Zenbait emakumeren ekarpenak Mikrobiologiaren historian
Egileak:
Joxe Mari Manterola Martija
Susana Canillas Rodríguez
Miren Argiñe Vallejo Luis
Daniel Elorza Goikoetxea
Maite Lage Valiente
Ana Moreno Rodrigo
Jorge Taboada Gomez
0
Sarrera
Joan den mendearen lehen hamarkadetan, emakumeek zailtasun handiak izan zituzten goi-mailako ikasketak egiteko. Hala ere, azpimarratzekoak dira zenbait emakume mikrobiologo, zailtasun haiek gaindituz, mikrobiologiaren historian ekarpen garrantzitsuak egin baitzituzten.
Helburuak
Zenbait emakume mikrobiologoren lanen, ikerketen eta jaso dituzten sari eta ohoreen berri ematea.
Metodoak
Literatura zientifikoa eta zenbait web-orri aztertu ditugu.
Emaitzak
Angelina Eilshemius. Bere senarrak R. Koch-en laborategian egiten zuen lan. Gelatinarekin prestatzen zituzten hazkuntza-medioak, baina horiek 37 ºC-ra urtu egiten ziren. Angelinak eman zion konponbidea bere senarrari: Javan egiten zen agarra ipiniz gero, hazkuntza-medioak gogor mantenduko ziren. Geroztik agarrarekin prestatzen dira mikrobiologian erabiltzen diren hazkuntza-medio solido gehienak.
Rebecca Lancefield. 1933an estreptokoko hemolitikoak sailkatzeko era jakitera eman zuen, estreptokokoek horman dituzten antigenoen arabera (Lancefield-en testa).
Margaret Pittman. Haemophilus infuenzae batzuek kapsula zutela eta horrek patogenikoak egiten zituela ohartu zen. Gainera, kukutxeztularen aurkako txertoa lortu zuen.
Barbara McClintock. 1982an Medikuntza Nobel Saria jaso zuen, deskribatu zuelako gene batzuek mugitu egiten zirela (transposoiak) genoma barnean.
Dorothy Hodgkin. 1964an kimikako Nobel Saria irabazi zuen, penizilinaren eta B12 bitaminaren estruktura asmatu zituelako. Penizilinaren estruktura ezagutzeak erraztu egin zuen penizilinaren ekoizpen industriala eta erabilera.
Gertrude Elion. Medikuntzako Nobel Saria jaso zuen 1988an, farmako berri asko sortu zituelako; besteak beste, 6-merkatopurina, azatioprina, alopurinol, pirimetamina, trimetoprim eta aziklobir.
Rosalind Franklin. DNAren estruktura fotografiatu zuen X izpien bitartez. Fotografia horiek kontuan izanda, Watson eta Crick-ek asmatu zuten DNAren estruktura.
Rosalyn Yalow. Medikuntzako Nobel Saria irabazi zuen, erradio-immunoentsegua asmatu zuelako.
Martha Chase . Hershey-rekin batera antzeman zuen DNAk daramala informazio genetikoa.
Rita Colwell. Vibrio cholerae itsasoaren zooplanktonean mantentzen dela ohartu zen. Indiako emakumeei irakatsi zien ura shari-ehunean zehar iragaziz gero, erdira jaisten dela V.choleraek eragindako beherakoen intzidentzia.
Françoise Barre-Sinoussi. 1983an, isolatu eta deskribatu zuen giza immunoeskasiaren birusa (GIBa). 2008an Medikuntzako Nobel Saria jaso zuen.
Ondorioak
Eskertzekoa eta gogoan izatekoa da hainbat emakumek, askotan oso egoera zailean, egin izan duten lan zientifiko oparoa.