CAF-Elhuyar sarien barruan Elhuyar Fundazioaren Merezimendu saria jaso du Osasungo Euskalduntzeko Erakundeak. 23 urte daramatza lanean eta osasun arloko ia 400 lagun biltzen ditu.Euskal Herriko osasungintza gaixo dagoela maiz entzuten da eta diagnostiko bera egiten du Karlos Ibarguren (Errenteria-Orereta, 1965) mediku eta OEE Osasungo Euskalduntzeko Erakundeko lehendakariak. Gaitza sendatzeko pausoak ematen ari dira.
Duela 23 urte inguru sortu zen OEE. Zerk bultzatuta?
Pentsa duela 23 urte nola egongo zen euskararen egoera osasun arloan. Gaur egun gure iritziz oso gaizki dago, baina garai haietan… Beste sektore batzuetan euskara planekin hasi ziren, euskalduntzeko pauso batzuk ematen eta osasun arloan lehenengo euskara plana 2005ekoa da, Osakidetza sortu eta 22 urtera. Oso berandu, nahiz eta gure erkidegoan euskara dagoeneko ofiziala izan, eta teorian bazegoen arta edo atentzioa euskaraz eskatzeko aukera. Medikuen artean batez ere kanpotik etorritako asko egon dira hemen, zerbitzu-buruak ere… Oraindik gaur egun ere Osakidetzak badu bere euskara plana, baina gure erkidegoan pribatu gehienek ez dute euskara planik, Ipar Euskal Herrian euskara ez da ofiziala, Nafarroako zenbait tokitan euskara oraindik ez da ofiziala… Han egoera gogorragoa da. Osakidetzako euskara plana 2011n bukatu zen, 2012an horren ebaluazioa egin dute, eta Osakidetzak oraindik ezin du ziurtatu gaixo bati atentzioa euskaraz emango dionik. Zortea baldin baduzu profesional euskaldun bat izango duzu.
Nortzuk osatzen duzue?
Sortze urte horretan aktan azaltzen diren guztiak medikuak ziren. Gerora erizainak batzen joan ziren, eta aurrerago beste lan kategoria batzuetakoak batu zaizkigu: psikologoak, farmazialariak, jagoleak… denetarik dago gure erakundean eta gure asmoa oraindik eta gehiago batzea da. Gehienak, hala ere, medikuak gara, guri errazagoa egiten zaigu medikuen artean ohituragatik-eta zabaltzea. Deia, baina, osasunarekin harremana duen edozein euskaltzaleri egiten diogu.
Administrazio publikoen euskara planek batik bat bi alor jasotzen dituzte, herritarrei zerbitzua euskaraz ematea eta langileei aukera ematea lana euren hizkuntzan egiteko. Langileek lan giroan hizkuntza motibaziorik badute?
Horri ere buelta asko eman dizkiogu. Lehentasuna atentzioa da, gaixoak atentzioa euskaraz jasotzea ziurtatu behar dugu batez ere. Baina noski, guk euskaraz lan egin nahi dugu eta gainera oso kontziente gara guk ez badugula euskaraz lan egiten, oso zaila izango zaigula gaixoari atentzioa euskaraz ematea. Ez zaizu ateratzen eta azkenean dena doa lotuta. Lehen mailako hezkuntza, unibertsitatea eta gero lan mundua. Oraindik hezkuntza araututik euskaraz ez dakien jendea ateratzen da; unibertsitatean hemen ere medikuntza, erizaintza eta formazio profesionala euskaraz ikasteko zailtasunak daude. Medikuntzan oso nota altua behar da eta Bolognarekin, gainera, barruti bakarra sortu dute Espainiako Estatu guztian, beraz, askoz errazagoa egiten zaie Madrilgoei edo beste kanpoko jendeari hona etortzea. Horrek zer dakar? Euskal Herriko Unibertsitateak ez dituenez hainbeste plaza euskaraz eta hainbeste plaza erdaraz, plazak dituenez besterik gabe, euskal adarra beherantz doa. Horrek dakar berriro ari dela unibertsitateetatik euskaraz ikasi ez duen jendea ateratzen. Nik ez nuen euskaraz ikasteko aukerarik eduki, eta euskara teknikoan trebatzea asko kostatu zait. Guk medikuntzan euskaraz hitz egiten genuenean esaten genuen ‘gaixo honek eduki du un infarto agudo de miocardio’. Horretara bueltatuko gara horrela. Badago jendea medikuntza ikasi nahi zuena, ez du notarik atera, eta kanpora joan dira medikuntza gazteleraz ikastera. Hori desastre bat da.
