Lesioak goi mailako futbolean: emakume eta gizonen arteko konparaketa
Egileak:
Jon Larruskain Zabala
Jose Antonio Lekue Gallano
Nerea Diaz Aranguren
Adrian Odriozola Martinez
Susana Maria Gil Orozko
0
Sarrera
Emakume eta gizon futbolariek jasaten dituzten lesioen arteko ezberdintasunak ikertzea beharrezkoa da arrisku-faktoreen inguruko hipotesiak sortzeko eta, horren ondorioz, prebentzio-estrategiak egokitzeko. Hala ere, ikerlan bakar batek aztertu ditu sexu-ezberdintasunak lesioen epidemiologian goi-mailako futbol europarrean.[1]
Helburuak
Goi-mailako emakumezko eta gizonezko futbolariek jasandako lesioen intzidentzia, ezaugarriak eta larritasuna deskribatzea eta konparatzea
Metodoak
Athletic Club futbol taldeko emakumeen eta gizonezkoen lehen taldeetako lesioak, eta entrenamendu zein partiduetako esposizio-denbora, klubeko zerbitzu medikoak erregistratu zituen 5 denboralditan (2010-2015), FIFA-ren argibideak jarraituz.[2] Emakumeen eta gizonen lesioen intzidentziak (lesio kopurua/1.000 ordu) z-testa erabilita konparatu ziren.
Emaitzak
Entrenamenduetako eta partiduetako esposizio-denbora eta partidu-kopurua astero %20-30 handiagoak izan ziren gizonezkoengan (P≤0.02). Entrenamendu eta partiduetako lesioen intzidentzia %30-40 handiagoa izan zen gizonezkoengan (P≤0.04), baina soilik lesio arinen kasuan (1-7 eguneko baja, P<0.01). Intzidentzia handiago hau, gizonezkoengan kontusioak 4.82 aldiz ohikoagoak izatearen ondorioa da (P<0.01), lesio muskularren eta artikularren intzidentzia antzekoa izan baitzen (P≥0.44). Bajan egondako egun-kopuru totala %21 handiagoa izan zen emakumeengan, eta belauneko eta orkatilako lotailuen lesio larrien (>28 eguneko baja) intzidentzia 5.36 aldiz handiagoa (P=0.04). Koadrizepseko lesio muskularrak, aurreko lotailu gurutzatuaren hausturak eta orkatilako sindesmosi lesioak, aldiz, ohikoagoak izan ziren emakumeengan: 2.25 (P=0.01); 4.59 (P=0.06); eta 5.36 (P=0.04), hurrenez hurren. Iskiotibialetako lesio muskularrak eta pubalgiak, ordea, 1.93 (P=0.01) eta 11.10 (P=0.02) aldiz ohikoagoak izan ziren gizonezkoengan. Emakumeengan aurreko lotailu gurutzatuaren hausturek denbora-galera guztiaren %43a eragin zuten. Bestalde, gizonezkoengan iskiotibialetako lesio muskularrak izan ziren denbora-galeraren iturri nagusia (%19).
Ondorioak
Prebentzio arloko esku-hartzeak gizon eta emakume futbolarien beharretara egokitu behar dira. Emakumeen artean aurreko lotailu gurutzatuaren hausturak prebenitzea lehentasuna da baja luzeak eta osasun arloko ondorio kaltegarriak ekiditeko. Gizonezkoen artean, ordea, iskiotibialetako eta iztarteko lesioak ohikoagoak dira. Emakumeen artean ikusitako koadrizepseko eta orkatilako sindesmosiko lesioen maiztasun handiagoa aurkikuntza berria da, sakonago aztertu beharrekoa.
Bibliografia
1. Hagglund M, Walden M, Ekstrand J. Scand J Med Sci Sports 2009, 19, 819-827.
2. Fuller CW, Ekstrand J, Junge A, et al. Br J Sports Med 2006, 40, 193-201.