Berriak
Osakidetzaren hizkuntza eskubideen urraketak salatu dituzte Zarautzen
2014-11-11
Iturria: osaeus.info
Zarauzko hainbat eragile sindikal, sozial eta erakunde Osakidetzak azken boladan egindako kontratazioetako hizkuntza urraketaren kontra agertu dira. Bertako Euskal Herrian Euskaraz, udala, Ikastola, AEK eta Urola Kostako LAB-ek sinatuta, ohar bateratua atera dute.
Oharrean azaltzen dutenez, bi izan dira ezinegona sortu dieten erabakiak: “Zarauzko osasun zentroan lan egiten zuen mediku batek jubilazioa hartu zuen maiatzean. Titularrik gabe dagoen postu horri, Osakidetzaren euskara planak jasotzen duenaren aurka, ez zaio euskara ikasteko derrigortasun-datarik jarri eta lanpostua betetzeko barne prozesua abiatu du Gipuzkoa Eskualdeak. Ondorioz, lanpostua betetzeko euskararen ezagutza egiaztatzea ez da beharrezkoa izango. Eta hori gutxi ez balitz, baja hartu duen emaginaren ordez, erdalduna ekarri dute”.
Aipatu erabakien ondorioz, “administrazio publikoak zerbitzuak euskaraz eskaintzeko duen betebeharrari muzin eginda, Zarauzko herritarron hizkuntza eskubideak urratuko ditu Osakidetzak”. “Osakidetzak ez ditu kontutan hartu Zarauzko herritarrak, ezta bertako errealitate soziolinguistikoa ere”, eta horren erakusle, “euskararen arnasgunean erdara nagusi den eremu bat sortuko du Osakidetzak, bertako errealitate soziolinguistikoan eragin kaltegarria eraginez”. Argitu dutenez herritarren %70ek daki euskaraz, eta %17k euskara ulertzen du. Kalitatea ere aipatu dute, “kalitatea osasungintzan hizkuntzari lotuta” dagoela gogoraraziz. Darpon Osasun sailburuak berriki esandakoaren bidetik, “osagile eta pazientearen arteko harremanean konfiantza eta enpatia lortzeko hizkuntza funtsezkoa da” sinatzaileen irudiko. Hitzetatik ekintzetara jotzeko galdegin diote.
Arnasguneak kontutan izaten behar dira: “Arnasguneek hizkuntzaren biziraupenean egindako ekarpena handia izan da, eta handia izan daiteke euskararen normalizaziorako egin dezaketen ekarpena ere. Udalerri euskaldunak bereziak dira hizkuntzaren ikuspegitik, eta ondorioz, trataera berezia behar dute; bertako errealitate soziolinguistikoan eragiten duten faktoreak zaindu behar dira. Beste hainbat arlotan bezala, hizkuntzari dagokionean ere, kaltea eragin aurretik prebentzio politikak aktibatu behar dira”.
Egindako kritika oinarri, “orain arteko prozedura berrikusi, eta lanpostuari derrigortasun data jar diezaioten” eskatu diete Osakidetzako arduradunei. Errespetua, besterik ez: “Zarauzko herritarrek ere osasun zerbitzuak euskaraz jasotzeko eskubide osoa daukagu, eta beraz, zor zaigun begirune eta errespetuarekin jokatu dezala eskatzen diogu”.
Utzi zure iruzkina
2014-11-21 11:20