Kalamua eta arnas aparatua
Egileak:
Sophe Garcia Fuika
Olatz Llaguno Ochandiano
Jose Luis Lobo Beristain
0
Sarrera
Kalamuak edo kanabisak tabakoak bezalako osagai kantzerigenoak eduki arren(3), oraindik ere biriketan kanabisaren eragina eztabaidagai dugu. Gure gizartean gehien kontsumitzen den legez kanpoko droga da, batez ere gazteriaren artean(2).
Helburuak
Berrikuste bibliografikoak kanabisak arnasketan eragiten dituen gaitzak aztertzea du helburu.
Metodoak
Pubmeden bilaketa bibliografikoaren bidez, azkenengo urteetan kanabisari eta arnas aparatuari buruzko artikulu nabarmenenak bildu ditugu.
Emaitzak
2015eko Euro-barometroaren arabera, Europan kalamua tabakoa baino gehiago erretzen da, eta biztanleen % 1ek eguneroko kontsumitzen du (1). Batez beste, 13 eta 14 urterekin hasten dira. 2012an Euskadiko biztanleen % 28k adierazi zuen, kanabisa behin gutxienez probatu zuela. Eguneroko kontsumitzaileek gainerakoek baino onura gehiago egozten dizkiote kontsumoari: haietako heren baten ustez kanabisak eragin onuragarriak baino ez ditu(2).
Horrez gain, kalamua tabakoa baino sakonago erretzen da, eta horregatik tabakoaren aldean, zupada bakoitzean karboxihemoglobina maila eta mundrun kopurua bost eta lau aldiz altuagoa da, hurrenez hurren(3).
Beraz, kalamu zigarro bat erretzeak bost tabako zigarrok besteko buxadura eragiten du biriketan. Ondorioz, arnasketako gaitasuna murriztu egiten da: FEV1/FVC ratioak behera egiten du % 1,5, 10 zigarro pakete-urte eta 7.9 kalamu-urte (*) bakoitzeko(4). Horrez gainera, denborak aurrera egin ahala, biriketako interstizioan hanturazko erreakzioa gertatzen da(5)(irudia). Frogatuta dago urtean 20 kalamutik gora erretzeak birikietako gaixotasun buxatzaile kronikoa (BGBK) eragiten duela(6). Bestalde, kalamua erretzeari uzteak eztula, karkaxa eta sibilantziak desagertzen laguntzen du(7).
Biriketako hanturaren ondorioz, onddoek eragindako infekzioen arriskua handiagoa da, batez ere asma edo inmunodepresioa dutenen artean(3,8).
Azkenik, kalamua kontsumitzen egon den urte bakoitzak birikietako minbiziaren arriskua % 8 areagotzen du(9).
(*):Urteko zigarro-pakete kontsumoa: 20 tabako-zigarro egunero urtebetez
Urteko kalamu-kontsumoa: kalamu-zigarro bat egunero urtebetez
Ondorioak
1.- Kalamu- zigarro bakoitzak bost tabako-zigarrok besteko buxadura eragiten du biriketan.
2.- Kanabisa erretzeak biriketako infekzio oportunistak eta minbiziaren arriskua areagotu egiten ditu.
3.- Kalamua erretzeari uzteak bronkitis kronikoen sintomak desagerrarazten ditu.
Bibliografia
1. European Monitoring Centre for Drugs and Drug Addiction – European Drug Report 2015: Trends and Developments.
2. Euskadi eta Drogak 2012. Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritza www.euskadi.net .
3.- Gates P, et al. Cannabis smoking and respiratory health: consideration of the literature. Respirology. 2014Jul;19(5):655-62. doi: 10.1111/resp.12298. Epub 2014 May 15.
4.- Aldington S. Effects of cannabis on pulmonary structure, function and symptoms. Thorax. 2007 Dec;62(12):1058-63. Epub 2007 Jul 31.
5.- Biehl JR. et al., Cannabis Smoking in 2015: A Concern for Lung Health?. Chest 2015 Sep;148(3):596-606.
6.- Kempker JA, et al. The effects of marijuana exposure on expiratory airflow. A study of adults who participated in the U.S. National Health and Nutrition Examination Study. Ann Am Thorac Soc. 2015 Feb;12(2):135-41.
7.- Hancox, RJ. Effects of quitting cannabis on respiratory symptoms. Eur Respir J. 2015 Jul;46(1):80-7.
8.-The impact of cannabis on your lungs. British Lung Foundation. 2012.
9.- Aldington S. et al. Cannabis use and risk of lung cancer: a case-control study. Eur Respir J. 2008 Feb;31(2):280-6.