Europak esan izan dio Jaurlaritzari Ertzantzan eta Osakidetzan dituela arazo larrienak
Medikuntza euskaldundu! taldeak salatu du EHUk erraztasunak ematen dizkiela gazteleraz ikasten dutenei.
Medikuntza erabat ezin da euskaraz ikasi. Horrekin ere kezkatuta gaude. Osasungoa Euskalduntzeko Erakundean irakasleak ere baditugu. Biltzarretan-eta atera izan diren terminoak hiztegi modura bildu ditugu, eta urte hauetan sortu ditugu hiztegiak, eta horrek atzetik datozenei errazago egiten die mundu hau guztia. Irakasleak, unibertsitatean klaseak ematen hasten direnean, euren apunteak berritzen hasi behar dira, baina badago unibertsitatean erakutsi ahal izateko material bat.
Zuen lan eremua Euskal Herri osoa da, baina toki batean edo bestean errealitatea oso desberdina da. Ipar Euskal Herrian, esaterako, nola eragiten duzue?
Errealitatea oso desberdina da, hasteko osasun arloa desberdina delako. Hemen lehen mailako medikuak osasun zentroan daude, eta funtzionario publikoak dira; han, aldiz, lehen mailakoak pribatu modukoak dira, eta zuk aukera dezakezu nahi duzun medikua, berarengana joaten zara eta gizarte segurantzak diru hori itzuli egiten dizu. Funtzionario figura antzekoa duena Baionako Ospitala izan daiteke. Han harreman batzuk baditugu, baina beraiek euren erritmora doaz, ahal dutena egiten. Harremanak mantentzen saiatzen gara, baina han euskara ez da ofiziala, eta horrek zailtasun asko sortzen dizkie. Adibide bat jartzearren, ospitaleko errotulazioa bi hizkuntzatan izatea lortu zuten, baina orain eraikin berria egiten ari dira, eta berriro errotulazio guztiak frantsesez jarri dituzte.
Aurreko batean Hendaian izan ginen, udaletxeak antolatutako jardunaldi batzuetan, eta jakin genuen Miarritzeko klinika interesatuta dagoela euskara plan bat aurrera eramaten. Nik uste poliki-poliki badoazela, baina beste erritmo bat dago. Han gauza on bat baldin badute medikua aukeratzea badutela da.
Zeintzuk dira Osakidetzak dituen hutsune nagusienak?
Osakidetzak orain bukatu du bere euskara plana, eta nik uste oso zentratuta zegoela hizkuntz eskakizunak eta hizkuntz eskakizun horien derrigorrezko datak jartze horretan. Zonaldearen arabera, zonalde oso euskaldunetan irits zitekeen plantilaren %80ak derrigorrezko data edukitzera, eta maila batean helburu horiek lortu dira. Hizkuntz eskakizuna daukatenen kopurua handitu egin da, eta hori pauso bat izan da, baina oso argi ikusten da erabilera ez dela handitu, eta hizkuntz eskakizuna lortu duen jende asko ere ez dela ausartzen euskaraz atentzioa ematen, ezta bere lankideekin ere. Gaur egun oso erraza da euskaraz hitz egingo ez dizun sanitario batekin topo egitea. Alde horretatik hutsune potolo-potoloa dugu, eta ez dakit nola, baina lortu beharko da erabilera hori areagotzea Osakidetza barruan.
