Tuberkulosi mikroepidemia bat detektatzea, kontaktuen ikerketaren bidez
Egileak:
Edurne Bikuña Ugarte
Montserrat Jimenez Gonzalez
Isabel Arenaza Legasa
Angelica Ugarte Leturia
Zumarragako Ospitalea; Donostia Ospitalea; Oñatiko Osasun Zentroa
Sarrera
SARRERA Jakina denez, infekzio eta gaixotasun tuberkulosoari dagokionez, kasuen kontaktuek, biztanleria orokorrean izaten dena baino eragin eta prebalentzia askoz handiagoa edukitzen dute. Hori dela-eta, tuberkulosiari aurrea hartzeko eta berau kontrolatzeko estrategia desberdinak garatu dira, hauetariko bat kontaktuen ikerketa da. Estrategia horri esker, bigarren mailako kasuen diagnostiko goiztiarra egiten da eta aztertutako kasuen kontaktuei zuzendutako prebentzio-neurriak hartzen dira.
Helburuak
HELBURUAK - Gaixoak edo pertsona infektatuak diagnostikatzea. - Hala behar duten gaixoei eta infektatuei tratamendu goiztiarra ematea. - Gaixotasuna transmititzeko katea berreraikitzea, ahal den guztietan benetako indize-kasua zein den jakiteko.
Metodoak
METODOAK Zirkulu zentrokideen sistema erabili zen, arrisku handiena zuten kontaktuak ikertzen hasita. Infekzio tuberkuloso ezkutuari antzemateko tuberkulinaren proba eta quantiferonaren determinazioa egin ziren. Gaixotasun tuberkuloso aktiborik ez zegoela egiaztatzeko toraxeko erradiografia erabili zen, eta kasu batzuetan baita karkaxaren bakteriologia ere.
Emaitzak
EMAITZAK Indize-kasu batetik abiatuta, guztira 65 kontaktu aztertu ziren. Hona hemen emaitzak: - Bigarren mailako 4 kasu antzeman ziren (eta ondorioz, beste 29 kontaktu ikertu ziren). - Tuberkulosia prebenitzeko eta kontrolatzeko, Euskal Herriko programaren jarraibideak betez, infekzio tuberkuloso ezkutuaren 20 tratamendu eman ziren, eta bigarren mailako kasuen kontaktuak ikertzearen ondoriozko beste 6. Infekzio tuberkuloso ezkutuaren tratamenduetan emandako pautak honakoak izan ziren: 300 mg isoniazida egunero 6 hilabetez edo 300 mg isoniazida + 600 mg errifanpizina 3 hilabetez, pazienteen ezaugarrien eta hepatotoxikotasun- arrisku estimatuen arabera.
Ondorioak
ONDORIOAK Zirkulu zentrokideen estrategian oinarritutako kontaktuen ikerketa tresna egokia da tuberkulosia kontrolatzeko; izan ere, sistematikoki egiten bada, errentagarritasun handikoa da kasu berriak eta tuberkulosiaren baziloak infektatutako pertsonak aurkitzen direlako. Tuberkulosia duten pazienteen kontaktuei buruzko ikerketa infekzio eta gaixotasun tuberkulosoa kontrolatzeko oinarrizko neurrietako bat da eta, beraz, guztiz baliagarria da gaixotasunaren kate epidemiologikoa eteteko.