Berriak
Sendatu, eta gero euskaratu
2014-10-06
Iturria Berria.eus
Senda-agiria euskaraz jasotzeko aukera izango dute hainbat herritarrek. Zerbitzu hori eskaintzen hasi da Donostia ospitalea, lau erabiltzaileren eskaerak aintzat hartuta. Ordea, zerbitzua ez da berehalakoa. Jatorrizko agiria gazteleraz egongo denez, itzuli egin behar da. Hau da, hala eskatzen duen pertsonak senda-agiria jaso eta aste batera —gutxienez— jasoko du euskarazko txostena. Hori da testuaren itzulpena «kalitatez eta segurtasunez» egiteko zehaztu duten epea.
Donostia ospitaleko zuzendaritzak ezarritako prozedura mediku arduradunetan hasiko da. Gaixoak senda-agiria euskaraz ahoz eskatzen duenean abiaraziko du protokoloa. Itzulpena egiteko denboraren berri emango dio, eta, erabiltzailea ados badago, zerbitzuko idazkariari igorriko dio gaztelerazko txostena, hark itzulpen zerbitzura bidal dezan. Kasu guztietan konfidentzialtasun klausulak daudela gogorarazi du zuzendaritzak. Protokoloarekin edo epeekin ados ez daudenak Erabiltzaileen Arreta Zerbitzura bideratuko dituzte.
Hasieran, itzulpena bi egunetan, 48 ordutan, egitea proposatu zuen Donostia ospitaleko zuzendaritzak. Erabaki horrek komunikazio unitateko itzulpen atalaren kritikak piztu zituen. Azken erabakien arabera, 7-10 egun arteko epea izango dute senda-agiriak euskaratzeko.
Neurri «partziala»
Zenbait gaixoren eskaerek behartu dute Donostia ospitaleak hartutako erabakia, baina Eusko Jaurlaritzak ez du argitu protokolo hori beste ospitaleetara hedatuko ote duen. Bien bitartean, neurriak hainbat eragileen iritziak ekarri ditu. Garbiñe Petriati Hizkuntza Eskubideen Behatokiko zuzendariaren iritziz, neurri «partziala» da, behin-behineko eskaera bati erantzuteko hartutakoa. «Neurri bat bada, bai, baina ez du bermatzen historia klinikoa euskaraz jaso ahal izatea».
Aitor Montes Aramaioko (Araba) familia medikuaren ustez, neurri hori «onartezina» da euskaldunentzat. «Ez du euskarazko osasun arreta bermatzen; kontrakoa, oztopatzen du, eta erabiltzaileen arteko hierarkia zehazten du». Zerbitzua euskaraz eman eta txostenak euskaraz idatz ditzaketen profesionalak egon beharrean, erantzukizuna txostenak itzuliko dituzten euskara teknikarien sorbaldetan utziko dutela gaitzetsi du. «Itzulpenean egindako huts batek ondorioak izan ditzake pertsonaren osasunean». Dena den, egokitzat jo du senda-agiria euskaraz eskatu duten pertsonen ekinbidea.
Karlos Ibarguren OEE Osasungoa Euskaratzeko Erakundeko presidenteak itzulpena erabili beharreko tresnatzat jo du, historia klinikoa euskaraz egoteko bidean. «Itzulpena da bide bakarra mediku gazteleradun elebakarrek orain arte idatzi dituzten historia klinikoak euskaraz edukitzeko». Ordea, nabarmendu du historia medikoen itzulpenak ez duela lan ildo bakarra izan behar. «Historia klinikoa ele bitan egoteko lantaldeari eskatu diote lantzeko, hasieratik, nola egin daitezkeen euskaraz».
Peio Igeregi Osakidetzako ELAko ordezkariarentzat, Donostia ospitalean hartutako erabakia «itxurak» egiteko baino ez da izan, urratsik egiten ez dutelako. «Gaur egun, ez da bermatzen gaixo euskaldun batek euskarazko zerbitzua jaso ahal izatea». Horren oinarrian, besteak beste, behar adina baliabide jarri ez izana dago, haren ustez: ez erabiltzaileen hizkuntza eskubideak bermatzeko, ezta Osakidetzako langileek euskaraz lan egiteko aukera izan dezaten ere.
Lantaldearen emaitzen zain
Historia klinikoa euskaraz eta gazteleraz egitea aztertzen ari den lantaldeak oraindik ez ditu bere ondorioak jakinarazi. Ordea, hainbat eragilek haien proposamenak jakinarazi dituzte. Ibargurenek historia klinikoa euskaraz izateko prozesuan dagoen atzerapena aipatu du. Osakidetzan euskara normalizatzeko pausoak «oso berandu eta oso motel» eman direla azaldu du. «Osakidetzak ez dio oraindik gaiari heldu, eta dagoeneko konponduta edo bideratuta izan beharko luke, gutxienez itzulpenera jo behar ez izateko».
Konponbideen artean kontratazio irizpideak nabarmendu ditu Ibargurenek. Profesional elebakarrak kontratatzeko politikek itzulpenen beharra «betikotuko» dute, haren ustez. «Osakidetzak ate hori itxi beharko luke, profesional elebakarrak kontratatzeak ez duelako zentzurik». Petriatik ideia horrekin bat egin du, eta gaineratu du Osakidetzak baliabideak «hobeki» antolatu beharko lituzkeela, besteak beste, eremu euskaldunetan ordezko medikuak euskaldunak direla bermatzeko. «Baliabideen antolaketa kontuan hartu behar dituzte hizkuntza irizpideak».
Horrez gain, profesional euskaldunak eduki ahal izateko, hezkuntzan dagoen arazoari aurre egiteko beharra nabarmendu dute eragileek. Ibargurenek azaldu du Euskal Herriko Unibertsitateko Medikuntzako euskal adarra urtez urte «ahulduz» doala. «Profesionalak ez dira euskaraz ikasten ari, eta hori arazo bat izango da historia klinikoa euskaraz egiteko».
EHUk euskaraz ikastea bermatu beharko lukeela erantsi du Ibargurenek, bertan baino ezin baita hori egin. Are gehiago, Petriatik azaldu du Behatokian jasotzen dituzten kexen artean unibertsitate ikasleenak daudela, euskaraz matrikulatuta egonda ere hainbat eskola gazteleraz jasotzen dituztelako.
Utzi zure iruzkina