mugimendua, errotazio mugatuak adibidez.

• Belaunak: baroak, balgoak, errekurbatum-ak

• Errotularen posizioa eta tamaina: kanpoaldera, gora, txikia...

• Ukondoaren alineazioa: balgoak, errekurbatum-ak

• Oin-arrastoa: oin kaboak, zapalak, kalkaneoaren alineazio txarrak…

• Muskuluen flexibilitatea: iskiotibialak, bikiak,

• Bizkarrezurraren azterketa: eskoliosiak, zifosiak…

• Asimetriarik badagoen begiratzea

Kirol-higienea

• Hidratazioaren garrantzia azpimarratu behar zaio kirolariari.

• Estiramenduak kirolean hasi aurretik eta bukatutakoan egin beharko lirateke.

• Elikadurak ere eragina izan dezake lesioetan.

• Pisua eta gantz-portzentajea gainkargaren zuzeneko faktoreak dira zenbait kiroletan.

Kirol-jarduera

• Material egokiak erabiltzen irakatsi eta materiala ikuskatu

• Entrenamenduetan kargak progresiboak eta egokiak izan behar lukete lesio hauek ekiditeko.

• Zelaiaren ezaugarriak kontuan izan behar dira. Kasu askotan zelaia aldatzea zaila izaten da, baina materiala zelaira egokitzea ezinbestekoa da lesio hauen prebentzioan.

• Edozein aldaketa (materiala, zelaia, entrenamendua...), lesio-iturri izan daitekeela kontuan izan.

2. Lesioaren tratamendua

Lesio hauek tratatzerakoan beste edozein lesiotan erabiltzen ditugun metodo berberak erabiltzen ditugu: atsedena, antiinflamatorioak, ultra uhinak, beroa, hotza, elektroterapia, laserra...

Tendinitisak eta entesitisak gehienetan nahiko lokalizatuak izaten direnez, ultra uhinak eta laserra bereziki egokiak gertatzen dira.

LASERTERAPIA

3. Arrazoia bilatu eta aurkitzen saiatzea

Lesio hauen tratamenduaren garrantzia ezin dugu ukatu. Hala ere, lesioa sendatu ondoren kirolaria bere jardueran hasten denean, askotan, lesioa eragin duen arrazoiak bertan jarraitzen du. Horrexegatik erraza da kirolaria berriz ere kirolean hasi eta gero, lesio berberarekin gugana itzultzea.

Beraz, arrazoia bilatu beharko genuke lesioarekin bukatu nahi badugu. Bilatu bai, baina, askotan ez da hain erraza arrazoia aurkitzea.

• Bilaketa honetan beharrezkoak dira:

• Kirolariaren azterketa

• Kirol-teknika ezagutzea

• Zelaia ezagutzea

• Erabiltzen den materiala ikuskatzea

Bi motatako metodoak dauzkagu bilaketa-lan honetan:

Sinpleak, merkeak, edozein kontsultatan egiteko modukoak

– Kirol-medikuaren anamnesia: anamnesi on batek lesioaren bidean jartzen gaitu gehienetan, diagnostikoa egiteko garaian. Arrazoia topatzerakoan berriz, entrenamendua, teknika, materiala, zelaia eta beste zenbait faktore izan behar ditugu kontuan. Honetaz guztiaz galdegin behar genioke kirolariari.

– Kirolariaren muskulu eta hezur-sistemaren azterketa sakona: miaketa, balantze artikularrak, podoskopia…

 

OIN-ARRASTOAREN AZTERKETA

– Materiala ikuskatzea: zapatilak azter daitezke non gastatzen diren jakiteko, bizikleta neurtu txirrindulariarentzako egokia den jakiteko, pala baten pisua eta tamaina neur daitezke, etab.

– Teknika ezagutzea: kirolaria bere aktibitatean ikusi edo entrenatzailearekin hitz egin beharko genuke, arazoren bat dagoen ikusteko.

– Entrenamendu-zelaia ezagutzea oso lagungarria izaten da lan-kondizioak aztertzerakoan.

– Kirola ezagutzea eta proba egitea, beharrezkoa ikusiko balitz. Kanpotik ikusi ez daitezkeen zenbait gauzez ohartaraziko gintuzke.

Material berezia eskatzen dutenak

– Oin-arrastoaren azterketa digitalizatua, atsedenean eta mugimenduan: sistema digitalek asko erraztu dituzte azterketa estatiko zein dinamikoak.

– Barne-zola instrumentalizatuak: Biofoot sistema. Kirolaria entrenamenduzelaian aztertzea lortzen dugu.

– Bideo-azterketak eta argazkiak keinu teknikoa aztertzeko.

– Isozinetikoak: desoreka muskularrak erakusten lagundu dezakete.

– Hiru dimentsiotan mugimendua atzitzea: lesioa eragiten duen mekanismoa dinamikoa da, beraz azterketa dinamikoa askoz interesgarriagoa da.

ONDORIOAK

Kirolarekin eta jarduera fisikoarekin sor daitezkeen gainkargek eragindako lesioak arinak direla esan ohi da, baina ikuspuntu desberdina dute kirolariek arazo honek bere aktibitatea oztopatzen duen heinean.

Beharrezkoa da minaren zirkulua etetea, lesioa kroniko bihur baitaiteke.

Medikuntzaren beste zenbait esparrutan bezala, prebentzioa ezinbestekoa da lesio hauek ekiditeko.

Arrakasta bermatzen ez badu ere, beharrezkoa da lesioaren arrazoia bilatzea eta aurkitzen saiatzea.

 

Azken Berriak

OEEren Osasun Biltzarraren ahozko komunikazioen aurkezpenak ikusgai
Urriaren 25ean Zornotzan egindako Osasun Biltzarraren bideoekin jarraituz, aste honetan ahozko komunikaziopen aurkezpenak  aurkituko dituzue ondoko loturan: https://youtu.be/5-9n9WMRQFc Ahozko komunikazioak: - 01:45:37 "Heriotza eta dolu...
OEEren Osasun Biltzarraren bigarren mahai-ingurua ikusgai
Urriaren 25ean Zornotzan egindako Osasun Biltzarraren bideoekin jarraituz, aste honetan bigarren mahai-inguruan parte hartu zuten osasun-arloko profesionalen hitzaldiak aurkituko dituzue ondoko loturetan: Bigarren mahai ingurua: "Betiko gaix...

Berri +

Ugarteburu sariak
Egin bazkide
Gizarte-sareak
facebook twitter
Laguntzaileak
Eusko Jaurlaritza
Bai Euskarari

©OEE

Diseinua: Di-Da Garapena: Bitarlan