Berriak
Eskolako osasun zerbitzua kendu dute Ezkerraldeko 26 ikastetxetan
2014-08-06
Iturria: Bizkaiko Hitza
Osakidetzako Ezkerralde eta Enkarterriko zuzendaritzak Portugalete eta Santurtziko eskolako osasun zerbitzua kentzea erabaki du. Erabakiak Portugalete eta Santurtziko 26 ikastetxeri eragingo die, eskola eta Lanbide Heziketako zentroak barne. Sindikatuek salatu dute "alde bakarreko" erabakia izan dela eta zuzendaritzak ez duela aurreikusi kendutako zerbitzuak nola ordezkatuko dituzten. Sindikatuen ustez, Osakidetzak Uribe eta Bilboko eskualdeetako zerbitzuei eusten die, baina Ezkerralde eta Enkarterriko ikasleak "diskriminatzen" ari da.
Eskolako osasun zerbitzuaren emaitza bikainak ikusita, SATSE, ELA, LAB, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek zerbitzua ez eteteko eskatu dute. Gogora ekarri dute eskolako osasun zerbitzuak ikastetxeez gain udalek alkohol, droga eta tabakoaren inguruan antolatzen dituzten hitzaldiak ere zuzentzen dituela eta, beraz, horiek desagertzeko arriskua dagoela. Kaltetuen zerrendan ez badaude ere, haurtzaindegiek ere osasun zerbitzua galduko dute.
Nahiz eta egoitza Portugaleteko Castañoseko osasun zentroan izan, eskolako osasun zerbitzua ematen duten profesionalak ez dira eskualdeko zentroetako parte, Osakidetzako zerbitzu zentraletako langileak baizik. Hiru erizainek eta erizain laguntzaile batek osatzen dute taldea, eta, zuzendaritzaren erabakiaren ostean, horien betebeharrak eskualdeko mediku eta erizainek bete beharko dituzte. Sindikatuen ustez, osasun publikoaren gaur egungo egoera ikusita, hori "ezinezkoa" izango da. "Ezkerralde eta Enkarterriko zuzendaritzak, zerbitzuen berrantolaketa erabiliz, osasun laguntzaren kalitatea murriztea eta giza baliabideetan aurreztea lortu dute", ohartarazi dute.
Gazte gelaren proiektua
Txerto kanpainak, adibidez, aurrera egingo du, baina sindikatuek azaldu dute orain herriko osasun zentroetako pediatria zerbitzuak arduratuko direla horretaz. Eskualdeko zuzendaritzak espero du, ordea, Gazte aretoa izeneko proiektuak bere gain hartzea prebentzioa, aholkularitza eta hitzaldiak. Sindikatuek ez dute gaizki ikusten proiektu berria, baina uste dute aurrekoaren ordezkari baino gehiago "gehigarri" izan beharko lukeela. Proiektua proba fasean dago oraindik, eta Bizkaiko hiru ikastetxetan baino ez da ezarri. Sindikatuen esanetan, proiektuak bide laburregia dauka eraginkorra den edo ez jakiteko.
Zuzendaritzaren arazoa
Hau ez da eskolako osasun zerbitzua Bizkaian galtzen den lehen aldia. Gaur egun eskualde horretan dagoen zuzendaritzak erabaki bera hartu zuen Durangaldeko eskolako osasun zerbitzua eskualde hartatik kendu zuenean. Geroago, talde bera Ezkerralde eta Enkarterriko zuzendaritzara pasatu zen, eta Trapagarango eta Zallako herrietako eskolako osasun zerbitzua kendu eta Portugalete eta Santurtzikora batu zituen. Orain, azken murrizketarekin, ez da eskolako osasun zerbitzurik izango, ez Enkarterrin, ez Ezkerraldean ere. Sindikatuek azaldu dute Ezkerraldeko Sestaok eta Barakaldok ez dutela galduko zerbitzu hori, ospitalearen kontrolpean egonik beste zuzendaritza bat dutelako.
Utzi zure iruzkina