Berriak
Sinadurak jasoko dira ostegunean ikastetxeetan Anbulatorioan sendagile euskaldunak izan daitezen
2014-06-19
Kezkatuta agertu dira Zumaian hainbat eragile eta herritar. “Lehendabizi, famili mediku euskaldun bat, soilik gazteleraz dakien bategatik ordezkatu zuten, eta orain, pediatra berria ere, erdalduna etorri da” aipatu du Ihintz Linazisorok. Guraso bezala, kezkatuta azaldu da, eta hori dela eta, ostegunean, sinadura bilketa bat emango dute aurrera. LAB sindikatuak eta Zumaiako Udalak ere salatu egin dute egoera.
Zein da egoera momentu honetan?
Bi pediatra genituen herrian, bat euskalduna eta bestea erdalduna. Orain ordea, euskaldunaren ordez etorri denak ere ez daki euskaraz. Beraz, bi pediatra erdaldun ditugu momentu honetan. Hitz bakar batzuk badakizkite euskaraz, baina azalpenak emateko ez dira gai. Orduan, gurasooi gazteleraz azaltzen digute, baina umeekiko gertutasun hori galdu egiten da.
Horretaz gain, famili medikua ere aldatu egin dute.
Bai, berri bat ekarri dute eta honek ere ez daki euskaraz. Eta bi aldaketak batera gertatu dira. Biak dira egoera kezkagarriak, baina guri guraso bezala, gehiago eragiten digu pediatraren kasua. Izan ere, gure umeek euskaraz dakite, ez erdaraz, eta horrek ez du komunikazioa ahalbidetzen.
Hau horrela ikusita, zein mugimendu egin dituzue?
Lehendabizi Udaleko euskara teknikariarekin jarri ginen harremanetan, eta hark Udaletik zerbait egingo zutela esan zigun. Baina guk, guraso bezala, zer egin genezakeen galdegin genuen, eta hasiera batean, anbulatorioan bertan dauden erreklamazio orriak bete genituen. Baina horrekin nahikoa ez dela pentsatu dugu, eta guraso batzuek idatzi bat prestatu eta sinadurak jasotzea adostu dugu. Ondoren, Osakidetzara bidaltzeko intentzioa dugu, ikus dezaten gurasoak ere kezkatuta gaudela.
Sinadura bilketa ostegunean izango da.
Bai, Juleneko eta Sagarbideko eraikinetako atarietan jarriko gara 12:30ean. Eta ziurrenik, Arrangoleta Haur eskolan eta Eskola Txikian ere bai. Gurasoez gain, irakasleak ere prest azaldu dira ekintza honen alde. Asko guraso dira baita ere, eta egoera kezkagarria iruditzen zaie.
Ondoren, sinadurak Osakidetzara bidaliko dituzue. Zer lortuko da?
Ez dakigu. Baina gure helburua kasu egitea da, eta ikustea, kezkatuta gaudela. Umeak euskaldunak dira, Zumaia oso herri euskalduna da, eta beraiek hurbiltzeko eta komunikatzeko euskaraz dakien mediku bat behar dute. Bestela ere, medikuarengana joateko nahiko beldur izaten dute, edo ahalegina egin behar dute, gainera beraiena ez den hizkuntza batean hitz egiteko. Hizkuntza komunikazio tresna bat da, eta ez badaki medikuak euskaraz, behar duten hurbiltasun hori galdu egiten da. Ez da umeekin harremana estutzea lortzen, eta egoera edo distantzia hori apurtzeko euskara beharrezkoa da. Gainera, eskubidea dugu, eta umeen kasuan beharrezkoagoa dela iruditzen zaigu.
Iniziatiba hau guraso elkartetik dator?
Ni Lubaki Guraso Elkarteko partaidea naiz, eta horren barnean, Euskararen Aholku Batzordeko kidea. Proposamen hau, eta Osakidetzara bidaliko dugun idatzia, batzordeko guraso eta irakasleok egin dugu. Baina egia da, guraso elkartean komentatu dugun gai bat dela, eta guztiok ados gaude denoi eragiten digula.
Udalak ere hitz egin du anbulatorioko arduradunarekin.
Bai, hala da. Eta anbulatoriotik jarrera ulerkorra azaldu dute. Kezkatuta daude, eta ikusten dute herrian pediatra euskaldun baten beharra dagoela.
Zer egin beharko litzake hau ez gertatzeko?
Hemen lana egin behar duten pertsonei, gutxieneko baldintza eskatu. Beste toki batzuetan eskatzen da. Badakit ordezkoen zerrendan egoteko, euskararen perfil bat izatea eskatzen dutela, baina hori ez da nahikoa, eta euskaraz komunikatzeko gaitasuna izatea eskatu beharko litzateke.
Baleike.com ataroitik hartutako albistea.
Utzi zure iruzkina