Abszesuen drainatzea ekografia gidaren bidez
Egileak:
Olatz Gorriño Angulo
Miren Gorriño Angulo
Igone Korta Gomez
Laura Alvarez de Eulate
Silvia Cisneros Carpio
Jose Luis del Cura
Domingo Grande Icaran
Basurtuko Ospitalea - Erradiodiagnostiko Zerbitzua
Sarrera
SARRERA Gure ospitalean abszesu baten diagnostikoa egiten denean, irudi-gida bidezko drainatze perkutaneoa da bere tratamendurako ohiko prozedura. Posiblea izanik, ekografia da irudi teknikarik gogokoena, momentu orotan kateterraren muturra kontrolatuta izatea uzten baitu. Teknika honen eraginkortasuna neurtu nahi izan dugu.
Helburuak
Metodoak
METODOAK Horretarako, urte batean zehar ekografia gidaren bidez drenatu diren abszesuen (guztira 116) atzera begirako ikerlana egin dugu. Drainatzea “trokar teknikaren” bidez egin zen 7 eta 10 French bitarteko Skater kateterrak erabiliz. Ekografia gidarako HDI 3500, HDI 5000 eta IU11 (Phillips) motako ekografoak erabili ziren. Prozeduraren arrakasta, porrot eta birsortze tasak neurtu ditugu eta azken bien eta hurrengo faktoreen arteko harremana aztertu dugu: - Germen mota (bakterioa edo onddoa). - Abszesuaren jatorria (operazio ondokoa, ez operazio ondokoa edo pankreatikoa). - Abszesuaren kokalekua (goi-abdomena, pelbisa edo atal bigunak). Gainera abszesuaren jatorri eta kokalekuak drainatzearen iraupenaren gain duten eragina aztertu dugu. Analisi estatistikorako metodo deskriptiboak erabili ditugu eta %95eko esangura maila dauka. Aldagai kualitatiboen kontrastea Khi karratuaren probaren bidez egin dugu eta batezbestekoen alderaketa konparazio anitzetarako Anova eta Scheffé proben bidez.
Emaitzak
EMAITZAK Drainatutako 116 abszesuren artean, %8,6ak porrot egin zuen eta birsortu ziren. Onddoak hazitako abszesuen drainatzeen porrot tasa handiagoa izan zen bakterioenak baino; hala ere, diferentzia ez zen estatistikoki esanguratsua izan. Abszesuen jatorriari dagokionez, porrot eta birsortze tasarik handiena jatorri pankreatikoko abszesuetan topatu zen eta drainatzearen batezbesteko iraupena ere luzeagoa izan zen kasu hauetan, diferentzia estatistikoki esanguratsua izanik (p = 0,002). Abszesuen kokalekurik ohikoena goi-abdomena izan zen, baina ez ziren diferentzia esanguratsuak aurkitu porrot eta birsortze tasa eta abszesuaren kokalekuaren artean. Bestalde, diferentzia estatistikoki esanguratsua izan zen (p = 0,004) goi-abdomenean kokatutako abszesuen drainatzearen iraupena (16 egun) eta atal bigunetan kokatutakoenen artean (7,3 egun).
Ondorioak
ONDORIOAK Ekografia gida bidezko abszesuen drainatze perkutaneoa teknika eraginkorra da hauen tratamendurako, porrot eta birsortze tasak baxuak izanik. Abszesuaren jatorri eta kokalekuek eragina izan dezakete drainatzearen iraupenaren gain.