Berriak
Osakidetzaren Euskara Plana %58an bete da
2013-06-24
Amaitu berri da Osakidetzak orain zortzi urte abian jarri zuen Euskara Planaren ebaluazioaren emaitza. Erakunde honen lehenengo Euskara Plana, beste administrazio publikoetan baino askoz beranduago egindakoa, 2005-2012 epealdirako egin zen.
Planak helburu nagusia herritarrei bi hizkuntzetan arreta egitea zen, eta, hori lortzeko, hainbat neurri abian jarri ziren: hizkuntz eskakizunen sistema, komunikazioak euskaratzeko prozedurak, oinarrizko azpiegitura sortzea (euskara teknikariak...), etab.
Orain gutxi lehenengo Plan honen ebaluazioaren emaitzak argitaratu ditu Osakidetzak. Berria egunkarian erreportaje zabal bat egin dute gai hori hartuta.
Ebaluazioaren arabera, betetze-maila %58ra heldu da baina sailei eta tokiei dagokienez alde nabarmenak daude batetik bestera.
Alorrez alor aztertuta, Zuzendaritza Nagusiak du baloraziorik txarrena. Zazpi urtetan helburuen %42 eskas bete ditu. Hurrengo planerako, ezinbesteko jo dute Zuzendaritzak bere egitea gai hori.
Aurrerapen handiena, bestalde, Hizkuntza Eskakizunen alorrean egin da, eta helburuen betetze maila ia %70era iritsi da. Hala ere, lanpostu elebidunen %39an erdaldun elebakarrak daude. Honen aurrean eredua aldatzea mahai gainean jarri dute, alegia, egoki ote den langile erdaldunak hartzen segitzea eta euskara ikas dezaten dirua erabiltzea gero, edo behargin elebidunak hartzea hobe den.
Hizkuntza Kudeaketari dagokionez, helburuen betetze maila %65ekoa da, baina alde nabarmenak daude leku batetik bestera: xedeen %90 baino gehiago bete dituzte leku batzuetan, eta besteetan, %20 eskas. Norabidea aldatzea ezinbestekotzat jo dute, eta neurri sorta bat jarri dute mahai gainean, hala nola, lehen egon ziren baina azken urteotan funtzionatu ez duten euskara-batzordeak abian jartzea.
Barne Harremanek aurrerapen eskasena izan dute, helburuen %40ra ez direlako heldu. Hizkuntza-eskakizunetan aurrerapausoak eman diren arren, Osakidetzako lan-hizkuntzak gaztelania izaten jarraitzen du. Hau horrela, aldaketa teknikoak proposatu dituzte eta euskara hobetzeko egitasmoen beharra ere aipatu dute.
Kanpo Harremanen alorrean, Euskara Planean lehentasun zen hala nahi duten herritarrei euskaraz kasu egitea, baina xedeen erdiak ere ez dira bete. Aurrera begira, besteak beste, euskaraz atendituak izan nahi duten herritarrei zirkuitu bat taxutzea proposatu dute, lehen arretatik hasi eta espezialitateetara bitarte euskaraz artatzeko bidea jartzea.
Azkenik, Irudia era Komunikazioan %69 inguruan bete dira euskara planaren helburuak. Protokoloak dioenez, agurra euskaraz egin behar dute harreran, baina hainbat kasutan ez da betetzen.
Aurreko gobernuaren hutsunearen ostean, udazkenerako egiteko asmoa dute hurrengo Euskara Plana.
Albiste osoa Berrian
Utzi zure iruzkina