Lan hizkuntza bezala oso zaila da erabiltzea euskara. Historial klinikoak, garapenak, txostenak… ezin ditugu euskaraz idatzi, atzetik datorrenak euskara ez baldin badaki zer gertatzen da? Eta horri ez zaio irtenbiderik eman gaur gaurkoz. Horrela jarraituz gero, ezingo dugu sekula euskaraz lanik egin? Hori onartezina da, ez dakit noiz, baina lehenbailehen euskaraz lan egin nahiko nuke.
Ez da logikoa diru publikoarekin euskaldundu behar izatea Osakidetzan
Gabezia horiei konponbidea emateko zein urrats egin dituzue?
Orain arte lana euskaraz egin ahal izateko pauso garrantzitsuena nik esango nuke gure formazioa izan dela. Interesa erakutsi duen osasuneko pertsonalak lortu du euskara maila hobetzea, teknikoa batez ere. Txostenak euskaraz egiteko aukera ematea eskatzen badut, eta gero aukera hori ematean ez banaiz gai hori egiteko… Lehenengo pausoa ematen ari gara eta maila horretan hobetu dugu. Hurrengo pausoa izango da administrazioarekin hitz egitea euskaraz nola egin dezakegun lan ikusteko.
Osakidetzan itzultzaile zerbitzua egon badago, baina nola funtzionatzen du?
Osakidetzan ingresatu eta gero alta txosten bat ematen badizute, erdaraz egongo da, seguru. Zuk esaten baduzu, ‘nik nire alta txostena euskaraz nahi dut’, gaixoen atentzio gunera joaten zara eta itzultzera bidaltzen dute, baina itzulpen bat da, medikuak ezin baitu alta txostena euskaraz egin.
Momentuko itzulpenak egiten dira?
Osakidetzak proposatu izan ditu horrelako gauzak. Duela bi urte Oñatiko gaixo batekin saltsa dezente egon zen, digestiboko mediku bat behar zuen eta Arrasateko ospitalean ezin zioten ziurtatu aukera hori, eta berak espezialista euskaraz nahi zuela esan zuen. Denbora asko egon zen zain, tartean eskaini zioten itzulpena egingo zuen pertsona bat. Baina pentsaezina da! Zure medikuarekin nola hitz egingo duzu tartean itzultzaile bat duzula? Zein harreman dago gaixoaren eta medikuaren artean? Zein konfidantza sortzen da? Hori osasungintzan ezinezkoa da, onartezina da, ez da erreala. Horrelako egoerak sortu izan dira osasun arloan eta arazo potoloak sortu izan dira: egin behar ez ziren ingresoak egin dira, egin behar ez ziren probak egin dira… Eta hori gertatu da gaixoarekin izan diren ezin ulertuengatik. Erderaz ondo moldatzen ez diren gaixoekin pasatu da, normalean, adineko jendearekin edo haurrekin.
Entzun izan da ere profesionaltasuna dela garrantzitsuena, eta ez hizkuntza.
Zarautzen kanpaina oso interesgarri bat jarri dute martxan. Lehen OEEk Bagerarekin Donostian martxan jarri zuen, eta orain Zarautzen parte hartu dugu antzeko kanpaina batean. Mediku euskalduna eskatzea da kanpainaren muina. Erabiltzaileak aktibatzen saiatu gara, mediku euskalduna nahi dutela eska dezaten. Mediku euskalduna, mediku ona… ez gara eztabaida horretan sartuko, eztabaida hori antzua da. Guk herritarrak aktibatu nahi ditugu, euren eskubideen erabilera egin dezaten. Pauso hori eman behar dute herritarrek, eta horrek gure lana esponentzialki indartzen du. Mediku euskalduna nahi izateak, alta txostena euskaraz nahi izateak, erizain euskalduna eskatzeak… horrek indar handia dauka.
