Burdina-metabolismoaren proba analitikoak noiz eta nola eskatu
Egileak:
Jose Ramon Furundarena Salsamendi
Hodei Arrizabalaga Fernandez
Ana Basozabal Arrue
Larraitz Arrue Izagirre
Adriana Sainz GarcĂa
Alasne Uranga Aguirregomezcorta
Laida Cuevas Palomares
Maria Araiz Ramirez
Donostia Unibertsitate Ospitalea. Hematologiako laborategia
Sarrera
Laborategi klinikoetara eskatzen diren proba analitikoen % 8-30 ez dira beharrezkoak. Gehiegizko eskaeretan eragin daiteke.
Helburuak
Burdinaren metabolismoarekin lotutako parametroen eskaeretan eragitea.
Metodoak
Osakidetzako laborategietan proba analitiko ezberdinek sortu zuten gastua berrikusi da.
Ondorengo probei buruzko literatura medikoa berrikusi da: burdina serikoa (B), transferrina (T), saturazio-indizea (S), ferritina (F), transferrinaren hartzaile disolbagarria (H) eta erretikulozitoen batezbesteko hemoglobina-edukia (E).
Emaitzak
Proba hauek gastuen zerrendako lehen postuetan daude.
Anemia ferropenikoaren diagnostikorako B-T-S-F-E probak eskatuko dira. Laborategiak lehenik hemograma egingo du. Anemiarik ez baldin badago ez ditu beste probak egingo (pediatrian izan ezik). Anemia baldin badago, beste probak egingo dira. Algoritmo baten arabera beste proba batzuk ere egin ahalko dira (H proba, esate baterako, anemia ferropenikoaren eta prozesu kronikoetako anemiaren arteko diagnostiko diferentzialean). Anemia mikrozitikoetan formula batzuk dauzkagu anemia ferropenikoak eta talasemiak bereizteko.
Anemia ferropenikoaren tratamenduaren jarraipenean gehienetan nahikoa da F eskatzea. Ahozko burdinaren kasuan gutxienez 3 hilabeteko tartea utziko da aurreko eskaerarekiko. Burdina benabarnetik ematen denean gutxienez hilabete.
EPO eta burdina benabarnetik hartzen duten giltzurrun-gutxiegitasunetan tratamendua egonkorra denean 3 hilabetetik aurrera errepikatu daitezke B-T-S-F-E probak eta tratamendua hasi berria denean edo dosiak egonkortu gabe daudenean 1-2 hilabetetik aurrera. EPO eta burdina benabarnetik hartzen duten sindrome mielodisplasikoetan irizpidea berdina da.
Onkohematologian anemiaren tratamendurako EPO eta burdina benabarnetik hartzen ari direnean B-T-S-F-E probak eskatu daitezke.
Burdinaren gainkargan B-T-S-F probak eskatzea arrazoizkoa da lehen balorazioan eta kontroletan 3 hilabeteko gutxieneko tartearekin.
Ondorioak
Burdinaren metabolismoarekin lotutako proba analitikoek gastu handia sortzen dute eta beharrezkoak ez diren eskaeretan eragin daiteke.
Medikuak eskaeraren zergatia zehaztu beharko luke pantailako zerrenda batean klik eginez eta proba horien azkeneko emaitzak datarekin agertuko litzaizkioke. Aukera ederra izango luke hala badagokio eskaera bertan behera uzteko.
Laborategiko sistema informatikoan txertatu daitezkeen algoritmo batzuk proposatu dira, eskaera egiteko arrazoiaren eta emaitzen arabera proba ezberdinak egiteko edo ez onartzeko.