Berriak
Gobernuaren azken erabakiari buruzko artikulua
2012-04-02
Asteartean El Mundok argitaratutako artikulu honek berriro ere argiro uzten du gure Akilesen orpoa non dugun.
Espainolak eta espainol zaleak, euskal abertzale edo espainolista izan, ez dira arazoaren alderdirik gogorrena. Artikulua astiro irakurrita argi geratzen da, nik uste, euskaldunok euskera erabiltzen tematu behar garela, Osakidetzan adibidez, eta mundu pribatuan jokabide diskriminatzaile garbia eduki behar genukeela: denda honetan ez dut erosten, ondokoan baizik, euskaldunak dira eta; nigandik zerbait behar baduzu (inkestari erantzun, informazioa eman…) euskeraz eskatu beharko didazu.
Hori guztia horrela dela sinistuta ere, arazoa da ezen, daukagun babes sozial eskasarekin, dugun estatus erreal apalarekin, barneratuta dauzkagun hizkuntza erabilera-arau sozialarekin, demografia-gabezia handiekin… euskera erabiltzen tematzea, eguneroko bizitzan bederen, heroismoaren mugan jokatzea dela, edo heroismo hutsa, eta denok ez gara heroi izateko jaio, edo jada ez daukagu adina horretarako, edo… Baina gauzek mundu honetan funtzionatzen duten modura funtzionatzen dutela, sorgin-gurpil batek harrapatuta bizi gara: erabilera eskasa dugunez, ez omen dago justifikatuta gugan inbertsio “handiak” (ekonomikoak eta sozialak) egitea, eta inbertsio horiek egiten ez direnez, zail dugu aurrera egitea.
Gogoeta sakon bat egin behar genukeelakoan nago. Ziur aski eginda dago -eta nik ez dut jakin-, edo gogoeta egin den arren, zail da oso, behar ditugun aldaketa kulturalak mamitzea (balio eta ohituretan egin behar diren aldaketak), izan ere ez daukagulako kulturan behar beste indar (botere) eragiteko, ekonomian, politikan… ere eragiteko ez daukagunez gero.
Kontua da elite batek –eta elite bat gara, norbaitek hitza atsegin ez badu ere- gauzatxook argiago eduki behar lituzkeela, benetan zer garen eta non gauden. Oinarri sozial oso apala dugu, eta botere urri-urria, beraz, horren neurriko estatusa -ia errekan. Paradoxikoki, identitate kolektiboan pisu handi samarra badugu ere, politikak emandako estatus sinboliko ona-edo, garai bateko fuerismoari eskerrak, eta orobat haren oinordekoa den abertzaletasunari eskerrak, abertzaletasuna zentzu zabalean hartuta, hots, sozialistaren bat barruan hartuta, gaur egun sozialdemokrata eta liberal progre bihurtu zaiguna.
Alabaina, estatus sinbolikoaren jabeak –alderdi abertzaleek- ustiatzen du sinbolo hori, eta horrela, politikak berak erdiesten du sinbolismo horren onura edo etekina. Tamalez, hortxe ahitzen eta agortzen da euskeraren ahalmen sinboliko gehiena, eta zaigu mami handirik geratzen guk geuk (euskaldunok) estatusa profitatuz hizkuntzaren erabilera indartu eta hedatzeko. Ez dut estatus sinbolikoa gutxietsi nahi, alderantziz, bejondeigula! Txarrago hori ere ez bageneuka. Alta, ez gaitezen tronpatu, jakin dezagun gauza bakoitza zertan den eta zer ematen duen.
Hor dago koska. Ondo dago mezu orokorrak sortzerakoan idealismoaz baliatzea (berdintasuna, askatasuna, herrien duintasuna, ekolinguismoa…) ondo halaber patetismo pixka bat gehitzea, hobeto manikeoak izanik propagandaren eskematismoa erabiltzea… Horiek guztiak masa-komunikazioaren premiak dira, elikatu behar direnak mezu eragingarriak egite aldera. Hala ere guztiz ere, elite batek sakonago egin behar du gogoeta, eta diotsudanez, elite bat gara, kasurik onenean behinik behin.
