Osasungoa Euskalduntzeko Erakundea

Osasungoa Euskalduntzeko Erakundea

+34 944 001 133

oee@oeegunea.eus

4.6. Cryptosporidium spp.-ren portzentajea Debabarrenako Eskualdean (Gipuzkoan) eta haurtzaindegi bateko agerraldiaren deskribapena

Egileak:

Joxe Mari Manterola Martija

Juncal Artieda Arandia

Mikel Basterrechea Irurzun

Larraitz Arriola Larrarte

Maria Mercedes Yague Asensio

Elena Albisua Cortazar

Nere Arostegi Kareaga

Uxue Astigarraga Irureta

Rene Botello Arce

ArgiƱe Vallejo Luis

Osakidetza. Mendaro Ospitalea. Mikrobiologia; Osakidetza. Gipuzkoako Osasun Publikorako Zuzendariordetza. Epidemiologiako Unitatea; Osakidetza. Debabarrenako Eskualdeko Osasun Publikoa; Osakidetza. Osasun Zentroak.


Sarrera

Cryptosporidium spp. kokzidio parasitoa da. Gizakietan beheraka sor dezake; batez ere, haurrengan eta immunoeskasia dutenen pertsonengan. Parasitoa beherakoaren eragile dela jakiteko, eginkarietan ookisteak aurkitu behar dira.

Helburuak

1. Kriptosporidiosiaren portzentajea zein den jakitea, Mendaroko Ospitalera bidalitako eginkarietan. Ospitale hori 75.000 pertsona dauden eskualdeko erreferentzia ospitalea da. 2. Cryptosporidium-ek haurtzaindegi batean sortutako beherako agerraldia deskribatzea.

Metodoak

2010eko 7 hilabetetan 420 pertsonaren eginkariak aztertu ziren. Horietatik 156 lagin 15 urte baino gazteagoenak ziren. 2011n, 5 urte arteko umeen 653 gorozki begiratu ziren. Eginkariak Auramina O-z tindatu ondoren, mikroskopioaren bitartez ookisteak bilatu ziren. Cryptosporidium-ek sortutako beherako kasutzat hartu zen, 2011ko urriaren 1etik abenduaren 20ra bitartean, haurtzaindegian beherakoa azaldu zuen pertsona guztia.

Emaitzak

2010ean, bi urte baino gazteagoak ziren lau gaixoren laginetan Cryptosporidium-en ookisteak ikusi ziren. Hortaz, bi urte baino gazteagoen beherako laginen %7,1en parasitoak aurkitu ziren. 2011n 17 ume eta heldu baten eginkarietan ookisteak aurkitu ziren. Ume haietatik, hamaika haurtzaindegi berera joaten ziren. Haurtzaindegi horretara 63 ume, 3 urte artekoak, joaten dira eta sei zaintzaile dituzte. Hiru solairu ditu eta bakoitzean 2 gela. Beherako lehen kasua urriaren 14an gertatu zen eta azkena abenduaren 6an. Azaroaren 24an Epidemiologia Unitateko arduradunei jakinarazi zitzaien beherako kasu ugari gertatu zirela. Biharamunean, haurtzaindegira joan eta azterketa epidemiologikoa egiteaz gain, agerraldia ekiditeko neurriak gomendatu zituzten. Guztira 24 ume (%38ko eraso-tasa) eta 6tik 2 zaintzaile gaixotu ziren. Bi gelatan eraso-tasa %0koa izan zen eta gela batean %77koa. Kurba epidemiologikoak Cryptosporidium agerraldia zela baieztatu zuen, pertsonetatik pertsonetarako eredua zuena. Gaixoek beherakoa likidoa izan zuten. Beherakoek 5 eta 30 egun artean iraun zuten. Hiru umeren familietakoak ere gaixotu ziren. Cryptosporidium ookisteak 18 pertsonaren laginetatik 11n (%61) atzeman ziren.

Ondorioak

Umeen beherakoak Cryptosporidium-ek sortzen ditu sarritan. Horregatik, bost urte arteko umeen beherakoetan parasito hori aztertu beharko litzateke. Gainera, immunoeskasia duten pertsonen beherakoetan eta gastroenteritis agerraldi kasu guztietan ere, parasitoa bilatu beharko litzateke.

Bibliografia

Azken Berriak

Sarean dira "Osatuberri" aldizkariko irakurgai berriak
Osakidetzako euskara-aldizkariaren iraileko hainbat irakurgai daude jada. Horietako batean, Veronica Ruiz Pereda Ezkerralde-Enkarterri-Gurutzetako ESIko Erizaintzako zuzendariordeari hitza eman diote. Izan ere, Gurutzetako Unibertsitate Ospitalean errea...
Osasun Biltzarrean izena eman nahi duzu?
OEEren Osasun Biltzarraren 33. edizioa urriaren 25ean (ostirala) izango da, Zornotzako (Bizkaia) Zelaieta Kultur Aretoan. Gauzak horrela, egun horretako hitzaldi, mahai-inguru, tailer edota bertso-bazkarian parte hartu nahi duzuenok izena emateko aukera...

Berri +

Ugarteburu sariak
Egin bazkide
Gizarte-sareak
facebook twitter
Laguntzaileak
Eusko Jaurlaritza
Bai Euskarari

©OEE

Diseinua: Di-Da Garapena: Bitarlan