Benzodiazepinak Lehen Mailako Arretan. Preskripzio egokia egiten al dugu?
Egileak:
Aintzane Zubeldia Iturralde
Idoia Sanchez Pombar
Nerea De Sousa Alcalde
Paula Navarro Puyuelo
Saioa Gonzalez Urio
Maria YaƱez Vidal
0
Sarrera
Benzodiazepinak (BZD) gehien erabiltzen diren medikamentuen artean daude. Seguruak eta eraginkortasun handiko botikak direla aski ezaguna da baita bere albo-ondorioak preskripzioaren iraupenarekin lotuta daudela. Baina BZDen preskripzio- iraupena mugatzeko gomendio klinikoak izan arren, ez da ez-ohikoa euren kontsumoa luzatzea. Espainian Osasun Inkesta Nazionalaren arabera (2012), poblazioaren %16,9ak lasaigarriak edota lo egiteko botikak hartu ditu azken 2 asteetan eta 65 urte baino gehiagoko emakumeen kasuan, %36,6ak.
Datu horiek ezagututa, gure zentroan BZDen inguruan burutzen den preskripzioaren azterketa egitea erabaki genuen.
Helburuak
BZDen preskripzioaren ezaugarrien azterketa (preskripzioaren arrazoia, printzipio aktibo mota eta iraupena). Preskripzioaren jarraipenaren balorazioa.
Metodoak
Diseinua: Behaketa bidezko ikerketa deskriptiboa.
Ikertutako pazienteak: 2014an, ≥1 BZD edo Z hipnotiko baten preskripzioa dutenak. LMAko Osasun Zentro bateko 4 kupoetako 248 pazienteko lagina.
Barneratze-irizpideak: ≥14 urteko adina. Presbiden ≥1 BZD edo Z hipnotiko baten preskripzio aktiboa.
Kanporatze-irizpideak: Gaixotasun mental larria.
Aldagaiak: historia klinikoan jasotako datu demografikoak (sexua, adina), diagnostikoa eta preskripzioari loturiko datuak (BZD kopurua, mota, iraupena, jatorria, jarraipena, eragin desiragaitzak).
Emaitzak
248 paziente ikertu ziren. BZDen prebalentzia %22,6koa izan zen. Pazienteen adinaren batez bestekoa 58,7 (16.8 DE) urtekoa izan zen eta %64 emakumezkoak ziren. Pazienteen %22,3ak <11 asteko preskripzioa izan zuen eta %66,8ak > 1 urteko preskripzio-iraupena. Pazienteen adinak eta preskripzioaren iraupenak asoziazio lineal positiboa aurkeztu zuen (p< 0,001). Preskripzio-arrazoien artean, %22,2an Antsietatea izan zen, %17an depresioa eta %27an ez zegoen argi edo ezezaguna zen. Ohikoenak Lorazepam (%41,7), Diazepam (%16,7) eta Lormetazepam (%15,2) izan ziren. Preskripzioaren jarraipen espezifikoa soilik %20an jasotzen da. Medikazioaren ondorioz 9 erreakzio desiragaitzen erregistroak identifikatu ziren
Ondorioak
Datuek agerian ipini zuten besteak beste BZDen preskripzioaren iraupenaren inguruko erabilera desegokia, preskripzioari loturiko diagnostiko zehatz baten falta eta jarraipenaren inguruko erregistro espezifiko eskasa. Medikazioaren berrikuspena bultzatu eta gauzatzea funtsezkoa izango da batez ere, preskripzio desegokiak ekidin eta BZDei lotutako arazoak murrizteko.