Ordea, hausnarketa egiterakoan ez dugu idealista, patetiko, manikeo eta eskematiko izan behar. Zailtasunez eta konplexutasunez kargutu behar dugu, arazoen oinarri materialez, nahiz eta gero, komunikatzerakoan, pentsamenduok gogoeta-hari nagusi batzuetara trinkotu, liburu bat idatziko ez badugu behintzat, eta gogoeten emaitzak laburtu beharrez. (1)
Horiek horrela, noizbait esan dudanez, gure ideologian dagoen osagai idealista-populista handiak arnasa eman digu euskaldunoi, koitaduok pena ematen baitugu eta Itun Berriak gizajoak eta gajoak maite baikaitu. Errukigarriak gara errukitsuen artean; benetan? Antza denez gurea, txiroena, izango da Jainkoaren Erresuma. Bego hor. Zerua irabaziko dugu agian, baina eskarmentuak beti argi utzi izan du lurtarren erresuma ez dela inolaz ere txiroena, ez umilena, nagusiena baizik. Horregatik, populismoarekin erabat apurtu ez arren (are gutxiago bat-batean, errotiko aldaketak itxurazkoak eta azala huts izaten baitira), nago beste norabide bateko estrategiaz pentsatzen hasi behar genukeela, ez hainbeste Euskal Herriko herritar guztiak euskalduntzea lehentasuntzat jota –ideal gisa baztertu edo kendu ez arren, baizik eta horri baino erabakitsuago begiratuz botere-guneak bereganatzeari. Edo gutxienez, lan-ildo nagusitzat har dezagun botere-gune berriak sortzea. Noski, ezinbestean eliteak behar ditugu (UEU, OEE…), zeren giltzarria eliteak baitira, ez herritarrak edo langileria.
Gainera, aurreikusiz zibilizazio honen hurrengo aldiak gero eta latzagoak izango direla, gero eta gatazkatsuagoak, gizarte-kohesioaren mailan gero eta lotura ahulagoak… (2) orduan eta garrantzitsuagoa izan daiteke ahalik eta botere-gune gehien euskaldunen eskuetan egotea, eta ez zabalkunde demografiko hutsa. Bestalde, nork pentsa lezake gizarte batean aitzindari, erreferentzia, elite, boteredun… izan gabe inork jarraituko dizunik, zure kultura bereganatu, zure hizkuntza ikasi eta erabiliko duenik? Gero eta nahasiago dagoen gizarte kultur anizkun, mestizatu edo hibridatu honetan, benetan uste du inork etorkinek, kasu, euskalduntasunari balioa emango diotenik euskaldunengandik nolabaiteko onura edo abantaila sozial, ekonomiko, politiko eskuratu gabe? 2000 urteko kristautasunaren eraginez, platonismoz beterik, eta beharbada kristautasuna bera txarto ulerturik, norbaitek uste du mundua gehien bat ideiek mugitzen dutenik eta ez atomoek, energiek, muskuluek, neuronek, kirioek, nerbioek, zelulek, hormonek? Zientzialari asko, eta haien artean goi-mailako fisikari ugari, fededunak edo erlijiotsuak izan dira, Einstein bera ez ezik, baita fisika kuantikoaren aita pontekoak ere. Are gehiago, fisiko nagusi batzuk platonikoak ere izan dira, baina ez dituzte gauzak nahastu, eta Zerua egon daitekeela pentsatu arren, munduko arauen bidez begiratu diote munduari.
Gure arazoak, oroz gain, sozialak dira, hiztun-herriak horrelakoak baitira, beraz, ekonomikoak, politikoak… eta noski, kulturalak. Alde horiek guztiok poliedro beraren alde desberdinak baizik ez dira. Ikuspegi horretaz aztertu behar ditugu, eta eremu horretan bilatu konponbideak, xedeak eta estrategiak. Nietzschek mundua ikuspegi naturalistaz ikusteari “lurrari fidel izatea” zeritzon, alegia, lurraren arauei begiratzea, eldarnioetan galdu gabe, batez ere idealismo filosofikoaz den bezainbatean. Idealismo morala utzi beste eginkizun batzuetarako, eta ogi gogorrari haginak zorrotz.
Etxean nagusi izatea da iparrorratza, artikulu batean esan nuenez. Esango duzue hori oso zaila dela, baiki, baina are zailagoa, ezinezkoa ez esatearren, gamelua orratz baten begitik igaroaraztea, hori fisikaren legeen aurkakoa denez. Tarsoko Paulok (San Pablok) hori bazekien Itun Berria idatzi zuenean. Geuk ahaztu dugula dirudi; metafisika ez da bidelagun ona fisikaz hausnartu behar dugunean, eta horixe da hizkuntzaren arazoa, arazo fisiko bat. Badakizue zer dioen grabitazio unibertsalaren legeak; masa handia dutenek masa txikiagoa dutenak erakarri eta inguruan biraka jartzen dituzte; era bertsuan, gizartean, baina boterea da erakartzen duen indarra. Nagusi bilakatzea, zaila da, eiki, baina gure zailtasun nagusia ideologikoa da, zentzu zabalean esanda, kulturala, halako moduan non, kargututa gaudenean ere balioak aldatu behar ditugula, ez baikara gai pentsamolde berri bati ateak irekitzeko eta praktika nahiz jokabide berriak abiarazteko. Hor dago gainditu behar dugun lehenengo langa, agian, garrantzitsuena (2). Baten batek esan lezake ez duela nagusi izan nahi, baina gutxienez txokotxo bat nahi duela bizirik irauteko. Bada, txoko bat izateko ere borrokatu behar da, nagusi izateko borrokan, gune, sare, esparru batzuetan behintzat; bestela, janari zara, orain arte bezala, nagusiaren otorduetan.
