Elkarrizketa motibazionalak gehiegizko pisua duten pazienteei lagun diezaieke?
Egileak:
Itsaso Palacios RodrÃguez
Idoia Iturbe Telleria
Iratxe Urkia Susin
Edurne Maiz Aldalur
Eva Pereda Pereda
0
Sarrera
Munduko Osasun Erakundeak 1975. urtetik gaur egun arte obesitate tasa hirukoiztu egin dela dio eta hainbat ikerketen arabera, joerak berdin jarraituz gero, 2030. urterako munduko biztanleriaren % 51ak obesitatea pairatuko du. Gainpisu eta obesitate gaixotasunen etiologia anitza da, gehiengoak prebenitu daitekeelarik. Haurtzaroan zein nerabezaroan gainpisua edo obesitatea izateak helduaroan osasun ondorio negatiboak izateko aukerak handitzen ditu. Diziplina anitzeko taldeek gainpisu eta obesitate tasa murrizten eta kasu berrien prebentzioan lagun dezakete. Elkarrizketa motibazionala bezalako teknikak pisua murrizteko erabili izan ohi dira.
Helburuak
Elkarrizketa motibazionalak gehiegizko pisua duten pertsonengan pisua jaistea eta mantentzea eta intzidentzia-tasa prebenitzea eragiten ote duen aztertzea.
Metodoak
MEDLINE, PsycINFO, EMBASE, CINAHL, LILACS eta DIALNET datu baseetan artikulu bilaketa burutu zen hurrengo hitz gakoen konbinaketa ezberdinak eginez: overweight, obesity, motivational interviewing eta effectiveness. 30 artikulu errebisatu ziren.
Emaitzak
Ikertutako artikuluek adierazten dutenaren arabera, prebenitu daitezkeen gaixotasunak direnez, askoz ere egokiagoa da prebentzioan zentratzea tratamenduan baino. Horrez gain, diziplina anitzeko ikuspuntua beharrezko da gehiegizko pisuan faktore anitzek dutelako zeresana. Ikerketa desberdinek, lehen mailako arretan elkarrizketa motibazionalaren erabilerak obesitatea prebenitzen laguntzen duen teknika dela ondorioztatu dute. Horrez gain, pisu galera sustatzeko, tratamenduaren baitan, dieta eta ariketa fisikoan oinarritutako aholkularitzarekin batera, teknika honen eraginkortasuna baliostatu da, izan ere, obesitatea tratatzeko alderdi psikologikoa lantzea ezinbestekoa baita.
Ondorioak
Errebisioak gainpisuaren eta obesitatearen prebentzioa arlo ezberdinen arteko koordinazioa bitartez egin behar dela iradokitzen du, baita elkarrizketa motibazionalaren erabileraren eraginkortasuna egiaztatu ere. Ikerketa gehiago behar da, gehiegizko pisuaren etiologia hobeto ezagutzeko eta bizitza ohitura osasuntsuak sustatzeko. Halaber, prebentzioan oinarritutako politika sozialak sustatzean, osasun gastuak murriztuko lirateke eta pertsonek osasun fisiko zein mental hobea izango luketela aurreikusten da.