Erisipelaren prebentzioaren garrantzia linfedeman
Egileak:
Iranzu Mugueta Aguinaga
Basurtuko Ospitalea - Errehabilitazio Zerbitzua
Sarrera
SARRERA Linfedema goiko edo beheko gorputz-adarretan agertzeak ezinegona eta mugimendu galera eragiten du mindutako gorputz-adarrean. Gainera, arrisku faktorea da azaleko infekzioak agertzeko, erisipela kasu. Erisipela dermis eta hipodermisaren bakterio-infekzio larria da, eta haren eragilerik nagusiena estreptokokoa da. Linfedema duten gaixoei, osasun profesionalok autozainketa neurriak gomendatuko dizkiegu eta gaixo horiengan saihestu beharreko zainketak ere kontuan hartu beharko ditugu. Helburua erisipelaren agerpenari aurrea hartzea da; eta agertzekotan, berau identifikatzea eta dagokion tratamendua agintzea.
Helburuak
HELBURUA Linfedema duten pertsonen zainketan eta tratamenduan erisipelaren eta bestelako azaleko infekzioen prebentzioak daukan garrantzia azpimarratzea.
Metodoak
METODOAK Gure eguneroko jardunean, fisioterapeutok beheko zein goiko gorputz-adarretako linfedemaren tratamendua Eskuzko Drainadura Linfatiko izenez ezagutzen den teknika erabiliz egiten dugu. Tratamenduak hiru aste iraun ohi du, eta egiten den bitartean azaleko osasuna zaindu eta gaixoari azala zaintzen eta garbitzen erakusten diogu. Halaber, ariketa fisikoari eta prebentzio neurriei buruzko aholkuak ematen dizkiegu, euren eguneroko jardunean nola jokatu jakin dezaten. Mindutako gorputz-adarra ahalik eta ondoen egotea da horren helburua.
Emaitzak
EMAITZAK -Oro har, linfedema pairatzen duten gaixoek azaleko infekzioen -erisipela, esaterako- inguruko osasun-heziketa ona izaten dute. -Balizko erisipela aurretiaz identifikatzeak eta lehenbailehen mediku zaintza espezializatura bidaltzeak erisipelaren kontrako tratamendu arrakastatsua dakar. -Erisipela dagoenean, edo susmo hutsa besterik ez dugunean ere, bertan behera utzi behar da Eskuzko Drainadura Linfatikoa.
Ondorioak
ONDORIOAK -Orokorrean erisipela akutuaren sintoma klinikoek ospitaleratzea behar izaten dute, batzuetan, heriotza eraginez. -Erisipela oso berezko ezaugarriekin azaltzen da beti, eta gehienetan estreptokokoei egozten zaie haren jatorria. -Erisipela garatzeko arrisku faktorerik garrantzitsuenak honakoak dira: mindutako gorputz-adarraren linfedema, tokian tokiko azaleko alterazioak, zainetako gutxiegitasuna, gorputz-adarretako edema edo gainpisua. -Erisipelaren aukerako tratamendua G penizilina sodikoa edo amoxizilina da. Administrazio-bidea klinikoki ezarritako larritasunak baldintzatzen du, kasurik larrienetan bide parenterala erabiliz. -Erisipela prozesuan zehar, eta baita susmo hutsaren aurrean ere, bertan behera utzi behar da Eskuzko Drainadura Linfatikoa deritzon tratamendua.