Osasungoa Euskalduntzeko Erakundea

Osasungoa Euskalduntzeko Erakundea

+34 944 001 133

oee@oeegunea.eus

Gulloren Sindromea. Zer da? Kasu kliniko pare baten aurkezpena

Egileak:

BeƱat de Alba Iriarte

Noelia Lopez Barba

David Monzon Casado

Maria Elena Redin Sarasola

0


Sarrera

Gulloren Sindromea pankreako hiperenzinemia onbera da, Lucio Gullo doktoreak deskribatutako entitate berri eta arraroa. Orain arte 150 kasu soilik argitaratu dira mundu mailan. Ez da gaixotasuna, asaldura onbera baizik, baina diagnostiko zuzena egitea garrantzitsua da ikerketa, terapia, ingresu eta osasun egoerarengatiko kezka antzuak saihesteko.
Pertsona osasuntsu batean denboran zehar mantentzen den hiperenzinemia da, aurrekaririk gabe modu esporadikoan gerta daiteke eta pankreako gaixotasunik gabe amilasa eta lipasa enzimen fluktuazio handia eta behin-behineko normalizazioa eragiten ditu ordu gutxian.

Helburuak

Komunikazio honen interesa aurkeztutako entitatearen berritasun eta bitxitasunean datza. Hauek dira Euskal Herrian diagnostikatu diren asaldura honen lehen bi kasuak, baina gehiago direla uste dugu. Horregatik, Laborategitik Gulloren Sindromearen berri emanez paziente zein osasun-langileak ohartarazi nahi ditugu, bere diagnostiko goiztiar eta zuzenak premiagabeko antsietate eta azterketa medikoak ekidin baititzake, osasunaren prebentzioan lagunduz era berean.

Metodoak

Bi pazienteren diagnostikoa eta jarraipena egin genuen Laborategian.

Emaitzak

Lehen kasua 38 urteko gizonezkoa zen. Osasun zentroan ateratako odol-analisiaren emaitzetan amilasa eta lipasa altuak azaldu ziren, 221U/L [10-125] eta 178,9U/L [13-60] hurrenez hurren, ondorioz pankreatitis akutua susmatu zuten. Larrialdietan egindako azterketa fisikoa eta irudiak normalak izan ziren ordea, ez zeukan sintomarik eta harrigarriki pankreako enzimak normalizatu egin ziren. Bi aste geroago berrikusi zuten. Odol-analisian alteratutako parametroak amilasa (313U/L) eta lipasa (344,8U/L) izan ziren bakarrik, baina handik 8 ordura egindako odol-analisiko emaitzak normalak izan ziren berriz: amilasa 127U/L eta lipasa 48U/L. (1.Irudia)
Bigarren kasua 62 urteko emakumezkoa zen. Hamar urtean zehar medikuak odol-analisi bidezko jarraipena egin zion pankreako enzimak arrazoi zehatzik gabe alteratuta izaten dituelako, nahiz eta noizean behin emaitza normalak izan eta inoiz sintomarik ez izan. Medikuak, zalantzaz beteta, ez zuen emaitza aldakor horien zergatia azaltzen jakin. (2.Irudia)

Ondorioak

Bibliografia sakon aztertuta bi kasuotakoa Gulloren Sindromea deritzona zela ondorioztatu genuen Laborategian. Garrantzitsuena zera da: asaldura onbera izanik, garaiz identifikatuz gero, behargabeko azterketa, tratamendu eta osasun egoerarengatiko antsietatea ekidin daitezke.

Bibliografia

Azken Berriak

Sarean dira "Osatuberri" aldizkariko irakurgai berriak
Osakidetzako euskara-aldizkariaren azaroko hainbat irakurgai daude jada. Horietako batean, Begoña Velasco Bilbo-Basurtuko ESIko Prebentzioko Oinarrizko Unitateko erizainari eta Beatriz Martinez arlo bereko teknikariari hitza eman diete. Osasunbib...
Donostia Ospitalean ere ospatuko dute Euskararen Eguna
Abenduaren 3ko Euskararen Egunaren inguruan, biharramunean, ekitaldia egingo dute Donostia Unibertsitate Ospitalean. Gauzak horrela, hilaren 4an, asteazkenean, besteak beste, Biogipuzkoako adituak izango dira adimen artifizialari eta osasunari buruz hit...

Berri +

Ugarteburu sariak
Egin bazkide
Gizarte-sareak
facebook twitter
Laguntzaileak
Eusko Jaurlaritza
Bai Euskarari

©OEE

Diseinua: Di-Da Garapena: Bitarlan