Maiatzaren 19an amaitu da OEEk, Bizkaiko Sendagileen Elkartearekin batera antolatu duen 22. Osasun Biltzarra, “Osasun-langileon erronka berriak” izenburupean. Bi egun hauetan, 3 mahai inguru, beste zeharlerroko 2 hitzaldi, ahozko aurkezpenak, posterren erakusketa eta 2 tailer egin dira Bilbon.
Bizitzaren medikalizazioa
Gai honi dagokionez, Eulali Mariñela-renak, Gipuzkoako Familia eta Komunitateko Medikuntzako arduradunak, diagnostiko-proben onurak eta arriskuak azaldu ditu, eraginkortasunaren arabera egin behar direla azpimarratuz eta proba prebentiboek arriskuak ere badituztela gogoratuz.
Arritxu Etxebarria Gipuzkoa Eskualdeko farmazialariak oraindik ezezaguna den depreskripzioaren gaia zertan datzan azaldu du. Horrela, preskripzioaren kontrako prozesua dela esan du eta batez ere 70 urtetik gorako paziente kronikoengan medikamentu kopurua gutxitzeko aukera aztertzen duela. Kronikoei medikamentu-tasa behar bezala gutxituz, hilkortasun-tasa gutxitzeko aukera dagoela adierazi du.
Hirugarren hizlaria, Joserra Ramon Bilbao, EHUko Genetika, Antropologia Fisikoa eta Animalien Fisiologia Saileko irakaslea, genetika-proben abantaila zein arriskuez aritu da. Adibidez, genetika-probek pertsona batek epe luzera garatzeko arriskua duen gaixotasun baten aurrean zer egin, pazienteari esan ala ez esan, eta sor daitezkeen honelako arazo etikoak aipatu ditu. Gainera, honi buruz esan du lege aldetik markoa (2007ko Ikerkuntza Biomedikoaren Legea) ezartzen hasi den lagina leku batetik bestera pasatzen denean ardura norena den ez dagoela argi.
Mahai-inguru honetako azken hizlariak, Loudes Galarragak, Ondarroako lehen mailako erizainak, TRIAP proiektua azaldu du. Ekimen hau kronikotasunaren estrategia barruan kokatuta dago eta mediku, erizain eta idazkariez osatutako lan-taldeen arteko elkarlanaren bidez, efizientzia handitu nahi da. Horrela, sendagairik behar ez den kasuetan auto-zainketaren sustapena nola egin eta horrek dakartzan abantailak azaldu ditu.
Osasun-langileak gaixotzen direnean
Bigarren mahai-inguruan ere gauza interesgarri asko entzuteko aukera izan dugu. Batetik, Mercedes Petralanda Lan Arriskuen Prebentzio Zerbitzuko eta lan-osasuneko medikuak, 2010eko Osakidetzako Prebentzio Zerbitzuaren informazioa luze-zabal eman du, osasun-arloan gertatzen diren lan-istripuak, gaixotasunak, eta horien bilakaerak azalduz. Adibidez, Osakidetzaren kolektiboan 2.732 lan-istripu izan ziren 2010ean, horietatik in itinere, %31 biologikoak, %22 muskuloeskeletikoak, %5 eraso motakoak eta %29 “beste mota batzuetakoak”. Bide horretan Prebentzio Zerbitzuaren lana eta ildo honetan gero eta handiago duen esku-hartzea aipatu du.
Angel Alayok, Lehen Mailako Atentzioko medikuak “Sendagile artean” izeneko Euskadiko Sendagileen Kontseiluaren proiektua zer den azaldu du. Zerbitzu horren bidez, gaixotzen diren osasun-profesionalek bide egoki bat dute euren gaixotasuna tratatzeko. Urtero 125 bat kasu bideratzen dira. Detektatu diren gaixotasunen ia bi herenak gaixotasun mentalekin zerikusia izan dute.
Alberto Ibarzabal, anbulantzietako teknikariak osasun-langileen aurkako indarkeriaz hitz egin du. Azken bolada honetan eta zenbait lan-eremutan garrantzia handia hartzen ari den gertakari soziala da. Gure eremuan, arlo sanitariora jotzen duten herritarrek badituzte eskubide eta betebehar batzuk. Hala ere, herritar eta profesionalen arteko harremanak konplexuak direnez, batzuetan erabiltzaileen partetik edo euren senideen edo laguntzaileen partetik osasun-langileei zuzendutako ahozko erasoak edo eraso fisikoak gertatzen dira. Eraso hauek beste sektoreetan ere gertatzen dira eta, joera orokor horren barruan, Osakidetzan ere goranzko joera dute, 371 kasu gertatu direlarik pasa den urtean.
