Lekukoa berpiztearen arduradun. Emaitzak hobetzen dira?
Egileak:
Karlos Ibarguren Olalde
Itsaso Vaqueriza Ituriza
Cristian Fernandez Barreras
Daniel Alonso Moreno
Mario Ernesto Jimenez Mercado
0
Sarrera
Bihotz-biriketako berpiztearen kateak dituen lau katebegietatik, lehen hiruak lekukoaren esku uztea proposatzen dugu emaitzak hobetze aldera. Lekukoak bihotz-geldialdia antzematen jakin behar du, 112ra azkar deitu behar du, osasun profesionalak iritsi artean berpiztea hasi behar du eta desfibriladorea jarri eta bere aginduak bete behar ditu. Azken urteetan osasun zentroetatik kanpora desfibriladoreak agertzen hasi dira, kiroldegietan, zentro komertzialetan, geltokietan batez ere. Gure erkidegoan, ospitaleetatik kanpo 1.961 desfibriladore zenbatu ditugu. Hauetatik 316 Osakidetzaren Osasun Zentroetan daude eta 1645 osasun zentroetatik kanpo kokatzen dira. Desfibriladoreen kokapena aipatutako den arren, geldialdi gehienaknorberaren etxean (% 70) eta kalean (% 17) ematen dira.
EAEn, dekretuz, desfibriladorea erabiltzen duen pertsona ez sanitario orok honen erabileraren berri eman behar dio Emergentziak Osakidetzari. Datu hauei ospitalez kanpo ematen diren geldialdi guztien datuak batuta, lana ahalbidetu duen datu-base bat osatzen dugu.
Helburuak
Lekukoak katebegi desberdinak beregain hartzen dituenean emaitzak nola aldatzen diren aztertzea da lan honen helburua. Zehazki berezko zirkulaziora itzultzean (BEZI) eta garun egoera egokian emandako ospitaleko altan lekukoaren ekintzek duten emaitza aztertuko dugu.
Metodoak
Behaketazko azterketa prospektibo bat da. Bizi-euskarri aurreratua ez den beste lekuko batek ikusitako geldialdiak hiru taldetan banatu ditugu:
- A Taldea: Lekukoak larrialdi telefonora deitu du baina ez du berpiztea hasi eta ez du desfibriladorea erabili.
- B Taldea: Lekukoak deia egin du eta berpiztea hasi du baina ez du desfibriladorea erabili.
- C Taldea: Lekukoak, sanitarioa izan ala ez, berpiztea hasteaz gain, desfibriladorea erabiltzen du.
Hauetako talde bakoitzean berezko zirkulaziora zenbat gaixo itzultzen diren eta ospitaletik, garun egoera egokian, zenbat gaixo etxeratzen diren aztertu dugu. Hiru taldeen artean desberdintasunak ote dauden aztertzeko khi karratua erabili dugu.
Emaitzak
2017 urtean 775 berpizte hasi ziren ospitalez kanpo. Horietatik 574 kasutan bizi-euskarri aurreratua ez zen lekuko bat zegoenez, azken horiek izan dira aztertu ditugun kasuak.
|
A Taldea |
B Taldea |
C Taldea |
Batura |
|
Kasuak |
274 (% 47,7) |
194 (% 33,8) |
106 (% 18,5) |
574 |
|
BEZI |
59 (% 21,5) |
66 (% 34) |
34 (% 32,1) |
159 (% 27,7) |
p < 0,01 |
Ospitaleko alta |
15 (% 5,5) |
23 (% 11,8) |
14 (% 13,2) |
52 (% 9) |
p < 0,01 |
Lekukoek desfibriladorea 106 kasutan erabili zuten arren, 89 kasutan lekukoa bera sanitarioa izan zen. Sanitarioa izan ez zen kasuetan, lekukoa ertzaina (2), udaltzaina (2) edo larrialdi zerbitzuekin zerikusirik ez zuen pertsona (13) bat izan zen.
B eta C taldeetan, A taldean baino bai BEZI eta bai ospitaleko alta gehiago zenbatu dira eta desberdintasuna esanguratsua izan da. C taldean ospitaleko alten ehunekoa B taldean baino handiagoa izan den arren, bi talde hauen arteko aldea ez da esanguratsua.
Ondorioak
- Lekukoen ia erdiak ez du berpizterik hasten. Eskola-curriculumean lehen sorospenen gaia ez egoteak egoera honetan eragin zuzena izan dezake.
- Gure erkidegoan 1.961 desfibriladore dauden arren, larrialdi sistematik kanpoko pertsonek 13 aldiz besterik ez dute erabili. Datu txiki horren atzean, horien kokapenak eta geldialdiak gertatzen diren lekuak bat ez etortzea egon daiteke.
- Lekukoak berpiztea hasten duen kasuetan, emaitzak esanguratsuki hobeak dira.
Lekukoak berpiztea hasteaz gain, desfibriladorea erabiltzeak ez du onura esanguratsurik erakutsi gure taldean.