Osasungoa Euskalduntzeko Erakundea

Osasungoa Euskalduntzeko Erakundea

+34 944 001 133

oee@oeegunea.eus

Lehen mailako arretan pazienteak identifikatzearen eragina zainketa aringarrietara bideraturiko programa integratu batean

Egileak:

Igor LarraƱaga Uribeetxebarria

Jesus Millas Ros

Myriam Soto Gordoa

Arrantzazu Arrospide Elgarresta

Ricardo San Vicente Blanco

Marisa Irizar Aramburu

Itziar Lanzeta Vicente

Javier Mar Medina

Osakidetza, Debagoieneko ESI; Goierri-Urola Garaiko ESI


Sarrera

Debagoieneko eta Goierri-Urola Garaiko ESIetan zainketa aringarriak behar zituzten pazienteen premiak behar bezala erantzunda ez zeudela ikusi zen 2013an. Senideek koordinazio eta irizpide bateratuen gabezia sumatzen zuten lehen eta bigarren mailako arreten artean. Hori horrela, zainketa aringarrietara bideraturiko programa integratu bat jarri zen abian.

Helburuak

Lanaren helburua programa integratuaren prozesua eta eragin ekonomikoa ebaluatzea izan zen.

Metodoak

Atzera begirako behaketa-diseinu bat erabili zen lana burutzeko. Xede-biztanleria definitzeko 2012 (kontrol-taldea) eta 2015 (interbentzio-taldea) urteetan hil eta arreta aringarriak jasotzeko beharra zuten paziente guztiak hartu ziren kontuan Mc Namara irizpideei jarraituz, bai minbizidunak baita ez minbizidunak ere. Interbentzioak harturiko neurri nagusiak hauek izan ziren: pazienteak arreta aringarrien kodea erabiliz identifikatzea, asistentzia-ibilbide bateratuak sustatzea lehen eta bigarren mailako arreten artean eta prestakuntza-kurtsoen emanaldia. Analisia egiteko orduan, pazienteek bizitzako azken 3 hilabeteetan izan zuten errekurtso-erabileraren profila aztertu zen.

Emaitzak

1.023 paziente identifikatu ziren 2012an eta 1.142 2015ean. 2015ean arreta aringarrien kodea erabiliz identifikatzeko probabilitatea igo egin zen, bai minbizidun pazienteetan (% 19-% 33) baiez minbizidun pazienteetan (% 7-% 16). Opiazeoen preskripzioa ere % 25etik % 68ra igo zen. Lehen mailako arretarekin izandako kontaktuek eta etxeko ospitaleratzeek gorantz egin zuten, ohiko ospitaleratzeak jaitsi egin ziren bitartean.

Ondorioak

Xede-biztanleriaren identifikazioa hobetzeak pazienteek jasotako arretaren hobekuntza ekarri zuen. Horrek zenbait funtsezko adierazletan eragina izan zuen, hala nola opiazeoen preskripzioan, ospitaletik kanpoko heriotza-tasan eta ez minbizidun gaixotasunetarako hedapenean. Identifikazioak ospitaleratzeak jaitsi zituen arren, kostuek gorantz egin zuten etxeko ospitaleratzearen erabilera handitzearen ondorioz.

Bibliografia

Azken Berriak

Sarean dira "Osatuberri" aldizkariko irakurgai berriak
Osakidetzako euskara-aldizkariaren azaroko hainbat irakurgai daude jada. Horietako batean, Begoña Velasco Bilbo-Basurtuko ESIko Prebentzioko Oinarrizko Unitateko erizainari eta Beatriz Martinez arlo bereko teknikariari hitza eman diete. Osasunbib...
Donostia Ospitalean ere ospatuko dute Euskararen Eguna
Abenduaren 3ko Euskararen Egunaren inguruan, biharramunean, ekitaldia egingo dute Donostia Unibertsitate Ospitalean. Gauzak horrela, hilaren 4an, asteazkenean, besteak beste, Biogipuzkoako adituak izango dira adimen artifizialari eta osasunari buruz hit...

Berri +

Ugarteburu sariak
Egin bazkide
Gizarte-sareak
facebook twitter
Laguntzaileak
Eusko Jaurlaritza
Bai Euskarari

©OEE

Diseinua: Di-Da Garapena: Bitarlan