Jarduera fisikoaren eragina adineko pertsonen sasoi fisikoan
Egileak:
Idoia Benito López
Susana Maria Gil Orozko
Jose Francisco Aramendi Aramendi
Juan Carlos Samaniego Mijangos
Montserrat Otero Parra
0
Sarrera
65 urtetik gora, sasoi fisiko-fisiologikoa nabari aldatzen da. Horrela, zahartzaroak galera asko ekartzen ditu, esaterako osteoporosia, sarkopenia, ahultze-sindromea, orekaren galera, etab. Arazo horiei aurre egiteko jarduera fisikoko programa (JFP) desberdinak sortu dira, kalteak ekidin edo hein handi batean atzeratzeko edo prebenitzeko tresnarik garrantzitsuenetarikoa baita.
Helburuak
Adineko pertsonei bideratutako JFP desberdinen eragina ezagutzea, adin-tarte eta sexu desberdinetan erreparatuz.
Metodoak
Gipuzkoako 10 udalerritan eskaintzen ziren JFPetako 271 pertsonek (57 gizonezko eta 214 emakume) parte hartu zuten ikerlanean. Parte-hartzaileak bi taldetan banatu genituen: 65-74 urte eta >75 urtekoak. Sasoi fisikoa neurtzeko, programa hasi aurretik eta 3 hilabetetara honako neurketak egin zitzaizkien: pisua eta altuera (Gorputz Masa Indizea (GMI) kalkultzeko), “Chair Sit-and-Reach”, “Back-Scratch”, Oreka estatikoa, “Foot-Up-and-Go”, “Gait Speed”, “Arm curl”, “30-Second-Chair stand” eta “6-Minute-Walking”.
Azterketa estatistikoa egiteko SPSS 19. bertsioa erabili zen, batez bestekoak, desbiderapen estandarra eta alderaketak (T-student) kalkulatzeko; P<0.05ko adierazgarritasun estatistikoa ezarriz.
Emaitzak
<75 urteko gizonezkoek, beheko gorputz-adarreko malgutasuna eta indarra, abiadura eta erresistentzia hobetu zituzten (P<0,05); aldiz, >75 urtekoek, GMI murriztu zuten (p<0,05), soilik.
Emakumezko bi adin taldeek, ostera, beheko gorputz-adarreko malgutasuna eta indarra (P<0,001), oreka (P<0,01) eta erresistentzia (P<0,001) hobetu zituzten. Gainera, <75 taldekoek abiadura (P<0,05) eta goiko gorputz-adarreko indarra (P<0,01) ere bai.
Ondorioak
Beste ikerketetan adierazi bezala (1,2), programa hauek ez dira guztiz eraginkorrak >75 urteko populazioarentzat, beraien gorputzeko giharraren ahultze azkarrarengatik. Programa hauek egokiagoak izan ziren emakumezko bi adin-taldeetan, gizonezkoengan baino, batez ere 65-74 urte bitartean. Horrenbestez, hirugarren adinekoentzako JFP bat sortzean, adin-tarteak eta generoa, kontuan hartzeko faktoreak dira.
Esker onak: Ikerlan honek Gipuzkoako Foru Aldundiaren diru-laguntza jaso zuen.
Bibliografia
1. Krause, K. E., McIntosh, E. I., & Vallis, L. A. (2012). Sarcopenia and predictors of the fat free mass index in community-dwelling and assisted-living older men and women. Gait and Posture, 35(2), 180–185. doi:10.1016/j.gaitpost.2011.09.003
2. Seong-Il, Cho and Duk-Hyun, A. (2014). Effects of a Fall Prevention Exercise Program on Muscle Strength and Balance of the Old-old Elderly. J. Phys. Ther. Sci., 26, 1771–1774.