Hirigune bateko emakumeen adimen asaldurak
Egileak:
A. Arillo Crespo
F. Guillén Grima
I. Aguinaga Ontoso
0
Sarrera
Gaitz psikiatriko txikiek emakumeetan eragin handiagoa dutelako uste eta iritzian erabateko adostasuna dago kasik, batez ere depresioaren kasuan. Azken 25 urteotan behin eta berriz nabarmentzen ari da lotura handi samarra dagoela emakumearen patologia psikiatrikoaren eta gizartean duen etorkizunaren aurreko egokitzapenaren artean.
Helburuak
· Txantreako auzoko 18 urtetik 70era bitarteko emakumeen patologia psikiatrikoaren gaixotze-tasa estimatzea.
· Maiztasun handieneko patologiak eta komorbilitatea ezagutzea.
· Faktore soziodemografikoek eta patologiek duten ikustekoa jakitea.
· Patologia mentalaren erregistroa istorio klinikoetan ezagutzea.
Metodoak
DIS galde-sorta egin da (Diagnostic Interview Schedule), ordenagailurako presta- tutako bertsioa hain zuzen ere, DSM-III-Ran oinarritua. Horrekin batera galde-sorta soziodemografikoa. Galde-sorta hauek Txantreako auzoko 18 urtetik 70era bitarteko 237 emakumeri egin zaizkie. Ikerketa 1996ko maiatzetik urrira bitartean egin zen. Galde-sorta soziodemografikorako datu-base bat sortu zen, EPI-INFOn, 6.0 bertsioan. Programa horrek Odds prebalentzia-ratioak eta konfiantza-tarteak kalkulatzeko balio izan du. Datuen azterketa SPSS programaren laguntzaz egin da.
Emaitzak
Azken urteko gaixotze-tasaren prebalentzia % 25ekoa izan da. Bizitzako prebalentzia 41.7koa, mota bereko beste ikerketa batzuetan baino handiagoa. Gehikuntza fobien eta depresioen ondorio da batik bat. Horrek guztiak faktore hauekin du ikus- tekoa: 21 urtetik 40ra bitarteko adina, errenta-maila baxua, etxetik kanpo ere lan egitea, kontratu finkoa izatea, lanean “gustura” ez egotea, eta “oso itota” eta “estresatua” egotea. Maiztasun handieneko patologiak hauek izan dira: depresioa (% 17.3), tabakismoa (% 17.3), fobia soila (%14.8), agorafobia (% 13.5), fobia soziala (%8.9), traumatismoaren ondoko estresa (%8.0), estura orokorra (%5.9) eta izua (% 3.8). Horietan guztietan komorbilitate handia aurkitu da, baita faktore soziodemografiko askorekiko lotura ere.
Ondorioak
Gaixotze-tasa dexente handiagoa izan da antzeko tresna diagnostikoa erabili den beste ikerketa batzuetan baino. Komorbilitatea oso handia da. Emakume gazteetan gaixotze-tasa handiagoa aurkitzea seguraski fobien ondorioa izan da gehienbat, fobiak adin hauetan gertatzen direlako maizenik. Lotura aski handia dago morbilitate psikikoaren eta faktore soziodemografikoen artean. Gaitz mentalen prebalentzia handiak eta zenbait faktore soziodemografikorekiko loturak —baita antzemandako detekzio urriak ere— erakusten digute komenigarria dela Adimen Osasunaren aldeko eta patologia psikiatrikoaren prebentziorako programak erabiltzea, eta behar-beharrezkoak direla Oinarrizko Osasun Laguntzako profesionalentzako Prestakuntza Programak (Adimen Osasunari buruzkoak).