Eta, noski, arazo hau, politika konbentzionalari bagagozkio, transbertsaltasuna eskatzen du (zeharlerrotasuna). Euskaldunok, boterez hain urri, hain desjabeturik, ez dugu alderdirik ez sindikaturik; ez gaitezen engainatu. Euskalduntasunak ez du berezko adierazpide politikorik lortu. Baina, hori ere erlatibo samarra da, zeren alderdi edo sindikatuetan, guztietan erdaldunak nagusi izan arren, euskaldunen (euskalduntasunaren) pisua ez da orotan berdina -jarrerak ere ez noski-, ez alderdi abertzaleak eta Espainia zaleak erkatzen baditugu, ez eta abertzaleen artean ere. Beraz, ez da oso adimen argikoa euskaldunen amoregatik alderdi edo sindikatu batekin erabat identifikatzea (egon badaude beste arrazoi batzuk identifikatzeko, noski). Adibidez, une honetan Euskal Herriak independentzia eskuratuko balu, baliteke euskaldunoi kalte handiagoa egitea ezen ez mesedea, Irlanda etsenplu. Eta, alderantziz, alderdi eta sindikatu desberdinetan egoten dira euskal eliteko kide izan litezkeenak, eta jakina, haietatik kanpo ere bai. Nolanahi ere den, politika ezinbestekoa da, botereagatiko lehia denez gero. Ez dezagun Joseba Sarrionaindiaren antzera botereagatiko borroka gaitzetsi, politika zelanbait esanda.
Gogoeta honek kutsu iluna edo negatiboa hartu badu, ez da hori nire asmoa, alderantziz baino. Gainera, uste dut gainbehera doan zibilizazio honetan toki hobea dugula beste askok baino: baditugu askok ez dituzten arrazoiak gure artean elkarrengana biltzeko, gure kohesioari eusteko. Ezin dut amaitu aipatu gabe ekimen oso interesgarriak hasi direla gure inguruan, bide egokia erakusten duten esperientziak, eta ez nolanahikoak. Arrasateko unibertsitatean, kasu, humanitate eta soziologiaren arloak (ez dakit zehazki nolako izena duen), ia euskera hutsez funtzionatzen omen du, nahiz eta beste hizkuntza batzuk ere erabiltzen diren (ingelesa, gaztelania). Hor ikasi nahi baduzu, euskera jakin behar duzu. Horra hor argia izpi distiratsu bat, ardatz den eremu batean, unibertsitatean, edo oso gurea den sare batek bultzatuta, kooperatiben mugimenduak. Betoz sendi bereko ume gehiago. Hala biz.
Ondo izan
OHARRAK
(1) Dena dela, bat nator Nietzscherekin esan zuenean (Mas allá del bien y del mal) pentsalari (filosofo) baten benetako edukia ikusi nahi badugu pentsamendu hori eragiten duten pasioak ezagutu behar direla. Beraz, modu idealistan edo naturalistan ez dugu pentsatzen aukera libre bat egiten dugulako, baizik eta gure gorputzak pentsamolde bat edo bestea (edo mutur bien artean dauden hamaika graduetatik bat) eskatzen digulako.
(2) Historian goi jo eta behera erori diren zibilizazio asko batzuk egon dira, eta, desberdintasunak desberdintasun, zertzeladengatik ere, ezaugarri orokor batzuk partitu dituzte. Spenglerrek zioen zibilizazioen azken aldia “metropolitanoa” zela, hots, globalizatzailea eta metropolietan kontzentratua.
(3) Bitxia da, baina pentsamendu populistaren langa gainditzeko zailtasun gehien edukitzen dutenetarikoak dira bizitza osoa ideologia elitista bati sendo atxikita ibili direnak, nahiz eta ideolgia hori populismo gotorrez mozorrotuta egon. Zeintzuk? Batetik, marxista iraultzaileak izandakoak (gaur egun ia ez da horrelakorik geratzen, baina bai molde beretik pentsatzen jarraitzen dutenak), estrategia abangoardia baten mendean jartzen zuten haiek; bestetik, kristau ortodoxoagoak (aurrekoak kristau heterodoxoak ziren, jakin gabe), hots, kristauak (kristau ofizialak nolabait esatearren), horiek ere, Elizari atxikiak izan arren, pentsamolde izugarri elitista bati darraizkio eta (egituratzeko moduari begiratzea baino ez dago). Orduan, zer eragozpen dute kristau heterodoxo ohiek (marxista iraultzaileek) eta ortodoxoek (elizkoiek) euskal elitismoa bultzatzeko? Jarrai daiteke, noski, populismoa aldarrikatzen, beti egin izan den bezala, baina begirada behar den tokira zuzenduta.
Utzi zure iruzkina