Berriak
Euskaraz tinko sendatu eta ikasi
2014-11-14
Iturria: berria.eus
EHUko osasungintzako ikasleak gara, bertako zenbait eragileren, GOE (Gure Osasungintza Eraikiz) eta Medikuntza Asanbladarenen izenean, euskaraz ikasi nahi eta ezin dugunak. Unibertsitate honek, mundu osoan osasun ikasketak euskaraz egiteko aukera duen unibertsitate bakarra izanik, ez digu gure ikasketak euskaraz egiteko abagunea eskaintzen. Horrela noiz lortuko dugu Euskal Herrirako osasun sistema elebidun bat?
Egungo ikasle eta etorkizuneko osasun langile moduan, pazienteekin harreman hurbila garatzeko ezinbesteko ikusten dugu horiek aukeratzen duten hizkuntzan jarduteko gaitasuna izatea. Euskal herritar moduan, euskaraz artatzeko eta artatuak izateko ezinbesteko eskubidea dugu.
Osasungintzako ikasketetan, eta batez ere, medikuntzan, euskarari dagokienez hiru arazo nagusi daude, eta euren artean, berrelikatzen den zirkulu bat osatzen dute.
Lehendabizikoa MIR azterketa gazteleraz egiteko obligazioa da, beharrezkoa dena gradu ondoko espezialitatea burutzeko. Askotan medikuntzako ikasleek azterketa honetan aterako duten zenbakiaz arduratuta gradua gazteleraz egitea hautatzen dute.
Bigarrena euskaraz matrikulatzen diren ikasleen kopuru baxua da. Izan ere, euskarazko matrikulazioa potentziatzeko ez da inolako ekintzarik edo kanpainarik egiten eta askotan euskarazko ikasketen maila baxuegia den ideia eta pretentsio faltsuak zabaltzen dira.
Matrikulazioaren harira, beste arazo bat euskaraz eskaintzen diren plaza kopuruen zehaztasun eza da. Izan ere, plazak hizkuntza zehatzean ez dira eskaintzen, eta beraz, estatu espainiar osoko ikasleak matrikulatu daitezke. Selektibitatea gazteleraz egiten duten ikasleek eragiten duten presio demografikoa handiagoa da eta horrela gazteleraz jende gehiago matrikulatzen denez, euskarazko matrikulazio datuek ez dute EAE-n selektibitatea burutzen duten euskal ikasle kopuruarekin bat egiten inondik inora ere. Izatez, EAEn selektibitatea euskaraz egiten duten ikasleak gehiengoa dira.
Laugarren eta azken arazoa irakasle euskaldunen urritasuna eta horien kontrataziora begira, plaza elebidunak kudeatzeko politikak dira.
Gaur egun egoera honakoa da EAEn medikuntzako ikasleak dauden 4 ospitaleetan: Donostiako ospitalean euskaraz matrikulaturiko ikasleek emandako derrigorrezko ordu teorikoen %65 bat dute euskaraz soilik, Basurtukoek %50 (praktika ia guztiak gaztelaniaz dira, eta ez dago aukera askeko ikasgairik euskaraz), Gurutzetakoek %36 eta Gasteizeko Txagorritxuko ospitalekoek ez dute ez ordu teoriko ez praktikorik euskaraz, nahiz eta euskal lerroan matrikulatuta egon.
Zaila da egoera hau artikulu bakarrean azaltzea, eta egongo da datu hauek faltsuak direla dioenik, baina ikasleek 2013-2014 ikasturtean zehar bilduriko datuak dira, beraien ordutegiaren arabera, eta ez dugu uste ikasleek jasotakoa baino datu objektiboagorik dagoenik.
Bai UPV-EHUren sail akademiko zein goi organoek eta bai Osakidetzak irakasle plazen kudeaketan akats eta bidegabekeria ugari egiten dituzte, euskarazko eskaintza kaltetu eta profesional euskaldunen formazioa etenaz. Unibertsitate ospitaleetan, espezialitate bakoitza kudeatzen duen sail edo departamentuak ezartzen ditu espezialitate horri dagozkion irakasgaietako irakasleak. Departamentu horietako gehienak guztiz hierarkizatuta daude, urte askoz ospitalean egon den mediku bat buru dutela. Hori dela eta, plaza elebidun horiek mediku euskaldunek bete beharrean saileko zuzendariak aukeratutako medikuek (beterano edo zuzendariarenganako gertukoenek) betetzen dituzte. Bestalde, medikuei irakasle izateko unibertsitate ospitale horretan lan egitea behartzen dien lege bat ere badago eta premiazkoa da horren suspentsioa.
Beste kasu batzuetan, irakasle euskaldunei klaseak euskaraz ematen ez uzteko aitzakia euskarazko material falta izaten da, eta langile horien kontu uzten da itzulpen lan osoa, ustez hain euskaldunak diren organo horien inongo laguntzarik gabe. Gainera, zenbait irakasgaitan, ikasleek iruzur bat jasaten dute, berez euskaraz matrikulatu eta euskarazko irakasgai batengatik ordaindu arren, gerora hori gazteleraz jasotzen baitute.
Egoera hauek konpontze aldera, zenbait foku ireki ditugu. Hasteko, gizartearen, ikasleriaren eta osasun langileen aldarrikapen eta mobilizazioa funtsezkoa ikusten dugu. Aldaketa handiak ditugu helburu eta beharrezkoa da aldaketa horiek euskal gizartearen gehiengoaren aldarria direla ikusaraztea, horrela UPV-EHUk, Osakidetzak zein beste erakunde edo organoek argi eduki dezaten herriaren interesen aurka jarduten dutela.
Horrez gain, eragile ezberdinen arteko harremanak sustatu behar ditugu, aukera garrantzitsua baitugu gure artean konfiantzazko esparru bat sortu eta guztion elkarlanaren bidez ildo desberdinetan lan egin eta aldaketak lortzeko.
Osakidetza, UPV/EHU eta Medikuntza, Fisioterapia eta Odontologia Fakultateko sail akademiko eta dekanotzaren pasibotasun eta ardura gabeziaren aurrean, ikasleok hartu dugu jada hitza, eta hasia da gure erantzuna. Abian da Gure Osasungintza Eraikiz (GOE) eta Medikuntza Asanbladak bultzaturiko EUTSI (Euskaraz Tinko Sendatu eta Ikasi) plana. Halere, helburu horiek ezin ditugu guk bakarrik lortu osasun sistema osoa dugulako euskalduntzeko. Denok gara gaixo, denok gara langile, denok gara euskaldun, goazen denok euskaraz tinko ikasi, sendatu eta bizitzera!
Utzi zure iruzkina