LEHEN MAILAKO PREBENTZIOA : GAIXOTASUNAK EKIDIN ALA ERAGIN ?
Egileak:
E Mariñelarena
A Etxeberria
B Barandiaran
I Idarreta
M Moreno
I Pérez
S Pérez
J.J Sagarzazu
R San Vicente
Osakidetzako Lehen Arretako mediku eta farmazialariak
Mahai hau, Gaixotasun kardiobaskularrei (bihotz-hodietako gaixotasunei) buruz aritzeko antolatuta dago, baina gaian sartu aurretik egokia iruditu zaigu egindako hausnarketaren berri ematea, hain zuzen ere, Osasunaren eta Gaixotasunaren artean dagoen ibilbidean jokatzen dugun paperari dagokion gogoeta.
Dudarik gabe, azkeneko hamarkadetan bizitza medikalizatu egin da. 2002an Bioetika gaiaren inguruko Nuffield-eko kontseiluak zioen bezala, arazoaren zati bat diagnosian bertan dago; izan ere, gaitzak hain modu zabalean definitzeak diagnostikoaren armiarma-sarean gero eta lagun gehiago harrapatzea baitakar.
Osasunaren gorabeherak gaixotasun bihurtzeak 5 bariante ditu:
- Bizitzaren gorabehera naturalak osasun-arazo bihurtzea: haurdunaldia, burusoiltasuna, dolua,..
- Arazo pertsonalak edo sozialak osasun-arazo bihurtzea: lotsatia izatea, fobia soziala,...
- Sintoma berezi batzuen maiztasunari gehiegizko garrantzia ematea: sexu-ezintasunari adibidez .
- Sintoma arinen garrantzia handitzea: heste lodi erresuminkorra ...
- Arrisku-faktoreak gaixotasun bihurtzea: osteoporosia, kolesterola ...
Azken atal honi buruz, 2002ko Sacket-ek, artikulu batean, medikuntza prebentiboaren izaera harroa, haundiustea eta baieztapen oldarkorrekoa dela adierazten zuen.
Herritar osasuntsuei zuzendutako ekintzak, ebidentzia zorrotzenetan oinarrituak izan beharko lukete; bestalde, ez dugu ahaztu behar ebidentzia-sorkuntzaren gardentasuna ez dela erabatekoa. Lortutako frogarik hoberenen aurrean ere, zalantzak izatea guztiz egokia da: Zergatik diote hau eta ez beste hori?
Arlo guztietako ebidentzia onak edukitzea ezinezkoa da sarritan, arrazoi teknikoak edo etikoak direla eta, edota ikerketa horren sustatzailerik ez dagoelako.
Ikerketa gehienak farmakoei buruzkoak dira. Gaixotasuna azaldu aurretik prebentziorako erabil daitezkeen botiken onurak, kalteak eta herritarrengan izan ditzaketen eraginak zorrotz neurtu beharrekoak dira. Ez dugu ahaztu behar, 2004an bakarrik, botikek eragindako kalteez 20 oharpen argitaratu zirela (www.agemed.es) .
Ebidentzian Oinarritutako Osasungintza talde gisa, lehen mailako prebentzioko ekintzetan proba diagnostiko baliozkotuak (izanez gero noski) erabiltzea proposatu nahi genuke eta tratamenduen eraginkortasuna Arriskuaren Gutxitze Absolutuaren (AGAren) neurrian oinarritzea “egia biribilera” iristeko ahaleginetan, eta ezinezkoa denean, gutxienez ohar gaitezen zein ziurtasun gutxirekin hartzen ditugun erabaki batzuk eta horren ondorioz nolako onurak, kalteak edo Osasun Sistemarekin urteetako lotura eragin ditzakegun.
Ondoren, lehen mailako prebentzioan gaixotasun kardiobaskularrekin harreman estua duten bi botiken erabilerari buruz arituko gara: aspirina eta estatinak .