Zarauzko PPk bere webgunean edo twitterren jarri zuen kanpainaren irudia, eta beraiek mediku ona nahi zutela aipatzen zuten, ez zitzaiela axola zein hizkuntza hitz egiten zuen. Eta herritar batek iruzkina egin zien esanez beraiei mediku mutua jarriko zietela, beraz.
Dena den, kuriosoa da, ze beste autonomia erkidegoetako PPko buruek gaia beraiek atera izan dute prentsan. Poloniatik edo beste leku batzuetatik medikuak etorri zaizkienean, prentsan atera izan dute arazo oso larriak zeuzkatela mediku horiek, ez zirelako gazteleraz ondo egiteko gai. Hori denek ulertzen duten bezala, hemen arraro egiten zaie beraiei eta egoera berdina da.
Rafael Bengoa Jaurlaritzako Osasun sailburu ohiak esan zuen euskalduntze prozesua abiadura handiegian zihoala Osakidetzan.
‘Hemen ez dago arazorik’, esaten zuen ere. Osakidetzak urtean zenbat asistentzia ematen ditu eta zenbat kexa daude? Hiru? Lau? Jendeak protestatzen ez duenez… Berarentzat ez zegoen inolako arazorik.
Oraingo gobernuarekin aldaketa nabaritu duzue?
Jarrera aldatu da, beraiekin harremanetan jarri gara eta jarrera behintzat desberdina da. Onartzen dute arazoa egon badagoela, Osakidetzak gaur egun ez duela atentzioa ziurtatzen euskaraz. Guk beti esan dugu, borondatea ikusiz gero, laguntzeko prest gaudela, zein pauso eman daitezkeen, pauso horiek zein abiaduratan eman behar diren… Osakidetza barruan badago euskaraz ez dakien jende asko, plaza fijoarekin, bere egoera pertsonalarekin eta hori ere errealitate bat da, ulertzen dugu eta beraien lekuan ere jartzen gara.
Osakidetzak lanpostuak ateratzen dituenean, deialdietan euskaldunen hizkuntz eskubideak urratzen direla esaten da. Zertan ematen da urraketa?
Hor ere egoera zaila da. Euskara meritu bezala kontatzen da, Bengoak egiten zuen bezala frantsesa eta ingelesaren pare jarri. Hemen administrazio publikoan lan egin daiteke euskaraz jakin gabe. Euskarak ez luke meritu izan behar; baina noski, hezkuntza sistematik eta unibertsitatetik jarraitzen badugu euskaraz ez dakien jendea sortzen, ez dugu problema sekula konponduko.
Ez da logikoa ezta ere Osakidetzan euskaraz ez dakien jendea sartzea eta gero diru publikoarekin euskaldundu behar izatea.
Behatokiak dio osasungintzaren arloa dela herritarrek salaketa gehien jartzen dituen esparrua…
Bai, Behatokiak, Europak… Europak esan izan dio Eusko Jaurlaritzari Ertzantzan eta Osakidetzan dituela arazo larrienak. Errealitatea hori da, eta beraiek badakite.
Hilaren 10ean eta 11n 23. Osasun Biltzarra egingo du OEEk Iruñean
Haurtzarotik Gaztarora… izenburupean Osasun Biltzarra egingo du OEE Osasungoa Euskalduntzeko Erakundeak Iruñean, 23. aldiz. Mahai-inguruak, hitzaldiak, tailerrak… egingo dituzte eta tartean Agote Sariaren irabazlea nor den jakinaraziko dute. Unibertsitatera begira dagoen material sorkuntza saritzen dute, beka bat da. Irabazleak urtebete edo biko epea izango du lana egiteko. OEEk beste sari bat ere antolatzen du, Iñaki Ugarteburu Saria, hain zuzen. Kasu horretan Wikipediarako prestatutako lanak saritzen dituzte.