Zergatik hainbeste salmonellosi 2013an Debabarrena Eskualde Sanitario Integratuan?
Egileak:
Joxe Mari Manterola Martija
Juncal Artieda Arandia
Arantzazu Arrospide Elgarresta
Ainara Rodríguez Achaerandio
Daniel Elorza Goikoetxea
Argiñe Vallejo Luis
Susana Canillas Rodríguez
0
Sarrera
Azken urteotan, Debabarrena Eskualde Sanitario Integratuan (ESIn) gero eta salmonellosi-kasu gutxiago gertatzen ziren; 2013an, aldiz, azken urteetan baino kasu eta agerraldi gehiago izan ziren.
Helburuak
2013an isolatutako Salmonella kasuak aztertzea eta azken 10 urteetakoekin alderatzea; gainera, Salmonella enteritidis anduien erresistentzia azaltzea ere bai.
Metodoak
2004tik 2013ra bitartean, biak barne, Mendaroko Ospitalean jaso diren eginkarien koprokultiboa egin da. Salmonella anduiak ohiko metodoekin isolatu eta identifikatu dira, eta bakterioen erresistentzia jakiteko, CLSIren arauak jarraitu dira. Salmonella gehienak serotipatu dira antigorputz espezifikoekin; zenbait kasutan, Salmonella anduiak Donostia Ospitaleko eta Carlos III.a Institutuaren Majadahondako laborategietara bidali dira.
Emaitzak
Salmonellosi-kasuen kopurua honakoa izan da urteen arabera —parentesi artean S. enteritidisek sortutakoak agertzen dira—: 2004an, 102 (83); 2005ean, 97 (76); 2006an, 50 (27); 2007an, 44 (29); 2008an, 45 (27); 2009an, 38 (22); 2010ean, 60 (37); 2011n, 37 (20); 2012an, 38 (19); eta 2013an, 98 (79). 2005etik 2012ra arte salmonellosi-kasuak asko jaitsi ziren, baina 2013an S. enteritidisek eragindako beherakoak nabarmen igo ziren.
Debabarrena eskualdean, Salmonellak etxeetan sortzen ditu agerraldi gehienak. Hala, 2004tik 2012ra bitartean, 25 agerralditatik 20 S. enteritidisek sortutakoak izan ziren, guztiak etxeetan kutsatuta. 2013an, 10 agerraldi detektatu ziren; horietatik 8 S. enteritidisek eragindakoak, 3 etxeetan kutsatu ondoren eta 5 Soraluze, Mendaro, Deba, Eibar eta Elgoibarko taberna jakin batzuetan patata-tortilla jan ondoren hartuak.
2013ko lehenengo 6 hilabeteetan, 14 pertsona kutsatu ziren S. enteritidisaz, eta bigarren seihilekoan, 65 pertsonek izan zituzten serotipo horrek eragindako beherakoak, lehenengo seihilekoan baino lau aldiz gehiago.
S. enteritidis andui guztiek, batek izan ezik, antibiograma berbera zuten: “in vitro” sentikorrak ziren amoxizilinarekiko, zefalosporinekiko, aminoglikosidoekiko, fosfomizinarekiko, kotrimoxazolarekiko eta ziprofloxazinoarekiko, eta erresistenteak azido nalidixikoarekiko eta nitrofurantoinarekiko.
Ondorioak
Gipuzkoako oilategi jakin bateko arrautzak kutsatuta zeudelako eta arrautzak erabiltzean segurtasun-neurri egokiak hartu ez zirelako gertatu ziren hainbeste salmonellosi-kasu. Abenduaren 21etik urtarrilaren 31ra arte ez da salmonellosi-kasu gehiago izan, Epidemiologia Unitateko eta Gipuzkoako Foru Aldundiko abelzaintza-zerbitzukoek oilategian neurriak hartu ondoren.