Osasungoa Euskalduntzeko Erakundea

Osasungoa Euskalduntzeko Erakundea

+34 944 001 133

oee@oeegunea.eus

Berriak

48 ordu

2014-10-16

Aitor Montesek erabili.com atarian argitaratutako iritzi artikulua:

48 ordu, bi egun, 2.880 minutu, 172.800 segundo. Ez da denbora asko, baina askok badakite zein egunetan zein soineko jantzi, denbora galdu barik. 2014ko Alderdi Egunean Urkullu Lehendakariak, Katalunia gogoan, Espainiako Gobernuaren jarrera gaitzetsi du, Kataluniako galdeketa "24 edo 48 ordutan" galaraziko duelako. Horretarako bizkor mugitzen omen dira Madrilen, baina ez Euskal Herriko arazoei aurre egiteko, leporatu die Lehendakariak. Alderdi Eguna beti izan baita 48 orduko kontua; eguna eta biharamuna, ajea.

 

Arrazoi guztiz, esango nuke. Baina gogoa zeruan, hodeiei begira xoxoak beleari bezala, Eusko Jaurlaritzak jarrera bera erakusten duela argi ikusten dut, hemen ere ostarteak daudela. Osakidetzan bai behintzat, euskararen arloan. Hemen zozo ugari eta bele beltzak nagusi. Den denak ipurbeltz.

Izan ere, Euskal Osasun Zerbitzuak, bere izena eta izanaren aurka, ez du osasun zerbitzua behar legez euskaraz eskaintzen. 31 urteetan ez zaio euskarari garrantzirik eman, eta bi egunetan ez da arazoa erraz konponduko. Jaurlaritzak esango duena badakigu; horretan ari direla, egun batean ezin dena egin bi egunetan egin daitekeela, oraindik ere bost urte eta hiru hilabete geratzen zaizkiola bidean dagoen Euskara Planari, eta lana egiten utz diezaiogula.

Plana, egitasmoa, asmoa... Garrantzitsuena agian ez da denbora, helburua baizik. Euren asmoa Osakidetza euskalduntzea balitz, tira, utz diezaiegun. Baina ez dute horrelako inolako asmorik. Luzamendutan ibiltzen jantziak, ondo hitz egiteko artean maisuak, egunetik egunera soinekoaz batera hitzak apaintzen badakite.

Zuzendaritzak historia klinikoa euskaraz garatzeari beldurra hartu dio, eta laster erabiltzaile euskaldunek euren osasun laguntza (baita idatzizkoa ere) euskaraz eskatuko ote duten kezkaz, horri aurre egitea erabaki du. Euren burua zuritu, alegia. Baina gurdia beti aurrekoari segika, eta gainera datorkien olatua ez dute oraindik igarri.

Donostia Ospitaleko zuzendaritzak aurrerantzean euren alta txostenak euskaraz eskatzen dutenei ahalik eta lasterren, txostenaren itzulpena etxera bidaliko diete. Orain euskara teknikariak hasiko dira itzulpen lanak egiten. Erretorika ikasleentzat, aurrerapausua omen.

Honek guztiak Jaurlaritzaren eta Osakidetzako Zuzendaritzaren jarrera islatzen du : ez dute osasun arreta euskaraz eskaini nahi, ekonomikoki bideragarria ez omen delako. Eta euskara ez da noiz izan euren lehentasuna; aberrigintzan, porlanak gehiago balio du.

48 ordu edo astebete, berdin dit. Ez dute osasun arreta euskaraz eskainiko. Zorionekoa zu mediku edo erizain elebidun bat topatzen baduzu. Zure arretaren txostena gazteleraz emango dizute han bertan. Erdalduna bazara, primeran. Euskaraz nahi izanez gero, eskatu beharrean egongo zara, ahal bada. Saiatuko dira legea betetzen, giza baliabideen arabera. Hiritarren arteko hierarkia hutsa.

Honek osasun langile euskaldunak ghettoan baztertuko ditu. Nahi duenak lan egin beza euskaraz, pazienteak hala nahi izanez gero, baina inor molestatu barik. Lan hizkuntza-gaztelera, zerbitzu-hizkuntza gaztelera, uneoro, egunero, urtero, behin eta betiko. Euskara, , beti menpeko, beti bigarren mailakoa, beti berandu.

Zuzendaritzak jakin beharko luke pazienteen segurtasuna kolokan dagoela osasun laguntza elebitan ez bada eskaintzen. Kalitatezko zerbitzua pazientearen hizkuntzan eskaintzen dena dela. Mundu mailan onarturiko paradigma. Aurrerantzean, gauzak okertzeko, itzultzaileen segurtasun juridikoa ere kolokan egongo da.

Horrelako ekimenei eta asmo ustelei aurre egin behar diegu, eta errotik moztu. Osasun arreta euskaraz behar dugu, ahoz eta idatziz, eta ez ahoz edo idatziz. Donostiako Ospitaleko zuzendariak horrelako gauza bat planteatzeak ez du bat egiten Osakidetzako lerro estrategikoekin, izaerarekin eta helburuekin, ezta legearekin ere; gure mailako Erakunde batean ez dauka tokirik . 48 ordutan kalean egon behar luke honek.

Ezezko borobila emango diogu euskaltzaleok. Ezezko borobila erabiltzaileok eta gizarte osoak. Ezezko borobila euskara teknikariek eta itzultzaileek. Ezezko borobila sindikatuek eta osasun-langileok. Eta ezezko borobila Darpon jaunak, bere burua euskaldunontzat benetan iraingarria eta samingarria den horrelako astakeria bati atea zabaldu nahi ez badio. Euskal Herriko etxe guztietan, atea beti aurrean. Honek ez du aurrera egingo, ez da gure etxean sartuko.

Utzi zure iruzkina

Azken Berriak

OEEren Osasun Biltzarraren ahozko komunikazioen aurkezpenak ikusgai
Urriaren 25ean Zornotzan egindako Osasun Biltzarraren bideoekin jarraituz, aste honetan ahozko komunikaziopen aurkezpenak  aurkituko dituzue ondoko loturan: https://youtu.be/5-9n9WMRQFc Ahozko komunikazioak: - 01:45:37 "Heriotza eta dolu...
OEEren Osasun Biltzarraren bigarren mahai-ingurua ikusgai
Urriaren 25ean Zornotzan egindako Osasun Biltzarraren bideoekin jarraituz, aste honetan bigarren mahai-inguruan parte hartu zuten osasun-arloko profesionalen hitzaldiak aurkituko dituzue ondoko loturetan: Bigarren mahai ingurua: "Betiko gaix...

Berri +

Ugarteburu sariak
Egin bazkide
Gizarte-sareak
facebook twitter
Laguntzaileak
Eusko Jaurlaritza
Bai Euskarari

©OEE

Diseinua: Di-Da Garapena: Bitarlan