Ariketa fisikoaren eragina egoitzetako hirugarren adineko pertsonengan: proba pilotua
Egileak:
Haritz Arrieta Etxeberria
Ana Rodriguez Larrad
Susana Gil Orozko
Jose Javier Yanguas Lezaun
Amaia Irazusta Astiazaran
Maider Kortaxarena Rubio
Mikel Markotegi Díez
Jon Irazusta Astiazaran
0
Sarrera
Hainbat ikerketek erakutsi dute ohiko jarduera fisikoak hauskortasunari aurre egiteko balio duela, oreka eta mugikortasuna hobetuz eta erorketak, instituzionalizazioa, ospitalizazioa eta hiltzeko aukera murriztuz (3). Nahiz eta lan aerobikoa, oreka eta indarra lantzeak plan eraginkorrena dirudien (2), ikerketa gehiago behar dira hirugarren adineko egoitzetan ariketa eraginkorrenak eta seguruenak zehazteko (1).
Helburuak
Egoera fisiko funtzionalaren parametroetan ariketa fisikoko programa batek hirugarren adineko egoitzetako pertsonengan duen eragina ikertzea.
Metodoak
Matia Fundazioko hirugarren adineko egoitzako pertsonek indarra, oreka eta lan aerobikoa landu zuten ariketa fisikoko programa bat burutu zuten (3 saio astean, 3 hilabetetan zehar). Ikerketan parte hartzeko irizpideak hauexek izan ziren: adina ≥70, Barthel eskalan ≥50, 10 metro laguntzarik gabe ibiltzeko gaitasuna eta MEC testan ≥20 izatea. Programa hasi aurretik pertsonen mugikortasuna aztertu zen (azelerometria). Ariketa fisikoko saioen eragina ikertzeko, hasi aurretik eta bukatzean, aldagai antropometrikoen (bioinpedantzia) eta fisikoen (ohiko ibilera eta ibilera azkarra eta Senior Fitness Test) neurketak konparatu ziren.
Emaitzak
Parte hartzaileen adina 86.55 ± 7.83 izan zen. %92k intentsitate moderatuko jarduera fisikoa 15 minutu baino gutxiago egin zuten interbentzio aurreko astean (mediana (IR) 1.08 (0.75)). Programaren hasieratik amaierara aldagai fisikoetan aurkituriko ezberdintasunak hauek izan ziren: beso flexioan %22.2 aldiz errepikapen gehiago (P<0.05), altxa eta eseri testan %20.0 aldiz errepikapen gehiago, “8 Foot Up and Go” testan, ohiko eta ibilera azkarrean %7.4, %11.8 eta %7.1 aldiz denbora gutxiago, hurrenez hurren eta 6 minutu ibiltzeko testan %2.4 aldiz metro gehiago. Gantz portzentaian (bioinpedantzia) eta gorputz masaren indizean ez ditugu ezberdintasunak topatu ariketa fisikoko programaren aurreko eta osteko neurketak konparatzerakoan.
Ondorioak
Hirugarren adineko egoitzetako parte hartzaileak ez dira nahiko mugitzen, Osasunaren Mundu Erakundeak emandako gomendioekin alderatzen baditugu: astean gutxienez intentsitate moderatuko 150 minutuz ariketa fisikoa egitea.
Proba pilotuko ikerketa honetan ikusi dugunez indarra, lan aerobikoa eta oreka landu diren ariketa fisikoko programa bat hirugarren adineko egoitzetarako eraginkorra izan daiteke.
Bibliografia
1. Aguirre, L. E., & Villareal, D. T. (2015). Physical Exercise as Therapy for Frailty. Nestle Nutr Inst Workshop Ser., 83, 83–92.
2. Cadore, E. L., Rodríguez-Mañas, L., Sinclair, A., & Izquierdo, M. (2013). Effects of different exercise interventions on risk of falls, gait ability, and balance in physically frail older adults: a systematic review. Rejuvenation research, 16, 105-114.
3. de Labra, C., Guimaraes-Pinheiro, C., Maseda, A., Lorenzo, T., & Millán-Calenti, J. C. (2015). Effects of physical exercise interventions in frail older adults: a systematic review of randomized controlled trials. BMC geriatrics, 15, 154.