Berriak
Aitor Montes: Barne-protokolo bat nahikoa da historia klinikoa euskaraz garatzeko
2014-09-26
Aitor Montes mediaren azken iritzi-artikulua duzue hemen, Berria egunkarian idatzitakoa:
Historia klinikoa euskaraz sortzeko beharra
Hizkuntza berririk ez dugu behar, lehengoa dugu nahiago», entzun dugu aspaldi. Euskara baita gure hizkuntza, euskaldunon berezko elea. Gure hizkuntza bai, ez ordea gure historia klinikoaren lengoaia, hori gazteleraz edo frantsesez baitago.
Gaia korapilatsua izan daiteke, eta ez luzatzearren euskal legedian indarrean dagoen 38/2012 Dekretura joko dut: historia klinikoa paziente batek jasotzen dituen osasun-laguntzako prozesu guztien datu, balorazio eta informazioak eta pazientearen osasun-egoera, jasotako arreta eta eboluzio klinikoa argi eta labur jasotzen dituen dokumentu eta erregistro informatikoen multzoa da.
Historia klinikoa euskaraz sortzea eta garatzea gakoa da, Osakidetza errotik euskalduntzeko giltzarria, euskara aldi berean lan-hizkuntza eta zerbitzu-hizkuntza izan dadin. Ezinbestekoa, derrigorrezkoa, nahitaez egin eta eskatu behar duguna. Eta ondo diot; eskatu, behar-orduetan eskaintzen ez digutelako; eskatu, osasun-arreta euskaraz edo mediku euskalduna alferrik eskatzen dugulako, eta ez, behar bezala historia klinikoa euskaraz. Horrek berez ekarriko duelako osasun-laguntza euskaraz, eta are gehiago, osasun sistema osoa euskaldunduko. Esan gabe doa osasungoa frantses edo gaztelera hutsean dugun artean ez dela izango euskal gune edo eremurik, ezta Euskal Herri euskaldunik ere. Osasungintza euskaldundu behar dugu erabat, eta horretarako historia klinikoa euskaraz sortu beharrean gaude.
Euskal Osasun Zerbitzuak gaur egun ez du historia klinikoa euskaraz eskaintzen. Aurreneko Euskara Planaren ebaluazio-txostenak ele bietan edukitzeko aukera aztertzea gomendatu zuen, baina ez zion lehentasunik eman, bere zailtasunak eta ezaugarriak kontuan hartuta. II. Euskara Planak aurrera egin du, eta behar hau jasotzen du: «Osakidetzak azterlan sakona egingo du dokumentu klinikoak bi hizkuntz ofizialetan idazteari begira. Horretarako, dokumentu horien sorkuntza-prozesuari eta informazioaren ustiapenari eragiten dieten alderdiak aztertuko dira, betiere historia klinikoa ele bietan edukitzeko xedez». Gurean alderdiak nagusi, eta jorratu beharreko alderdien artean historia klinikoaren ikuspegi juridikoa dago, besteak beste, eta beti bezala zailtasunak, kezkak edo, hobe esanda, beldurra ageri dira. Kalean uso, eta euskaltzale batzuk historia klinikoa euskaraz sortzeak ekar ditzakeen segurtasun- eta lege-arazoak aipatu dituzte. Txakur zaharrek ez omen dute alferrik zaunka egiten, eta araudi berri baten premia planteatu da, historia klinikoa euskaraz bermatuko duen legea alegia. Lengoaia zaharraren aldeko lege berria, itxuraz belarrien gozagarri, minen eztigarri, gogoaren lasaigarri, eztia. Baina guk badakigu Legeak ez duela Euskal Herrian udaberria egiten; are gehiago, Gasteiz leku hotza da, baita euskararentzat ere, eta ereiten duenak ez du beti fruitua jasotzen.
Irakurri artukulua osorik hemen
Utzi zure iruzkina