Osasungoa Euskalduntzeko Erakundea

Osasungoa Euskalduntzeko Erakundea

+34 944 001 133

oee@oeegunea.eus

Goldberg-en Antsietate eta Depresio Eskala: Euskarazko egokitzapenaren ikerketa pilotua

Egileak:

Joanes Lameirinhas Ortuoste

Arantxa Gorostiaga Manterola

0


Sarrera

Jakina den bezala, egungo gizartean (eta batez ere Mendebaldeko herrialdeetan) biztanleriaren zahartzea jazotzen ari da. Hau da, 65 urtetik gorakoen taldea modu esanguratsuan hazten ari da beste adin-taldeekin konparatuta, eta gainera, gero eta gehiago dira adin aurreratuenetara heltzen diren adinekoak.

Literatura zientifikoari jarraikiz, antsietatea eta depresioaren prebalentziak altuak dira adineko pertsonetan (eta batik bat, egoitzaratutako adinekoetan), hainbat faktore direla medio: bakardade-sentimendua, osasun fisikoan arazoak, narriadura kognitiboa, sare soziala txikitzea (heriotzak direla eta), eta abar.

Ildo horretatik, adinekoen dimentsio emozionala doi-doi neurtzen duten tresnen beharra dago. Batik bat, kontuan hartuta gaur egun arteko esfortzuak alderdi kognitiboaren ebaluaziora bideratu direla, alderdi emozionala alde batera utziz.

Euskal Herriko ezaugarri soziolinguistikoek, bestalde, euskarara egokitutako eta baliozkotutako ebaluazio-tresnen beharra agerian uzten dute.

Helburuak

1) Adineko pertsonetan antsietatea eta depresioaren baheketa egiteko tradizionalki erabili izan den EADG galde-sortaren euskarazko bertsioa sortzea eta beronen fidagarritasuna eta itemen funtzionamendua aztertzea.

2) Sortutako bertsioak depresioaren eta antsietatearen azpieskalen arteko erlazioa antzematen duen miatzea; izan ere, literatura zientifikoak dio bi nahaste hauen arteko komorbilitatea nabarmena dela.

Metodoak

Metodologiari dagokionez, ikerketa honen lagina 68 parte-hartzailek osatzen dute. Berauek, adineko pertsonak dira, euskal hiztunak, Nafarroa eta Gipuzkoako 5 zaharren egoitzetan egoitzaratuak, eta narriadura kognitiboa ez izatea lehenetsi da (itemen ulermen egokia ahalegintze aldera).

Erabili den tresna EADGaren euskarazko bertsioaren (GADE) lehen proposamena izan da, itzulpen-atzeraitzulpen prozesuaren bidez eraikia.

Emaitzak

Hasierako emaitzek, euskarazko bertsioak barne-trinkotasun egokia duela adierazi dute. Era berean, hitz batzuek zalantza bat edo beste eragin duten arren, parte-hartzaileek, orokorrean, itemekiko ulermen egokia azaldu dute.

(Ikus erantsitako 1. irudia)

Ondorioak

Ikerketa pilotu honetako hasierako emaitzek, orokorrean, adierazten dute GADEak barne-trinkotasun eta itemen funtzionamendu egokia dituela. Hala ere, itemen ulermen egokia oztopatu duten elementuak detektatu dira, berauek aldatzearren fase esperimentalari begira. Beraz, hasierako emaitzek iradokitzen dute GADEa, egokitzapen osoa gauzatzean, tresna fidagarria izan daitekeela antsietatearen eta depresioaren baheketa egiteko adineko euskal hiztun egoitzaratuekin.

Bibliografia

Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua eta Euskararen Erakunde Publikoa (2016). VI. inkesta soziolinguistikoa: Euskararen eremu osoa. Hemendik berreskuratua: http://eu.eustat.eus/estadisticas/tema_460/opt_0/tipo_3/ti_Euskararen_erabilera

Goldberg, D., Bridges, K., Duncan-Jones, P., eta Grayson, D. (1988). Detecting anxiety and depression in general medical settings. British Medical Journal, 297, 897-899.

Íñiguez, J. (2009). Evaluación e intervención psicogerontológica de los trastornos depresivos. Non: R. Fernández-Ballesteros (Arg.), Psicología de la vejez: Una psicogerontología aplicada (137-156 orr.). Madril: Pirámide.


Osasunaren Munduko Erakundea (2015). World report on ageing and health. Hemendik berreskuratua: https://www.who.int/ageing/publications/world-report-2015/en/

Montón, C., Pérez-Echeverría, M. J., Campos, R., García-Campayo, J., Lobo, A., eta GMPPZ (1993). Escalas de ansiedad y depresión de Goldberg: Una guía de entrevista eficaz para la detección del malestar psíquico. Atención Primaria, 12, 345-349.

Dokumentuak jeitsi:jeitsi

Azken Berriak

Aitor Montes (familia-medikua): "Osakidetzan xenofobiarik ez!"
Maiz gertatzen zait: albisteei erreparatu eta urduri jarri. La France revient, diote. Nola Le Penen Frantzia, hala espainiar xenofobia eta supremazismoa; pailazo puzgarriak bezala, behin eta berriro zutitzen dira. La merde revient. Entzun dugunez, Osaki...
Komunikazioak eta posterrak aurkezteko epea luzatuta irailaren 20ra arte
Osasun Biltzarrerako komunikazioak eta posterrak aurkezteko azken eguna irailaren 20ra arte luzatu dugu. Gogoratu biltzarra Zornotzan izango dela urriaren 25ean, “Botiketatik haratago” gaiari buruz. Askotariko gaiak ari dira agertzen, eta ma...

Berri +

Ugarteburu sariak
Egin bazkide
Gizarte-sareak
facebook twitter
Laguntzaileak
Eusko Jaurlaritza
Bai Euskarari

©OEE

Diseinua: Di-Da Garapena: Bitarlan