Osasungoa Euskalduntzeko Erakundea

Osasungoa Euskalduntzeko Erakundea

+34 944 001 133

oee@oeegunea.eus

Goi mailako emakumeen futbol talde batean 11 denboralditan gertatutako lesioak

Egileak:

Jon Larruskain Zabala

Adrian Odriozola Martinez

David Celorrio Herrera

Jose M. Aznar Oviedo

Josean Lekue

Susana Gil Orozko

0


Sarrera

Futboleko lesioen prebentziorako lehen pausua lesioen epidemiologiaren deskribapena egitea da. Hala ere, goi mailako emakumeen inguruko ikerketak urriak dira.

Helburuak

Goi mailako emakumeen futbol talde bateko lesioak deskribatzea.

Metodoak

Athletic Club-eko emakumeen lehen taldea (Espainiako lehen maila) 2003-2004 denboralditik 2013-2014 denboraldira prospektiboki jarraitua izan zen (guztira 63 jokalari, batez bestekoa ± desbiderapen estandarra, 21.9±1.6 jokalari/denboraldi, 24.3±4.7 urte). Denbora galtzea eragin zuten lesioak taldearen zerbitzu medikuak diagnostikatu zituen eta Fuller et al (2006) egileen gomendioak jarraituz erregistratu ziren.

Emaitzak

Guztira 278 lesio erregistratu ziren, %52.7 entrenamenduetan eta %46.9 partiduetan. Lesioen %89.2 beheko gorputz-adarretan eman zen; izterrak (%30.2), orkatilak (%18.0) eta belaunak (%16.2) kokapen ohikoenak izanik, eta muskularrak (%47.1) eta artikularrak (%36.7) motarik arruntenak. Lesioen %74.8 kontaktu gabeko egoeretan eman zen. Bestalde, %48.4k mekanismo traumatikoa eduki zuen eta %51.6 gainkargaren ondorioz gertatu zen. Batez beste, 13.7±3.4 (%62.7±14.9) jokalari lesionatu ziren denboraldi bakoitzeko, jokalari bakoitzak 1.2±1.3 lesio jasanez eta 36.4±80.5 egun galduz. Denboraldi bakoitzeko 25.3±8.4 lesio gertatu ziren, %19.8a errepikariak izanik.

Zehazki, koadrizepseko 4.5±2.4 lesio, orkatileko alboko-kanpoko lotailuaren 2.8±1.8 bihurdura, iskiotibialetako 2.5±1.2 lesio, abduktoreetako 2.3±1.3 lesio eta aurreko lotailu gurutzatuaren 1.0±0.6 haustura eman ziren denboraldiro. Lesio larrienak aurreko lotailu gurutzatuaren hausturak izan ziren (284.6±152.6 egun), izterreko lesio muskularrekin (17.4±17.1 egun, P<0.01) eta orkatileko bihurdurekin (18.6±21.2 egun, P<0.01) alderatuta. Lesio kopurua, bereziki koadrizepsekoen kasuan, handiagoa izan zen denboraldi hasieran (P<0.01).

Ondorioak

Goi mailako emakumeen futbolean aurretik egindako ikerketekin konparatuta, non iskiotibialetako eta orkatileko lesioak arruntenak diren (Hagglund et al 2009), koadrizepseko lesioak izan dira ohikoenak talde honetan eta ikerketa gehiagoren beharra dago kontraesan hau azaltzeko. Emaitzen arabera, prebentzio interbentzioak izterreko lesio muskularretara, orkatileko bihurduretara, eta batez ere, oso larriak diren belauneko lesioetara zuzenduak egon beharko lirateke. Esposizio-denboraren falta eta laginaren tamaina ikerketaren muga nagusienak dira. Etorkizunean, lesioen gertaera hobeto ulertzeko eta estrategia prebentiboak garatzeko, arrisku faktore genetiko eta ez-genetikoen asoziazio ikerketak burutzea gomendatzen dugu.

Bibliografia

Fuller CW, Ekstrand J, Junge A, Andersen TE, Bahr R, Dvorak J, Hagglund M, McCrory P, Meeuwisse WH (2006). Br J Sports Med, 40, 193-201.
Hagglund M, Walden M, Ekstrand J (2009). Scand J Med Sci Sports, 19, 819-827.

Azken Berriak

Osasunaldia datorren apirilaren 10ean, osteguna
Ostegunean, apirilaren 10ean, Osasunaldiaren 4. edizioa egingo da hiru lekuetan aldi berean: Leioan, Donostian eta Gasteizen. Hiru lekuak konektatuta egongo dira eta dena jarraitu ahal izango da bakoitzetik. Horrez gain, beste lekuetatik ere ikusi ahal ...
Solasaldia Elgoibarren apirilaren 1ean: Osakidetza eta euskara
"Elgoibarko Udalak eta Elgoibarko Izarra elkarteak ´Euskararen Osasuna Osakidetzan´ izeneko solasaldia antolatu dute Osakidetzaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren babesarekin.   Ekitaldia apirilaren 1ean, ...

Berri +

Ugarteburu sariak
Egin bazkide
Gizarte-sareak
facebook twitter
Laguntzaileak
Eusko Jaurlaritza
Bai Euskarari

©OEE

Diseinua: Di-Da Garapena: Bitarlan