Berriak
Kontseiluak manifestazio deialdia egin du abenduaren 1erako
2012-10-30
Abenduaren 1ean hitzordua Donostian
OEE osasun alorreko prentsaurrekoan izan da:
http://berria.info/albisteak/72203/osasun_alorrean_euskaraz_bizi_ahal_izateko_neurriak_hartzeko_eskatu_dute.htm
Kontseiluak manifestaziorako deia egin du abenduaren 1erako Donostian. Izan ere, guztion lana izango da Donostian euskaraz bizi nahi duen herri bat badagoela erakustea. Ekin diezaiogun, bada, lanari!!!!
Paul Bilbao Sarria
KONTSEILUAREN Idazkari nagusia
AURREKARIAK
Kontseiluak 2010ko maiatzaren 15ean Nafarroan eginiko manifestazioan jarri behar dugu lehen aurrekaria. Manifestazio horrek ageriko arrakasta lortu zuen. Ez hori bakarrik, Kontseiluaren ildo estrategiko berrituaren lehen inflexio‐puntua markatu zuen. Horren ondotik, Deiadar manifestazioa izan genuen. Kasu horretan, Euskal Konfederazioak eraman zuen gidaritza nagusia. Mobilizazio horrek ere arrakasta nabarmena izan zuen.
Azpimarratzekoa da, bi manifestazioen arrakastarako gako nagusiak ondorengo biak izan zirela: Batetik, herritarren artean nabaria zen ezinegona adierazteko beharra. Ez zen kasualitatea izan, euskalgintzak bat egitea halako ekimen baten premia Kontseiluari mahai gaineratzeko garaian. Bestetik, gogoratu behar dugu bazkideek euren gain hartu zutela manifestaziora jendea eramateko ardura eta pisu nagusia.
TESTUINGURUA ETA EGOERAREN GAKO BATZUK
Aurreko mobilizazioen ondoren, Kontseiluan EAEko markoan kokatzen den hirugarren mobilizazioa garatzea proposatu da. Mobilizazio horiekiko testuingurua, aldiz, nahiko bestelakoa da.
EAEn une honetako eztabaidagai nagusia eta zentrala krisi ekonomikoari lotutakoa da. Hor dago foku informatiboa eta eztabaida soziala. Hauteskunde‐zurrunbiloan ere horrek hartu izan du zentralitatea. Ezer gutxi hitz egin da hizkuntza‐politikaz, nahiz eta saiakerak egin ditugun gaiak behar duen tokia har dezan. Hortaz, hizkuntzak ez duen zentralitateaz jabeturik, gu gara kanpainan eta gobernu osaketa garaian gaia kokatu behar dugunok. Guk eragin behar dugu hizkuntza agenda eta eztabaida politikoen erdigunean egon dadin.
Halere, azkenaldian hizkuntzaren inguruko eztabaida batzuk egon dira (EH esnea, Gipuzkoako diputazioak hartu duen erabakia, euskararen ezagutzaren derrigortasuna), eta denetan azaldu dira euskaldunak euren iritzia ematen. Herri euskaldunak badauka gogoa bere iritzia eta sentimenduak azaltzeko. Kanpaina egoki batekin hauetako milaka lagun aktibatzea lortuko dugu.
HELBURUAK
• Euskalgintza, herri euskalduna momentu soziopolitiko klabe honetan indartsu azaltzea.
• Euskaraz bizi nahi duen jende multzo zabala azaltzea, horretarako, harrotasuna eta asmo sendoa adieraziz. Hemendik ez dira pasako ideia mahai gaineratu eta gobernu berriari begira, mugarri argiak (ezagutzaren unibertsalizazioa eta arnasguneak) ezartzea.
• 30 urtetan egon den hizkuntza‐politika aldatzeko presioa eraikitzea, eta aldaketa horren oinarrian ezagutzaren unibertsalizazioa eta arnasguneak bultzatzea eta babestea ezinbesteko moduan kokatzea.
MEZUA EDO LELO NAGUSIA
‐ Euskaraz bizi nahi dut, horixe delako nire hizkuntza. Natural sentitzen dudana, natural egiten dudana eta egiten nauena. Euskalduna naiz eta hala izan nahi dut gero ere. Ez da, ordea, osoki nire esku dagoen zerbait.
‐ Hizkuntza zerbaitetarako bada, harremanetarako, komunikatzeko da. Pertsona desberdinen urteetako harremanak egituratzeko eta batzeko, hizkuntzakomunitate sendo bat eratzeko balio izan du euskarak. Etorkizunean ere, euskara izango bada, komunitate horrek iraun duelako izango da. Guk iraun dugulako izango da.
‐ Gu izateko, ordea, jendea behar da, hizkuntza‐komunitatea osatu behar da. Ezinbestekoa da euskarak iraun dezakeen komunitate bakarrean, hizkuntzakomunitate horrek duen lur eremu bakarrean, Euskal Herrian, euskara eta hizkuntza‐komunitatea indartzea. Horretarako ezinbestekoa da, euskararen berezko lurraldean bizi eta lan egiten dugun guztiok euskara ezagutzea.
‐ Halere, jakitea ez da nahikoa. Hizkuntza harremanetarako, komunikatzeko erabiltzen den neurrian, ezinbestekoa da erabiltzeko aukera izatea. Euskararen eremuak sortu eta hedatu behar dira.
‐ Azken bi urteotan Euskaraz bizi nahi dut Kontseiluaren marka bihurtu da, bai eta ekimenen leloa ere. Jende askok egin du bat lelo horrekin eta manifestazioan ere lekua izan behar du. Horrexegatik, pankarta nagusiari begira, ondorengoa erabiliko da: EUSKARAZ BIZI NAHI DUGU
Utzi zure iruzkina