Osasun-langileak eta teknologia berriak
Mahai-inguru hau larunbat goizean izan da eta lehenengo hizlariak, Lehen Mailako Atentzioko pediatra den Ruben Garciak, internet osasuna nola aldatzen ari den eta etorkizunean oraindik gehiago areagotuko diren ildoei buruz hitz egin du. Internetek gero eta tresna gehiago eskaintzen ditu eta osasun-profesionalentzat tresna aparta izan daiteke. Hala ere, gaur egun e-osasun delako horren presentzia txikia dela ere esan du.
Hurrengo hitzaldian Jesus Larrañagak eta Miren Ormaetxeak, Osakidetzako Bilboko Eskualdeko Zuzendaritzako kideek, Hobe4+ ekimenaren berri eman dute. Interneten dagoen tresna honen bidez profesionalen arteko informazioaren elkartrukatzea errazten ari dira eta gero eta erabilera handiagoa dauka. Izatez, ezagutzaren kudeaketarako plataforma teknologiko berria da eta arlo tematiko desberdinetan egituratuta dago.
Mahai-ingurua amaitzeko, Begoña Goiriak, Lehen Mailako Atentzioko medikuak Biriketako Gaixotasun Buxatzaile Kronikoa duten eta berriro ospitaleratuak diren pazienteak, informazioaren teknologiak erabilita, kontrolatzeko ereduaren eraginkortasuna azaldu du. Teknika horrek Telebgbk du izena (telepoc) eta gero eta hedadura handiagoa dauka. Gogoratu digunez, arnas aparatuko gaixotasun kronikoa heriotza eragiten duen bigarren arrazoia da gaur egun.
Euskararen arnasguneen beharra eta Osakidetzako Euskara Plana
Gai sanitarioak alde batera utzita, gauza gehiago ikusteko aukera izan dugu, parte hartzaileen interesa bildu dituen beste bi hitzaldien bidez. Batetik, osasun-administrazioetan azken urteotan herritarrei zerbitzu elebiduna bermatzeko egin diren hizkuntza-politiken planen azterketa egin du Roberto Manjonek, Osakidetzako euskara-teknikariak. Horren barruan, euskaldunak antolatzeko, egitura guztietan euskaltzale eta euskara normalizatzailearen eragile izateko eta linguistikoki sozialki aktibo izateko beharra azpimarratu du.
Izan ere, Euskal Herriko zenbait datuk iradokitzen dutenaren arabera (erabilera egonkortzea, eremu ez formal eta sozioekonomikoetan presentzia urria...) Irlandako egoera errepikatzeko arriskua gero eta nabarmenagoa da. Horretan, gaur egungo globalizazio- eta metropolizazio-prozesuak euskararen arnasguneak itotzen ari direla aipatu du.
Argi dago, hiztun-komunitateek euren hizkuntzari eusteko, Euskal Herriko ingurune euskaldunetako eskualdeek gaur egun ez dituzten baina beharko lituzketen hiru baldintza aipatu ditu: biztanleria, ekonomia eta kultur eta politika arloko autonomia. Bereziki azpimarratu du lurraldearen antolakuntza-politikak aldaketa linguistiko eta kulturalean duen eragin itzela.
Paziente baten propoposamena: zer egin espondilitisari aurre egiteko
Eta biltzarrari bukaera emateko, Pello Zubiria, Argia aldizkariko zuzendariaren albokoak estilo pertsonal eta zuzenean, espondilitis gaixotasuna edukitzea zer den kontatzeko aukera izan du. Batetik, medikuntza tradizionaletik jasotako emaitza eskasak aipatu ditu Pellok, nahiz eta botiken kostuak itzelezkoak izan. Ondoren, bere gaixotasunari aurre egiteko eta interneten bidez ezagutu izan duen terapia bat aipatu du eta horri esker lortutako hobekuntza. Bere ustean, garrantzitsuena pazientea osasun-sistemaren erdigunean jartzea da, medikuntzan egon daitezkeen bestelako interes batzuk alde batera utziz.
Ø Liburua: Biltzarraren liburua jaso nahi duenak Idazkaritzan eska dezala (bidalketa-gastua baino ez da kobratuko)
Ø Edukia: Biltzarraren hitzaldi, ahozko aurkezpen eta posterrak webgunean ikusgai daude (Fondo Dokumentalean eta Biltzarrean)
Informazio gehiago Gararen Gaur 8n:
Gaur8
Osatuberri